Botoiletan La Haine Nik haurtzaro zaila ukan dut eta tipidanik herra hazi da ene baitan. Tipitik behar bada sobera erraten dut, herri ñimiño batean hazia izan bainaiz eta adineko lagunik ez nuen hastiatzeko. Baina bigarren mailara joan orduko, lagunik ez bainuen, itsusia nintzelakotz, edo ez dakit zergatik, baina insekuritate orroitzapenak ditut Donapaleuko kolegio hartaz. Klaseetan haatik ontsa, neska ederren so trufariaz kanpo pantalon pied de poule batzuk nituelakotz. Baina pix'egitera joateko hasten zen lazdura. Hor no mans land bat iragan behar zen eta balonen alxatzeko prefaren gibeletik gaixtagin bandak atera zitezkeen batere potretik gabe, kokotzak gorrotoak makurturik. Gero, atzemana izan eta, negoziatzera saiatzen zen, baina ardura gizaki klase horrek argumentoak ez baitzituen behatzen, kondenatuak ginen beti: klaseetara berantarekin joatera, zarta baten biltzera eta holakoetara. Urka-bulur-ihizi horiek andanan zebiltzan, baina ene oroitean, orai hogeita hamar urte berantago, Iholdiko kankaila batek du ene herra guzia kristalisatzen. Lapina erraten zioten lagunek. Eman zizkidan erauzaldien artetik gogoan daukat oraino justiziaren konzientzia zuela. Egin zidan auzi honen finezia lekuko: Heldu dira lapina eta haren lagun bat, haunditu eta, antzara martxanta izan nahi zuela oroitzen naiz, markatu ninduen gustu hark. Palmipedazaleak: Lapina! Honek erran dik pitoa hizela Eta hantaldia. Sinple zen. Nik egin ahala azantz gutirekin nigar egiten nuen eta bere irudimen haundia baliatuz hostokadari segida bat atzeman zion Bugs Bunnyk: He! errak, jitean, karrean lapina deitu omen nuk Eta bigarren beharrondoko uharra. Ez nintzen haren autobus berean, baina nola ez bainintzen haren gelan ere, konpentsatzen zuen. La Fontaine eta lagunek kondatu dute hau nik baino hobeki. Horiek haur istorioak dira. Ahanzten dira. Segur naiz lapinak, bizi den mirarien erresuman ahantzi dituela, normala da, baina eni iduritzen zait gure etxe ondoetara bizitzera jin baladi ihiziko permisa har nezakeela. Urte haietan pixa guti egin dut. Eta ziko guti ere, pixasturua beterik ez baita aise eta pied de poule pantalona gainetik piesago. Bizi berria hasi zen lana Ortzaizen atzeman nuelarik elektrotekniko bezala abere zaldarigintzan ari zen lantegi batean. Deliberatua nintzen zerotik arrabiatzea eta ene lehen pagekin nihaurk egin nituen erosketak bi jean pare eta Lacoste polo bat amaren tergala eta akrilika utzirik. Lanean, ontsa zen, gaitzeko azantza zen barnean, kristorik ez zen mintzatzen ahal barne horretan eta ez ginen batere samurtzen. Nagusia, gure lanaren kontrolatzeko komunen ondoan jartzen zen, bista hoberena, panoramikoena handik baitzen eta behar prisatu bat genuelarik, han bederen bidea segurra zen, ematen zuen lasaitasun bat. Laneko lagun batek galde eginik herriko joaldun taldean sartu nintzen eta larunbat gau guzian, herriko ezker paretan bulun bulun egiten genuen errondan. Ontsa zen. Lagunak banituen. Apartamendua hartu nuen hor berean, gastua amari justifikatu nion ezantza fresak eta bideko irriskua aipatuz. Etxerat guti sartuz jauntziei buruzko finitzen ez ziren eztabadak ere ekiditzen nituen. Laneko ontsa dituk ba jean arrunt horiek, baina zer gerta ere, edo ateratzeko, edo habillago dituk besteak Ohartua baitzen ez nituela biziki higatzen zakuan ezartzen zizkidan chevronekilakoak eta ene geroarentzat arrangurak zituen, ez bainintzen hola egoten ahal bizi guzian, apartamendua bisitatzean erran zidan bezala. Nik ardi larruen usaina maite nuen. Behin artalde guzia joan ginen Azkarateko bestetara eta han gure mahaian jarri zen mutiko potolo bat Barat izenekoa. Hau ene laneko lagunaren eskola tipiko kidea zen, Ortzaiztarra zen beraz orai Garazira bizitzera joana. Ni, erran behar da poxi bat berotua, beti mintzo nintzen eta gustuan nintzen lagunekin. Hura pasatuxea zen orduko, erdi mututurik, deus ezin forni eta agrezatu ninduen baizik eta haren basotik hurrupa bat edan nuela. Nik utzi nion, badakigu nola finitzen diren istorio horiek. Gero Jean Claudekin (ene laguna hau) kasik joka partida bat egin zuen. Pentsa! argitzen zuen bere bibendum airearekin! Lagunak esplikatu zidan langabezian zela, eta gaizki bizi zuela hori, erdi alkolikatua Donibaneko ostatuetan aldebat. Normalean hango ekipa batekin ateratzen zen, haundi zitzaion ez baitziren hor, baina zinez interesik gabekoak. Bizpahiru urtez hor, behar ere kalmatu gira geroztik, azkar ateratzen ginela aitortu behar. Astelehenetan «Bo orai aski e!» eta ostegunetik hara «Bihar behar diagu sakatu!» Anitz jende ezagutu ere nituen herri guzien bestak eginez, eta bulun bulunbatzen ginen haietan zer batzarriak! Ez dut damurik segur! Kantuz goizeko bi orenetan, kanpoan jeanaren brageta idek eta zara zara pix egin! Haatik konduak egiten ditudalarik, Baratek besta horien bietarik bat xintxikatu dizkit. Azkarateko gau hartarik landa aski ninduen nonbait ikustea, heldu zitzaidan elekatzera, hastapenean goxo eta gero eta pixtoletago, dena ele txar eta fantesia. Desafioak ere egiten zizkidan joka aritzeko, eta haren soa atzematen nuen ene besoko ginarrien aztatzen eta bere tripari konparatzen. Lagunekin zelarik are gaitzago, baño bazuen Donibane Eiheraberrikoa, bizardun bat, autotik jausten zen herriko bestetan arsenika irentsi balu bezalako sino batekin, lepoko zain guziak agerian, biktima baten peskizan: Razputin. Beste bat erdi eroa, pala mekanika gidatzaile bat, Frison Roche erraten zioten, behin pilota partidatik landa, bere palarekin paretak eskalada zitzakeela atera baitzuen. Bi kantu bazekizkiten «La femme du bédouin» eta «Apagaluz». Oihukatzen zituzten norbaitek edozein kantu abiatzen bazuen aharra xekatzeko. Hiruak gure inguruan biltzen zirelarik lapinaren spektra agertzen zen ene begi lausotuen aitzinean, pixiletzen nintzen brau, eta lotura egin nuen emeki emeki, ene baitan moldatzen zen gaizki izate hori herraren xangrea zela. Bizpahiru urte horien ondotik ez ginen hain erregularki ateratzen Jean Claudekin. Gosta baita ere. Behin Herri Urratsen, tiketa sistema horrekin lauehun libera xahutu eta hasi nintzen plantan karkulatzen, ama ere behatzen, sosa behar zela puxka bat baztertu, sekulan ezkontzen banintzen edo, jauntzi planttako baten erosteko. Jean Claude ere ados zen. Ez genuen arras utzi, pilota partidetan eta joareetara joaten ginen beti, horietan ez da hainbeste konzomatzen. Baina ez lehen bezala, aparantziarik ere. Behin Ortzaiztar batek pilota finala irabazirik, Garaziko Garatenean ginen berant, goizeko ez dakit zer tenoretan, eta Barat jin zitzaidan: ekipa guzia gibelean zuen guri so. Haien bidez ezagutu nuen, hainbestetaraino loditua baitzen. Eta horitua. Jakina nuen ez zuela geroztikako denboran lanik atzeman, normala, lohia bezain alferra zen. Haste hastetik ispixoka hasi zitzaidan, besteak gibelean adi. Gaua aitzinatzen delarik beti deserta behar dute edaleek eta guk Barnum zirkoko ñaño gudu bat eginen genien. Nagusia ere irriz haien artean eta hortaz biziki dezü nintzen hainbeste sos utzirik ostatu hartan. Gu enbatak ginen, alta ez nintzen sekulan reünione batean ibili baina, Barat bere alderdikoa zuen, ostatu nagusiena, flikena, denena. Batere arrazoinik gabe pusatu ninduen eta ni adi ez nintzela, lerratu baby-jus ixurian bizkarraren gainean ihalozka, irrien arramantza heltzen zitzaidan. Jeiki nintzen berdin egiteko eta denak aitzinatu ziren «berextera». Zer ahalgea! Baina besterik ezin egin! Nagusiari zerbait erran nion, haren irri zikinak konpreniarazi zidan ez nintzela klient aski ona haren interesatzeko. Lagundu ninduen ahalge hark tresnen alxatzen eta handik goiti, non ez ziren hutsegiten ahal ez ziren ateraldiak, etxen egoten nintzen kazeta behatzen, herra asunahartzen. Astiriak baliatzen nituen amak erosi pantalonen higatzen bederen, beti ezartzen bainituen etxen. Joarea ere xamindegiaren gainean aztikaturik. Herriko bestetan, gazteek galde eginik, ez bainuen dena errefusatzen ahal, esku ukaldia ematen nuen usaian bezala edarien xerbitxatzen. Ez zen lan haundia, ordea, jendea lehen ez bezala lekutzen baitzen aski goiz besta asteartez edo motibatuenak ostatuetara joaten. Kalakan ari ginelarik gustuan kontuarraren gibelean Barat, Razputin eta Frison Roche ezker paretan sartzen! Ez ziren hor afalduak eta ibileratik ageri ez zirela etxetik heldu, batek ere ez baitzekiokeen beste biek osatzen zuten taldea jarraiki. Edan tokira heltzean berexi ziren, nik ene gogoarekin, hiru bider gehiago jende kakinarazteko. Espartin muztaxdunetan egon zen Barat, bultta bat, balantza zirkulario batean, urde hats latza egotziz, begiak arnoz itoak eta ene gana hurbildu. Esku horia eman zidan, esne opila bezain mardo eta ustel hanpuruak zeuzkanak: Addieu Ukondoak adarrak bezala goiti so, hartu zuen edantokian zuen postura maitea, ñiñi munstro bat bailitzan, ahoa taularen heinean eta bi begi horiek... Donapauleko biologia klasean ikusi nuen ene burua, dizekzioneak egin genituelarik idi begia guri et bustia mahaian eta lehen ganit ukaldian likido xirrista begitartera bildu baitzuen, ondoan nuen neska alditxartu zitzaidan. Ekarrak baso bat arno Ezpainetan zituen bi marra beltzek salatzen zuten ez zukeela lehena eta dudarik gabe goiz ala arats zenez ez zekikeen. Parrean nuen behar nuen goratasunean, Aita sainduaren mandoaren ostikoa ematen ahal nion. Baina gero joka partida abiatzen bazen, soinu mutil batek aharra ezarririk, famarentzat ez baita pollit, herri guzia kontra ukanen nuen. Zainetan nintzen. Mendekua hain hurbil eta deus ezin egin. Alta begiak idekitzea salbu, Baraten gorputzean lana jadanik egina ikusiko nuen. Alkohola eta urteek, nik gau guzia ostikatuz ere, ematen ahal ez nion hondamen fisiko krudelena jasanarazi zioten. Nik, ordea, herra nuen bihotzean, gorputz guzia ketan jartzeraino eta superposatzen zen gelatina eta arnozko orre horren gainean lapinaren so mentsa. Hirugarren basoa betetzen niolarik, argia beti txarra da herriko ezker pareta horietan, zerbait ikusi nuen erortzen taulan, Baratenganik hogei zentimetroetan. Mekanikoki hunki nuen ekai beroa, kola idurikoa, sudurreratu... goiti so egin nuen: ainara kafira bazen pitrailen artean. Flash bat pasatu zitzaidan beharrien artetik eta basoa zeruko emaitzaren gainean pausatu. Barati kokotza luzatu zitzaion aratxe sortu berriak errapearen erroa bilatzen duelarik bezala eta gimnastika mugimendu trebe batek eginarazi zion urrats bat sahetsera bere basoaren parrera jiteko. Ofizioa zer den. Kafiran tipiak bazitezkeen. Minutan behin, basoaren barnera, atxikitzen zuen eskuaren gainera, edalearen kopetara kola xuhaila heldu baitzen. Loriatua nintzen. Ez zuen fitxik senditzen bistan dena, ez zen ekai likido baten gainean. Jubilazionea gorenean zen, ezpain odoltsuak luzatzen ikusten nituelarik arno eta kaka ahia aspiratzeko urdeek bezala. Lan haundia ukan nuen baina hiru oren atxiki nuen han, lekuan berean. Lan haundia diot, zeren «ostatutik ez da kantitzen» erraten delarik, ez da batere egia, harritzeko da nola, itzultzean eman dezagun, eta berriz lekua hartzean, metro erdiko deplazamendua egiten ahal den! Norbaiten deitzeko metro bat berdin. Hamar bat baso bederen eskaini nizkion arrakadratzeko edo Razputinen erakargarritasuna azkarregi senditzen nuelarik: Bakea egiten diagu orduan. Ez datak herrarik atxikitzen? zion, eskaini baso guziz Ez hadila inketa Komunioniaz geroztik ikuzi ez zituen bilo gizenak kakaz emokatuak ikusi nituelarik jabaldu zitzaidan herra.
Botoiletan |