www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Oroitzapenak
Piarres Larzabal
1979-1821, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VII), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkarlanean, 1998.

 

 

aurrekoa  

AZKEN BERRIAK (1979)

 

        Dena dela, 1979ko buruilean, azken lerro hauk idaztean, nere etxeko eta parropiako zenbait berri eman behar ditut oraino: Vincent Baionako apezpikuaz, apezlagun bat edo bertzeez eta Zokoan berean edo Zokoako elizan ezagutu ditudan presuna batzuez.

 

        Hirugarren konfirmazionea

        Jadanik aipatu ditut Zokoan izan genituen lehen bi konfirmazioneak. Hirugarrena ukan ginuen 1974eko apirilaren 20ean, arratsaldez. Egun hortan, Vincent Baionako apezpikuak konfirmatu zituen 18 Zokotar.

        Apezpikuak berekin ekarri zuen Baionatik Emilio Laxague, bikari jenerala. Nere aldetik, ekarrarazi nuen Hendaiatik, neri laguntzeko, Mixel Daguerre, ez baitzuen oraino ukana ondotik izan duen istripu ikaragarria.

        Nere mintzaldian, konparatu nuen apezpikua amiral bati. Zokoako eliza zen barku bat; ni horren lemazaina. Elizako giristinoak nere bornuko lagunak. Denak, gainetik beheraino ginen Jainkoarentzat arrantzan ari, ekaitz berekin borroka, eta holako...

        Elizkizunen ondotik, aperitifa eman ginuen katixima lekuan, nahi zuten guzientzat. Zokoako emazteek gostu handiz apaindua zuten sala.

        Afaria, apezetxean egin ginuen. Apezpiku eta apezez bertzalde, gomitatu nituen hiru arrantzale: zahar bat, erdi adineko bat eta gazte bat. Baitzen orduan anitz gorabehera gure portuan, hiru arrantzaleak ari izan ziren, beren amuetara apezpikua tiratu nahiz, bainan debaldetan. Ez zuen heien apastarik jastatu nahi. Iduri zuen edo nekatua zela edo beldur. Jan-eta berehala joan zen. Ez zaikun haatik horrek omore ona kendu: gaitzeko irri-karkailak atera genituen gure artean, hura joan ondotik.

 

        Laguntzaileak

        Asko laguntzaile izan ditut, zorionez. Zokoako elizan, nere inguruan. Lehenik apezak, nonahitik heldu zirenak bakantzen iragaitera. Ez zirelarik bakantzak, anitz aldiz izan zaizkit adiskide on batzu, hala nola, aipatu ditudan Mixel Daguerre, Saint-Esteben Donibaneko bikaria edo Mattin Carrère Ziburukoa, bai eta igandetan maiz Roger Idiart, orduan irakasle zena eta bere erretor aprendizgoak Zokoan egin dituena.

        Eliza apaintzeko eta garbitzeko, irakurketak eta eskeak egiteko, errexki biltzen nituen lekuko giristinoak. Laguntza paregabea eman daitate sakristiako lanetan, Mahet eta Grillard, bi andereek. Musikalari bezala, harmoniumean ari ziren hastapenetik. Untxin-baitako alaba eta Adam-baitakoa. Ondotik etorri da, Jean Michel Colson, elektronikalaria, hamabost urtez, eta azkenik andere Hapette Ziburukoa.

 

        Atsegin eta atsegabe

        Erretor nintzelarik poz handia izan dut, ikustea Mayi Ortiz, arrantzale alaba, osoki Zokotarra, misionest joaten Hego Ameriketara, bainan pena handia ukan dut ere, nere ordaintzeko apezik ez uztea.

        Bizkitartean bazen apezgai bat Zokotarra, kasik apeztua, noiz eta ere, berak eta bere lagun batzuek Seminario handia utzi behar izan baitzuten, euskaldungoari gehiegi atxikiak omen zirelakotz.

        Zer gertatu zen xuxen? Nik baino hobeki kondatu eta kondatuko dute apezgai izan horiek. Nere aldetik, eginahal gauzak egin nituen gauzak ez hortaratzeko, bainan bertze batzu ziren manatzaile. Gure Seminario handiko historian, gertakari horiek tinta beltzez markatzekoak izanen dira.

 

        Katiximako haurrak

        Nere bizian, apeztuz geroztik eta lehenago ere, asko iritzi eta jokamolde entzun eta ikusi ditut, nola behar litekeen haurreri katixima erakatsi. Eta nere iduriko fedezko erakaspen guzien helburua da gizona Jainkoari lotzea. Lokarri horiek izaten dira adinaren arabera, adin bakotxak baititu Jainkoari lotzeko molde desberdinak.

        1.-ik, Haurrean, familiaren bitartez sortzen dira Jainkoarekin harremanak. Haur tipien familiez arta berezia hartzen nuen. Etxekoek hautatzen zuten beren haurraren bataiatzeko eguna eta ordua. Berek ziozkaten erakasten lehen otoitzak haurrari. Berek erraiten lehen komunionea egiteko eguna.

        2.-ik, Konfirmazioneko eta Komunione Handiko garaia. Haur kozkortuak Jainkoarekin harremanak egiten ditu elizaren bitartez, hots, katixima egileen eta apezaren bitartez. Nahiko nuen beraz adin hortako haurrek izan zezaten nitaz «Jesus bezalako norbait» nintzelako iduripena. Eztia eta zuzena agertzen nintzen haur horien aldera. Bainan ez baita gauza bera jakintzazko gaien eta fedezko egien erakastea, katixima aitzinetik eta ondotik otoitz egiten ginuen fedearen eskatzeko. Eliza-gizona ez da bakarrik bihozdun, behar du ere izan fededun.

        3.-1k, Adinetara helduak, buruz-buru sartzen dira harremanetan Jainkoarekin. Bainan beti gogoan atxikitzen ditugu denek haurreko eta gazte denborako oroitzapenak. Horra zergatik, beti uste izan dudan, nere apez-lan guzietan baliosena zela haurren altxatzea giristinoki. Nere atsegin handienetarik bat zen, nerekin katiximan ibili haur handituak neregana jiten ikustea, ezkontzeko edo zernahitarako. Baziren nonahi barreiatuak eta batzuetan kirolari ezagun bilakatuak, hala nola Jean Michel Capendeguy rugbilaria, berriki hila, Alain Berrouet rugbilaria, Jean Talgorn pilotaria, Lehoerff hiru anaiak, American-Cupean parte hartu zutenak.

 

 

ZOKOAREN FAMA

 

        Bainan Zokoaren fama asko zabaldu baita azken 50 une huntan, ez dezaket utz solas hau aipatu gabe. Nik bezala, Zokoako xokoari zerbait fama ekarri dioten bertze bi presuna izan dira nere ustez: Ganix Alzate eta andere Margot.

        Ganix Sansebastian Alzate jadanik aipatua dut. Haste hastetik hor baitzen elizako lanetan. Alzate-baitan ezkondurik, Kattalin horgo alabarekin, izen handiko enpresa muntatua zuen berak, 1914eko gerlaren ondotik, eta gaur, haren sei seme-alabak Zokoan ezkonduak dira eta hor bizi.

        Margot anderea aldiz, etorkiz Olaskoaga, Hondarribitik ateratzen da. Nere ustez Italianoa zen Dherin izeneko hargin batekin ezkondu zen. Haur multxo bat ukan zuten. Arrain salerosketan ari zen bera Hendaian eta mugaz haraindian. Gero arrain freitua eta saltsatua saltzen hasi zen Zokoan, bere «ttoro» famatua.

        Halako nortasuna zuen etxekandereak non «Chez Margot» aipatu baitzen Pariseraino. Oroit naiz Pariseko soldado denboran, 1933-1934ean, haren erreklama ikusirik «Aux Ambassadeurs» hotelean.

        Geroztik, Zokoako ostatu eta jatetxe askok baliatu du ederki Margot anderearen etxeak bildu ospea. Gehiago dena, neronek bezala, behartsu frangok ezagutu du horgo etxekanderearen bihotz ona eta esku zabala. Orai Margoten lau haurrak, ezkondurik, eta bakotxa hiru haurrekin Zokoan bizi dira.

        Ez ditut aipatuko Zokoan bizi izan diren bertze jaun andere batzu, hala nola kontserbategietako nagusiak, ez direlakotz herritarren bizian sartu.

        Nitaz berriz, neronek espantu egitea, ez liteke pollit. Hori bertzeen gain uzten dut. Erranen dut bakarrik, 1979 huntako buruilaren 1.az geroz, ez naizela gehiago Zokoako erretor. Ziburuko parropiako apezek naute ordaintzen.

        Berrikitan operatua, erdi herrestan, beti etxe berean, Zokoan bizi naiz. Bertzerik ezin eginez, liburu hau idatzi dut. Orai deskantsuan nago, heriotzearen beha. Hiru metro lur erosiak baditut, Zokoako hilerrietan. Nere nahia da, hor ehortzia izatea.

        Ez dakit zer behako eginen dioten jendeek nere hilobiari. Nere atsegina liteke, lehenik irriño bat egin balezate, nitaz oroituz, eta ondotik, otoizño bat neretzat.

Piarres Larzabal

(30-IX-1979)

 

aurrekoa