Egiaren egarriz
Henriette Aire

Maiatz, Uhargi 16, 1989ko martxoa

 

HAURRAREN AITA

 

        Haurraren aita da,

        Zorionezko parabisu batean,

        Maitasunaren baratzeko loreez,

        Haurraren ama amultsuki,

        Apaintzen duen gizona.

 

Haurraren aita da,

Eztitasunaren gozoaz inguratuz,

Maitasunaren sukarraz,

Haurraren amari bihotza

Berotzen dion gizona.

 

        Haurraren aita da,

        Bere besoen artean tinkatuz,

        Bihotza bihotzaren ondoan,

        Haurraren amari bizia bizi,

        Sendiarazten dion gizona.

 

Haurraren aita da,

Besoetan amultsuki kulunkatuz,

Begietako nigar xorta xukatuz,

Amaren haurrari, maitasunaren loreak

Eskaintzen dizkion gizona.

 

        ...Eta ez,

        Ezkontza sakratu,

        Legezko batasunaren izenean,

        Egin-bidea bete beharrez,

        Nahi edo ez,

        Mehatxuzko ondorioen beldurrez,

        Emazteari bere gorputza

        Ebasten dion gizona.

 

 

Egiaren egarriz
Henriette Aire

Maiatz, Uhargi 16, 1989ko martxoa