Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Gure Kattinen haunditasun
eta dekadentzia

 

        Senarra ahotza zuen herrian, gizon itxura onekoa eta atsegina. Urdea eta xerbitxu egile. Kontseilukoa zen eta klikako zuzendari. Etxetik kanpo zelarik, bere ahoztegian adibidez, solas berdeak maite zituen. Ohartarazten zuen ontsa «behar ere gure Kattinek ez nau entzuten». Horrengatik herritar guziek «gure Kattin» erraten zioten haren emazteari.

        Biziki emazte debota zen, elizatiarra erran nahi dut eta trufa tipi horien gibelean ederki bazekien senarrak ideia lizunen gatik ez zela irriskurik bilaka zedin gure denen Kattin. Emazte ernea zen biziki, bere ahuntx urratsez, elizatik etxerat, plazako zaharren etxetik Donibanerat, brixt 504erat igan eta, jo harat, jo honat artetik bulon baten erosterat... Baina ez, ez gaiten mihi tzarrak izan, kasik beti afera on batendako zen.

        Familia onekoa zen, belaunaldi guziz Elizari bi apez fornitu zizkioten. Anitz da. Behere horretan badira etxaldeak biziki hein onekoak, biziki ontsa ikusiak, batekin kontentatu direnak. Hori zen tarifa funtsean. Baldin bazuen defaut tipi bat hori zitekeen, familiaz zukeen beraz, heina ez atxikitzea, soberakerietarat aise lerratzea. Hiru aldiz egunean bisita beraren egitea, onaren egitea hastialkeriarekin nahastea, bazkoz eliza lilitzea beretterrei goragalea ematea arte. Penelopa bat, lurrean parabisua inutilkeriaz ehuntzen, eskuak xehakatu arte. Batzuetan bere onaren egiteko frenesiak ez baitzuen mugarik, guk ez genuen ontsa ulertzen senarrak nola uzten zuen.

        Familia bazuten gure Kattinen aldetik etxalde miserable batean. Polita iduri du hada ipuinen antza baitu, baina hor arras sordidoa zen afera. Burasoak, ama gure Kattinen ttantta, auzo etxetatik ateratzen ziren. Joka aritzeko punduan samurtu ziren ezkontza horren berri atera zelarik. Herri zurrumurruek hedatu zuten bazekiela neskaren aitak gizongaia bere seme bastarta zela. Jaun-andere esposak anai-arreba erdiak zirela heldu baitzen. Ezkontzaren haustea saiatu zen, deus salatu gabe. Alferrik.

        Hiru haur ukan zituzten, lehenbiziko biak net dilo. Atxikitzen zituzten ezkaratzaren ondoko leihorik gabeko gela batean. Eta hirugarren bat normala. Besteei konparatuz. Simon izena zuen.

        Hauen etxera joateko errexa zen. Ez joatea zen kontua. Hara gabe, bide gurutze bat atzematen zen eta etxera joateko bideak bide nagusi itxura zeukan. Anitz orroitzen dira, bidez tronpaturik, korrale hartan itzulirik edo berdin bidea galde eginik, ama aldikal ateratzen baitzen atarira. Begi tipi beltz batzu, kriston zilo zokoetan, armiarmek beren kafira kotointsuak egiteko modukoak, kokotz idorra zut, hots, izitzekoa. Ez ditugu hilak zikinduko. Ez du merezi. Senarra ez zen nehun ageri, ez etxe inguruetan, ez kanpoan. Erosketak eta beste segurtatzen zituen atsoak, mobiletean igan eta.

        Atsoa hil zitzaionean gizonak hiru umeak bere ber utzi zituen bera ere heriotzean ihes eginez, sinpleki. Herriak nigar egiteko solas ona ukan zuen bizpahiru egunez: «Zer bilakatuko diren, telefonatu behar zenez norapait». Ahantziz berrogei urte beteak zituztela hiruek.

        Gure Kattinek fokuen pean senditu zukeen bere burua, Jainkoaren deia entzunik, hartu zituen etxera bi trapistak, ikusi gabe ere. Desmartxak egin zituzten sozial munduko andereño guziek, golf gorri karuzel bat izan zen ahoztegian hiru egunez, errepublikak holakoendako lapintegi espresak bazituela errateko, bainan arrunt beste munduko hiztegia ateratu zien Kattinek: karitatea, familian elgar laguntzea... Hogei urteren buruan hirugarren milenarioan sartuko ginela gogoan, joan ziren emazte pinpirin horiek, familia horretan nor zerratu behar zen karku latuz.

        Ez zen horretan gure Kattin. Aroztegiaren gainekaldian, petrolio txokearen ondotik etxea isolatu zutelarik, bi ganbera arreñatu zituzten, material arrestak nonbait baliatzeko. Errekari so izanen ziren bi pentsioner berriak, auzoko barrukia ere han zen, aratsetan oren batez orroaz artzen baitziren, gau guzia ilargi zurietan. Hola bidetik ez zen fitsik hautematen. Herria lehen emozioaren ondotik bere onera arrajin zen, hasi ziren normalki solastatzen: ez inketatzeko, debruen urdeak, diru laguntza ederra hartzen zuketela horien atxikitzeko, aziztanta guziak hor aldebat aste guzia, ez zirela dudarik gabe kitorik ari.

        Zerbaiten gibeletik bazoan Kattin, ez zen sos istorio baten. Betiereko subvenzione baten menturan zebilen, Penelopa-ehuntze bat baita honen ardiestea bere eta bere familiarentzat merezimenduen arraixurtzea onartzen baitu erligio katolikoak. Mintzatzen ez zekiten erdi abretu horien ezagutzen ikasi zuen, ausiki bat bildu gabe. Hau ororen buru denbora pasa aski pendularioa zen.

        Bestea aldiz, Simon, goiz arats eta eguerditan han zeukan sukalde propioan eta ez aroztegiaren dependentzietan, hari so, anaien ikusteko estakuruarekin. Gehienetan ez zitzaien joaten ere, ez zituzkeen ezagutuko funtsean, ez baitzituen sekulan ikusi egunaz, han leihorik gabeko gelan baizik. Gainera, bere amaren kabal-zoinak ziren, pualla eta horiekin batera.

        Galdua zen Simon. Etxea husturik, sekulan ekimen bat ez harturik bere kondu... Klientak ohitu zitzaizkion fite, sukaldeko kadera gaineko honen presentzeari, ezpaina dilindan, begi bitxi hori, iduri eta goiti so, baina hain sakonki aitzinera, izterren gainean pausatuak alimaleko esku batzuk, azazkal luze hautsi eta makurrak, lurra karrakatzen duten zakurrenak bezalakoak eta biloz kukutuak. Jendeek azkona erraten zioten horregatik. Edo mateleko larruarengatik, beti bustia, gantzutua ematen baitzuen, azkonak urin meta bati pentsarazten du. Simonek sukaldean dilindan diren zingarrei aldikal burua torratzen zukeen. Frikota bazuen ezin definitua, dena belar piluts. Alta bazuen orai bi urte ez zutela belarrik egiten etxe hartan.

 

 

        Hilabete parrasta bat joan eta, urtea behar bada, denbora hain fite pasatzen baita, gure Kattin bizkarretik sofritzen hasi zen. Deabrua ikusten zuen ohetik ateratzeko, zinez devuarrak akulaturik egiten zuen goiz batzuez, emazte arraza horrek ukan zuen hezkuntzari esker, erdi hilik ere lana egiten baitzuten pleñitu aitzin. Mizel, senarra, zinez hunkia zen, baitzekien bere emaztea ez zela sinotan laket, eta jendeen aitzinean maltzurkeria arin batekin ateratzen zuen: «Ene gisa gaztetzen ari hori ere, hi gazte baihiz ezar'ak barra hori inguderat, aratsalde guzia horri so egon gabe». Jendeek ulertu zuten bazela zerbait eta sintesia baten egiteko, orokorki, bi partidotan sailka genitzakeen jendeen eritziak: «Ez da estonatzeko beti kurri auto zikin horretan, normal zela zerbait senditzea, trankil egon balitz...» eta aldekoak: «hainbeste bazka sego karreatzen egunean, beste hura ere (Simon) han beti, leihoen idekitzeko lana bera zerbait zela sukaldearen airestatzeko».

        Zirkuito normala segitu zuen. Medikuarengana hatsarrean, horrek dozenaka pikura eman, estandar haietarik, gero kine batengana, medikuaren laguna. Biak rugby antolatzaileetan baitziren. Biharamunean orroaz aritzeko punduan zen. Senarrak bi aldiz arbia eman zien kusiei. Eta Simoni erratz ukaldia. Haserre gorrian, eguna hartu zuen Jutsira eramateko. Egun guzia penitentzian xahutu ondoan, Jainko ttipiak bere esku leunez bizkarra ferekatu zion, ondarrean errateko ez zuela fitsik. Mizel gibeleratekoan sakreka: «Urde pixtoleta, zer uste du deusezendako eguna xahutuko dugula airerik gabeko sala hartan, frantsiment horier hogei aldiz esplikatzen nola jin zitzaion mina?»

        Konfiantxa zerbait zukeen Jainko tipiaren baitan, medikuaren baitan baino gehiago, fitxik ez zuela jakiteak arindu baitzion zimikoa eta aski fleitian izan zen pabillunketarien afariaren egiteko urtoroz bezala.

        Horiek dira, besta berriz, hau ere zer den esplikatu behar baita, kontseiluko guziek beren emazte eta familiekin egiten duten indar erakusketa bat, laburbiltzeko, iguzki saindua promenatzen dute zirkuito preprogramatu batean «L'as-tu vu Battitt» airean, pabillunketariak apezaren gaineko paisola atxikitzen duten lau edilak direla.

        Afari horretan baten kolesterrola, bestearen xangrea, hor ez zen batena Jainkoari esker, eta azkenik delikatezia haundiz gure Kattinen kasuari interesatu zitzaizkion. Bi pista nabaritzen ziren, batzarrak iradoki aterabideetan, Marie Claudek Larousse médicaleko D-E alea prestatuko ziola (dos artikuluari behatzeko) eta Janinek aipatu zion bere ahizpa gazteenak, kine baitzen bera, haurrak ukan eta berehala kiropraktore baten etxera ereman zituela erditze indar horietan gertatzen baita oraino niniek kautxuzkoak dituzten menbro buru etab bortxaturik akats batekin kalzifikatzen direla eta horiek ditugula partida artrosaren tenorea etortzen zaigularik. Pundu iluna segurantza sozialak ez zuela ordaintzen eta orduan... Baina min delarik...

        Usainak gela bete zuen, ate idekitzearen azantza ez baitzen batere nabaritu. Haieri so zegokien Simon gelaren erdian, pabillunketariek bizpahiru tzarkeria atera zizkioten eta pabillunketarisa batek bixkotx zati bat eskaini. Ezpaina dilindan egon zen, kremaren biltzeko ere ez zen mugitu. Begiek, hitzek baino gehiago gure Kattin eskertzen zuten.

        Beren hartan berme denek agurtu zituzten errezebitzaileak. Simon oinez joaitera utzi zuten, autoko gibeleko huzak kanbiatu berriak baitzituzten, Jainkoak eginetan baita anitz klase.

        Etendura diskala, ziatikak eta horiek baztertuz bospaseigarren azteriskan irakurri zuelarik bizkarreko minak bazirela deus fisiologikorik ukan gabe, hurbiletik interesatu zitzaion artikuluari. Nigarra begian ez, baina cafard ñimiño batekin hetsi zuen liburua dos orrialdea markatu gabe, irakurria baitzuen menopausaren garaian arazo psikologikoengatik tentsioak agert zitezkeela, ikaragarriko min nefretikoak ematen zituztenak. Ez ohartzearena egin zuen bere zerbieta intimoen stocka tipitze geldoagoaren aitzinean baina zahartzaroa hor zen.

        Bere burua etsipenari uztea ez baitzen bere kulturan, instintiboki bere betiko lagun zuen autorat igan zen, ttantta baten ikustea estakurutzat hartu eta Janinek helbidea esku zakuan, Biarritzerako bidean jarri zen. Harritu zen radioak galde egin zizkionean. Medikuak psikologia haundiz aipatu zion hori ordaindua izanen zitzaiola, eta kausitu baitzuen dena egun berean biltzea, kiropraktorearen epaia entzuna zuen aratseko. Ez zuen deus. Kraskarazi zion bizkar hezurra alderdi guzietara eta etxera sartu. Gogoan erabiliz, aitzinamendu anitzen gatik Jutsiko Jainko ttipiak ziola lehenik atzeman ez zuela fitsik. Pentsamendu horrek, funtsezko balore zaharren irauteak, mina eztitzen zion etxeko bidean.

        Ttantta ontsa zen. Adineko.

        Biharamunean ohean egon zen iltzaturik. Irudi ebanjelikoa ez balitz. Aste oso batez Mizelek sofara karreatzen zuen eta egunak telebistaren aitzinean pasatzen zituen zappatzen, obsesioa Jutsira arrajoatea zeukala. Senarrak ez zuen ulertzen zertarat joanen zen fitsik atzeman ez zion baten ganat. Holako batean Simon eskalerretan atzemanik lekuarazi zuen zalukara, azazkalek esku gibeleko biloak torratzen zituztela.

        Aratsaldeko Euskal telebistako Thalassa errural horietako batean Lukuzeko sorgin bat pasarazi zuten. Berak belagilea zela zion mikroan Xiberoko hitza baliatuz. Gauza galduen atzemateko heldu zitzaizkion klientak, artetan senditzen zituela zion, modestia segur eta kontrolatu batez, ura ere, ura lurraren zainetan ibiltzen zelakotz eta horiek segi errexak zirela. Ziria bezain zut eta iddor bere sukalde ilunean hartua zuen kamarak, murruak kedar eta gurutzez estaliak ziren eta bera taulier eta atorrak biziki garbi eta tinki hetsiak. Bilo urri, hauts kolore eta finegiak, kasik haur eriek dituzten bezalakoak.

        Begiak urdin baino gehiago: gardenak ez baitzen haien zola ageri. Eta gogor. Hor gure erligioneak galde egiten digun amultsutasun errestorik ez. Hitzak entzun baino gehiago ikusten ziren, bortxatu gabe ahotik ateratzen, joare mihi metaliko tranluzido baten gisan. Telebista hil eta ere pantailan egoiten zen begitarte hura.

        Gauaz ez zuen lorik hartu. Begiak ikusten zituen parrean berari so. Biharamunean jeikitzen ahal zen eta Lukuzeko bidea hartu zuen. Jutsikoa ere horietarik zen. Ez zuena horrek atzeman lehendabizikorik zer zuen edo zer ez zuen, eta ez zela medikuen afera?

        Lukuzeko serorategian bizi zen sorgina. Herritarrek beren artean serora erraten zioten edo batzuek Arbeloisa arrobiaren ondoan bizi izan baitzen luzaz.

 

 

        Gure Kattinek atea jo zuen bigarren aldikotz eta deus entzuten ez baitzuen, bulkatu, sukalde ilunerat sartzeko. «Zikinkeria hori zendako dun?» entzun zuen xurruxtategi zokotik.

        — Zu zirea telebistan pasatu, nahi zinduzket elekatu osagarri problema batengatik

        — Ontsa izan bahintz ez hintzan ene ganat jinen ez.» Bi urratsez gainean zuen eta urrezko lepoko gatina hautsi zion indar supranormal batez. «Behar denez jendea burutik joana izan holako porkeriak lepotik ibiltzeko»

        Suan zen jadanik hogei urtez lepoan ereman zuen bere amaren ezkont eraztuna, pintxetek suaren arrapizteko itxindiak inarrosten zituztela.

        — Hogei urte badixi enekin dutala

        — Zer uste dun gauzek ez dakitela beren orenaren aidurukatzen?

        Papoa azkatu zuen gure Kattinek eta orroitu zen sofan etzana zelarik eraztunak hunkitzen zuen papo gunea gorri gorria jarri zitzaiola. Ohartu gabe eskuz apaldu zuen manttarraren lepoa. Plaka gorria agerian ukan zuelarik ohartu zen negela hazkatutik bezala ura ateratzen zitzaiola eta ontsasko gaixtatua zela orduko.

        — Zozoa. Zozoak denak

        Bero zen barne hartan biziki, baina ulertu zuen laster su hori ez zela hor gelaren berotzeko. Parrean plantatua zuenaren begiak begietan, ixiltasuna hautsi zuen gure Kattinek.

        — Jina nintxun, azken denbora hauetan bizkarreko minez xehakatua nuxu...

        — Bazakinat. Eta medikuek ez daunaie fitsik atzeman. Ez dun loa aise atzemanen. Begia dun. Zer adin zuen hire amak zendu zelarik?

        Hotz ikara pasatu zitzaion bizkarretik gune minberatsu guziak harilkatuz bezala. 58 urte erratera abiatu zen. Berak aurten bete zuen adina. Beretako atxiki zuen hori, galdera ez zela oharturik.

        — Parti hadi etxera. Guttiagoxot senditu behar huke, porkeria hori gutiago... pf! Senditzen dunalarik, beste argizaitean edo, berriz heldu hiz. Jinen hiz ba.

        Ontsa ikasia baitzen eta bere zorrak pagatzen zituzten horietarik, zakua tripari kontra erdi idekirik zeukan, aitzinera makurturik «Zenbat zor dautxut» bortxatu baten xuxurlatzeko. Baina bestearen hitz lerroa ikusi zuen etentzen, soa gogorra zuen harria bezain eta laguntzarik gabe atea atzeman zuen eta hetsi. Klaskarik ez zuen egiten bere markoan, zur hantuek duten jo gorra zuen.

        Karrikan hatsa hartu zuen zabal, iguzkiak mendekuz begiak gastigatzen zizkion. Etxera joan. Ez zuen bere burua ezagutzen. Nola utzi zuen bere ama propioaren orroitzapena lepotik kentzera, nola ez zion deus erran sura botatu zuelarik. Lepotik ez bazen ere, etxen atxikitzen ahal baitzuen zoko batean. Jada entzun zuen funtsean, jende batzuek ez zituztela joallak soportatzen.

        Bizkarra ez zuen kasik senditzen biharamunean. Edo gezur hori bere buruari sakatzen saiatzen zen. Seroraren etxen minberak zituen punduak itzali ziren. Bitxia zen haatik, bizkarra berea izan ez balitz bezala iduritzen zitzaion. Minik ez, baina berekin karreatzen zuen pizurik gabeko karga arrotz bat.

        Papoan hiru egunen buruan ñiñi larru goxo bat zeukan, gorputz guzian ukan nahiko zuena.

        Arazoa gauaz zen. Lorik ez baitzuen atzematen ahal, buruko minak, sekulakoak jasaten zituen eta egunaz baizik ez zezakeen lorik har bere sofaren gainean. Lehen aldikotz, denbora eskasez etxe hartan ez zuten baratzerik egiten eta ez ziren onddokariak, egutegiaren gorapen eta beherapenei interesatu zitzaien. Senditu zuelarik aski berant zela, erasia baten biltzeko beldur baitzen, Lukuzerateko bidea hartu zuen berriro.

        Ondotik, bere bidaia anitzetan ezagutuko zuen situazione berean kausitu zen, arraposturik ez, atsoa leku berean, agurtzen zuen. Hasi zelarik bere problemaren kondatzen bestearen begiek ixilarazi zuten. Usatzen zen behar bada baina botza eztiago kausitu zion. Loaren arazoari lotu zitzaion bizkarrarenaren presentzia aipatu gabe, usatzeko afera bat baizik ez baitzen.

        Arbeloisak azaldu zion mundua dena hari edo zain zela baina jendeek ez zituztela ikusten. Bera bezalakoek batzuk sendi zitzaketen baina ez denak. Baziren ezagunak, odola, ura, sua ekartzen zituztenak. Gauzek berenak zituzten, beren artean eginak, denbora haundiz ehunduak, bideen heinekoak berdin. Ikusten eta baliatzen ditugun bideen gainetik ibiltzen ziren eta bide kurutze haietatik jendeak manatzen.

        Eta begiarena. Batzuen begiak manatzen ahal ziela besteei bainan indartsuenek gauzei ere bai. Hori begikoa zen. Normalean zorte txarra erraten zitzaion. Norbaitek begi gaixtoa bota zion, hori argi zen eta begi bistakoa iruditu zitzaion gure Kattini ere, aspaldian onartua izan balu bezala ez zela beste posibilitaterik.

        Begiak egunaz ikusten du eta beraz egunaz du hartzen indar haundiena, argizaitearen argia sanoagoa da bizitzeko holakoetan. Gerizatzeko, ekiaren izpietarik zen egin behar. Lihozko haria eman zion eta zurez ziren trikotatzeko orratzak. Lo egiten ez zuelarik emeki emeki erridauak eginen zituen etxeko leiho guzietarik zaintzeko. Emeki emeki, orratz ukaldi guziz besteek, jende ala gauzeek, egin koropilo guziak ezez tatuko zituen emeki emeki.

        — Senarra baldin badun begi txarrekoa, gauaz ondoan dunalarik sendituko dun orratzak eragitean, ikusiko dun usaian bezala lo egiten duenez. Ez bada besterik zuen etxean horretan paso. Gero lehen lana, burdikoa urratuko dun eta so eginen dun luma koropilaturik ez denez.

        Etxerat eta, berehala hasi zen bere erridau hitsen trikotatzen burdikoaren miaketa geroagoko utziz. Zerbaiten atzemateko beldurrez. Edo senarraren.

        Mizel ohartu zen alabainan emaztea bitxitzen hasia zitzaiola, bi aste ez zela elizatik pasatu, sekulan ez zen trikotatzen erauntsi bere bizian eta orai fizela tapiza horiek dilindan ezartzeko. Nahiz eta bizkarretik eri ez iduri, minak jana izaten ahal zen, ez zuen deus erraten, lanak bere gain hartu zituen. Aipatu gabe ere, makila eta zegoa harturik arats guziz aroztegiaren gaineko joan jina egiten zuen.

        Bere molde eztiz serorak galde egin zion lehen gauza burdikoaz baitzen, gezurrean atzemana zelako sendimendu karatsa irentsiz, baietz erran zion. Lehen aldikotz duda ikusi zuen atsoaren soan pasatzen.

        Sartu zen gaitzeko ziztuan, drogatu batek bezala gidatuz, bihurguneak potretik gabe moztuz. Gidatzeko moldeak inketaturik, iziturik, senarra ateratu zitzaion ganbaran, aixturrak eskuan segeretuaren zakuaren zilatzera zihoala:

        — Zer ari xira hor?

        Zerbait marmarikatu zuen eta noski egia ezin erran. Beren elgarrekilako bizitzan lehen erasaldia eman zion senarrak, burutik ez zenez ontsa, segitzeko bere orratzekin nahi bazuen baina etxea pikotinez ez xehatzeko. Atarian espaldaz jo zuelarik ez zuen Simon ikusi ere. Honek ez zuen kasik kasurik eman, sukalderat sartu zen, baitzuen aspaldi orai bera xerbitxatzen zela hozkailuan.

        Burdikoarena Arbeloisari ez zion aitortu eta bere usaia berriei jarri. Gaua pasatzen zuen erdi etzanik trikotatzen, buruko min sekulan baino haundiagoa jasaiten. Zinez gogorregi zelarik ateratzen zen kanporat promenatzerat gaua izanik ere. Senarrak bazekien zerbait bazela eta ahal bezain ontsa arrapostua ematen zien klientei, ba akitua zela, loa ezin atzemanez. Ez zitekeen gehiago gorde bitxitua zela mezarat ez baitzen ageri gehiago. Ez baizekien orai astean bizpahiru aldiz norat joaten zen eta zertarat.

 

 

        Eskandalua ostirale sainduz gertatu zen. Gau guzia kanpoan pasatu zuen gure Kattinek eta plazara agertu zen buluzirik kesa bat eskuan eta bide gurutzetako norabide guzietarat gatza botatzen zuen, ezin hauteman hari malefikoen deusezteko.

        Mando baten hiltzeko kaxeta dosa eman zion medikuak, hogei bat oren lotan egon zedin eta ondotik kantitate beraren emateko erran. Ohetik ez zela higitu behar zortzi egunez bederen. Erremedioak Mizeli ezarri zizkion prest bistan. Simon supasterrean zen. Ez zion senar gaixoak altzarri bati baino gehiago kasurik ematen orro ikaragarria jin zelarik ganbaratik. Gure Kattin etzana zen burua odol aureola baten erdian. Burdikoa urratua zen eta lumazko esku pare batek orratzak foltsuetan sarturik atxikitzen zituzten. Mizelek ez zituen eskuak begiz laxatzen ahal. Esku zabalak lumek plastrea bezain legun moldatuak, alimaleko azazkaldunak, eta gibel aldian oraino harro batzu, biloak bailitzan.

        Eskuak ezagutu zituelarik punpe batez supasterraren ondoan zen. Kadera hutsa zen eta borta idekirik. Bidean etxerat buruz joaten zen Simon. Begia senditu zukeen bizkarrean eta itzuli. Ezpaina bildua zuen.

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila