Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Santibate fundamentalista

 

        Erretretan sartuz geroz ez zuen biziki kasu ematen Peyo Lacazek zer egun zen, egun guziak, asteko egun guziak, urteak joan arau hasi zitzaizkiolako era berean moldatzen. Errient zelako usaiari eutsiz, goizik jeikitzen zen, hirian inguru bat egiten eta ontsa airestatu eta askaritera sartzen. Gero berak «bere luma lantxoak» izendatzen zituenak segitzen zituen eguerdi arte.

        Lana uzten zuen autoa garaiatik ateratzeko doia, inkas bere emazteak behar baldin bazuen eta bereziki beste batek, tokiko edo estranjer, ez ziezaion etxearen aitzineko parkina ebats.

        Zintzur karraka bat egotzi zuen haserrez ohartu zelarik igande goiza zela parreko oin bide guzia autoz tapatua baitzen ogika jiten zirenengatik. Bi auto leku baziren urrunago baina ez zen bere lekua. Afera bere gisa uzteko gogoa ukan zuen une batez, burutazio soila, ximixta batez, igandeetan emazteak ez baitzuen kasik sekulan autorik baliatzen. Baina ez zen lehen ideia aise abandonatzen zuten horietarik.

        Ogia fite erosten den gauza da. Deduktatu zuen beraz autora iganen zela eta barrandan egonen garaiatik erdi ateraturik bere lekua libre, aske itzuli arte. Metra et'erdi batez ateratu zuen autoaren muturra eta arrasta ukaldia gogorra entzun, abantxu saihetsean sartu baitzitzaion ero bat. Gibelatu zen doi doia eta polliki haserretu jendeek zer zuten abiadura horretan jiteko. Marmarika bere autoan: etxean zegoen ez?

        Gazte horiek, autoan fite ibiltzen direnak gazteak dira, eta asurantzako delegatua baitzen kantonamenduko, han ere, bilkura departamentalean, solasa erabili zuten, beste konpainia pribatuetan neurriak hartuak zituztela gazteen kuotak bikoizteko egotz baiziezaiekeen istripuen% 58a. Kontra bozkatu zuen, mutuela baitziren eta ez baitzituzten tendentzia liberal eskuindiarrak segitzen ahal. Baina zegoen balio zuenez hauendako borrokatzea erakusten zuten eskerrona ikusiz.

        Bururat jin zitzaion igandea zenez bezperan ibiakoitza izan behar zela. Formakuntzaz zeukan joera kartesiano hori. Hainbeste airean bazen gaur lo guti egin zukeelako zitekeen. Ez zen gauaz atzartu baina ez zuen halarik ere lo bera egin. Gazte erdi drogatu horiek atxikitzen zuten kalapitengatik. Segurtatu zion botikariak Baigorrin ere droga bazela. Eztia omen. Baina droga baten definitzeko eztia erabiltzea, hautetsi baten ahotik...

        Kanpañako bi lodito kolore gorri ateratu ziren irriz eta goratik euskaraz mintzo. Batek auto madarikatuaren norabidea hartu zuen. «Ez da goizegi» baina berriz gibelerat jin eta tertulia arrabiatu zuten bide erdi erdian. Tuta ukaldia egin zien. «Kentzen dizit, kentzen Monsieur Lacaze, presatua bazira» Eta biek haren moko tinkia ikustearekin karaila ozen batean berexi ziren. Ixtripua doi doietarik ekiditu zuen gazteak. Lacaze ez zen ohartu ere hainbestetaraino kexu baitzen: «Ez da posible laborari horiek, ez dira deusetaz ohartzen, ez dute deus errespetatzen Frantziako legeetan, kalakan biderdian! Eta ene trufan gainera. Erranen dute gauza ttipia dela baina ez, herkidetza problema da, zer heinetaraino bakoitza gai den bere baitatik emateko instituzioak, legeak eta ondarrean bizia funtziona daitezen.»

        Bi ikasle ohien agurrari ez zion erantzun, abantxu lehertua izan eta atea banbatuz etxerat igan. Emaztea kakiterat igorri zuen, bere betiko «Ez du balio zainetan jartzea, zerendako balio du erretretan izatea bestenaz» eta «Zertarat behar zuen autoa ateratu igandez, aratsean berriz sartzeko. Sartze landderos hortarik gainera». Bulegotik orroa egin zion, gehiago bere buruaren balakagarri arrapostu gisa baino: printsipio afera bat zela, a ba emazteek ez zituztela printsipioak axola, horrek zuela liferentzia egiten intelektualak eta besteen artean»

        Gehiago ez zitekeen jar bere bulegoan. Estatu horretan ez zezakeen idatz, emaztearen botz mekella antizipazioz entzuten zuen «Hobe duk hire iskirioneetara joatea» Ez zuen fitxik konprenitzen, ez zen sekulan kreatiboa izan. Funtsean, ez zen eskola normaletik pasatu, ordezkari gisa hasi zen eta gero titularisatua izan zen. «Normal den gauza! ez dut besterik erraten. Nihaur sindikatean horren alde borrokatu naiz beti. Baina halarik ere diferentzia hor da»

        Inguruka egon zen bulegoan, gidoia arraegiten, bereak eta asto beltzarenak erraten zizkion kanpañar ezjakinari, hezkuntza zibiko klase bat jasanarazten zion arraultze ta zingar jaleak, urrikiak janik, bere anti liberté-égalité-fraternitatéa aitortu arte. Denbora joan arau bere bulegoaren intimitateak bildurik inkonzienteki, jarria zen bere mahaian eta hasia zen bere noten irakurtzen.

        Navarra cloubeko konferentzia baten prestatzen ari zen zetorren hilabeteko. Elkartearen izena berak zuen asmatu eta beste kideen esklamazio xoratuen artean «Nora joaten haiz holako ideien atzematera?», ateratu zien club sartu nahi zuela inglesez, idekiduraren erakusteko, omore puska bat ere ikus zitekeen horretan, eta ou grafia hobetsi frantsesak ginelakotz. Navarra betidanikako bokable historikoa zenez oroitarazteko taldearen funtsa, eta berek Nafartarrek beti «v» rekin idatzia zutelako. Hots, printsipioz tapatutako izendapena.

        Lanean ari zelarik, aktibitatean hobeki errateko, lana jende langileek ez baitute egundaino uzten, denbora eskasez eta lan ongi finituaren gustuz, barnean irakitan senditzen zuen idazteko behar hori beti atzeratu zuen. Bainan beti buruan eduki erretretan hasiko zela. Behar hori azkartzen zitzaion agresatua senditzen zelarik bere ideia eta printsipioetan. Orai hasia zuen lana, Baigorrin eragin haundia ukan zuen errient familia bati buruz zuen. Dagerressartiarrak.

        Jean Jules, aitatxi xaharrak, bere karrera Esnazun hasia zuen eta kolpatua izan zen «Chemin des Dames» guduka famatuan, medalla bat ere ukan zuen salatu baitzituen mutinatu nahi zuten frantses txarrak, fusillatuak izan zitezen etsaiaren aitzinean konbatibitate eskasa begi bistako batengatik. Edozein Aldudarrek erran zezakeen mutikoei karabina batekin erakusten ziela tiratzen Alzazia eta Lorraina errekupera zezaten. Neskei aldiz botoin josten sekulan fitexe irabazi eta, berokiak behar baldin baziren Alemanak Errusia arte akulatzeko. Segidan egiten zien Historia poxi bat, Napoleonen Errusiako kanpaña zati bat eta etxerat joan aitzin «Le chant du départ» kantatzen zuten. Heldu baitzen aratsalde tematiko pollita. Batzuek, errient moda berri horiek, didaktika aho beteka eta ez sindikatuek erraten baitute zaharrek ez zirela pedagogiaz axolatzen hor kontrafroga argia bazuten.

        Semea, Pierre, oraiko Nathaliren aitatxi, Baigorrin zen bigarren gerlan, eta azkar borrokatu zen, matematika-klaseetan halako pikoak finki botatuz «le retour à la terre»-n kontra, horretan leporaino murgilduak baitziren orduko xuri elizaziloak eta ez zaie oraino ere, aski errepikatua izan zer petinistak ziren eta diren! Beste erresistentzia ekintza ere egin zituzkeen holako gizon batek baina ez zuen oraino atzeman. Eginen zuen, ez zuten ontsa ezagutzen zerbait buruan sartzen zuelarik.

        Honen semea, Marc, oraiko Nathalieren aita, Sarthe departamenduan ezkondu zen eta hango herri tipi batean bost urte bakarrik egon ondoan auzapeza zen. Frantziako beste lekuetan badakite jendeek ezagutzen jende baliosak non diren. Polikiroldegi bat eraikarazi zuen, marrak tindarazi zituen pilotan aritzeko, han ez baitzen batere ezaguna! Le Mansen ondoan zenez ez zuen parada huts egin administratzaile izateko errienten mutuelaren bulegoan. Kolaboratzaile zerrendan agertzen da ere haren izena Hachette argitaletxeak atera zuen Historia geografia liburu batean. Frogatzeko res publicaren (latinez testuan) aldeko karguek ez ziotela bere laneko zaletasuna alteratu.

        — Azkena denek, hemen ezagutu duzuen Nathalie. Sarthetik, eskola normala hemen pasatuz bere familiaren errestoetara arrajina, honat, sendimenduz erregio goxo honi lotua, printsipioz erran nezake kasik, eta bere ikastaldia Baigorriko eskola publikoan egin zuelarik denek ezagutu duzuena hemen. Ez balitz berehala kasik, sindikateko permanente gisa berriz Parisera deitua izan baina lekuko naiz eta denek verifia zenezakete, afixatzen baitute eskolako préauan, karta bat igortzen duela eskola ttipirat urtero «Sartze on» desiratzeko. Ez dute haur maiteek Mademoiselle hola ahantziko.»

        Xutitua zen Peyo eta haren botz ederrak bulegoa betetzen zuen, estiloa eskutan jada konferentzia ematen ari baitzen eta begitartea argitua zion publikoan egiten zuen efetuak.

        Triki soinu batek moztu zion oldarra. Puñala bizkarretik sartu bailitzaion. Irrati lokala zen. Separatistek Herri edo Euskal irratitzat pasarazten zutena. Botz arrunt eta kanpañako batek publizitatea egiten zuen hozkailu eta xuritzeko makinen erosteko herriko saltzaile baten etxen, azken zozketarentzako bi txartel gehiago ematen zuten eta... Peyok estiloa lurrera bota zuen eta iziturik berehala bildu. Izerdi lapetan eskuratu zuen berriz liburutegi petik beste tresna batez bereganatuz. Dardarka urrezko lumaren ikuskatzen egon zen luzaz sakreka, paper batean esprehatu andeatua ez zuenez. Ohartu zelarik konferentzia arrakopiatzen ari zen orrialdean zituela zirrimarrak egin orro itsusia espakatu zitzaion.

        Estiloa usaiako Mutuelan erosi «Cru bourgeois» Bordeleko arno kutxaz gain, bere idazteko proiektuen akulatzeko kolegek eskaini luma zen, erretretarat joateko opari gisa. Bost urteko garantia zuen eta orain bazuen 15 urte berekin zuela. Ez zuen zeta bat ere egiten orai artio. Bere konferenzia guziak horrekin arrakopiatzen zituen.

        Zertifikata huts egin zukeenaren bozak segitzen zuen Baigorriko komertsio tipia biziarazten, hau bere sukalde propiotik aditu argumentoa zen nerbioen gantzugailu. Ez zuen ulertzen komertsant horien ezazolkeria. Beren etekin laburra baizik gogoan ez ziren ohartzen berek zituztela inutil horiek normalisatu. Behartzat agertarazi zituzten etikarik gabeko horiek, laizitatea zer zen ere ez zekitenak herritartu, beren sasi-studioetan ahantziak uzteko partez. Geroztik beste elkarte seriosen lanaren errekuperatzen ibiltzen ziren aldebat, sartzen ziren haundihaundiak beren material amateurra eskutan galdera inintelektualak egiten, etxekandreak bere lur sagar solasetan gatibu atxikitzeko eginak, gogo imobilismoan istikaturik, betidanik hau izan baitzen herri honen madarikazioa, nonbeitikako kondena iduri baitzuen, belaunaldiz belaunaldi beti ateratzen baitzen apezkeria zerbait populua bere mediokritatean egon zedin hezkuntza permanentetik ihes eginez. Ez kasetalari, ez animatzaile, kolorerik ere, berek beren diplomak pentsatu... Ez zituen funtsean sekulan behatzen... bera konferentzien ondotik grabatzen zutelarik baizik. Izan ere, onartzen zien elgarrizketa egitea maila goitiarazteko. Eta entzuten, biharamunean ikuskatzeko, funtsezko gauza, mezua ez ziotenez moztu. Hauen metodoak ezagutzen zituen.

        Emeki emeki kalmatzen zen. Baigorriko irratian berak erran hitzak entzuten zituen, eta dena ez dela negatiboa jabetuz, zinez terrenoan beti egonez heltzen ahal zen ideien agertzerat. Baina zer energia ez zen behar! «Egia da! zer dira horiek? Beren etxetik sekulan ateratu eñul batzuk, bere burua euskalduntzat daukatenak. Ez digute erakutsiko euskalduna zer den. Marc Daguerressar, hau euskalduna, jakin ukan baitu etxetik urrun euskaltasunak ematen zizkion kalitateak komunitatearen xerbitxuko ezartzen.»

        «Lana herrian!» oihukatzen zuten horiek ez zekiten deus. Lagun baten emazteak sukaldaritza liburu batendako galde egin zion aitzin solasa xuxurlatzen hasia zen: «Parmi les nueés étirées sur le ciel ardent les palombes passent, innombrables, et souvent rasent les collines et les toits sous le vent. Elles sont migratrices comme les basques et à la fois comme eux fidèes aux mêmes horizons.»

        Irria aho zokoan zeukan. Eztiloa eskutan zen. Hamekak ziren nonbait han. Konferentzia ez zuen aitzinatuko orai. Bururat jin zitzaion goiza hautsi ziona irrati horren soinua zela. Baigorriko auzo batean bizi zen, sartzean, piska bat bazter zegoen karrikan VVFaren inguruan. Ez zuen ontsa ulertzen zergatik funtzio komertsialik ez zuen kartier horretan sofritu behar zuten bozkoragailu hori. Auzapeza betiko laguna zuen, eta ideia kide, parrez par erran ziezaiokeen bainan tresna eskutan ukaiteak baliatzeko emeia ematen du eta bere iskirione ederrez hasi zen marrazten. «M. le Maire, Je suis citoyen de Saint Etienne de Baigorry, domicilié 4 rue des bergers...

 

 

        Xilintxa azantzek jauzarazi zuten kaderan. Eztilo maitea eskuetarik lerratu zen. Bozak ezagun zituen. Kolatu zen leihoan berehala. Kabalkada bat! Orai udaberrian! Probokazionea zen, duela urte batzuk bultzatu berrikeria hori errepikatzen zuten. Elkarte guziak Batasun komertsialaren ekimenez bilduak izan zirelarik, gazteei galde egina izan zitzaien kabalkada agorrilaren 15ean ezartzea, hiriaren puska bat animatzeko. Eta ezetz!

        Euskaraz ari ziren gazteak. Hiriaren erdian! Sekulan ez zen horrelakorik ikusi Saint Etienne de Baigorryn. Etxeetan bai, nehor ez zuelarik jenatzen. Bestenaz kanpañako lenguaia zen hori. Baionako artxibotegietan elekatu zuen Historia erakasle ezagutu batek ziurtatu zion Euskal Herriko hiri guzietan ez zela sekulan euskaraz arizan, frantsesez baizik. Eta ez bazen hala gaskoinez. Hori dokumentuz froga zezakeela.

        Hori, ezkerreko hori asurantza saltzailearen semea zen. Euskara ez zekien ere eta euskaraz mintzatzen. Hauteman zuen solas hori ez zela naturala Urepelen bezala, zerbait bortxatua bazela doinuan. Ustela. Eskola pribatuan formatua, denak petinistak eta faxiztak. Franco hil zelarik minuta bat ixiltasun egin zuten eta espainol klaseetan »Cara al sol» oihukatzen zuten apuñatik!

        Eta beste hura han, bilkura komertsialean zen bazter nahasle lepamehe hura zen. Gelak behar zituen biltzeko. Zer egiteko bilkura horietan? Behar litezke segitu ikusteko zer egiten duten beren gauez. Galde egin, galde egin! Eta zerbait galde egiten zaielarik haran guziaren onerako: deus. Beharra sortzen dute, elkarteak sortzen dituzte eta gero estaduak edo diru publikoak ordaindu behar. Aihartu zikina. Segur naiz... bai, segur naiz hori dela: ama Bankarra du. Nihaurek diot irakurtzen erakutsi. Leitzen erakutsi diegu, frantsesa erakutsi diegu, hitzik ez baitzekien honen amak, eta hara zertarat baliatzen duten. Euskara dute errefera! Euskara bihurdikatzen gure kontra.

        Ageri da ez dela naturala, ene etxearen aitzinerat nahitarat jin dira, ene nardaraztera, ene idazkietarik ezaguna naizelakotz. Ni naute etsaia eta uste dute utziko ditudala!

        Zer uste dute, dantza haiena dela? Erakutsiko digutela? Hauek baino lehen ikasi ditugu guk euskal dantzak, laburpen bat ere egin nuen eskola publikoetako kirol elkartearen aldizkarian. Argazkitan diren zangoak eneak dira! Eta eskolako besteetan hogei urtez zazpi jauziak ikasleei dantzarazi!

        Beste batzuk ageri dira. Hitz ordua hemen egin dukete. Abiatu nahi izan dute beren ahalgekeria ene ataritik. Zer uste dute errexituko naizela? Zer? Jauntziak ere aldatu dituzte! Zer dituzte xingola urdin eta hori horiek? Urteetan gorri et urdinak izan direlarik Frantziaren ohoretan. Hori ere nahi digute kendu?»

        Bezperan pesta eginik txarrangaren beha zeunden dantzariek gauza harrigarriaren lekuko izan ziren. Lotizamenduko bigarren etxeko atea brixtez ideki zen eta ikusi zuten gizon tipito bilo xuri bat eroa bezala ateratzen. Bizarra gaizki moztua zuen eriek duten bezalakoa eta bolant jauntzi zahar horitu batez beztitua zen. Ahoa makur zuen eta labea bezala idekia. Esku dardarti batez entseatu zen gazteenaren inarrostera, bainan agure ukaiek ez zuten jada indarrik, azken hatsa botatzera doan batek baino gehiago. Inguruan ziren hamar gazteek denbora eman zuten zintzur gogortu horretarik azantz izpirik ateratzen ez bazen ere, orroaz ari zela konprenitzeko, oihuka bere azken indar guziez. Bizia bermatu zion organoak gehienik behar zuen mementoan utzi balu bezala.

        Ate idekitik emazte eme bat ateratu zen. Matel gogortuak baretu zitzaizkion gazteei agur ezti baten egiteko. «Ez iezaiozue kasurik eman. Liberti zaitezte ontsa. Printsipioek diote kalte egiten.»

        Garkolatik hartu zuen bere piltzarra eta kasik herrestan barnerat bildu.

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila