Botoiletan Xinaurri-Jalea Bazkazane Pellonerateko bidean R5a ttur ttur ttur zihoan. Bigarrenean egoten zen Gérard. Erraten dute ixtripuen ehuneko larrogeita hamarra mozkorrek dutela egiten. Ez da egia. Bakan edaten, edo edanik gidatzen ez dakiten batzuek. Gérard ez zen nexken dibertitzeko tota bat edan eta Fangio bezala enbalatzen zen haietatik. Hemen ba kasu eman behar! Lehena ezarri zuen Bazkazaneko bide juntaren pasatzeko. Hor beti freskatzen zen doi bat, behin R5aren gibeleko errota arroilara sartu baizitzaion. Lohia zitekeen. Kasu egiten baitzuen aldikal. Ostirale aratsa usaian bezala pasatu zen. Zazpi orenetan Lekunberriko ostatuaren aitzinean gelditu, zigarreten erosteko estakuruarekin. Kartutxa bat. Mertzi. Aste egunez ez baitute aizinarik laborari horiek ostatura joateko. Partitzeko mementoan, usaian bezala funtsean, hobe litzateke zangoa haustea ostatu horietan sartzeko orde, Piarre Idioinekoa. Bi Ricard. Ta gero zazpiak et'erditan, Manez hargina bere bi langile tranpa horiekin, eta brazeroa. Zortzietan ixtudiant txar horiek beren solas pittulinekin. Horiek sakatzen zuten gogotik. Gero, ez ziren alferrak trago baten pagatzeko, ez zen erran behar. Behar ere artzainak ez ziren jin gaur. Zapartingarriak ziren bainan lanik ez baitzuten azaro honetan ez zuten erretirarik. Hemen, malda honetan patinatu gabe lehena ezarri behar. Ponts et Chaussees-ko horiek, zinezko funtzionariak, batean gudrona lohia bezain lodi, bestean harriskolak, autobide baten doia. Bost orenetako etxerat sartuak izateko gelditzen den guzia bidera bota, alo! Kantuz orroaz pasatu zuten gaua. Hori zuen maite Gérardek. Kantu zaharretan. «Bard'aratsean amentsetarik botz bat entzun dut xarmantik» Olako gazte horietan batek loriatzeko botza zuen. Eta apalak zein fite atzematen! Eta kantu zaharretan gustua. Guti ikusten da hori, gazteetan hainbeste kopla dakienik. Eskualdun radio horretan brilili berri haietarik eta gero lelo lelo. Michel Etcheverryk ba kantu ederrak baditu. Frantsesez ere. Mike Brant ere biziki gustukoa zuen Gérardek. Kaseta guzia bazekien «C'est ma prière...» Eta belar epeitean kantatzen zuen ardura traktorearen gainean ez ahanzteko. Bainan gazteek ez dute ezagutzen. Idiarteneko zubian kasu. «Zer da hau hor? Azkona!» Bigarren aldia ikusten zuela Gérardek. Pedala zapatu zuen poxi bat zikinkeria horren akitarazteko. Porkeria horiek! karra karra, pentze guzien xehatzeko. Bide xuxen labur hartan laster abiadura hartu zuen autoak. Arroilatik bazihoan ihizia gero eta emekiago, ipurdia ezker eskuin dantzan hats bahiduraren seinale. Eta ardura auto argietan erbiek ere egiten duten erokeria, bidea trebeskatu erroten aitzinean. Balazta ukaldia eman zuen Gérardek, bat R5 bat fite andeatzen baita baina, gehiago saihetsez ikusi zuen azkon horrek ez baitzuen ez azkon muturrik, ez marka xuririk begitarte bazterretan. Burua grisa zuen, kasik bilorik gabekoa, atso baten kasko gainaren moldean, zerri zuri ta beltzek dituzten plegu latz horiekin. Begi hori batzuk gibelera emanak, baina harrigarriena sudur luze bat dilindan lukainka fresko bat bezalakoa. Eskapatu zen bide pekaldera, Gérardek, autoa gelditurik, begiak torratzen zituelarik. Ideia faltsuak baditugu edaleez. Edatea zer den ez dakitenek uste dute droga bat dela eta funtzionatzen dute folklorekerian, komikietan bezala haluzinazioak dituztela mozkorrek: elefante arrosak eta marrazki bizidunetako baizik on ez diren topikoak, haurrei irri eginarazteko. Edan eta, ahanzten da morala, zozokeriak egiten dira, ausartzen da herabea, samurtzen dira auzoak. Baina herri zuhurtzia daukaten horiek kasu haundia atxikitzen diete pestegileen erranei, pentsatuak izan baitira baraurik eta baitakite hor sentsuek, logikak funtzionatzen dutela fiteago. Aberea ikusia zuen Gérardek eta beraz bazen. Segur zen horretaz. Arazoa ez zen horretan. Non ikusia zuen kabala mota hori? Ihizin sekulan. Beraz liburuetan. Etxen zuen liburu bakarra Larousse hiztegi ttipia zen, eskola ttipian errientek haur guziei erostarazten zien hura. Imajak baziren tintaz eginak. Salda jan zuen Gérardek. Bazekien berantenik sartu eta ere, biharamuneko buruko minaren kentzeko bortxatu behar zela zoparen jatera. Orai zailago zitzaion tradizio horri eustea Ama ez baitzuen gehiago hor jeikitzeko eta beroarazteko. Metodoa behar zen. Ostoak banaka pasatzen zituen. A hizkian zelarik oraino, gogoratu zitzaion zerbait bilatzen delarik tiranta batean, beti ikertzen den azkenean dagoela. Gibeletik hasi zuen hiztegia eta ontsa egin. «Tapirraren» muturrari so egon zitzaion luzaz, arranguratua. «Muturra hau duk, baina ez zian tatxarik. Eta hau zerria duk, ez azkona.» Ostoak kurriarazi zituen eta ezpainak irri eder batean baztertu zitzaizkion «tamanoir» ikusi zuelarik eta haren itxura ondoan. «Hau duk. A! bainan banekien bazela. Lehen aldia ikusten dudala holakoa. Xinaurri jale bat: Hau baliosa duk! Behar ere ez duk lehertu.» Ohera joan zen. Ondoko ostiralean «Zuk egin afruntua/aspaldi barkatua/desir dautzut maitea zerua...» kantatu eta, Pelo bere usaiako Ameriketako ixtorioen kondatzen ari zen, nola metzikanosak ostatuko eskalerren pean jokatzen zituzten... xerbitxarien eskandalisatzeko egiten zuen betiko sketcha. Gero eta gutiago kausitzen zuen, ez baitzuten oraiko neskek euskara hain ontsa konprenitzen. Ihizi solas hasi zen Ameriketan holako basahuntzak bazirela eta ehun metretan, han artzainek zituzten riflekin botatzen zituztela. Ez zirela hemengo basahuntzak, adarrak aitzinera bihurdikatuak. Ez ziren hango ihiziak, edozein gisaz hemengo klase bera, zakurrak bezalako garratoinak ere bazirela. Orduan zuen Gérardek goratik ateratu, hemengoak ere ez genituela denak ezagutzen, aparantziarik ere. Joan den aldian hemendik sartzean, Idiarteneko bide juntan, azkon iduriko tamanoir bat, ikusi zuela. Guti mintzo zen Gérard kantuen artetik, ostatuan zelarik. Edale ixil haietatik zen. Baina hor gelan altxatu zen irri karkaza entzun eta, konprenitu zuen, usaiako aran, hobe eginen zuela ixiltzea. Gazteak loriatuak ziren. Eta nolakoa zuan? Kexatu zen Gérard. Ikusia dudala! Hiztegian ere markatua duk. Tamanoir bat, xinaurri jale bat, sudur luze bat dilindan. Irriak berriz. Zozoenek «Eta huen pixtafla dilindan huena?» Abilenek, holako paradak guti direnez, iraunarazten: Baina posible duk... Non zuan? Zubi hura pasatu eta gero, ikusia nuen jadanik, azkon batendako utzia nuen... eta jelostu nintzen ibiltzeko molde hori ez zela inpusublez azkona Eta? Eta autoaren aitzinetik iragan delarik erdiz erdi ikusi argietan! Mutur pelatu bat zintzilik Tronpa bat? Nahi baduk... baina laburra Grisa? Segur haiz? Ez zuan arrosa? Hasi ziren gazteak jendetasunik gabe, trufan. Ez dute gehiago adinaren errespeturik. Banuen Beskoitzeko laguna, egun guzia urtzategietan pasatu eta, uzten du zerbait erortzera eta belarrean boa bat ikusten du, edan zituen botoilak bezain lodia. Iduritzen zaiguk geografia ezagutzen dugula eta behar ere gelditu gaituk! Hola ikasi diagu Hego Amerikak Bazkazanen hasten direla. Horrek gogoarazten zidak Xantxoeneko mutiko horiek jaz Orbaizetako bestetatik gibeleratekoan, Oriune kaxkoan gelditu baitziren, eta biek memento berean antxeta bat ikusia zutela, zuri zuria. Biek turnada nonbre bera edan baitzuten. Gérard samurtu zen Zaurte, joanen gaituk orain berean. Bazekiat nondik sartu zen sasuan, ez banauzue sinesten. Betiko mutiko gazte hura prest zen, gau safari baten egiteko, Bordeleko ixtudiant aratsetan zerbait berezi ukanen baitzuen kondatzeko. Besteek irri ozen bat egin eta kantu batekin eman zioten amaiera xinaurri-jalearen ixtorioari. Salda janik ere, denbora eman zuen gau horren liseritzen. Bazekien hemendik aitzina ihizi istorio guzietan ateratuko ziotela. Eta hik zer egin duk, tamanoir bat? Ez bazioten ezizena ezartzen oraino. Alta segur zen ez zela amentsetan arizan. Merkatura ere ez zen joan ondoko astelehenean. Beti bezala gogoan urtzen hasten delarik baita arrapizten, auzoaren zerri hiltzetik heldu zenean, arratsaldeko lau orenetan, egunaz beraz, bidearen erdian ikusi zuen. Fiteago hasi zen ibiltzen R5 bat gora behera oraikoan lehertzeko ideiarekin. Azkon kolorerik ez zuela ohartzeko denbora ukan zuen, buztana ere luzeago, bilotsua, azeriena bezala baina ileak beheiti, orrazia iduri. Arroilara jauzi egiteko itzuli zelarik pitili sudurra ezagutzea iduritu zitzaion. Sasura sartu zen. Sargia segurtatu zuen Gérardek, ondoko leizarrari abarra hautsiz eta etxeratu zen. Gorago, inguru haietan ziren mota bereko landare eta belar batzuk hartu zituen... Gatu basatuen atzemateko oihan-zainek zituzten kutxa haietatik baten egiten hasi zen. Aski gora, azkona baino pata luzeagoa baitzen. Hiztegian ere «peut atteindre 2,50m» irakurri zuen. Taulak belarrez ontsa torratu zituen usainaren gatik, xinaurriak sundaz detektatzen zituenaz gain, sudur fina baitzitekeen. Kutxa zolan kulunkatzen zen taulañoa iltzatu zuen, bi sartzeetako ateak erorraraziko zituzten hariak biziki fin arreglatu. Behin baliatzeko artea zen. Bide bazterreko belarrak egin ahala guti hunkiz, kutxa alanbrearen pean sartu zuen, ateak altxatu eta utzi. Biharamunean berean bortak beherean zirela ikusi zuen autotik, kesa kofrean ezarri zuen eta etxen utzi. Gaineko bi taulen juntatik bizkarreko biloak ageri baitziren, koloretik ezagutu zuen bere klienta zela. Ostiralea zen eta aperitifaren hartzera joan zen. Sartzean berean: Hi tamanoir! zer hartzen duk? Tamanoirra, gure etxeko ezkaratzean duk. Arte batean atzeman diat goiz honetan. Nahi baduzue ikusi... Ricarda to! Irriak. Bainan ohartu zirelarik Gérardek bere buruaz segur iduri zuela, bestetako etxe inguruetan bezalako auto andana bat abiatu zen. Ezkaratzean, inguruan ziren denak, Gérardek kutxa gain beheiti ezarri zuelarik, baztertu ziren bidetik, ausiki bat bildu gabe bederen, eta harritu... Idiarteneko xakur-labrika ter ter ter jalgi baitzen, bera harriturik. Denak ahoa zabalik egon ziren minutu luze batzutan. Bere burua salbatzen ahal zuen Gérardek berak asmatu kolpe bat zela erakutsiz, baina besteak bezain atzemana baitzen begi bistakoa zen berriz ere, xinaurri jaleak ikusten zituela gauaz. Oraikoan grabeagoa zen. Ez zen ostatu txixte batean mugatzen, pestegileek beren artean kurriarazten dituzten ixtorioetatik at. Ahatsa, ez, Garazi guzian kondatua izanen zen Pelloeneko donadoa burutik joana zela. Arneriketara joan zitzaien anaia bezala. Ez zen etxetik ateratzen orai, ahalgez. Auzora bakarrik. Honek ez zion deus aipatu. Ez eginen ere, jakinean izan ala ez. Auzo ona zen, seriosa. Ostatu ixtorio horiek bekatua, gaitza edo donadotzaren ondorioetatik heldu diren eritasunetan sartzen zituen. Donadotzea baitzen laborantzaren arazo haundiena eta etxeen hondamena. Idiarteneko labrika gaineko pentzean ibilki berriz ikusi zuelarik, tiro baten emateko gogoa ukan zuen Gérardek. Zertara sartu behar zuen kutxara inutil horrek, denen irringarri atera zedin. Zakurra zerraduraren ondoan zen orain, tirabide batean. Sagardoian. Lurraren aztaparkatzen ari. Gelditzen zen batzutan eta zerbaiti so egoten. Zer ari duk hori hor Larga-bisten xeka joan eta ikusi zuen ziztu-belarretan ziren xinaurri puluetan ari zela. Pata ukaldi trebe batzuez puluen kaskoa jauzarazten zuen, muturretik ateratzen zitzaion mihi luze mehe eta biketsua sekulako zalutasunean, amu haga teleskopikoen gisan eta ahorat berriz sartzen zitzaion xinaurriz betea. Telefona hartu zuen eta Olako Piarreren zenbakia bilatu, jinarazteko, irriak sar zekizkion. Numeroa egin aitzin, berriz leihora joan zen segurtatzera hea, beti hor zenez. Zakurrak bota zion so maltzurra ikusiz, telefona zintzilikatu zuen... beste ahalge baten biltzeko beldurrez. Sukaldera sartu zen. Mahaian zen Ricard botoilari sekulako inarrosaldia eman zion.
Botoiletan |