Botoiletan Kaxinta eta Jules Jende batzuek egun guziz bata bestearen ondotik iraganik ere, ez dute lur honetan egiazki kurutzatzeko xantzarik. Gauzek bestalde deliberatzen ez duteno. Adibidez autoek istripu bat egiten dutelarik gidariek zurikeria haundiz eskua ematen diote elgarri. Baloiek ere zer nahi kontakto sortzen dute. Hesien gainetik airatzen dira eta haur malestruken futbol trebetzaileak auzoko xaharrekin bizpahiru hitz goxoen trukatzerat bortxatzen dituzte. Ondoko gertakari honek ez du egia xoil honetaz kanpo deus kondatuko. Baigorrin Etxauzeko gaztelua biziki ezaguna da. Hiriko alderdi guzietarik behatuz agerian baita, baita ere historian, ukan duen eraginaren gatik, eta errealista egonez, bisitatzeko deus ez duen bas-herri batek gelditzen zaizkion purruskilei lotu behar baitzaie publizitate plaketen betetzeko. Ez hain ezaguna: Lapizketakoa, Eiheralden, Arrosako bidean. Gibeletik ageri da lehen izan zen Casatorrearen orma, gelditzen den bakarra, iragan mendeetan arraegina izan baitzen noiztenka, xuhurki egia erran, inguruan zituen lurrek ekartzen ahal zuten mozkin mugatuekin. Orai arte beti bizirik egon den jauregia, Etxauz ez bezala. Erdi arotik hona familia bera hazi baitu. Etxauztiarrek hor gaindi fama eta ohore ukan dute, kargu ospetsuak ere bai, baina ederki zekien Kaxintak, Lapizketako azken aldaxka erdi aihartuak horiek ez dutela odolaren balioa egiten eta XII. mendeko Nafarroako Erregeren gerla pentsio zerrendetan Johan Lapitz Etxauz Teobaltoren hein berean zela. Frantzia behere horretako konbentu batean bere humanitateen egiteko etenaz kanpo, beti Lapizketan bizi izan zen Kaxinta eta ezkongabe gelditu. XX. mendea. Mende guziek ukan dituzte beren modak, pentsamolde itzulipurdikatuak, iraultza eta aments eroak, izan dira beren baitan apokalipsia itxura haundia zuten gerla eta eritasunak, jendetza osoak suntsituz sekulako, baina Jainkoak eman odol berezia zuten enda hautatuek iraun dute. Zaporerik gabeko mende ondar minddulin honek asmatzen ahal zuela gauza xinple, xoxo hau: ezkongabe gelditzea. Ez zuen sekula pentsatuko. Ez zuen sekulan, gogora ekarri funtsean ez zela ezkondua, zahartzaroari ez zion kasurik ematen, baina Lapizketa... Aurrerapena, sorgin ekintza da, eta intelektuala edo ez, jendeak pentsa ez ditzakeen ondorio deabrutiarrak dakartza. Jendea ez da sartu behar Jainkoaren baratzean. Xartatzeak, odol aldatzeak, alximia guziek... Emazteen askapenerako uhain irringarriz antolatu kalapita egile horiek ez zekitten zertarat zihoazen. Garaian haxean ezarri zituen Hiriart-Urruty kalonjeak. Jada aristokrata tipiak, etxalde oneko nagusi naturalak kezkatu gabe egon dira dotedunak hurren daitezen. Hogeitahamar urte pasatu eta, biharamunean, atzartzean laurogeietan gara. Etxe tipietako alabak, eremuts edo buhame kastakoak berdin, joan jinka dabilz Baigorriko karrikan Twingoaren puntan. Orduan XII. mendean jada fitxatuak zirenak, giro horretan... Kaxintak kanpo aspektu miserabilistak ontsa gorderik, ontasunak bazituen. Gerlaren ondotik plazatu akzioneak, egiazko Euskal Herriak baitaki zer zor dion marexalari, eta betidanik bizpahiru etxe atxiki zituen, Baigorrin argazkitan hartzen diren horietarik, hauetako baten zolan ostatua. Berak atxikitzen zuena. Noblezian deus ezagutzen ez dutenak harrituko dira behar bada. Hor nahi zituen klientak larderia haundiz hautatzen zituen, berak bahea dantzatzen atean: moda berriko mutiko xortadun kiroltzale mihi zikin horiek kanpora. Nazka ematen zioten, ginarri guziak kanpoan, gudu faltsu horretan emanak, prestigio merke baten menturan, pundu batzuen afixatzeko pentze baten kantonean. Segur zen bazterrak egiazki mintzen baziren ez zela horietarik anitz ageriko ketan zen tokian. Kaxintaren klientela paradokza bada ere, Baigorri zein inguruetako etxekandereek zuten osatzen, edozein klase edo mailakoak izanik, porru zarea pausatzen zuten eta goxoan euskara finean herrietako familien berriak pasatzen. Erranaldi soil eta goxoetan astalkatu mintzatzeko aitzaki hutsak. Solasaren artea izenda genezakeena, mende honen hastapeneko igande aratsalde orotan entzuten zen bezala. Ez gazte horiek bezala auto estopan hartzen baitzaituzte eta ez dakite zer erran. Turistak ere maite zituen Kaxintak. Bat, gazte batzuk kontra baitziren eta bi, parada baitzuen bere Frantsesaren ateratzeko, Chartreseko akzentuarekilako «au» erraten zuen ahoa arraultze bide baten moldean ezarriz. Aristokrazia beste nonbeit da, eta hori barnetik ezagun da xehetasun ttipi batzuetarik. Gustu arraroak, diferentzia bat. Erlatiboa da eta hemengo hobby batek ez du beste leku batetako balio. Terraiak, lurrak alabaina baina ere tokiko aire batek diktatzen dio usnatzeko ahala duen bati orijinaltasuna. Ez da kantatzen alderdi guzietan, ez klubik antolatzen. Eta futxo, norekin, diferentzia baldinbada? Barne istorioa da. Eta Kaxintarentzat zakurrak ziren. Denek usteko dute patak piano mailuxken gisa karrikan dabiltzan Chiwawa atso milikatzaile horiek direla aipatuak hemen. Kaxinta Erregek artamendaturik muga bere gain zuen «Kapitain retengut» baten ondokoa zen eta odol haundiko zakur-txakurrak hasi zen hazten. Lehena, Radjah izenekoa Pabe aldetik ekarrarazi zuen. Liburu batean irakurriz hasi zen hezten. Couché, reviens, saute, attaque. Liburuan ziren datuetan oinarrituz ohartu zen biziki gora jauzi egiten zuela eta ondorio onek akulaturik segitu. Erasoan trebatzeko laguntzailea behar zuen. Ofizio errexa: Lantzeko ihauteritako jauntzi bat ezarri mutiko azkar baten gainean, espakatzen den gaixtaginaren errolaren egiteko eskatuz: jestu arraroak eta orro latzak. Jauntzia prestatu zuen berak, sekulako prezioa zuen katalogan, eta lur sagar zakuz eta matalaz zahar batzuk urraturik kukia egin zuen. Eskupeko bat hitzemanik auzoko putikoa jinarazi zuen jauntzi zezan. Selekzionatu zuen karrikan, ohartua baitzen Baigorryk irabazten zuelarik bere botza entzunarazten zuela puska bat. Baina Radjahk jitea bazuen eta bigarren eguneko jada, reviens eta Couché buhaden gatik, ahoan atzemana ez zuen laxatzen eta mutikoak indar haundiz inarrosiago eta zakurra lotuago. Gero eta gorago ausikitzen zuen, etsaiaren begi ikaratuak bere otso soaz gozatuz. Eskupekoa ahantzirik lekutu zen mutikoa. Froga bat behar balitz rugbylari horiek ez dutela deus kilotean, hara baño! Radjahren ahalez kontzientisaturik haren jatorrizko nagusiari telefonatu zion, hartzera jin zedin, hezle on baten atzemateko. Hiru asteren buruan hezlea hari puntan zuen, oraino saiatu nahi zuela, jite, indar eta gaixtakeria ikaragarria zuela zakurrak, txapeldun bat egin zezakeela hartaz. Beste hiru aste gehiago eta Baigorrin zen Radjah. Usaia tzarrak hartuak zituen, atakatzen zuelarik zakua erautsi arte ez zuen laxatzen eta ez zen nihondik gibelerat biltzen ahal. Radjah pozik bere jauregiaren atzemateaz. Kaxinta harro. Arraza haundikoak ez dira hezten. Seme alabak eginarazi zizkion Baionako CRS baten emea estalarazirik eta bi atxiki etxen, kotxo-emeak Walkiri eta Welspath. Biziki maite zituen ere baina egia erran beti atxikitzen zion Radjahri amodioxka bat. Zakurrak berekin jarraikarazten zituen beti, eta ostatu zokoan beren lekua bazeukaten, leihoaren ondoan, kanpoko alboaren itzalean, tripa lauzen freskuran, Radjah erdian, seme alabak poxiño bat gibelean, muturra aitzineko paten artean. Zakurzaldunak sartu guziak gogoan grabatzen zituen bere begi horiez. Behin mezatik ateratzean ostatuaren aitzinetik pasatzen zelarik jendoldea, tiroa bezain xuxen ateratu zen eta auzoko harakinaren labriketarik bat zintzurretik hartu eta urkatu. Baigorriko giristino pratikatzaile guzien aitzinean, bederen hogeita hamar pentsatzaile xintxo izan ziren Erroma zaharrako ikuskizun horren lekuko, bortizkeria ikaragarria erakutsi zuen. Zintzur lepoak letaginen artean gero eta gehiago ezdeustuz, kabal gaixoa zerura igortzen zuen ilauna bezain aise eta lurrari kontra jo egiten. Izigarriena jende mututuarentzat, hau zen, gorputzaren kaska gorraz kanpo, ez zela den mendreneko azantzik aditzen, ez nigar, ez orro. Gorpua lurrera aurtikirik, ikuslegoaren ingurua egin zuten otso begiek, beste norbait interesaturik bazenez galde egiteko bezala. Harakin pixtolet hark plenta ezarri zuen jendarmerian. Eta Kaxintak kausitu baldin bazuen deus ez pagatzea, behartu zuten bere zakur guziak muturrekoekin ateratzera. Aspaldiko istorioa zen hau. Orai Radjahk zaharturik alboaren peko bere toki preziatua atxikitzen bazuen ere, muturrekorik gabe uzten zuen Kaxintak sapa egunetan. Hatsa hartzen zuelarik hortz higatuak agerian uzten zituen. Errisa ale nimiñoen antza zuten. Ez zen halarik ere tokikoen lasaitzeko aski, bekain zurituen azpian begiek baitzeukaten leheneko su bera. Jules Ladebèze Landeetako Pissos herrian sortu eta bizi izan zen bizi guzian, zurgin ofizioa betez. Armadako urte haiek ahantziz, Algeriara joan ziren klase horietakoa baitzen. Baina han ere, oraiko telebistak populuen libertatea eta holako politikak baizik ez baititu aipatzen, nahi duenak nahi duena erranik ere, ontsa irri egin zuten Jules eta bere lagunek. Ez zen batere dioten bezala, mutiko onak ontsa ikusiak ziren arabeenganik eta galde egiteak salbu eskaintzen zizkieten indigenoek axuri eta tomateak. Eta orduan zer irriak, lagunekin, afariak... Zer denbora onak. Hori da, biziak batzutan pairarazten dizkigun aldi txarretan ere, emaztea xangreak ereman ziolarik ere, ez zuen Julesek behin ere dekonatzeko gustua galdu. Ez zuen igande goiz bat pasatzera utziko klubetik pasatu gabe bere petanka partidaren egiteko. Jendekina zen, konbibialitatea maite eta bere lagunek preziatu gizon ona. Urte hartan erretretan sartu zen eta «Les jeunes retraités de Pisos dans les Landes» batasuneko, bai, animatzailea erraten ahal dugu bilakatu zen, beti autobuseko ateraldi bat, loto lehiaketa baten egiteko prest, omore onean. Horixe. Galde egiten ahal zenioten edozeini Pisosen: Jules Ladebèze? Begitarteak argituko ziren, probintzia frantsesek ekoizten duten sinpatia sinple hori helduko zitzatzun: «Jules? Nork ez du ezagutzen» Jules, zapart egingarri, izan baita beti. Azken les jeunes retraitésren biltzar nagusian, errateko gisan, denak jarriak ziren, holakoetan egiten den bezala, bulegoa, lehendakari, idazkari, eta horiek parrean, emazteño horiek esku zakua belaunetan, sartu zen Jules eta oihuka hasi «Zer duzue? Zortzi egun hauetan konztipatuak zarete ala zer?» Denak uzkaliak irriz! Hor ez zelarik ez zen berdin. Orduan urria luze zitzaien lagunei, emaztei bereziki, urzokako ilabetea baita eta ihizia Julesentzat sakratua zen. Betidanik ibili zen ihizin Jules, errabia ederrak ere pasatu lana ezin abantzatuz eta urzo tropak abiatuak. Funtsean tradizione bat zen familian, aita hala zuen, ihiztari, aitatxi ere bai. Tradizione bat. Eta emazteak ere ez ziren haien etxen azkenak izan. Haizatzen zituzten etxetik arnoa eta anoa, karnazierrean ezarririk. Ihizia Landestarron ondarea da, egiazkoena. Beraz aise ulertuko dugu Julesentzat zer izan zen «Chasse Pêche Nature et Traditions» mugimendu politikoaren sorrera. Zer emozionea! Ihiziko elkarte guzia «Chez Suzette» bildua zen, ihiztorrak eta denak han, estekatik ehausika, kanpañako erreportaiaren telebistan ikusteko. Pisos bezalako herri batean filmatu zuten. Zer zirrara ez zen izan: urzategiak, apeuak, kableak, xirrikak, galtzera utzi behar ez den jakintza hori guzia. Baina ere gureak, plan lodiak arto paperrezko Gitanesen gainean, balusa lodizko laneko pantalonak, kremallerarekilako oskiak, eta plan lodiak Ricard basoen gainean. Hor ikusten zuten Bruxellesen zer zen gure identitatea, edo Pariseko ekologista txar horiek egiazko Frantzia zer zen. Julesek nigarra begian zuen, baina beste guziek ere bai, Auguste presidentak, Camillek, Jeannotk eta beste guziek. Ezagutuak azkenean! Garrantzitsua da hau bizi baten larrazkenean. Eta militantismo berri horri esker kontzientisatu zen bere izate sakonaz eta igande ala astegunez, ateraldi ala ihizi, laneko jauntzi maiteak jarraikarazten zituen soinean, balusezko pantalonak. Iraileko goiz eder hartan «les jeunes...» kluba autobusez abian zen Euskal herrira buruz. Kideek gehienik preziatzen zuten ateraldia zen hau. «Hor berean da eta mendi ttipi horiekin hain baita pollit.» Urte guziz gauza bera zen. Irulegiko sotoen bisitatzea eta hor Landesek badakite preziatzen, ha gizon horiek, eta gero baskaria ostatu tipi batean, «ezagutzen gaituzte ba orai, nagusiak biziki maite du 'La dacquoise' kantatzen dugularik. Dena biziki ongi negoziatzen baitu gure presidentak», auzapez eta errienta zen ere, «autobusa eta dena 100 liberetan, damugarria liteke ez baliatzea.» Azken bidaia izanen baitzen urria aitzin, «Chasse, pêche» ekoak denak hor ziren, Jules gaitzeko forman, bidaia guzia mikroan orroaz, euskal txixteak kondatzen: «Badakizue zer den oilasko bat basquaise erara? Eeeez Buru-munik ez duen ollasko bat» Badakizue nola erraten den Mantxut? ez zait iduri ulertu dudanik Euskal Herrian? Eta hor besteek bazekiten eta denak batean orroaz «Eeeeee!!!» behiak bezala marrumaka. Zer giroa! Zer irriak! Baigorrin autobusetik jaustean, Algeriari pentsarazi zion Julesi, Parigots horiek beti terrorismoa hara, terrorismoa hona, baina haiek biziki ontsa errezebituak izan ziren. Frantses onak euskaldunak, Landesak bezala. Talde guziari bidea iraganarazten ziolarik jendarmak eskarniatuz autoak geldiaraziz, lanera zihoan kamion batek tutatu zuen. Julesek «Ni. ere eraikuntzan egon naiz bizi guzian, zurgina nintzen ez zarete bost minuten gainean, klientak pagatuko du dena!» Besteen muturra! Zer irriak. Usatan bezala boneta gorria erosi zuten denek arraintza tresna saltokian. Irulegiko arnoan bainaturik, «gizon horiek bestenaz», ez omen ziren mahaira joaten ahal Ricard bat edan gabe eta pasaian zen lehen ostatuan, ezker hartu zuen Julesek «Bonjour Messieurs Dames» orro gaitzean botaz. Orro latza, pantalon lur kolore zabal horiek ezagutu zituen eta duela hamabost urte bezain zalu jautzi egin zuen Radjahk, bere beharri zahar elkortuek uste ukan zuketen «Attaque» entzutea, eta Jules ixtapetik atzeman zuen. Kaxintak «Couché, Arrête» bere hezle liburuko hiztegia guzia nahasten eta azkenean «Pereka ezazue, pereka ezazue!» Denak karrikara arrantzaka Camille, Auguste eta besteak ere bai... alta ez dira nor nahi. Radjahk luma kuntxin bat bezala dantzarazten zituen Julesen ehun kiloak. Begitartea kolorez aldatzen zitzaion honi, koskoil merlatuetan gelditzen zitzaion apurra mateletara igan bailitzaion, urzategietan jan pate buatek, igande goizeko Ricard aseek urtez urte moldatu begi ingurutako zain gorriek hantzen zitzaizkion indoilo lepoa bezala eta emeki orkatz kaka heineko perlez beztitzen. Radjah xutik, Jules hatsa tiro batek mozturik bezala lurrean, sudurretik mari-orratzen hegalek duten zurrungañoa doi doia ezagun, Irulegiko arnoa eztiki ezpainen artetik ixurtzen. Tiroen ondotikako urzategien isiltasuna. Firfira batek «Perekatu behar da, ez da gaixtoa...» Xuxen zen horretan Kaxinta, injustizia edo xantza makurra bazen hor. Jules bezalako bat ez zuen sekulan topatu behar lur honetan. Haur malestrukek auzorat igorri zuten baloia bezala objeto-aitzakia pantalon parea izan zen.
Botoiletan |