www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Oroitzapenak
Piarres Larzabal
1979-1821, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VII), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkarlanean, 1998.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAURREKO OROITZAPENAK

 

 

SARAKO BESTAK

 

        Sarako bestez oroitzean lehenik dakitana da, arbia ereiteko sasoian gertatzen direla, hots buruilean, zeren eta urte guziz joaiten ginen besta horietara, bainan aitak etzaukun ematen hara joaiteko baimenik, arbia erein artio. Joaiten ginelarik egun guziko zen: goizean ikusten ginuen luzeko partida eta arratsaldean esku-huskakoa.

        Orduan ikusten ginuen ere, mugaz bertzaldetik etorririk, jende asko, bereziki Etxalarretik eta Zugarramurditik. Batzu heldu ziren zortzi egunez besta egitera. Gehienek gauaz lastoan lo egiten zuten. Beren galtzetarik seinale ziren, zeren eta igandetakoen ez funditzeko, galtza urdin zabal batzu ezartzen baitzituzten gainetik. Gaitzeko giro alegera ematen zion jende horrek Sarako asteari.

 

        Eta litaniak

        Guretzat bazen bertzerik ere, Gu ibiltzen ginen auzotegian, besta arratsetan afaritera joaiten ginen, «litaniak» kantatuz. «Litania» horiek ordea guziz bereziak ziren. Denek batean ematen ginion kantuari hastapena, kantatuz elkarrekin: «Handikan joan nintzen aintzinat, aintzinat!...»

        Eta kartiereko gizon mozkortzale batek egiten zuen xantregoa, kantatuz segidan. Zer ikusten baitzuen eta arabera kantatzen zuen. Hala nola emazte lodi baten etxe aitzinean iragaitean botatzen zuen: «Han ikusi nuen saski potor bat errapeko atso lodi bat!», «Konkordia» izeneko etxean iragaitean berriz kantatzen zuen: «Han ikusi nuen Konkordiako astoa buztan azpian lanpa piztua!».

        Ikusten denez gure «litaniak» ez ziren mistikoak, bainan guk horiek genituen biziki maite.

 

 

ZUGARRAMURDIKO BESTAK

 

        Abuztuaren 15ean, Andre Marietan ospatzen dira Zugarramurdiko bestak. Orduan egiten baitute ere, Leizea deitu harpean, beren zikiro jatea. Ni mutiko kozkorra nintzelarik besta horietako meza nagusian gertatu nintzen. Meza ederra, koraleko kantariekin. Oroitzen naiz meza hartan eskaini zaukutela, Azkainen egiten ez zen bezala, jateko ogi benedikatua. Bertzeri behatuz zeinatu ondoan jan nuen nik ere ogi puska tipi bat. Bainan lanak izan nituen mezaren bururaino segitzen.

        Herriko lagun batekin jarri ginen galerietan, karabinero batzu gintuela gure aitzinean bakotxa bere puinalarekin saihetsean. Haietarik bat zen bereziki ohargarria, sudur gorri alimale bat zuela begitartean, dena kalitxaz jara. Eta meza ari zelarik karabinero hura hasi zen uzkerka eta pokerka, aitzinetik abisatuz inguramena, erranez gora gora: «Bapores, bapores!». Hastapenean ene laguna eta ni harritu ginen eta ixilik egon. Gero beretikari baitzen karabineroa, guri irria nagusitu zitzaikun, bainan orduan gure gizona kexatu eta bieri manatu lekuak husteko.

        Kanpora joan ginen beraz irriz artzeko gostura eta ez berriz elizara itzuli. Bainan luzaz oroitu gira, bat ala bertzea, azkaindar bi lagunak Zugarramurdiko meza nagusiaz.

 

 

AZKAINGO KOFESIOAK

 

        Haurra nintzelarik erakatsia zaukuten elizan behar bezala kofesatzen. Hala nola juramentuak, biraoak edo sakreak hitzez-hitz errepikatu gabe aitortu behar ziren. Erraten ginuen: «Mihi zikina izan dut, honenbertze aldiz erranez "Al..." edo "Pu..." edo "Ko..." hitz itsusiak».

        Hameka urte nituelarik Komunione Handia egin nuen eta aita Frank Hazparneko misionesta etorri zitzaikun predikari. Oroit naiz, kofesioan galdegiten zuela ean lohikeriarik egin ginuen, eta nik ez bainion deus ihardesten. kofesategitik kanpora igorri ninduen, erranez hobeki presta nendin kofesatu aitzin.

        Kanpora orduko aurkitu nuen Petan, ene komunioneko laguna, gure adinekoetan atrebituena eta mandrinena. Laster argitu ninduen zer zen lohikeria: «Aski duk neska bati arropak altxatzea, hori duk lohikeria. Egi-zak hori eta joan hadi apezari erratera eta bakea izanen duk».

        Petan gure kapitainak kontseilatu bezala, mintzatu nintzen, berriz kofesatzera joanik eta, bai kofesorra eta bai ni, kontentik gelditu ginen.

 

        Azkaingo sakristian

        Hauxe neronek ikusia dut Azkaingo sakristian: bi apez, elkarri lepotik loturik, kolpeka ari, Debidart Azkaingo erretora eta Castet apeza, Errota-Berrian bizi zena.

        Castet horrek fama zuen —egia edo gezurra— beretzat atxiki zituela elizaren ontasun batzu, 1905ean gobernuak ebats ez zitzan, eliztiar batzuen izenean emanak izan zirenetarik. Dena dela, Castetek gaina hartua ziolakotz Azkaingo erretor xaharrari, Gieure apezpikuak, Debidart apez azkar eta gogorra igorri zuen Coure herrirat, erretor berri bezala, honi gomendatuz bere zedarrietan atxikitzea Castet apeza.

        Laster ohartu ginen Debidartek eta Castetek ez zutela harreman onik. Igande batez erretoraren prediku denboran, alegia loakartu zen Castet, gu mutiko tipien zaintzale ginuelarik. Burua kuluskan zerabilela oharturik, mutiko guziak irriz hasi ginen. Orduan jaun erretora haserreturik, predikatzetik ixildu zen eta eskola libreko andereari manatu zion goratik: «Apez hori ez denaz geroz on haur mukizu horien zaintzeko, zoaz zu horren ordez, Andere errientsa!».

        Orduko legeen arabera apez berak ez baitzituen egun berean bi meza ematen ahal, erretorak zazpietako meza eta Castetek meza nagusia, emateko ohitura zen. Bainan ondoko igande batez, meza nagusiko tenorea baino ordu bat lehenago Castet sakristiarat sartu baitzen eta mezako jantzien janzten hasi, Debidart etorri zitzaion, ea norat zoan horrela abian, galdezka. «Meza ematera!» zion bertzeak ihardetsi, trufa aire batekin.

        «Ha baia! —errefera eman erretorak— Gaur ez duk mezarik hemen emanen! Ez haiz nitaz trufatuko! Ken-atzik jantzi horiek!». Eta lepotik harturik tinkaldi bat eman zion, eskutik aurtikitzen ziozkala kalitza eta gaineratikoak. «Jakin ezak Debidartekin dukala orai auzia, eta ez aintzineko erretor ahularekin!». Laster-lasterra Castetek lekuak hustu zituen.

        Erran behar da, 1905eko oroitzapen txarrak zirela eta, Azkaindar guti zuela bere alde Castet apezak. Zenbait urteren buruan hil zen. Azken sakramenduen emateko deitu zuten Bellevue Donibaneko apez-nausia.

 

        Argelies apeza

        Beste apez bat ere ezagutu dut Azkainen, Argelies apeza. Sortzez Ziburutarra zen eta Ziburun hil izan da, 1960 inguruan. Etxe oneko seme zen eta ontasunak bazituen Ziburun, Donibanen eta Azkainen. Gorputzez gizon ederra eta azkarra, pilotari ona izana zen. Apeztu-eta Donapaulen egon zen bikari eta gero Mehainen erretor. Baina bere gisakoa baitzen eta aski bihurria, laster Ziburura erretirarazi zuten. Han bere gain ikastorduak emaiten zituen, eskoletan zabiltzan gazte batzueri. Baina kofesatzeko eta predikatzeko baimena kendua zion apezpikuak.

        Zurrumurru asko bazebilen bertzalde haren gain. Hala nola, Amikuze aldean apez gazte zelarik, motor bat erosi omen zuen eta hura erabiltzeko baimena hartu, lehenetarik. Donapauleko jandarma-buruzagiak ordea, arras begietan zuen eta bide horietan maiz geldiarazten, lasterregi zoalakotz. Baina halako batez, gure bikariak aurkitu zuen jandarma-burua bera, bizikleta eskuan, bide bazterrean gelditua.

        Bizikletariak tresnaren arrastak hautsiak zituela ikusirik, apezak berak proposatu zion, bere motorrari soka batez lotzea, hiri nagusiraino heltzeko. Baina Donapaulera heltzearekin, gelditzeko orde, merkatu eguna izanki, bere motor burrunbarekin, su pindarretan, merkatuaren erdian sartu zen bikaria, jandarma-burua gorri belztua bazeramala, sokatik loturik. Irri ederrik egin zuten Amikuztarrek. Bainan ez ziokeen ertzainak aise barkatu apezari.

        Geroxago berriz, Ziburun gaindi, emaztekari fama bildu zuen Argelies-ek. Ez dut uste horrelakorik bazen, baina itxurak bere kontra zituen. Ezen auto bat baitzuen, gauza arraroa orduan, gertatzen zitzaion emazte kazkarota batzu, Ziburutik Ibardineko Benttetara, erosketen egitera, beribilez eremaitea.

        Etxerakoan, Herburuko guardek ongi ezagutzen baitzuten, maiz beribila geldiarazten zuten eta beti galde bera egiten jabeari: «Zer daramazu sotana handi horren azpian gorderik?». Eta bertzeak beti errepusta bera omen: «Ez hori hunki!... emazte haukientzat baita!...»

 

        Debidart erretora

        Sortzez Senpertarra zen, Debidart gure erretora, pilotaria izana, besoz eta bozez azkarra. Oloruen egona zen erakasle, gaztetan, eta ondotik, Hazparneko misionestegian predikari. Politikaz erregezale amorratua zen eta bere alderdiko politikari lagun anitz bazituen. Ezin zuen jasan «La Marseillaise», errepublikazaleen «kantu paganoa». Behin baino gehiagotan kofesatu izan naiz harekin, kantu tzar hori kantatu nuela aitortuz.

        Bera halakoa zelakotz, asko ixtorio izan zuen erretor zelarik: Behin Uxaeneko atean zagolarik, bi mutil arrotzek trufatu zuten, belearen karranka eginez. Berehala lurretik harri kozkor bat hartu eta mutil bat kolpatu zuen.

        Bertze behin, adinaren aldetik bi egun eskas zituen mutiko bati komunione handia ez zion eman eta horren amarekin hizkaturik, ondoko igandean prediku alkitik bota zuen: «Ez da bada ene falta haur horrek bi egun eskas baldin baditu. Aski zuen bi egun lehenago sortzea!».

        Bozetako denboran ere, bere burua sobera erakutsirik, zenbait liskar eta ernegu izan zituen.

        Dena den, ni apeztu aitzin hil zen. Ziburun. Lerenbururen klinikan. Azken hatsetan zelarik deitu ninduten Seminariotik, haren ondora. Rekalde apeza, Ziburuko erretora, «Xalapart» deitzen zutena, etorri zitzaion ikustera: apez torropilo, tipi bat zen, gaitzeko bozarekin. Beti oroituko naiz nola boza altxatuz erran zion ene erretorari: «Debidart! Hiltzera hoa! Errak kontrizionezko akta! Ematen daiat absoluzioa!». Bertzerik gabe, hil zen Debidart, nik maite nuen erretora.

 

 

AZKAINGO POLITIKA

 

        Ene haurrean, «Action Française», Frantziako erregetiarren mugimendua sustengatzen zuten katoliko anitzek; eta izen bereko egunkaria hartzen zuen apez askok. Gure erretora ere horietarik baitzen, haren agurtzera etortzen ziren bakantzetan Charles Maurras, Léon Daudet eta mugimenduaren gidari nagusi zenbait. Neronek horrela ezagutu nituen.

        Bainan Pio XI. aita saindua gogorki jazarri zitzaion «katixima» berri horri. Gogoan dut, igande batez, Donibaneko elizan, entzun nuela Irigoyen jaun bikaria, aita sainduaren kondena irakurtzen: «Action Française» delako kazetaren harpidedunek ez zutela izanen ez absoluzionerik ez komunionerik ez elizako ehorzketarik.

        Donibandar zenbait gaztigupean erori ziren. Euskal Herriko apezik ordea ez dut ezagutu, Erromako eliza arbuiatu duenik horrengatik. Gure erretorak ere harpidetza utzi zuen, nahiz, badakit egunkariaren zenbaki bat edo beste irakurtzen zuela aste guziz, bere ustez, kontzientzia gehiegi kargatu gabe.

 

        Karlistekin

        Mugaldeko jendeak aspaldian izan ditu harremanak Hegoaldeko politikarekin eta politikariekin. Hazparnen ezagutu nuen Mirande erretor Ziberotarra: Guarda seme izanez Dantxarian sortua baitzen, honek askotan kondatu daut nola haurrean, 1874ean, ikusi zituen Karlistak beren Peñaplatako azken bataila galdu-eta. Ainhoara ihesi etortzen.

        Neronek ez dut Santakrutz apeza ezagutu, baina ene ama Lesakarra baitzen, harekin ibili soldado frango ikusi ditut eta beren balentriak kondatzen entzun. Apez gerlari famatuaren makila ere eskutan ukan dut.

        1930eko hamarkadan, Espainian errepublika jartzearekin, eta 36eko gerla piztu aitzin, Azkaine Haranederrean zerbitzari zelarik ene arreba, hotel horretan egonaldi luzeak egiten zituen Jaime Bourbon eta Parma-koak, Karlisten erregegaiak, Maria Bragantza-koa bere emaztearekin eta beren segida guziarekin.

        Heiekin biltzen ziren bertzalde Karlista buruzagi handiak. Espainiako errepublika uzkaili beharrez eta Italiatik armak erosiz beren bataila prestatzen ari zutela jakin ginuen. Gehiago oraino, haren mezaren entzutera baitzoan egun oroz Jaime erregegaia, jaun erretorak salatu zaitan, bazituela printzeak bere zalantzak eta kontzientziako arrangurak.

        Segeretu horiek aipatu omen ziozkan Azkaingo apezak Baionako apezpikuari, bainan honek gomendatu zion artoski, ez zedin neholaz ere sar saltsa horietan. Geroago ordea, gertatuak gertatu eta ikusiak ikusi, kezkatu zen gure erretora, bera ez aski garbi mintzaturik Karlisten buruzagiari, gerlabidetarik urrun zedin, ordu zeno.

 

        Udatiarrekin

        Beste jende motarik ere ikusi dut ordea. Azkainen ene gazte denboran, hala nola, udatiarren artean maiz etortzen zitzaigun Angleterrako erregegaia, Gales-eko printzea, erregetu orduko emazte dibortziatu batez maitemindurik, erregetzari uko egin ziona. Asko maite zuen bere panpinen erdian, apez eta apezgai sotanaduneri beha egoitea, pilotan ari ginelarik Azkaingo plazan.

        Bertze udatiar batzu berriz Bordeletik heldu ziren gure herrira. Ez zitzaion agrada gure erretorari ni heiekin adiskidetzea: «demokratak» baitziren François Mauriac frantses idazle famatua eta haren familia; hots, haren emazte eta haurrez bertzalde, haren bi anaiak: bata Pierre, mediku handia, politika gaietan François-ren ideietarik biziki urrun zebilana eta, anaiak ez bezala, Pétain, Laval eta eskuinaren alde agertuko zena; bertzea apeza eta egiptologo jakintsua, baina Andrieux Bordeleko kardinalearekin gaizki heltzen zena, eta azkenean, bere buruaz beste egin zuena.

        Azkainen egon zen uda hartan, oroitzen naiz nola Mauriac apezak erran zaitan idazki batzu bazituela, notario bati utzi nahi zizkionak, bera hil-eta, 50 urteen buruan bakarrik, agertu behar zirenak. Bainan ez dut geroztik paper horien berririk izan nehondik.

 

        Irakasle eta ikasle

        Une haietan ikasketak egin nituen lehenik Hazparnen eta gero Uztaritzeko apezgaitegian. Hor nuen ezagutu, bertzeak bertze, Piarres Lafitte, ene Euskaltzaindiko sarrera hitzaldian aipatu dudan bezala.

        Baxoarekin despeitu nuen Uztaritzeko denboraldia, azterketak egiteko ikasle lagunekin Bordelera eginez oroitzeko itzulia. Han aurkitu genituen alabaina Uztaritzeko ikasle ohi zenbait, eta bereziki Michel Diharce, «Pintxin» Donibandarra. Michel Diharce hori, Ganix Diharce «Iratzeder»-en anaia gehiena zen, gero, 1940eko gerlan hil beharra.

        Orduan unibertsitatean zebilen eta aski ezaguna zen lagunen artean: irakasle bati egina zion jukutria txar bat, frango garesti ordaindu zuena. Ez zuena bada egunkarietan jakinarazi delako irakaslea hila zela eta holako egunean ehortziko zutela? Pentsatzeko da zen eskandala sortu zuen gezur horrek. Hobenduna auzitara deitua izan zen eta gaztigatua.

        Ez baitzen halere lotsakorra, gure Michel, Bordelen izan ginelarik ikusi ginuen oraino. Bordeleko ferien karietara, manifestaldi baten muntatzen ari, «Quinconces»-etako plazan, ikasle lagunekin. Deus ordaindu gabe ferietan sartzeko baimena zuen eskatzen, deiadarka, Donibandar gazteak, «gaixo aita familiako errumesentzat».

 

aurrekoa hurrengoa