Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Hotza

 

        Zer herri tristea! Euri hau ekain erdian. Beti gauza bera da eztei pito horiekin. Beste hura ezkontzen da urtarrilan eta sekulako beroak atzematen gaitu. Izerdi patsetan gure berokien azpian. Eta oraikoan lihozko jauntzi berdea, papo idekia eta guzi, eta hezetasun honekin hotzak hilik pasatu beharko dut eguna... Iduri du altxatzen ari dela. Baina kostaldeko denbora Donapaleura heldu aitzin bi egun beharko dira. Bon. Entseiatzen dut. Hezetasun zikin hori! Amikuze gogoratzean bazter buztintsuen irudia heltzen zait, arto elgeak istilez beteak. Hotzez hilen naiz segur da.

        Etxekoekin samurtu behar nuen. Ez dizkidate eneguak baizik ekartzen. Ama, ahazten badut deitzea, kexu garelako beldurrez oren guziz telefonan dilindan dut. Jon sortuz geroz, sei urte, segur naiz beste haragitegi batena xahutu duela Telecomeko fakturetan. Eta nola garen, «...ez dela holakorik egin behar neska...» Eztei hauek ere. Pentsa. Sylvaine Lapeyre ene barnetegiko laguna. Argenté, behar bezalako eskolako barnetegian elgarrekin egonak. «Ez dun ez hara joan gabe egiten ahal. Zer erranen dute jendeek?» Zer erranen diete haren burasoek bereziki. Kasta bereko Donapaleuko familia onen artean.

        Donapaleu bezalako hiri irreala! Iduritzen zait, nahiz eta hangoa izan, omen, ez dudala ezagutzen. Ez naiz sekulan han bizi izan funtsean. Gure igotze sozialaren azpimarratzeko, kanpainakoen kolegio berean ez izateko, edo kalonddeak erran zuelako, handik lekuarazi naute zaharrek. Berek didate hiriko bidea erakutsi.

        Hango besteetara ere izan banaiz, fakultadeko lagunekin izan da, mutikoei arrunt «in» baitzitzaien, petzero harrituen aitzinean sekulako eskandaluen ezartzea. Te saloietan pixa egitea, edo biluzirik buruz beheiti mostradore baten gainean kaka egitea. Ixtudiant balentria porno-skatologikoak. Biharko Lion's klubeko ateraldiak.

        Karroinduko gara. Ez da batere altxatzen. Ez naiz neguan bezala beztiturik joaten ahal. Argituko dut. Beren alabarekin ezteietan: fier izanen direla zaharrak! Jadanik amak zitzi saltzen ari delarik ez du beste solasik: «Bai gure Danielle oftalmologo batekin ezkondua da, berak ere situazione gaitza du, klaseak ematen ditu komertzio ganbaran. (Hamabi ilabetetarik bitan, hau ez du erraten, oftalmologoa ba, hau xanpatzen du)». Bai, semea ere badute. Izen ttipia ez du erraten eta hiru aldiz galde egiten diotelarik, klienta ona bada «Jjean» erraten die Zuberoko «j» busti batekin, oraino tu gehiagorekin behar bada.

        Denak eni so egonen dira, urtea ez nautela ikusi, amak bifteka guziz aipatzen nau. Moda desfilea izanen da... Tailleur berdea ezarri behar dut. Denak ultra-brioleten pean egonak izanen dira, eta ni xuri xuria. Pentsatuko dute, ez duela balio Miarritzen bizitzea. Nitaz ari izanak dira urte guzian,... alabañoa.

        Eta solasen atxikitzeko? Holakoetan Alain hastiatzen dut. «Ez dut nehor ere ezagutzen» Horrekin justifikatua da. Ez du deus entzun nahi. Ni naiz Donapaleukoa, omen, eta aski dut ez joatea ez badut nahi. Bai, aski dugu denek hura bezala izatea. Liburu bat har eta jan gabe egon. Jada, aski ari da lanean aste egunez, igandetan bere buruaren bortxatzeko ezagutzen ez dituen jendeekin. Jada indar haundia egiten omen du Donapaleura jiteko eta Jonen zaintzeko zaharren etxean. «Hmm hmm» egozten dio Aitari, gogoa beste nonbeit. Funtsean bestea kontent da, ados dela uste baitu, suhi fin, argi eta diskretoa du, behar bezalako bat.

        Egun haundi baten mentura badugu. Alainek sudurra STUDIOn du, Gina Lollobrigidaren karrera Fanfan La Tulipekin hasten... Akulatu behar dut... Batzutan kontra efetua du. «Jon erna!» Berdinak dira bi hauek. Eguzkia. Trenkatu behar da: tailleur berdea. Ez gara sekulan eguerdiko han izanen. «Beldur haiz gosearekin atxikiko gaituztela?»

 

 

        Hori nuen ahantzi. Bururatzerik gabeko afari horiek, hiru haragi plater, zuhurrak ez direla erakusteko. Eta aita komentatzen, haragia ez dela gehiago lehenekoa.

        Alainek: «Orai Bidaxuneko bidearekin hiru laurdenez han gaitun, ez dun presarik» Farinelli eta zikiratu batzuen bizitza 18.mendean... Jon beztiarazi.

        Azkenean bidean. Iduri du odeiak badirela Biarnoko aldean. Jadanik hoztua naiz. Behar nuen beste zerbait hartu. Ez da posible. Eroarazten nau gizon horrek; joan behar dugula jakinki, ezantza ez hartua. Baliatuko naiz komunetara joateko...

        Nora joana da? Bilatzen dut ezantzategi guzian. Beste autorik ez da. Joan dira. Xori burua dela... Ez horretaraino... Ez ahal nau ahantzi! Ez, haurrak erranen zion... Norbaiten laguntzera joan daiteke. Aski pitoa da xerbitxu baten egiteko prisatuak garelarik. Eguerdi et'erdi. Meza lau orenetan.

        Amak: «Zaurte aski goiz». Hogei minuta falta direla. Non dira? Oren erdi... hara autoa.

        — Arrutan naun ohartu.

        Ez da egia, ahantzi nau... eta arrazoin du gainera:

        — Haurrak ere ez zekinan non hintzen, abertitzen ahal huen komunera abian hintzela. Ez naiz haren ondoan eta abiatzen dira ni gabe... Zer naiz honen bizian? Ez nau ikusten, ez daki banaizenez ere. Bere munduan. Bere planetan. Lana, liburuak...

        Erasiak. Ez da haren falta eta fede txarrekoa naiz...

        — Hmm hmm. Konprenitu dut: ez du gehiago behatzen.

        — Ez duzue makurrik ukan bidean?

        — Ez ez!

        Eta ontsa egin behar. Alainek bere aingeru irrifarrarekin, denak sakelara biltzen. Zer xantza dudan holako senar gisako bat atzemanik —memento honetan Gérard Philippe daiteke— eta semea ere, zer mutiko eztia.

        Zainetan naiz. Iduritzen zait ez dela sekulan hain hotz izan. Siberia da. Hezetasun hori eta haize mehea. «Mahaira pasatuko gara... beranta badugu... ba haurrekin ez da aise ez, etxetik ateratzea. Mereximendua baduzue. Segur zara Alain, ez duzula ezteietara joan nahi, Lapeyretiarrak izigarri lagunak ditugu, telefona ukaldia pasatzen dut»...

        Ez Jonekin egoteko, badakizu, ez da haurren lekua, berant afaltzen da...

        Hipokrita, ama urtzen da. «Bere semeaz hain axolatua...» Aitak atzeman du lokia solas segurretik abiatzeko. «Ba Lapeyrek bere jauntzi saltokia nik haragitegia ideki nuen urte ber-berean egin zuen.» Eta kazeta pasa: «Nahiz eta ixtudiorik ez egin berdin erreusitu.» Ez ditu gazteak kritikatzen baina mediku bat orai, Sekuritate Sozialarekin, kasik funtzionarioa da. Haragitegia montatu zuelarik... arras ezberdina da, ekintza gizona izan behar da... bera tratuan ere ibiltzen zen merkatuetan eta hor kasu, ez dira orenak kondatzen (irri bat) «Laborariek ez dute hitzordurik errespetatzen. (Azitan duen haragia erakutsiz) Holako haragia ez da non nahi atzematen, kabalak ezagutu behar dira. Erretretan izaten ahal nintzen aspaldi baina (irri bat) ez naute uzten. Joan den astean Bordeleko klient bat ukan dut hemen, ez dela, Akitania guzian, holakorik atzematen.

        — Hmmm hmm.

        Hoztua naiz. Haragi gorri peza astapito hauek gohaindia ematen didate.

        — Segur, ez zara heldu, Lapeyretiarrak hain kontent litezke. (eta bera ere bere alaba kuplean erakusteaz). «Hmm hmm» Ez da heldu... «Bon arreñatuko zarete, atzemanen duzue zerbait jateko.»

        Aitak: «Haragia bederen ez duzue eskas ukanen (irri), (Joni, haragitegira eremanez) Haugi hona erakutsiko deat, ganbara hotzean, ikusiko duk. Kasu emak, odolez bete gabe! Ikusten duk badenez hemen? Ez duzue dena janen? Aitari galdeginen diok moztea edo hihaurek eginen duk?...Ez hortik ez puttil! Borta horretan behin sartuz geroz, ateratzeko zerbait ikusiko duk, blokatzen duk. Izozkailua duk hau. Horretan egoten baldin bahaiz konprenituko duk... Ahatze bat hamar minutaz harria bezain gogorra ezartzen dik.»

        Eta erakusten dio. Gogo zokoan duke intelektualen bidetik baztertuko dela Jon, segidaren hartzeko. Ekintza gizona izanen dela.

 

 

        Segur nintzen. Euria jauts-ahala eta aita politikaz ari, sozialistek 14 urtez frantzia peko errekan ezarri, zer behar dute besteek orai mirakuilu bat egin. «Ez din balio paisola har dezanan, ez dun euririk, nik hartuko dinat edozein gisaz.» Erdiz erdi atzemana nau, martxokoa ematen duen uharrak.

        Meza guzian, harpea bezain hotza den eliza honetan, saindu guzien historikoa egin du apezak. Sinbolika ikusten du... holako familia oneko nexka batek gure Donapaleuko Santa Madalena... hautatu dutela Jainkoak beren batasuna benedikatzea... Ez du finitzen.

        Argazkia eta dena bada. Kanpoan. Denak gabardinetan.

        Mahaian jarri berriak gara eta aski jan dut. Hotzikarak badauzkat. Parrekoa ausartatu da mintzatzera. Lapeyretiarren etxetiarra da. Tradizioari fidelak, atxiki dituzte Lapeyretiarrek beren etxaldeak, pilik ez dietelarik ekartzen. Lurra lurra da beti. Donado bat. Oren erdi honetan so egiten daut irri bitxi bat ezpainetan. Berotzea proposatu dit, «Ezetz, mertzi.» Irri egiten du, maltzurki. Ene bularrei so dago. Hain hurbiletik ikusten duen lehen decolleta dateke. Behar da zinez ipurberoa izan holako jauntzi arinarekin ateratzeko euri egunez. Telebistan agertzen zaizkion emazte irreal haientzat hartzen nau, deusendako biluzten baitira. Eta etzaten. Iduritzen zaioke xantza bat duela. «Senarrik gabe jina bada badikek zerbait, dena dibortzatze baita hiri horietan.» Uros da. Platera guzietarik hiruetan tiratzen du. Bifteka bezain gorria jarria, urin pelikula batekin mateletan, dirdiratik ageri. Arnoa pasatzeko galdegiten dit. Berdin oparia pagatua du eta. Botoila hartzean, kolatzen duten bere tripot iduriko eriak senditzen ditut ene eskuan. Nahitara egin du. Galtzen aitzineko aldean lekua egiten du jestu diskreto batez tiratuz. Edaten du xurruxtategi hodi azantzez. Eta begi horiek ez naute gehiago laxatzen. Higitzen da kaderan, hasiko da belaunen erabiltzen... edo gomitatuko nau lehen musika notetan.

        Amaren aldera belarria luzatzen dut «Oftalmologoa dun Baionan eta berak berriz zituazione komerzio ganbaran...» Aitak: «Hau, hau ez duk haragia, ez diat konprenitzen oraiko ostalerrek holako porkeria nola xerbitxatzen ahal duten; ez duk lana hau, gero izarrak ezartzeko pretentzionea ukanen ditek.»

        Gogoa etxekaldera joaten zait «Alain, ez duk ahanzten Jonen homeapatia. Hiru honetarik eta hiru horretarik. So egik, idatzi diat: soir

        — Hmmm, hmmm

        — Jon, zortziak et'erditan erraten diok Aitari, hemen duk ordularia eta ez duk homeopatia ahanzten, eta leitzen ari bada erraten diok bederatziak gabe jan behar duala. Aitatxik erakutsi dik bifteka non den... Aitari motzarazten diok; Chipsak hemen dituk eta yaourta aski goiz ateratzen duk hozkailutik ez dadin hotzegi izan. Hamar orenetako ohera behar duk

        Eta Alain gaitzitu: «Kakinarazten naun. Bazekinat auharia prestatzen orainokoan. Zer munta din oren bat gorabehera. Asteburuan gaitun. Ez din eskolarik bihar dakidanez!»

        Ez naiz poxi bat harroarazirik batere kexu. Hori gabe ez baita sekulan atzartzen.

        A! Belauna hunki dit. Mahai petik ateratzen da zerri burua, mahai oihalaren biltzeko estakuru fina. Jusa ogia jauzaraziz biltzen du, arrapasa igurikatzen duelarik senditzen dut haren so lekatsua ene eskuineko bularraren inguruan, orratzen. Gizona sekulan baino gehiago indarrean dut. Anaiaren ezkontzako kostuma urratzekotan da.

        Inket naiz etxeko. Ez du funtsik. Ez naiteke egon. Jeikitzen naiz. Aitari giltzak hartzen dizkiot. Bestearen begiek zingar karratuaren xuriaren kolore hitsa hartzen dute. Guritzen hasiko da. Etxerantz banoa. Autotik jaustean egongela argituan Alain ikusten dut bizkarrez. Irakurtzen ari da. Bihotza jauzika hasten zait. Eroa bezala sartzen naiz, senarra ohaide batekin ganbaran atzematen delarik egiten den bezala.

        — Auhaldiak zarete? Non da Jon?

        — Egon gaitun piska bat kalakan, ez gintunan gose, badakin hire aitak galkatzen gaitin aldi oro...

        — Erotua haiz? Tenorea ikusi duk, gauerdi duk! Non da Jon?

        — Doi doia igorri dinat haragiaren bila. Aitatxik hari erakutsi baitzion. Sei urtetan ordu din, erantzunkizun batzuen hartzea

        Lasterka abiatzen naiz haragitegiko alderat. «Jon, Jon!» Ganbara hotzean sartzen naiz. Zintzilikatu haragi zatiek matelak, papoa zartatzen dizkidate. «Jon! Jon!». Ikaran nago, odolez betea. Tailleurraren barnera ixurtzen da.

        — Ez duk han! Nora joana da?

        — Behar bada ganbaran dun.

        Eskalerrak goiti, beheiti. Izerdia. Odola bularretan bidea atzematen, bestearen soa. Beheiti. Berriz haragitegira. Ganbara hotzean bilatzen dut.

        Ateratzean, bortaz tronpatzen naiz eta izozkailuarena idekitzen. Karroinezko harri bat erortzen zait gainera. So egiten dit Jonen begitarte izoztuak, hotza gutiago senditzen dutenen irrifar penatuarekin...

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila