Egiaren egarriz
Henriette Aire

Maiatz, Uhargi 16, 1989ko martxoa

 

GOGOAN ZAITUGU

 

Eman dauzuten bizia

Ebasten dauzutela

Ohartzen baldin bazira

Edo zure ondoan

Dabiltzanek

Ez badute entzuten

Zure abotsa

Zure begietako argia

Ikusten

Zure bihotzeko taupakoak

Senditzen

Zure larru leguna

Ferekatzen

Zure ondoan

Dabiltzanek

Jakin ere gabe

Zure izena

Ez badituzte aurkitzen

Zure barneko aberastasunak

Eta onartzen

Eskaintzen diezun

Maitasuna

Ixil ezazu zure abotsa

Hets zure begiak

Geldi zure bihotza

Gogor zure larrua

Eta eskain

Zure gorputz hila

Orduan

Ohartuko dira

Bizi zinela

Eta oroitzapenetan

Oroituko dira

Zure izenaz

Zure abotsa

Izanen zaie

Eztia

Zure begien argiak

Dirdiratuko du

Haien inguruan

Zure bihotzaren

Taupakoek

Durrundatuko

Haien beharrietan

Zure larrua

Izanen zaie

Fereka egarrien

Iturria

Eskain

Zure gorputz hila

Eta orduan

Oroitzapenetan

Aurkituko dituzte

Bizi zinelarik

Eskaintzen zinituen

Aberastasunak

Eskain

Zure gorputz hila

Eta izanen zira

Aipatua

Laudatua

Ohoretsua

Estimagarria

Maitatua

Eta zure gorputz hilaren

Izena

Barreatuko dute

Herrialde guzian

Zu erdeinatzen

Arbuiatzen

Hastiatzen

Zintuzten guziak

Etorriko dira

Apaindurik

Zure gorputz hilaren

Laguntzera

Hil hobira

Nigarra begietan

Loreak eskuan

Solas ederrak

Ezpainetan

Eta zizelkaturik

Harri batean

Erranen dauzute

GOGOAN ZAITUGU

 

 

Egiaren egarriz
Henriette Aire

Maiatz, Uhargi 16, 1989ko martxoa