Egiaren egarriz
Henriette Aire

Maiatz, Uhargi 16, 1989ko martxoa

 

GAUR ERE BIHAR ERE

 

Gaur ere bihar ere,

Nahi nitzaizuke maitale.

Maitasunaren egun-sentian bezala,

Zure soaren sakonean ikusiz,

Argi dirdiragarri batez

Egiten zinerautan deia,

Ikusiz dei horren oihartzuna,

Zure barnean bilakatzen ikara,

 

Maitasunaren ikara,

Gutizia beldurtsuaren ikara.

Maitasunaren egun-senti hura,

Nahi dut betiko iraunkor,

Ez dezan ilunabarrak,

Zure soaren dirdira itzal,

Ez dezan ilunabarrak,

Zure barneko ikara gorde.

Maitasunaren egun-sentia,

 

Nahi dut betiko iraunkor,

Gaur ere bihar ere,

Nahi nitzaizuke maitale.

Nahi dut zure bihotzeko xoko bat,

Gordezka argitu,

Gordezka berotu,

Senarrari,

Bere emaztea ikustean,

Ikustatezko irripar bat egitean,

Bere barne-barneko xokorik gordeena,

Segeretuzki berotzen,

Segeretuzki argitzen dion

Emazte maitatuak bezala.

Gaur ere bihar ere,

Nahi nitzaizuke maitale.

 

 

Egiaren egarriz
Henriette Aire

Maiatz, Uhargi 16, 1989ko martxoa