Botoiletan Aintzin Solasa Sinestedun gineneko hartan itsuki maite genuen bigarren kateko saioa: Galería Nocturna. Hartan aurkezle asaldagarri batek margoak erakutsi izaten zizkigun, hiruzpalau eguneko ene ahantzeimerren arabera, eta bakotxak bere historia. Ezketx beltzak ohi ziren, artean TB ere hala izaki, autokonklusiboak edo bururenburukoak komikizaleen mintzairaz; eta ez zuten elkarren arteko haririk sarkasmo samin hura baizik. Bertze ezaugarri bat: Azken fotogramak ustekabean harrapatzen gintuen beti, gutien ustean garbitzen baitzen afera; eta hura gogotik histu gabe hurrengoa aurkeztua zitzaigun. Gaitza zen. Superra gero. Bonba. Eroak, krimak, likantropoak, mendekuak... Kasu ordea! Demendreneko pottik somatuz gero gure amatxiren ahizpa zenak katapultatzen baitzuen bere burua katadera kulunkariatik, eta fuera! Akabo emisionea. Gaixoa loriatu zatekeen eskuko manu bat izanta. Galería Nocturnaren tirria berpiztu dit Antton Lukuren hunako hunek. Antton bera ere aski aurkezle asaldagarri genuke, artean errateko. Haren galerian bilduma groteskoa bisitatzera gomitaturik zaude: Barnealdeko mixterio tiki eta ertain, familiar potretak, aluzinazione zenbait, mugako jendea eta muga-jendea, gertakari esoterikoak, moral zulatuak, nature et traditions. Eta hondar fotograma sarkastikoak ustekabean gu biltzen. Asisko Guillaume, Matin eta Matxani eskerrak. Xinaurri-jalea eta zakur-ziloa ipuinak komikitu ditu Marko Armspachek maiatz 30 eta 31 etan aterako dira.
Botoiletan |