www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Oroitzapenak
Piarres Larzabal
1979-1821, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VII), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkarlanean, 1998.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ETXE ALDAIRA (1959)

 

        1959an utzi nuen ene kapera, nere erretor etxean sartzeko. Auzoek lagundu ninduten aldaira egiten. Esker on gisa, afari bat eskaini nioten deneri nere egoitza berrian eta, zenbait egun geroxago, itzuli bat egin ginuen elkarrekin. Baigorrin gaindi, Izpegiko lepoan.

        Geroztik, sakramendu saindua ezarri nuen elizan eta han berean ematen nuen ere meza egun guziez. Kapera zen nere egoitza ohia aldiz saldu nuen.

 

        Lehen bataioa

        Une berean, buruilaren 13an, eliza berrian egin nuen nere lehen bataioa. Jakes Ortiz-ena izan zen, atsegin izan bainuen, zeren haurraren ama, Beronika, izan baita beti elizaren artatzeari atxikia. Zuzen zen haren haur batek estreina zezan bataio harria.

        Elizan ezarriak ziren beraz ateak eta ezkila, bainan bazen oraino asko lan egiteko. Pirka-pirka heldu zen laguntza handik edo hemendik. Egun batez Donibanen hustu zuten Ospitaleko kapera. Passicot komandantearen alarguna zen horgo buruzagia, andere Passicot Zokotarra.

 

        Passicot «komandantea»

        Delako komandanteari bere gradua emana zioten gerla denboran, eta bere izena bazuen ere Zokoako karrika batek. Bizkitartean komandante hori ezagutu nuelarik, bizi izan nituen horrekin harreman lazgarriak.

        Jakin behar da anaia bat banuela, 32 urtekoa, bi haurren aita. Alemanen denboran jende pasan ari izana Frantsesentzat Espainiara. Alemanak hemendik joan zirelarik, Passicot komandanteak ezarri zituen bere soldadoak mugazain. Soldado horiek gehienak hogoi urtez azpiko mutil gazte batzu ziren, nornahi errexki tirokatzen zutenak. Egun batez, nere anaia beldu zen Beratik, bere emaztearen familian lauetakoa eginik lagun batekin. Muga pasatzean, Passicoten mutikoek tirokatu zituzten nere anaia eta haren laguna. Nere anaia hil zuten.

        Nahiko nuen, haurrek ukan zezaketen laguntzarengatik, heriotze hori eman zedin armadaren gain, bainan Passicotek ez zuen hortaz fitsik jakin nahi: «Halte!» oihua entzun-eta, ihesi joan omen zen nere anaia eta hortakotz tirokatua izan zen, holetan. Hori gezur hutsa zen, zeren Alemanen denboran Frantsesen alde lan eginik medaila ukaiteko aiputan zelarik, ez zuen nere anaiak nehora ihes joateko arrazoinik.

        Dena dela, eztabaida gogorra izana nuen Passicotekin. Ba ote zekien deusik hortaz haren alargunak? Ez dut uste... Emazte bihotz onekoa zen eta egia jakin balu bertzela gurutzatuko zen nerekin. Gure elizari eman zion sakristiako armairua, komunioneko mahaina eta belaunikatzeko alki bat.

        Nere anaiaren hiltzailea aldiz, ezagutzen ginuen, 16-17 urteko mutiko tzar bat zen. Hiltze horren ondotik, lekuak hustu zituen Biarno aldeko baserri batera. Han ere ez zuen gauza onik egin. Nagusiak ohointzan hatzemanik, hura garbitu zuen ihiziko zizparekin. Jandarmek altxatu-eta, eskapatzera utzi zuten. Hura, hilaren etxera itzuli zen eta etxekoandrea hil zuen arma berarekin. Lau urteko haurra berdin garbituko zuen, kartutxarik izan balu. Gero, auzian, bizi guzikotz presondegira kondenatua izan zen, bainan zenbait urteren buruko askatu zuten.

        Orain, mutil horrek irakur balitza lerro hauek, erran nahi nioke, gure etxeko norbait bere bidean aurkitzen badu, ez duela ihes joan beharrik. Ez dugu ahantzia, ez baitira holakoak ahanzten, bainan barkatua diogu girixtinoak baigira.

 

        Nere auzia

        Bizia borroka da. Ez hala nahi dugulakotz, bainan Jainkoak hola egin duelakotz. Borroka urtea izan zen neretzat 1959 urtea. Algeriako gerlan sartua zen Frantzia eta jendea azkarki mintzo zen gerla horren alde edo kontra. Jada gure herri gehienetan baziren gazteak gerla hortan hilak. Nere kusi urrun Getariar apezgai bat hil berri zen. Zokotar bat ere erori zen: Echaide familiako René, beren seme bakarra.

        Orduan, kazetaritzan apur bat ari bainintzen, artikulu bat agertarazi nuen, «Herria» astekarian, erranez, aski odol baginuela ixuririk Algerian, bereziki guk, Euskaldunek, ez baikinuen deus onik igurikatzen ahal gerla hortarik. Behar zela beraz bake solasetan sartu eta gerla hori lehen-bai-lehen bururatu.

        Tixier-Vignancourt deputatu eskuindarrak, artikulu hori ezarri zuen Piarres Lafitte, «Herria»ren zuzendariaren gain, eta hau auzitaratu, Frantziaren saltzaile bezala salatuz. Nik ordea, nere burua agertu nuen eta ni nintzela artikuluaren egilea jakinarazi. Deputatuak hortan niri buruz itzuli zituen bere armak: igorri zituen Baionako soldado parasolari batzu, nere kontrako paperak eta kartelak hedatzeko, gauaz, Zokoako murru eta bazterretan. Goizaldera, jeikitzean ordea, Zokoako emaztek paper horiek ikusi zituztelarik, denak urratu eta suntsitu zituzten. Hortaz atsegin izan bainuen. Auziak halere, frango luze iraun zuen. Ororen buru, libro utzi ninduten, demendreneko zigorrik gabe.

 

        Bigarren konfirmazionea

        1962ko maiatzaren 2an, arratsaldez, izan ginuen Zokoan bigarren konfirmazionea, Gouyon apezpikuak emanik. 38 haur baziren aldi huntan konfirmatzeko. Ohorezki hartu ginuen Baionako apezpikua, arrantzale arraunez inguraturik, elizarako bidean.

        Nekatua eta presatua baitzen jaun apezpikua, arinki jan ondoan, laster urrundu zen Zokoatik. Halere joan aitzin, sar-jalgi bat egin zuen, ama familiako gazte bat, min biziak joa zuena, Josefina Larre, Xango-baitakoa, agurtzeko. Jendeak asko estimatu zuen haren egitate hori.

 

 

ARRANTZALEEKIN 10 URTEZ

 

        Zokoara etorri nintzelarik 1951n, baziren parropian 70 arrantzale eta arrain kontserbategietan 120 langile. Beraz Zokotar gehienak arrantzatik bizi ziren eta kasu berezia eman behar nioten arrantzaleeri. Ez zen aski noizean behin xipiroi arrantzan aritzea, itsasontzi batzuen benedikatzea edo heietan pasaiatzea. Behar nituen hurbildik ikusi arrantzaleek beren lanbideetan zituzten arrangurak eta gorabeherak. Hortakotz hoberena nuen eskuz-esku jartzea, Idiartegaray, arrantzaleen omonierarekin.

        Kaiet Idiartegaray zen, gorputz larriko gizon bat, indar gaitzekoa, pilotaria, arraunlaria eta ihiztaria. Izpiritu ernea zuen, Erroman teologia ikasia. Haren mailako ikasle batzu jada apezpiku ziren. Bolbora bezain bizia baitzen, berdin muturreko bat nor-nahiri emateko prest zen, hasarretzen zelarik eta sakreka hasten. «Gizon debru hori!» zioten hartaz jendeek, bainan bihotz onekoa baitzen, bazuen anitz adiskide.

        Bi maitasun berezi bazituen: Ama Birjina eta... xoriak.

        Bularretarik eri zelarik gaztetan, Lurdeko Amak mirakuiluz sendatu omen zuen. Soldado zelarik sarjant batek zerbait larrikeria jalgirik Ama Birjinaz, Idiartegarayek zanpatu omen zuen delako aitzindaria eta gerlako auzitegira deitua izan ere zen horrengatik. Arrantzaleen apez zelarik, 1948an, Ziburuko portuaren sarreran jarri zuen, Muxkoa deitu etxe baten lurrean, Muxkoako Ama Birjina, arrantzaleen begirale.

        Erran behar da ere, bere arrantzaleen omonier lanerako ikasketa bereziak eginak zituela Bretainian Idiartegaray apezak, marinel aitzindari ohi, Lebret aita dominikano famatuaren gidaritzapean. Donibane Ziburura itzuli zelarik, omonierak bere ingurura bildu zuen, eta eskolatu, arrantzale gazte multzo bat. Lan horren ondorioz Donibaneko portuak izan zuen izigarriko hazkundea.

        Urte horietan, Donibaneko arrantzaleek, elkarretaratuz, berritu zituzten beren lan moldeak, muntatu beren koperatibak, beren segurantzak, beren itsasontziak, beren enkanta, beren kontserbategiak, beren eskolak. Laster gure portuak bildu zuen fama gaitza eta ikusleak etorri ziren urrundik: Poloniatik, Indiako Keralatik, Afrikatik.

        Afrikako Dakar aldera buruz abiatu ziren hain zuzen orduan, atunketa. Donibaneko arrantzaleak, 1956ko hazilaren 4ean, ospatu ginuen lehen partiada: Larrart apezpikuak egin zuen lehen 22 ontzien eta 312 gizonen benedikatzea.

        Ondoko urtean, 1957ko hazilaren 27an, izan zen Gouyon apezpikuak kaian eman mezaren ondotik, bigarren partiada, 40 bat ontzi eta 400 bat gizonekin. Sekulako jendea bildu zuen besta horrek.

        Arrantzaleen eta heien etxekoen arteko lokarritzat asmatu ginuen orduan, «La Croix du Sud», euskarazko eta frantsesezko sei-hilabetekaria, ateratzea. Idiartegarayek eta nik, bi apezek egiten ginuen gehiena. Arrakasta zabala izan zuen eta Kaiet Idiartegaray hil arte iraun zuen.

        Zorigaitzez, anitz eta luzaz pairatu ondoan, 1965ean hil zelarik arrantzaleen apeza, galtze handia izan zen Donibane Ziburuko portuko jendearentzat. Laster politika eta zatiketak sortu ziren, egoera aldatu zen eta nere ikuspegia agertu nuelarik, aldi bat edo bertze, entzun nituen nereak eta asto beltxarenak. Orduan baztertu nintzen mundu hortarik.

 

 

ZOKOAKO BI MISIONEAK

 

        Ni erretor nintzelarik bi misione emanak izan ziren Zokoan. Lehenean, Belokeko bi beneditano ziren predikariak, aita Martin Senpertarra eta aita Leon Urruñarra. Bi misiolari moda zaharrekoak —ez baitu erran nahi arrakasta gutikoak— bat ala bertzea funtsezkoak, zintzoak, oraiko munduari idekiak.

        Bertze misionea eman zen kostaldeko parropia guzietan. Hor misiolari batzu euskaldunak ziren, bainan gehienak arrotzak. Frantzia guzitik etorriak. Bigarren misione huntan egin ziren inkesta anitz, ikertzeko non zer jende mota bizi zen, zer mundutarik ateratzen ginen zer mundutan sartzeko, nola behar zitzaion mintzatu jende mota bakotxari. Misione hunek nahi zituen jendeak argitu eta iratzarri. Lehenak zeru eta zerurako bidea zuen gehienik aipu. Bigarrena lurraz zen gehiago mintzo eta zerua lurrera jautsarazteaz.

        Misiolari guzien artetik, Zokoan oroitzapen bereziena utzi zuena izan zen, nik uste, kaputxin bizardun bat, ez baitezpada bertzeak baino sainduago zelakotz, bainan beharbada ez baitzen hura baino «herrementagorik» agertu.

        Kaputxin hori, sortzez Tarbes-ekoa, gaztetan metalgintzan langile izanik, berant apeztua zen. Erdi anarkista, erdi komunista itxura zuen, bainan beti oso Jainkotiarra agertzen zen aita Yves.

        Gerla denboran aita Yves egona zen, ni bezala preso, Magdeburg ondoko preso-zelaian. Bazuen jadanik balentria ederrik eginik eskualde horietan, bainan gerlatik landa, bere kaputxin lanera itzuli-eta, Belgikako mugan misione bat ematen ari zelarik ikaztoki batzuetan, bere solas eta predikuetan zerabiltzan gordinkeria batzuengatik buruzagiek baztertu zuten eta Frantzia hegoaldera igorri.

        Horra zer famarekin hurbildu zitzaigun Euskal Herrira gure aita kaputxinoa. Ez dut errate beharrik ez zutela «parropia handietako» apezek misionearentzat berek hartu nahi izan. Gogotik utzi zuten denek neretzat. Nik hartu nuen bihotz onez eta airoski. Ez dezaket erran beti ongi elkar aditu ginuela. Gorabehera batzu izan genituen bien artean eta jasan ukan ditut onartzen ez nituen haren jokamolde batzu. Halere jende anitz biltzen zuen bere predikuetara eta segur Jainkoa hartaz baliatu zen bihotz gogor batzuen guritzeko.

        Irri ederrik egin izan dugu Zokoan, aita Yves-ekin. Hala nola, elizan predikatzeko partez, «La Cité» auzoko sala batean egiten zituen maiz bere predikuak edo, hobeki errateko, jendeekilako elkarrizketak. Ez zuen maite ni hor aurkitzea, mozten omen nion bere solas iturria. Halako batean, emazte batek atera zion ez zuela kofesatzea maite. Bertzenaz ere, apezek deus ez zekitela senar-emazteen arteko gorabeherez, ez zirelakotz berak ezkonduak. Misionestak ihardetsi zion: «Ez din balio emaztekia, hemen holakorik kondatzea. Hemengo erretorak ikusiak ditin parropia guziko emazteen gibelaldeak!». Bazekiten alabainan denek han, erizaingoan ari nintzela. Kaputxinoaren ateraldia errepikatu zen luzaz Zokoan eta inguruetan.

        Bertze behin proposatu nion misionestari Arantzazura joatea, orai Sarako erretor den Mixel Idiart lagun. Arantzazuko hotelean, bazkalorduan, egun hartan erretreta egitera etorriak ziren adineko emazte batzuek betetzen zuten jantokia. Xoko batean onartu gintuzten halere hiru apezak, ixilik egotekotan. Bazkaria aitzina zoala, behako emanez inguruari Kaputxinoak Mixeli eta neri atera zaikun, ahapetik: «Hauxe bada, zein itsusiak diren barne huntako emaztekiak! Segur ez die horiek tentamendurik piztuko». Nik ere ahapetik ihardetsi nion: «Hago otoi ixilik, ez dukek hik engoitik tentamendu handirik!». Bainan orduan harek bota zaitan bere handietarik larri bat: «Uste ez baduk ere, ene zaharrean, goiz guziez atzartzen nauk meta ziri baten aitzinean!».

        Ateraldi hori entzunik, irri-karkaraz zapartaka hasi zen, gora-gora, Mixel gure laguna. Bere irria nehondik ezin tapatuz baitzegoen, atso guziak, harriturik, hasi zitzaizkion «Ixo, ixoka!». Ez gintuen nahi bezain zalu lekuak hustu.

        Noizbait halere, aita Yves eta nere artean aroa goibeldu zen. Huna nola: Erran eta erran ari nintzaion zenbait egun hartan, ez zitzala haurrak abusa, egiten zuen bezala, bere larderia galtzen ari zuela. Alabaina, haurrek bizarra hunkitzen ziotelarik, jostatzeko, berak ahuntz marraka batzu jalgitzen zituen.

        Haurrek bakantza zuten ortzegun batez, erabaki ginuen, nik meza emanen nuela berak haurrak gobernatzekotan. Urte hartan, katiximako handienak frango nekosak nituen. Meza hasi aitzin, entzun nituen sekulako irrietan ari aita Kaputxinoarekin. Zorigaitzez, meza hasi-eta ez ziren irriak ixildu. Kaputxinoak ahoa ideki orduko haurrak irriz. Azkenean apeza kexatu zen eta oihuka hasi. Haur batzu zaflakatu zituen eta belauniko ezarri. Komunioneko artean iduri zuen korrida leku zela gure eliza.

        Nik ez nuen ahorik ideki. Bainan meza bukatu orduko, jestu batez haurrak ixilarazi nituen eta erran nioten: «Aski komedia! Goazen otoitzari!». Hortan gure Kaputxinoa aztoratu zen; hitzik erran gabe elizatik atera eta ez zen Zokoara itzuli biharamun arte. Gero jakin nuen Baionako kaputxinoetan egon zela arte hartan. Gertakari hortaz ez ginuen hitzik atera gure artean.

        Gure misionearen ondotik laster, aita Yves hil zen, istripu batean kamiun batek leherturik. Bihozmin handia ukan nuen hortaz eta adiskide zenbaitekin meza eman ginuen harentzat.

 

 

ESKALEAK

 

        Aitzineko egoitzan bezala, Zokoako etxe berrian mota guzietako eskaleak hurbildu zaizkit. Oroit naiz, etxe berri hortan sartu berri nintzelarik, goizetan bortzetan atea jo zaidatela. Hor zeuden berrogoi bat Portuges, batzu 15-16 urtekoak. Itsasontzi batean sartuak ziren Portugalen eta gauaz ixilka jautsirik Zokoako portuan norbaitek ekarriak zituen nere etxe aitzinera. Goseak hilak baitziren denak, jo nuen presatuenera: mahainean eman niozkaten nituen jateko guziak eta gero berak berotzen ari zirela kafe bero zorta bat prestatu nioten.

        Gero, ez zen errex elgar aditzea: heiek ez zekiten frantsesik, eta nik ez nekien portugesik, «Michelin» bideetako karta harturik, erakutsi nioten non ginen eta nondik joan zitezkeen Donibanera, treina hartzera, hura nahi baitzuten. Kontseilatu nioten joatea ez denak batean, bainan multzo tipika. Biharamunean ikusi nuen egunkarian, gehienak hartu zituztela jandarmek eta mugara ereman.

        Portugesak bezala, bertze anitz jende etorri zaizkit lan eske. Batzu presondegitik berrikitan ateraiak. Bertze batzu Espainolak edo Frantsesak Algeriatik etorri berriak eta bertze asko mota. Jende horiek oro igortzen nituen lehenik, lana hatzemaiteaz ardura zuten bulegoetara, kasik beti debaldetan. Neronek norbaitentzat hatzeman banuen lan bat, mingarriena zen gero jakitea, batzuetan gertatu zaitan bezala, xoria lanetik airatu zela diru zerbait ebatsirik.

        Bazen bertzalde jende kopuru handi bat zuzenean diru eske heldu zena neri buruz:

        Baziren hauetan batzu, berdin jaun ematen zutenak. Ez omen zuten ohointzari lotu nahi; diru puska bat eskatzen zuten zenbait egunentzat, gero laster itzultzekotan. Bertze zenbait, aldiz, herrestak ziren, bizimolde legezko bati uko eginak, denen bizkar bizi nahi. Bainan azkenean baziren ere ohoinak.

        Ezin da sinets zenbat jukutria asma dezaketen jende batzuek ohointza egiteko. Horien ezagutzeko, jakin behar dena da: 1.-ik, beti dirua eskatzen dutela, ez jatekoa edo aterbea. 2.-ik, beti diru asko behar dutela, bidaia luze bat egiteko edo hoteleko gastuak ordaintzeko eta hola. 3.-ik, beti norbait direla, txeke karneta badute, telefonoa ere bai eta jende ohoragarri eta ezagunen bermea.

        Mota hortako jendeak enganatu nau halere ni ere, behin edo bertze. Jaun bati adibidez, ordaindu nion Pariserainoko bidaia, baizik eta Espainiatik heldu zela eta han paper guziak lapurtu ziozkatela. Ene etxetik telefonatu ere zion adiskide miriku bati abisatzeko eta haren bermea neri emateko. Bainan ondotik ez nuen gehiago sekulan ikusi ez gizon ezagunik, ez miriku adiskiderik, ez aitzinatu dirurik.

        Noizean behin, ohoinak jazartzen ziren ere gure elizari. Lauzpabortz aldiz hustu dute diru-untzia edo lapurtu aldareko ganderailuak eta kobrezko ontziak. Behin neronek zelataturik, elizako sakristian hatzeman nuen lapurretan ari zen ohoin bat. Hendaiatik jina baitzen, hara itzuli zen, bainan poliza-etxera.

 

 

ERREBELATUAK

 

        Bizkitartean, mugari hurbil bizi izanez, muga horren gainetik, errebelaturik, hara-hona zebilen anitz jende mota nere etxean ikusi ukan dut. Hala nola, arrats batez, eliza aitzinean, 16-17 urteko mutiko batek deitu ninduen. Erran zaitan, espainolez, langabezian izanik. Bidasoara jauzi egin zuela Hondarribian, Frantziara igerika iragaiteko, bere adineko bi lagunekin. Bera iritsi zen honaindira, bainan bere lagunen berririk ez zuen. Laster jakin nuen bi mutilak jadanik hatzemanak zituztela urean itoak. Hirugarrena, lehen-bai-lehen, neronek lagundu nuen mugaz bertzaldera.

        Bertze behin, negua zen, arrats iluna, ortziak eta ximistak ari, norbaitek jo zuelarik nere etxeko atean. Idekitzean, 13 bat urteko mutiko kozkor bat agertzen zait. Sartu orduko, belauniko ematen da nere aitzinean erranez: «Aita, kofesa nezazu!». Erdi irriz ihardesten diot: «Zergatik nahi duk kofesatu? Haugi lehenik nerekin afaltzera! Gero mintzatuko gaituk».

        Mahainean, zenbait ixtorio kondatu niozkan mutikoari, eta hunek orduan salatu zaitan. Châlons-sur-Marne-koa zela eta eskolan nota txarrak izanik, etxera sartzeko beldurrez, aitak joko zuelakotz, Espainiarako treina hartu zuela, ihesi. Bere aitzinean, aitari telefonatu nion berehala, erranez, biharamun goizean haren semea sartuko nuela Pariseko treinean, otoi har zezala. Ebanjelioko aitak bere seme «prodigoa» bezala. Zenbait egun geroxago ukan nuen burasoen eskutitz bat, beren poza errateko eta eskerren bihurtzeko.

        Handik laster, igande goiz batez, ezkila dorrera nindoalarik lehen meza deia jotzera, han aurkitu nuen lo, hogoi bat urteko mutil gazte bat, elizako tapiza batean ingurikatua. Iratzartzearekin, aitortu zaitan Clermont-Ferrand-ekoa zela, eta bere andregaiaren ikustera etorria zela Zokoara mobyletean. Delako andregaia, hilabete batentzat jina omen zen Zokoako belakari eskolara, eta bi gazteak hitzartuak ziren, elkar ikusiko zutela elizan igande goizeko mezaren ondotik. Meza ondoan ikusi nuen emaztegaia eta biak gomitatu nituen gosaltzera.

        Bainan garai hartan gertatu zait bertze ixtoriorik. Gure bizileku goxoetan uda iragaiteko dirurik gastatu gabe, uda hastapenean hona buruz abiatuak ziren hiri handietako emagaldu batzu, etxez-etxe zebiltzanak, beren «lana» eskainiz, jan eta loaren truke. Etxe batean segurik, heien tratua onartu zuten. Nere etxera ere norbaitek igorri zituen halako bi pika, bainan laster konpreniarazi nioten sehirik gabe izanagatik ez nuela heien zerbitzuen beharrik.

        Gaixo «kreatura» horietarik bat, bizkitartean, Alemanek itsas-hegian utzi «blokhauss» batean beregain lotu zen lanari. Handik denbora pixka baten buruan, norbaitek abisatu ninduen delako emagaldua eri zela, eta arras eri. Joan nindakion ikustera eta, ikusiak iziturik, deitu nuen adixkide miriku bat. Honek paperak eginik, Zokotar presuna on batek ereman zuen ospitalera.

        Zenbait egunen buruan, goxoki batzu erosirik, joan nintzen eriaren bisitatzera. Haren gela galdegin niolarik artatzen zuen ospitaleko serora mokor bati, esker tzarra izan nuen: «Ez ahal dakizu nor den emazte hori?», «Zer zaitzu zuri?», ihardetsi nion beretik. Bainan ni ikustean, nere opari tipia eskutan, nigarrez hasi zitzaitan gaixo eria: «Ez nuen uste oraino nehor oroituko zela nitaz!».

        Eta bere bizi tristea kondatu zaitan: Hamasei urte zituelarik, sehi igorri zuten; gizon batek enganatu eta haur tipi batekin utzi zuen. Haur hura hazteko, bere sehi irabazia joritzen zuen bere gorputza alokatuz. Bainan bere sehi lana galdu zuelarik, bigarren lanbidea baizik ez zitzaion gelditu, eta azkenean, ustez gehiago irabaztea, etorri zen Euskal Herriko itsas-hegira. Hemen ordea, aurkitu zuen langabezia eta eritasuna, eta, agian, zeruko bidea... zeren eta ene bisitaren ondotik ]aster hil baitzen. Ez zituen oraino 35 urte eginak. Neri presuna gaixo horrek eman daut bizi guzirako erakaspena, Ebanjelioan aurkitzen dena: Emagaldu zenbait sartuko direla zeruan, beren ustez saindu handi diren batzu baino lehen.

        Ez dira ordea heriotze guziak berdinak. Hori frangotan frogatu izan dut. Atso xahar bat banuen auzoan, edariari emana. Haurrak haren trufan ari zirelarik zaintzen nuen eta bere etxera berdin laguntzen. Hiltzera zoala oharturik, gogotik onartu zuen apeza deitzea. Orduan ikusi nuen deus ez zekiela erlisioneaz, ez baitzen behin ere katiximan ibilia. Aipatu niolarik Ama Birjina hauxe erran zaitan: «Zuk sinesten duzunaz geroz, nik ere sinesten dut». Agur Maria eta kontrizionezko akta hitz laburrez errepikatu zituen nere ondotik, absoluzionea eman nion eta hil zen.

        Kasu hortan bi puntu finkatu ziren betikotz nere baitan: lehenik, zein beharrezkoa den haurreko katixima eta bigarrenik, elez baino obraz, miletan hobeki erakasten dela.

        Alta ez nagoke bertze heriotze bat ere aipatu gabe: Zokoako mugan, Urruñako aldetik, caravaning batean bizi zen udatiar gizon bat. Hendaiako miriku bat jin zitzaitan gau batez abisatzera, delako gizon hori hiltzera zoala eta nerekin mintzatu nahi zuela.

        Gau betean, joan nintzen beraz eriaren ikustera: Gizon ttipi txar bat zen, pijama soinean eta zutik bere karrosan. Heldu orduko erran zaitan ez ninduela apez bezala deitzen, bainan gaua luze zitzaiola bere bakartasunean, eta zerbitzu egilea nintzela entzunik, neri dei egitea lagun bezala, pentsatu zuela. Orduan gure arteko elkarrizketa bitzi bat hasi ginuen: nik nahi nituen haren gogo-bihotzak Jainkoari buruz itzuli eta hura ez zitzaitan mintzo bere denboran bereganatu zituen emazteez eta emaztegaiez baizik.

        Goiz aldera, meza erran behar bainuen, urrundu nintzen handik eta goiz hartan berean hil zen ene gizona. Ez dakit familiakorik nehor bazuenetz, ez zen hasteko nehor agertu nigana.

 

aurrekoa hurrengoa