BIZITZA TA MAITASUNA
Ene maitea oldoztu zazu orain
Zenbat ikaragarrizko zailtasunez
Alkar maitatuz gaudeken orain.
Jainkoak ludi au egin zuanean
Egin zuan bezela ez egin ere zezaken...
Ta alkar beiñere ez giñan ikusiko.
Beragan gizona sortu zuanean
Beste gauzen bat jarri zezaken...
Ta alkar beiñere ez giñan ikusiko.
Adan ta Eba bizi ziranean
Tximist bat erori bazitzayen,
Ta au gertatu ziteken...
Beiñere ez giñan ikusiko
Ordutik onuntz
Zenbat gizon diran ezkondu!
Ta ez diran ezkondu!
Zenbat ume izan dituzten!
Ta zenbat izan ez dituzten!...
Gu biok berriz ene maitea
Alkar irikiz ginjoazen bizitzaren atea!
Ordutik onuntz,
Zenbat gizon bizian,
Zenbat berriz hil zorian,
Zenbat osasunean,
Zenbat berriz eritasunean...
Gu biok berriz ene maitea
Alkar irikiz ginjoazen bizitzaren atea!
Ordutik onuntz
Zenbat ende suntsituak,
Zenbat erri urpetuak,
Zenbat sendi erailduak,
Zenbat guda zenbat odol,
Zenbat su, errez uri etxe ta ol!...
Gu biok berriz beti ene maitea
Alkar irikiz ginjoazen bizitzaren atea!
Eta ara nun bein ludira
Zeure gorputza agertu zindun...
Eta nik ene biotza
Zeuri agertzeko maitasun!
Eta orain, nere Gaurminia,
Galdetzen dizut bildurtzen etzeran
Jakitean (ta au da egizko egia)
Zein txiripaz ludi ontara etorri geran!
Txiripaz etorri gera mundura,
Eta jayo giñanetik eriotzaruntz goaz berriz
Berriz suntsitzera argietatik illunpenera.
Eta bitarte ontan ere zenbat neke,
Zenbat naigabe, zenbat eritasun ere,
Zenbat arrisku eriotzean erortzeko
Ta sekulan beiñere ez jaikitzeko!
Jainkoaren indarrez edo naimenez baizik,
Ziñistu zaidazu, arkitzen gerade bizik,
Ta natorkizu maitasuna eskeñirik.
Eta orain bildurgarrizko ezetza
Ene maitasunaren uka siñesgaitza
Nere belarriak betirako zoratzera
Al doazte orain entzutera?
Zeure naimenaren ezetz aul bategaz
Deuseztera al goaz
Etorkizunaren aurka
Irabazi gendun burruka?
Dasazu ikaragarrizko «ez» itza!
Ta zailtasun oiek irixteko bizitza
Alper alperrak izan dira...
Eta nere gogo berbera
Eriotzak daramake beste ludira!
El Día, 1935-XI-2
|