Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Zakur-Ziloa

 

        — Ez duk batere hortik...

        — Bazekiat, baina bi egun inguru minguruka ari garela, zerbait asmatu behar dik

        Kolorantea Adi hego-ixurkitik botatuz geroztikako asteburu guziz bezala, Baigorriko haranaren lurpeko harpe eta lezeetan zebiltzan. Baigorriko zubiaren pean berde berde jalgi zen ura. Dudarik ez zen, lur peko erreka bazegoen nonbeit.

        Harpeetan lau haize balira, denak ikertuak zituztela erran zezaketen Gipuzkoarrek. Alferrik. Saiatu bide guziak okerrak ziren. Urak egin bideak noski, baina gero nahikeriaz aldaturik, lana erdi bukaturik utzi zuen: pareta distirantak edo zigante harrobia itxurako harri koxkor pilaketak.

        Etsipenak jorik, ez bazuten aitortzen ere, dela gabonak edo beste aitzaki, taldea gero eta nekezago muntatzen zen Iparralderantz joateko. Gorka eta Mikel, biak bakarrik, gertatu baitziren azkenean. Adixkidantzak azkar lotzen zuen bikotea. Gorkaren temak hartzen zituen deliberoak.

        — Izarien arabera hemen Banka Oihansororen azpian gaituzkek. Mendebalari so. Kalkuloak segituz hor goiti abian haiz eta ateratzen haiz.

        — Gaua izan behar dik. Zer eginen dugu kanpoan?

        Gorka abiatua zen jadanik. Soka bere pean herrestan, hertze hertsian desagertua zen. Minutu batzuk berantago botz aldatua heldu zitzaion Mikeli.

        — Ez nintekek pasa, tapatzen duk... hago...

        Harri erorte batzu izan ziren eta Mikeli kirets bafada bat heldu zitzaion.

        — Me kaguen...

        — Zer duk... zer duk?

        Soka goiti joan zen bizpahiru metroz. Zintzur azantz zerbait hauteman zuen, ok batena, eta erorte baten hots torta.

        — Gorka, Gorka...

        Harri mugitze edo lur lerraketa bat gogoan, beldurraren beldurrez sartu zen hertzean Mikel. Pasaia mehe eta bihurdikatua zen biziki eta abantzatu behar zen matela harriari kontra, hau ur lodi lekatsu, lohi ziropatsuz xahunatua, sekulako kiretsa baitzerion. Arianaren hariari jarraikiz Gorkak urratu zuen lur uxterrezko pasaia atzeman zuen. Mesfidatuz sartu zituen esku buruak, gorputza ixatu. Kaskoaren argi hitsean lohiarekin nahasirik, odola ezagutu zuen bere besoan. Pentsatu gabe ere izialdurak hertzetik kanpo eraman zuen. Urrinak aldi-txartzeko burzoroa sortarazi zion.

        Putzu hondo batean zen. Maltsa botetan kolatzen zen. Kopeta-argia pasarazi zuen inguruetan. Zola, tripa inarroskarri, usteltzen ari ziren kabale hilikiz tapatua zen, denak nahas-mahas, batzuk, harpeko urak hezurrak garbituak, beste batzuek larrua doi doia urratua zuten edo hezur hautsiek zilatua, ileak eritasun baten ondorioz bezala eroriak, negela batek eremua irabazirik, lerratzen ziren apurka apurka, kola bati lekua uzteko eta harpe barneko hezetasun tantek dirdira ematen zien istil lingirdatsu batean mainatzen zirenean, begi, mintz eta beste mami deseginez egin orean. Usteldura hein ezberdinetan, trapak jo kabalak, bainan bereziki arraultze jaten edo ardiei lotzen zitzaizkien zakurrak. Ihizin abiatzen ez zirenak ere hemen finitzen zuketen. Zakur inutilen hobia.

        Mikelek ezagutu zituen Gorkaren jauntzi eta botak, muturra kakaren erdian etzanik zegoen, haren gainean peza kaki lodi bat. Berexi zituen zalu, hatsa hartu ere ohartu zelarik laguna doi doia kaxkatua zela. Beztimen kakidunari lotzeko.

        Hila zen gizona, baina ez oraino hoztua. Itzulia eman zioten. Larruzko gerriko lodia zeraman eta eskuinean dilindan pistola zorro bat. Tripan hiru zilo ttipitik kakia iluntzen zuen mantxa haundia egiten zuen ixurkia zerion, odol erdi hoztua, beazun eta hertzetatik ateratzen den zuku horia. Erahila izan zen eta zakur zilora botatua, Gorkaren gainera. Saihets guzia lohi gorri ubel berezi batez emokatua zuen biloak kolatzen baizizkion.

 

 

        Gorkak bere bizkar hezurra, garkoa, nerbioski torratzen baitzituen ulertu zuen Mikelek hortik ateratu behar zutela. Leize ahoa ez zitekeen hain urrun ikusiz flika zer estatu onean heldua zen.

        Abiatu ta berehala, ideiak argiago zituen Mikeli gogoratu zitzaion, behar bada hilotza ateratu behar zutela edo bestenaz geroago galde egina izanen zitzaiela. Soka pasatu zioten patatik eta berekin eraman. Ontsa gordeko zuten kanpoan harri baten pean. Behar orduz tiratuko zuten, ez batak eta ez besteak ez baitzuen horra berriz jausteko enbeia mikorik.

        Ezpelaren usain freskoak berpiztu zituen kanporatzean. Lantzurda bizia ari zen, atseden haundia sortu baitzien aire berritzaileak. Zigarretak ateratu zituzten eta lurrean jarri. Bideak bihurgune tinkia egiten zuen leizearen ondoan. Zakurrari tiroa eman, autoko malan karga, bihurgunean geldi eta leizera bota. Aise bilakatu zen hau zakurren ziloa.

        Biek gauza bera pentsatzen zuten, beren errestoak atzemanak izaten ahal zirela hor. Edo ez. Logika kotsia zuten leize-miatzaileek ez zuten hortik pasatzeko xantzarik. Leku horretan izatea, kirolari ikuspegi batetik, arras absurdoa zen. Talde guziarekin izan balira, beti aterako zen bat Gorkari ideiaz aldarazteko. Leize horretarat ez zen espeleologorik sartuko hamar urtez bederen. Eta poliziarengana joanez sekulako eneguen parrean plantatzen ziren.

        Bien iraganaren arakatzen hasiko ziren. Gipuzkoa hurbil zen eta orroitzen zen Mikel Jarraien ukan zituen militantismo urteez eta nola hasi zen, mendian hastapen batean, espeleologian gero, polizia eta bere artean haize puxka baten uzteko. Orduan berak Frantziako poliziei, polizia edo soldado bat hilik atzeman zuela... Ez zen kenka horretatik aise aterako.

        Inguruño bat egin zuen Gorkak, besoak ingurarazi, flexione batzuk belaunen espreatzeko, lepoburuak igurtzi. Hamargarren aldikotz deus ez zuela hautsirik ikuskatu ondoan erdi zozoturik, tente, gelditu zen. Aments txarra zirudien. Aratseko bederatziak. Hoberena herrira jaustea zen eta herriko ostatuan zerbait jatea.

 

 

        Usaian bezala, larunbat edo beste, herriko ostatuan ez zen nehor. Kortxila zirudien mostradore ttipi karratu baten gibelean, nagusia. Aski zaharra. So egin zien, Españolei so egiten zaien bezala.

        — Kaixo

        — Agur —bortxatzen zuen ulertua izateko, «Agur» partitzeko zela ez baitzekien.

        — Kafe bi

        — Bi kafe

        Eta itzuli zen bere tresnari buruz, mekanikoki giderra deslotuz, kafe lekua ukaldi batez husturik, errautsez ase eta berrabisatuz. Zarta batez hatzola zapatu. Itzuli zelarik ohartu zitzaion gazteek zekarten urrinari.

        — Mendian ibili?

        Begi habilak zituen eta holako irrifar ironiko zerbait. Edo bere izatean zuen, kirol guziek ematen zioten irri egiteko gutizia.

        — Ba, ez, espeleologia egiten dugu

        — A... leize miatzaileak

        Hor begitartea puxka bat laxatu zitzaion hola imajinatzen baizituzken leizeak, ustelduraz beteak. Horra igortzen diren butigekin, lurpea isurbide haundi bat bezala ikusten zuen.

        Kafeak taulan pausatu zituen, bizpahiru zorta ixuriz, futitzen zen, aldi oro hola izan behar zen, errematismen kontrako kobrezko ukaikoa zeraman. Zukre-untzia hurbiltzean:

        — Hori, pagatuz ere ez nintzakezue zuekin ereman, aski goiz joanen gara lur pera.

        Gorkak giroaren laxatzeko ateraldia apuriatik hartu zuen.

        — Ba mutil herabeak gara, ez dakigu nola konponduko garen hil eta, trebetu nahi dugu beta duguno

        — Nongoak zarete?

        — Eibartarrak... Gipuzkoan. Ixtudianteak gara (beti langabezian baino hobeki egiten du)

        — A Geografia ikasten duzue?» Ez zekien mintzatzen ezer egin gabe. Basoak lekuz aldatzen zituen trapu ukaldi baten estakuruan.

        — Zorrotzarreko errekan zineten...

        — Zer?

        — A ba izenak ez baitituzue ezagutzen, lur hortarik ezagutzen dut.

        Flikaren gorputzak Gorkaren jauntzietan utzi zituen lur herexak erakusten zituen.

        — Segur naiz mundu guzian ezagut nezakeela. Biziki bitxia da leku horretan eta beste nihun ere buztin ubel hori izatea... Baina zaudezte. Zorrotzarreko errekan ez da leizerik. Ezagutzen dut leku hori hortako doia, lehen anitz ibiltzen bainintzen ihizin eta arraintzan.

        — Mapan ikusi genuen bazegoela bat, moztu zuen Mikelek, polizia galdezketetan arrazoina denbora motzean atzematen usatua baitzen

        — Ba kartan... Gorka, Iparraldeko nexka batekin ateraia zen eta hitz tranpak burdikoan erakutsiak zizkion.

        — Kartetan ibiltzen bazirezte edo lur petik, ez dituzue berehala hemengo zokoak ezagutuko.

        — Ba beste haranetan ere ibiliak gara. Bilatzen ditugu gaztetxo batzuentzat leku aski errexak...

        — Ez, Zorrotzarreko erreka arraintzako duk ezaguna. Ez zarete ibiltzen? Funtsean ez duk sasoina. Sasoina izan balitz Thorez atzemanen zenuten

        Hasi zitzaien azaltzen hau nor zen. Herriko xelebreena zitekeen. Gizon zaharra, bera bizi. Behin gazte zelarik erran zuen ostatuan edo nork daki non, komunistei emanen ziela botza. Geroztik, Thorez aurkezten zelakotz garai hartan, ezizena gelditu zitzaion. Salbaiaren papera betetzen zuen. Urik gabe, argindarrik gabe bizi zen, biziki guti agertzen zen herrira, beti aste egunez, ez baitzituen ez hautetsiak, ez apezak maite. Gazteak gutiago oraino, beren moda berri, auto eta fantesiekin.

        Turistak bi motatakoak baitira barnekaldean, zaharrak bitrikeriaz goseak eta ihiztari arraintzariak, berriz arrain solas hasi zen ostalerra. Solas profesionaletan.

        — Arraintzako ba sekulakoa da erreka hori. Lehen Thorez zaharrak ez zuen hainbeste zaintzen. Oihanetan egiten zuen lan, gaizoak, baditu zenbait egun pasaturik segatzen, deusezendako (urrikirik ez zen senditzen, mesprexu kotsia baizik). Hor egunean ehunetaraino egiten genuen. (Irri konplizia ba) ez izarikoak e! (Arrainak aipatzen zituen)

        — Baina orai denak kanbiatuak dira. Zoazte orai ttipien atxikitzera! Fite salatuak gintezke eta Baigorriko Xarles astapito horrekin...

        Potret eder baten marrazten hasi zen. Baigorriko erdi zozo bat Xarles hori, itsusi guziak bezala nexkazale, ostalerraren arabera egiten zuen gauza hoberena. Laborantxa ttipi bat bazuen eta proposatu zioten ur-zain bilakatzea. Ez zuten sozietatekoek politagorik atzematen ahal, Rambo izateko parada berehala hartu baitzuen besteak. Soldadoz bezti egiten zituen belarrak ere, eta arraintza sasoina izan ala ez, pistola gerrian sartuko zen epizerian pasta paketa baten erosteko.

        Gorka eta Mikeli, biei, irudi bera pasatu zitzaien burutik. Nonbeit ikusia zutela jadanik.

        — Ez dugu ez, iduritzen zait, arrain bat edo bi biltzean krima haundirik egiten. Eta gainera (keinu bat) ttipiak dira hoberenak... azitan.

        Gibeleko pentzean oihaletxearen ezartzeko baimena galdegin zioten. Behatzaile onak zitezkeen, proposatu baitzien bordan lo egitea, erotua izan behar zela gaua kanpoan pasatzeko abendoan. Funtsean ez zen lur pean baino gaitzago izan behar. Estalgiak hedatu eta, lehen lana maparen ateratzea izan zuten, Zorrotzarreko erreka hura non zegoen. Ur haundiaren bestalderdian, malda larretsu baten erdian. Egia zuen ostalerrak, ez zen hor leizerik iragarririk.

 

 

        Biharamun goizean, bai biziki ontsa lo egin zutela, zer den gazte izatea, berak ez zuela loa hain aise kausitzen ahal, ohe on batean ere, askaldu ziren eta Zorrotzarreko erreka hartara abiatu. Sinpleago ez zen. Halga eta iratze malda haundi biluzi baten erdian, zuhaitzetan aizkora ukaldian heldu diren onddo parasitoen gisan, halztoi bat: Zorrotzarreko errekaren hodia. Ur haundiaren gainetik zurezko zubi zahar bat bazen, orga pare baten pasatzeko doia. Hartu zuten eta errekari goiti hasi.

        Pikarra laster zihoan hatsarrean, malda potzetatik karroinak laxarazi arroka pizu batzuen artetik. Patar gogor bat pasatu ondoren, zelaitxo batean aurkitzen zen, buztin ubelezko zohikaztoi batean. Hemen eta han, urritz guti batzuk, ura hor alferkerian ari zen ariñordoki haundi batzutan nihun baino garbiagoa. Ailegatu zirenean geziak bezain zalu ihes egin zuten amu-arrainek. Errekak egiten zuen xintxur baten haltzetan iltzaturik, seinaleak: «Interdi o pécheur»

        Han geldituak zirelarik, lekuaren bakeak xoraturik, oihu mehe bat entzun zuten eta parrean gizon txar bat bazeukaten, boneta xuhaildu bat buruan, klosketan ontutsik, leheneko igandetako koztuma zahar batean: Thorez... Sardea eskutan arrotzak mehatxatzen zituen eta haizatu nahi.

        — Hori utz ezak, bazekiagu Xarles hil duala! oihu egin zion Mikelek. Gorkak ez zuen ulertzen zer gertatu zitzaion. Arraintzari, ihiztariak zaku berean ezartzen zituelako... Hasarre ukaldia jautzi?

        Thorez jarririk erori zen. Bere begi marroi biziak zilo bustiak bilakatuak ziren orai, nigar ixil batean hasiak. Bizarra bat-batean pusatu zitzaiola zirudien, bizar xuri hits bat, lan behartuetan bizia pasatu edo gazteluko ziegetan hogei urte eman dutenen itxura miserablea hartu zuen. Deus ez zen. Espaldak ez zituen sekulan largatzera utzi bere palto bakarrean sar zitezen. Galtza laburregiek kare koloreko zango hauskorrak erakusten zituzten.

        — Nahi ninduen presondegira ereman. hipatu zuen. Sardea abandonatu zuen eskuaz erreka erakusten zuen. Gorkak ur zintzurrean begiratu zuen, bi harrik kokaturik burdinsarezko artea ikusi zuen, erditzera heldu ziren arrainen harrapatzeko pertola.

        Bizia peontzan emanik, diru sartzerik gabe gelditzen zen gizon xaharra, halztoiaren gainean ziren bizpahiru gaztainei esker xuhurki hazten zuen urde mehar bat, eta hartarik kanpo eskorbutuaren ez biltzeko bere etxeko arrainak eta sasu haietan ziren mizpirak.

        — Erran dit pixtoleta bazuela eta azermantatua zela. Brakonierren hiltzeko eskubidea zuela ere. Nehork ez ziola fitxik erranen. Hatsa nekez hartu zuen. Ukan zuen izialdura gogoratzean berriz daldarka hasten zen.

        — Lepotik hartu nau, ohartzen nintzenez oraiko egunean ez ginela gehiago duela ehun urte bezala, gizarte guzia ebasten nuela espeziak irriskuan ezarriz.

        Nekez errepikatzen zuen argumentazioa, baina mutikoek ederki ezagutzen zuten. Ihiztari arraintzari berriek, ekologikoki erantzule omen, ekologistei hartu diskurtsoa. Xarles bezalako ur-zainek behar zuten arrain atzemate bat goi mailako krimenaz beztitu beren txakur senaren asetzeko.

        Eta lepotik hartu zuen ez baitzuen irriskurik. Triste bat zuen etsaia. Thorezek urak ez zizkion beste herrikoek bezala arraintza elkarteari eman eta hastiatzen zuen Xarlesek. Zer parada zuen hor!

        Enpirikoki ohartua baitzen sardeak hiriko arraintzariak harriarazten zituela beti berekin zuen. Eta beldur minean bestearen tripan sartu.

        Mutikoentzat dena argi zen. Gaixo gizona. Zer sofritu zukeen holako astapito bat, arraintza elkarteetako baskarietan aserik, buztinetik deskolatzeko, herrestan beheiti ekartzeko burua harrietan punpeka, harroken artean oraino ez bazen kokatzen. Gero mobiletaren erremorkan kargatzeko eta leize hartara heltzeko... Mobiletak ez baitzezakeen holako kargarik tira, ikusten zuten maldan gora, danseusean pedalatzen. Gaixoa.

        — Poliziakoak gara jauna, bota zion Mikelek. Xarlex zikin horrek bi jende hil zituen Espainian, bere pistolarekin trebatzeko eta kriminal landderosa zen. Ederki egin duzu. Non da?—Besteak arrapostua eman eta— Izaten ahal zen leku hoberenean duzu... Milesker Frantzia, Europa eta Sobiet Batasunaren izenean.

 

 

        Zakur zilora joan ziren biak segidan, Thorezen lanaren finitzeko. Soka ezpel baten gibeletik pasatuta tiratu zuten biek soldado zapetak leihora agertu arte. Koropiloa askatu zuten.

        Xarlesen kaxkezurrak segunda bat berantago egin zuen azantza entzunik ulertu zuten, berriz ikusiko zituen bere lagunen itxura ukanen zuela laster jus berean nahasiz. Soka luzaz ikuzi zuten errekan. Txakur urrinarengatik.

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila