Egiaren egarriz
Henriette Aire

Maiatz, Uhargi 16, 1989ko martxoa

 

ITOA GIZARTEAN

 

Herria herri maitea

Nahi zintuzket askatu

Haizeak oihua darama

Behar zaitut askatu

 

Bainan nola ditzazket

Moztu zure kateak

Ni loturik nagoenian

Preso gizartean

Lasaitasun faltsu batean

Kate astun batzuez

Loturik nagoenian

Preso gizartean

 

Itxuraz aberats diren

Atsegin arin batzuek

Alaitzen naute

Axalean

Bainan nere gorputza

Bere sakontasunean

Korropilaturik dago

Itoa gizartean

 

Kateak moztuko ditut

Eta sendituko

Nere bizia bizi

Bere osotasunean

Barreatuz inguruan

Itsasoak bezalatsu

Uhainak fresko eta

Denentzat ferekatsu

 

Ahalgeak ta beldurrak

Gezurrak ta ikustateak

Sendotzen duten maxkorra

Porroskatuko dut

Agertuko azkenean

Hedatuz zure gainean

Gorderik dauzkadan

Lore ezagun gabeak

 

Alegiazko alaitasuna

Alegiazko berotasuna

Alegiazko

Bizi atseginaren sareak

Urratuko ditut

Nere nortasuna utziko dut

Jarraitzen bere bidean

Xorino bat bezala

Doalarik airean

 

Eta orduan

Orduan bai

Askatuko zaitut

Oihua haizeak darama

Askatu behar zaitut!

 

 

Egiaren egarriz
Henriette Aire

Maiatz, Uhargi 16, 1989ko martxoa