Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Piñolet

 

        Nola esplika, nihaur izanki, Donibaneko herriko etxean idazkari nagusi gisa lana atzeman nuelarik, Jarraren mazelera, Azkarateko gune galdu hartara aldaeraren egitea, bi gela garbietan gustuan bizi nintekeelarik hirian berean?

        Ideiak gu baino azkarragoak dira dudarik gabe. Hilik bezala abandonatzen ditugu, berehalako haien beharrik ez dugularik, baina gutienik gogoan ditugunean zangoa hartzen digute erorarazteko, ezerrezetik berpiztuak nola ahagoa erro kanton xintxikatu batetik. Lakasta bezala daudeke, iratze petan barrandan ihizi baten menturan. Abandonatzen ditugunak ote dira landderosenak?

        Ikasketetan pulunpatzeko baztertu nituen behar baserritarrek hitzordua eman bide zidaten ene heldu bizia hasteko mementoan. Filma hau buruan arrapasatzen dudalarik uste dut etxe haren alokatzera joan nintzelarik, han bizitzeko deliberoa hain fite hartzeak inkonziente gaizki menderatuan atzeman zezakeela arrazoi.

 

 

        Hautu existentzialista hauen gogozkatzeko denbora guti ukan nuen. Hilabete baten buruan hemen gaindi hezitzaile zen eskolako lagun bati etxea bisitarazten nion: ezkaratza, zola holo-hola jatorrizko lauzez, «fortuna balio die» zion orijinalki, atea bi partetan, barrukietan eta behortegietan bezala, «iltze hauek oiloek igan ez zitezen, xirrika ezartzen zen hemen» eta «hor utzi dute behorraren estekatzeko behar-beharrezkoa zen grantzoa» — hiru ganbara, behar diren guziak, ganerra Francis Jammesen misterio, usain eta egiaztasunez bustia. «Zeren ezartzeko?» zen galdera. Laguna xarmaren pean zegoen.

        Kanpoan ginen jada. Ez zen autoz etxeraino joaten ahal. Baratze izan zen pentzerio bat iragan behar zen bidera heltzeko. Gure aitzinekoak oholazko aterbea eraiki zuen bihurguneak uzten zuen soropiloan. Izulgia zen tzarra autoa hartan sartzeko. Amañi eta elorrizko hesi batek mundu zibilizatuaren muga egiten zuen pago, ezpel beltz eta azkarren mehatxutik. Bisean bis, etxe gibeleko eskuin aldean, aldapa zuta bazen eta zelaiñoan sagar-udare-pikoak, utziak bistan dena. Besteari azaltzen nion bi haixtur ukaldi emanen nizkiela eta emanen zutela sekulan bezainbat. Urdandegi zaharraren gibeleko ateñoa maniobratzen ari zelarik, sudurra galderazko punduan emanik, ikasgaia jasan zuen ogi-labe zahar bat zela. Hori nondik nekien, etxetik, kanpañakoa nintzelakotz.

        Baserri-ondare mikorik galdu gabe, funtzionario baten paga, oporrak noiztenka, arraintzara joateko ezpelen artetik zut-zuta Errobira jausten zen ahuntz xenderaren baliatzea aski nuen eta bonürra pentzean zen.

        Delako hezitzailea Miarritzen bizi zen. Sekulako problemak zituen. Emaztea Flunchen ari zitzaion lanean. Ez omengenekien zer zen esplotazioa. Ohartzen ez garen gauzen arteko lehian, beti lehen ateratzen da hirietako etxe bizitzen prezioa. Billek, hezitzaileak, hunkitzen zuen alokazioa atxiki behar zuen beste zerbaitendako, orduan bere lanarengatik hemen bizi behar baitzuen, nahiago zuen deus ez pagaturik... Logika zaila zen, baina nik berehala konprenitu nuen. Baserritarra nintzen, kanpañak abantailak kentzen diozka —Escualduna kasetako lapurdiko eskuaraz testoan— hiriari. Baietz erran nion.

        Hezitzaile horiek promozioneka funtzionatzen eta pentsatzen dute. Biltzen dira urte oro, arte horretan zenbat haur egin duten elgarri kondatzeko eta mozkortzen dira beren esperientzia urtoro sinesgaitzagoak kondatuz. Zeinek kasu kliniko gogorrenak kausitu, zein koolenik egon ZUP eko abentura crazy baten aitzinean, beti botz ezti destrezatu batek errezitatu kondaketa, bare-bare, ezarria duten musika brantxatuari lotua bailitzaion. Erlume, edo leizafinumeen gisako martxa dute. Gregarioak.

        Billek egun batez kofoinera ekarri zidan Paueko lagun bat. Edo Billères edo Lonsekoa. Berdintsu ene problemari doakionez. Eta pentsa, kuple hitza azpi eskemetan ramifikatzen den garai honetan (kuple ñiñi, kuple ondu, kuple ekoizle, kuple zahar) gure Piñolet erremorkarekin jina zela. Piñolet baitzuen izena. Ene erresuma aurkeztu orduko, erromantikoki neska lagunari ezpel usaina jastarazten zion. Ni fierxko nintzen publiko baten ukaiteaz. Hauek hesiaren ingurua egiten ari zirelarik herborisatuz (bi hitz zituzketen landareen izendatzeko: belar eta sasi) Bill hasi zitzaidan Piñoleten kontrako kritiketan jauts ahala. Ni ene gogoarekin: «Zergatik ekarrarazi du? Nolaz dira lagun?» (Erantzuna gainean.)

        Beti, gure Piñolet, fianztoxa ta guzti, gure, gure erran behar baita egiari eustekotan, etxean genuen kokaturik. Laster konprenituko bainuen ez zela lanean ari. Kasik azken promozioneko hezitzaile erdiak ez baitira ofizio txar horretan betiko, beren karriera espantosean pausagune soila dute. Piñoletek tiria artistikoak zeuzkan, argazkigintzari zion egin bere nortasun preziatuaren eskaintza.

        Auzoentzat aparizione ezaguna bilakatua zitekeen laster, gaineko sagardoian, kontra argian, kuma gibelean, zooma papoan, aire gaixtoak jo kuki hura. Argazki ederrena bera zitekeen. Ez zen sekulan lanean arizan, berehala hartu zuen bere urte sabatikoa, beroan bero, bizian jakin behar da delibero hartzen, afera artistiko horietan sustut, ez baitugu omen batere sentsibilitate bera orai eta bi urteren buruan.

        Neska lagunak ere interesgarriak. Ardurenik jiten zenak ekialdeko look landuena zuen, mila eta bat gaueko jauntzi trabagarri guziak soinean. Antzerkiari buruzko axolak zituen, telebistak dena hiltzen du, eta hori ikuskatzen zuen egun guzia zzappatuz. Bere lagun argazkilariak ez zuelarik sabaira deitzen modeloaren egiteko. Lausoak eta mogimenduak lantzen zituzketen, laster taulak nigarrez entzuten baikenituen.

        Hatsarrean biziki ontsa, utzi ninduten ene pedagogiaren ateratzera, sagardoi, xendera, auzo frustratuen odol kolpeak. Beren baba-cool liburutegiko komikietan irakurri zituzten istorioak eneak baino interes gutiagokoak ziren. Hemengo biziaz deus ez zekiten eta pasionatzen nituen. Billek bere papurrak biltzen zituen protagonistaren lehen laguna izanez. Kondaketa keinuka laguntzen zuen. Arrakastaren bila zihoan irri konztipatu batez ene solasa eskarniatuz. Laster isildu ginen, futurista haiek mikro-etnologian interes haundirik ez zeukatelakotz...

        Telebista ez gehiago hunki ahal izatea «onartu» genuen aski fite. Zelekzionagailua genuen tenk parreko besalkian: Piñolet bera. Bagenekien Teleraman begiratu gabe zer zen intelektuala eta zer ez. Eta sekulan pitokeria bati so bazegozkion aktoresa eta biak, hostokada edo, aztertzeko estakuruarekin zen. Guk ez genuen aztertuak izan nahi orduan futbol matxa edo programa erotikorik gabe bizitzen ikasi genuen. Bill marmarika ari zitzaidan bere lagunen kontra, baratzean ari nintzelarik. Nihaurek sortu baserritar itxura entretenitzeaz gain, gogoan nuen, baratzekiak jaten zituzten artean ez zutela frigoa husten. Erran gabe baitoa holako hil ala biziko problemak buruan, ahanzten zitzaiela beti erosketeen egitea. Hau mutil-neskato, sehien lana da, nagusiena, solasaren atxikitzea delarik.

        Emeki emeki, gero eta gehiago gustatzen zitzaidan Itsasuko sortetxera joatea, amaren ttittiaren baatzera, auzoek zioten bezala. Artetik errateko distentzia haundiagoa erakusten zidan sagardoi gainekoak. Lehen auzoa nuen alta. Zer gerta ere...

        Egiazki, anaiarekin besta solas aritzera nintzen Itsasura joaten. Han egon doi, Azkarateko etxea eskuz aldatzen ari zen, artearen defendiatzaileen probetxuz. Piñoletekin, klarki mintza gakizkion gure buruari bederen, ez nintzen baitezpada gustuan. Ez nintzen jartzen. Edozein gai izan, bazuen zerbait irakurririk horretaz, noiz ez dakit ez baitzen sekulan liburu batekin egoten. «Zer hik natura maite duk, ez duk leitu? Biblia duk! erreferentzia mundiala!» Ez zekien itzulia zenez hizkuntz erromanikoetara, berak alemanez zuen irentsi, biziki errexa irakurtzeko, eta Van Houten bezalako izena ateratzen zidan. Akzentoarekin. Nik zuzenbidea nuen ikasi eta Dallozetik aparte...

        Kanbiamen nabarriena gure matalazak sabaira eremaitea izan zen, «zomierrarekin funtzio bikoitza zutelakotz». Gero beste artista ezezagun soka-dantza hasi zen eta ezkaratza jargirik gabeko egon-gela bilakatu zen, denek ukan zezaten kanutoaren zeremoniaren gozatzeko leku aski. Lauzak ez genituen aski preziatzen. Lurrean jartzean, ekai hutsarekin kontakto irradiagarria badela esplikatu zidan eskulturan zebilen pentsionerretarik batek lursagar xuritzen ari nintzelarik. Bill egur arrailtzen ari zen denen bistan eta perkuzio primitiboen xarma zitzaien hango batzuei.

        Ontsa ginen. The foot. Berant arte azantz egiten egoten ziren, zailtasun kotsia banuen lanera joateko baina bon...

 

 

        Atzarri nintzen Piñoletek, esperientzia fotografiko baten egiteko asmoz, lagun bat teilatura iganarazi zuelarik teila zenbaiten kentzera. Hau asmatua zen ikusteko, zer efetu egiten zuten eki printzeek, zirurikan, bere modeloen zitzi eta lihozko broderien nahaspulloan. A hori ez! Materialaren xintxikatzea! Besteen lanaren errespetua eta kontsiderazionea? Eta Etxeari jaukitzea! Enea edo ene familiarena izan zitekeen Etxea! Re dios!

        Egun batez zkuatatzaileak bakarrik utzirik, deliberatu genuen Bill eta biek behar genituela hortik haizatu, gure etxea Iparraldeko arte plastikoen zentro kulturala bilakatu aitzin.

        Telebistaren aitzinean gerruntzearen pausarazten zihardutelarik nagusi-etxekandere efektiboek erran genien ez ginela hor egonen igande arats hartan. Derricki so egon ziren eskuak zari eta djelabaren peetan kurutzaturik. Autoak errebidearen ondorat jautsi genituen eta delako ezpel arteko «arraintzako» xenderatik goiti jin gure planaren aplikatzera.

        Bill ogi labearen, ni amañi lilien gibelean, bakoitzak legar ahurtara sakelan, hitzartuak ginen, ez usuegi, oren erdi guziz, berinari kontra harrixkola baten aurtikitzeko.

        Biziki pollita izan zen. Lehen harrixkan Piñolet zen doi-doia itzuli, aktoresa zofan ixuria zen zari pekoari adi. Gero biek gibeleko leihorat so egin zuten eta berehala ene alderdirat bildu nituen, oren erdiko epeari buruz elgarri eman hitza hautsiz.

        Ez zuten solasik ere atxiki, beldurraren ez emendatzeko inkonzienteki ados. Ondoko harrian ohera joan ziren, beldurren konzentrazio lekua dela ahantziz, ezin lokartzean heriotzari buruzko gogoetek han baikaituzte erasotzen.

        Elgarretaratuak ginen sagardoiaren pentokaren pean. Oren bat joatera utzi ondoan, lo urduri zikinaren kontra borroka zitezen, ahurtara legar teilatura igorri genuen. Argia, bi itzal banpez xutik, eta leihotik kukia orroaz: «Leku zaitezte, ez da abilaaa!» Bizpahiru banpako leihoa ezin hetsiz, hauek erakutsi baitziguten bide onean ginela. Supizteko bedera piztu genuen, Piñoletek berak azaldu baitzidan supasterra ezin piztuz ari nintzen batez, aurrehistoriatik suak markatua zela humanitatea, eta makur psikanalitiko erraldoiak egin zitzakeela gar soil batek panika une batean. Gu bien argi iheskorraren dantza preziatu zutena leihotik lasterka ikusten genituen itzalek beren kalapiten artetik?

        Ontsaxko onduak baiziren makilarena biziki efikaza izan zen. Billek honetaz karrakatu zuen borta, sega-lan baten antzaren emateko. Argi guziak piztu ziren mugimendu berean, ene gela eta komunetakoak ere. Ezkaratzeko aterdiak biak batean ideki ziren eta zooma eskas baina kuma zut, oilar zilueta biluzia argizko laukian agertu zen orroaz: «Zer duk? Ager hadi! Zer nahi duk?» Kuraia jin zitzaion iduriz. Ez nekien bihotza atzeman zitekeela patxuli botoiletan. Urrats bat egin zuen atarian. Borta gantxoan, behorraren estekatzeko hartan lotu genuen gatu hila eta iltzatu oilasko hertzeen ikusteko doia. Etxe-argi eta ilargiaren eragin juntatuek ekai heze-idorren gainean zuten efetu artistikoa preziatu zuketen Piñolet eta bere artistak. Gure performanceari so zeuden, sudurra hilikitik bi zentimetretan, perlisiak joak. Ateratu zituzten marrakek plazerra mozteraino odola karroindu ziguten.

        Bortak jo, ezin hetsiz eskuak atzeman, berehala arraideki ziren eta bikotea lasterka pasatu zitzaigun aitzinean, Piñolet aizkora eskutan helikopteroa eginez, neska laguna mari-orratz baten gisan, hegalak burrunbaka. Autoaren ondoetatik heldu zitzaigun maila apaleko zerie amerikanoko azantzeria guzia, borta, ele eta mintzo. Joanak ziren. Biak besarkatuak ginen jada uzkailiak irriz.

        Sartu ginen barnera, sotoan kukutu Kronenbourg pakak ateratu eta gure balentrien ospatzeko, inpresioneak elgarri kondatu genizkion. Gaua aitzinatu arau xehetasun berriak heldu zitzaizkigun gogora, errealitatea amets edo leienda bihurtuz. Ni goxatzen nintzen Piñoletek bere azken liburua ez zuela alemanez irakurria pentsatuz. M6 eko filma erotiko on bat behatu genuen, rugbylari gazte batzuen komentario finak eginez eta hirugarren aldikotz entonatzen genuen «La femme du bédouin» atean jo zutelarik.

 

 

        Bi jendarma ziren eta gibelean dudarik gabe, hauen xeka izan zena, sagardoi gaineko auzoa. Jendarma xefak segitzeko galde egin zidan eta egin nuen, oholezko garajaraino. Antzerkilarigaiak maitatuko zuen memento hartan bere buruak sortzen zuen irudi teatralaren ikustea. Segur ez zuela ikuslerik indiferente utziko. Errotek gorputza lohian sartua zuten, gizonak eskapatzean ohartu gabe patinatu zukeen haren tripan, zaria eta larrua urratuak zituen eta hertzeak aho harritutik ateratzen zizkion buru sahetseko aizkora ukaldia estaliz

        Krimenaren arma han zen, neskaren kopetan punpatu eta, bi metroetan, soropiloan eroria. Nehork hunki gabe jendarmek hesol gorriz inguratua. Inkesta hasia zen. Autoan sartzeko esku eskas izanki airean aurtiki zukeen Piñoletek.

        Jendarmaren hitzen ezkila danbak ene buruhaundian. Ideiak elgarri oztopaka, bardako bien gisan etxetik jalgitzean. Gure autoak beherean utziak. Auzoek beti pentsatu ukan baitzuten lagunak ginela, guk hola erran ere funtsean bakearen gatik, ederki banekien zer zion jendarmen artetik bilatzen ninduen so horrek, zer kondatuko zien. Ala jada egina zena? Parada eskutan zuen gure kanpañako moralaren zaintzeko, hainbeste neska tzar hor nahas mahas, mutiko tzar horiek, hortaratzeko Itsasu Pittortenekoa, amama hortxe berekoa Ortzaiztarra... Hola behar zen finitu. Argindar ukaldiak, pindarrak, ideia horiek oro heldu baina, ezin entzun, ezin pentsa... Nagusitzen zitzaidan irudia: hiru gela, kitchenño, bed and bathroom bat hirian.

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila