www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Oroitzapenak
Piarres Larzabal
1979-1821, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VII), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkarlanean, 1998.

 

 

  hurrengoa

NERE AITORMENAK

 

        1981eko uztailean gira. Buruan sartu zait behar dudala liburu bat hasi. Zertaz idatz ordea? Ezagun asko etorri zaizkit ene biziko oroitzapenak behar nituela kondatu. Egia erran, banuke zer konda. Baina ez da errex oroitzea zer eta non gertatu den eta, zuzen, haren erraitea. Hortakotz bertze jokamolde errexago bat hartuko dut: Gogora heldu zaizkidan bezala, batere segidarik gabe, ene biziko zenbait ixtorio salatuko ditut. Agian ez dira izanen aspergarriak bainan, batzuetan bederen, irringarriak!

        Batzuek pentsa dezakete burua galdu dutala, lan honi hola lotzeko, eta zuzen dabiltza, baina buru nahasiak ere behar dira, buru argien abusagailu. Goazen beraz buru xoro lanari!

 

        Otoitzeko gizona

        Askoren ustetan, ni antzerkigile komedialari bat naiz, oroz-gainetik. Gutik duke pentsatzen otoizlari bat izan naitekeela. Bizkitartean anitz aldiz, gauaz eta egunaz, Jainkoarekin eta haren sainduekin kurutzatzen naiz, eta luzaz goxatzen. Nere eguneroko mezari errotik atxikia naiz, eta orain arte. Jainkoak egin daut grazia, meza horren erraiteko Zokoako elizan.

        Nori otoitz egiten diotan? — Lehenik Trinitate Sainduari eta, Hirutasun horren artean, usu eskatzen diot Izpiritu Sainduari, argia eta indarra. Kasik egun guziz orai. Izpiritu Sainduaren meza bera erraiten dut, eta beti euskaraz.

        Gero otoitz egiten diotet Lurdeko Amari. San Joseperi, gure Zokoako San Frantses Xabierreri, euskaldun saindu ezagun eta ezezaguneri. Jondoni Petri ene patroinari eta Santa Teresa Lisieux-koari.

        Anitz laguntza izan dut «nere» sainduenganik. Nere sinestea da, ez dutela mundu huntako nausiek erabiltzen mundua, baina bai, Jainkoak berak eta bereziki Izpiritu Sainduak.

 

        Lurdeko Ama eta ni

        Lurdeko Amari atxikia izan naiz betitik, pentsatzen baitut nehon ez dela gure Zeruko Ama, Euskal Herritik hurbilago agertu, Lurden baino. «Lurde» eta «Soubirous» izenak, ez ote dira euskal harikoak?

        1922.an, zazpi urte nituelarik, izan nintzen lehen aldikotz Lurden, gure etxen bakantzetan ziren bi emazte frantses jainkotiarrek eramanik. Hôtel Soubirous-era joan ninduten eta hoteleko nagusia, adineko gizon bat, santa Bernadetaren anaia gazteena zela erran zuten.

        Dena dela, geroztik beti jarraiki naiz Lurdeko beileri, eta santa Bernadetari. Luzaz gertatu tait, beilari joaten nintzelarik, gau osoa iragaitea hango harpean, bakartasunean eta otoitzean.

 

        «Tenora hurbiltzen ari»

        «Tenora hurbilago eta ezkila minago», dio erran zaharrak. Niri ere hori gertatzen zait: Urteak metatzen ari zaizkit eta nora noan jakin-nahia zorrozten.

        Guretzat fedezko egia da, mundu hunek bere bukaera izango duela. Sineste hori gogoan egoten naiz, askotan, pentsaketa. Idatzi hau idazten hasten dut nere gogoeten argitzeko eta nere pentsamenduen berri emaiteko.

        Ttipitako prediku battu, hala nola aita Duhalde-ren bat, Ifernuaz, gogoan ditut eta ere elizako kantika zenbait, hala nola. «Aditzen da tronpeta lazgarria...», bainan ene aldian, apez eta egiaren erakasle bilakatuz geroz, gauzak bertzela ikusten ditut.

        Adventista, Nostradamus eta sasi profeta batzuek diote laster munduaren akabantza dugula. «Hobe, hobe!... —diotet ihardesten— lasterrago bakea ukanen dugu». Aitortzen dut ez naizela batere beldur, mundua bururatzea guri (edo gu hari), ez munduaz etsitua naizelakotz, bainan gauzek hola behar dutela izan, zintzoki pentsatzen dudalakotz.

        Heriotzeari buruz, asko idatzi dut, bereziki azken denbora hautan. Buru lan huntan nahi nituzke agertu nere pentsamenduen oinarri lehenak.

 

 

LEHEN OINARRIAK

 

        Gure Jainkoak bizia egin du aldakorra

        Amaren sabeletik hasi-eta, zenbat aldiz ez da aldatu nere gorputza! Eta, zenbat aldiz nere izpiritua, bere ikuspideetan! Hortakotz, nere heriotzea ikusten dut, jadanik iragan ditudan aldakuntza horietarik bat bezala. Bat gehiago, eta bertzerik ez.

 

        Heriotzea da lurtiar bizitzearen bukaera.

        bainan zerutiar bizitzearen hastapena

        Lur huntako biziak iraupen laburra du, bainan zeruko bizitzearen iraupena da betierekoa. Hortakotz egiten da beti otoitz hilentzat.

        Atzo bezala hilak baitira eta ez baita «biharrik» betiereko bizian: hor ez da pentsatzen: «Bihar zer egin behar dut?». Hortakotz, ezin dut ulertu zergatik behar diren meza batzu erran, bederatziurrenean edo urtemugan eta...

 

        Heriotza ez da atsedena.

        bainan betiereko lan-hastea

        Ez da betiere hortan langabeziarik. Ez da ere laneko ordurik. Hor beti igandea da eta beti besta-eguna. Bainan lana izanen da. Jainkoaren adixkidetasunari, gure aldetik ihardokitzea.

 

        Lur huntako bizitzea da aprendizgoa

        Hortarik etortzen den ofizioko denbora baino iraupen laburragokoa da aprendizgoa. Hor egiten da ofiziora preparatzea edo atzartzea.

        Betiereko ofizioa izango dugu, gelditu gabe Jainkoa adoratzea eta otoiztea. Ofizio hortara behar dugu oraidanik preparatu. Hil-eta berehala pasatuko dugun gure etsamina izanen da, ean lur huntako bizitzea ereman dugun Jainkoa maitatuz eta otoiztuz.

 

        Otoitza zer den

        Otoitz egitea ez da «marmar» artzea, elizan ikasi otoitzen errepikatzen. Ez du horrengatik erran Jesusek, «Behar dela beti otoitz egin». Otoitz egitea da, Jainkoarekin buruz buru egoitea, Hari gure amodioa aitortuz eta Hari bere laguntza eskatuz.

        Nik, soldado nintzelarik, banuen soldado lagun bat Parise ondoko komentu batekoa. Askotan kalapitan ari ginen, ez baitzituen nere urrats berak segitzen: Ni orduan joaiten nintzen J.O.C.ko langile kristauen bilkuretara. Hura ez: bazuela hoberik egiteko: bere komentuko superiorak izkribatzen ziola, otoitza zela lehen.

        Behin idatzi nion ene lagunaren superiorari, ene arrangurak eginez. Berehala erantzuna ukan nuen karta batean. Karta haren lerro guziak hitz beretik hasten ziren: «Otoitza, ene adixkidea». Jaun horrek zaukan, kristau batentzat, egiteko guzietarik lehena eta premiatsuena, zela otoitza. Berak idatzi liburu bat igorri zaitan. «L'âme de tout apostolat», deitzen zena. Uste dut idatzi zaitan aldia, azken aldia izan zela, zeren eta, zenbait egun geroago, hil haitzen.

        Geroztik, bakea eman nion fraile-gaiari. Adina etorri-eta, superior zenaren hitzak hobeki ulertzen ditut. Uste dut, otoitzeko gizona bilakatu naizela, lehen baino gehiago.

 

        Heriotzearen ondotik otoitz eginen dugula.

        orai baino hobeki

        Ez dugu alabaina burua betea izango munduko burrunba eta lilurez. Gure barneko mugimendu guziak izanen dira Jainkoarenganik eta Jainkoarentzat. Hala izan daitezen, behar ditugu oraidanik aprendizgoak egin. Hortakotz deusek ez du gizona zeruztatzen, fraile bizitzeak bezainbat. Bixtan da, bizitze hori balin bada, egiazko fraileak ereman behar lukeena.

 

        Zerutik lagunduko zaituztet

        Zerbait laguntza egin eta egiten badiotet gaur nere lurreko adixkideri, Jainkoak hala nahi badu eta adixkide horiek hala eskatzen badautet, nere sinestea eta esperantza da, biziki laguntza gehiagoren ahala izanen dutala bertze mundutik. Hortakotz etxekoeri errepikatzen diotet: «Ni hil ondoan, neretzat otoitz egiteaz bezainbat, oroit zaitezte niri otoitz egiteaz, nik zuek laguntzeko».

        Nere aldetik, otoitz eginez zeruko saindueri, bertze hainbertze bederen egiten diotet oraino aldaretara altxatuak izan ez diren saindueri. Uste dut ofizialki saindutu gabeetan badirela nere ezagun eta adixkide frango, eta horien laguntzaz segur izaten ahal naizela: Jainkoari egin dezaketen otoitza, neretzat duten adixkidantzaz indartua baitagoke.

 

        Mundu hau noiz eta nola akabatuko den

        Hori da Jainkoaren sekretua. Ez dakiguna da, Jainkoak akabatuko ote duen mundu hau arrabots handirekin, bere ortzi-ximixtekin eta izarbelek elkar koskatuz. Bainan zorigaitz beraren sua pizteko, on da gaur, gizona bera, badituen here indar atomiko, bere bizia pozoindatzeko eta beste ahalmen guziekin.

        Ez dakiguna da ere, ean Jainkoak mundu hau, dena batean akabatuko duen, ala zatika, batean izarbel bat suntsituz, bertzean bertze bat....

 

        Jainkoaren hautua gizonak goberna dezake.

        gizonak berekin baitu itoitzaren indarra

        Otoitzaz, gizonak urrunt dezake, edo alda, Jainkoak hartu duen erabakia. Beraz alderdi hortarik ere, nehork ez baitaki gizonen otoitzen ondorioa, ezin da finkatu munduaren azken eguna.

 

        Jesus hil-eta piztu da

        Haren idurira, eta haren nahia hori delakotz, ni ere hil-eta, pizteko naiz.

 

        Ama Birjina, hil gabe zerurat altxatua izan da

        Eta nola izanen da neretzat? Ni hil-eta, nere gorputza ustelduko da, bainan nere arima zer?

 

        Mintza gaitezen gorputz hilez

        Badakit ni hil-eta, nere gorputza zatikatuko dela, zizari bazka eta errauts bilakatuko. Bainan badut sineste —nahiz ez den fedezko erakaspena— nere gorputza barraiatua izanen den toki guzietan, Jainkoak, zerbait gisaz, ezagutuko dituela nere zatiak zirenak. Etorriko delarik hilen piztea, zati horiek guziak elkartuko ditu nolazpait Jainkoak, izpiritualduko, beren aitzineko nortasuna zainduz, bizimolde berri batean atzarriko eta finkatuko. Ardiak, arratsetan, beren bildotsekin, marrakaz, elkartzen diren bezala izanen da elkarrenganako deia eta elkarrekin arrimatzea, lehen bezala, bainan arras erreberriturik.

        Beharbada, gauzak ez dira batere hola gertatuko, bainan bakotxari haizu zaio bere irudimena lanean ar-araztea. Nik, nere irudimenaren arabera ez dut kondatzen gertatuko denaren egia, bainan gerta ditakeenaren alegia. Ez du nere alegiak egia ukatzen, bakarrik nere gisara apaintzen. Gertatuko denak zuzenduko du gure ikuspidea, makurra baldin bada eta Jainkozko neurrietan ezarriko, guk gizonezko neurrietan ezarria dukegun misterio saila.

 

        Eta gure arima zen bilakatuko da?

        Gure arimak ez du pairatzerik izanen, ez gorputzaren pisuagatik, ez eta deuseren edo nehorenganik. Jainkoarekin gozatuko du inguramenaren ederra, denen maitasuna eta ororen jakintza. Desiratzea askiko du, amesten duena ukaiteko. Behatzea askiko, ikusiaren ikasteko. Arimak ordea zerbait eskas luke bere biziko lagun gorputza gabe. Hortakotz, munduaren akabantzan, «aingeruen iduri» bilakatu gorputza eta bere lagun zuen arima, betikotz elkartuko dira.

        Ez dugu beldur izaiterik betiere hortan aspertuko girela: alabaina, beti berrien ikusten eta ikasten ari dena gelditu gabe, beti erreberritzen ari den gaztea bezala da.

 

        Nola ote da Purgatorioa?

        Nahiz Purgatorioa ez den aipatzen, giristinoek sinetsi behar dituzten egia premiatsuen mailan, nik halere daukat purgatorio bat baditakeela. Bainan ez dut onartzen hura presondegi ilun bat dela, beren bekatu hondarretarik garbitu artino arimen gaztigu-toki litekeena.

        Nik uste dutana da, purgatorioetan direneri gaztigua aldatzen zaiotela: Gu hil ondoan, alabaina, gure bekatuen ondorioak —hala nola liburu tzar batenak— kalte egiten ari dira lur hortan, batzuetan arras luzaz. Kalte horien arabera gaztigua emendatzen, laburtzen edo luzatzen, arintzen edo gogortzen dela, hori zait niri zuzena. Baina gero denentzat berdina da, handik zerurat iragaiteko esperantza.

 

        Ifernu bat badela sinesten dut

        Bainan nere buruan asko tirabira badira, nola den ifernua eta zergatik den, ulertzeko. Horko sua ez dut uste su naturala dela. Herrak eta kalapitek sortzen duten sua dela daukat, debruak pizten duena eta sustengatzen. Su hura betierekoa dela dio gure kristau erakaspenak, bainan nola izan behar den betiere hori, gizonak ez dezake ulert. Jainkoa «guziz ona» dela errexki onartzen dugu, bainan «nausi soberanoa» ere dela, ez hain errexki.

 

        Betierea nola ditakeen

        Batzuetan egoiten naiz gogoeta, denboraren iraupenaz. Munduko gertakarien zerrenda hartuz, ikusten dut zerrenda luze horren zurubian, Jesusen sortzetik orai artinoko denboraren iraupena hilabete batekoa ere ez dela, zerrendako hilabete guzieri konparatuz. Jainkoaren egunkarietan kondatuz gure konduak laburrak dira.

 

        Nork daki galde batzuei zer ihardets?

        Medikuntzari josiak diren jendartean asko urtez bizi izan bainaiz, harrigarri da zer galdeak egin daizkidaten. Hala nola galdegiten zaidaten, nondik izan duen Ama Birjinak Jesus haurraren hazia. «Izpiritu Sainduarenganik», dio Ebanjelioak. Bainan hazi hori «egina prest» eman ote dio Izpiritu Sainduak, ala zerbait gisaz Ama Birjinaren gorputzetik moldatu?

        Ihardesten nuen Ebanjelioa ez dela sartzen xehetasun horietan, aski zaikula jakitea orozbat zer den gertatu.

 

        San Josep

        Zenbat aldiz ez dut entzun ere san Josepez, batean zintzoki, bestean trufaz, nola bizi ote zen bere emaztearekin, hura hunkitu gabe.

        Ene erantzuna beti izan da, zinez ez dela erretx gure buru-bihotzetan sarraraztea gureak ez bezalakoak zirela San Josepen eta Ama Birjinaren sentimenduak eta harremanak. Eta hori ez bakarrik gu baino Jainkotiarragoak zirelakotz, baina Jainkoaren nahia izan delakotz, Ama Birjina Bekaturik gabe Kontzebitua izatea eta, ene ustez, San Josepek ere grazia bereziak ukaitea.

        Dena dela, atxikimendu berezia izan diot beti San Josepi, sainduen mailan ikusten baitut hura dela lehena, Ama Birjinaren ondotik. Neronek, anitz aldiz ene bizian ikusi dut haren eskua eta badakit, apezlagunek erranik, maiz entzun dituela eta lagundu ederki.

        Ororen buru, San Josepi eskatzen diot, azken hatsa emaitea, haren eta Ama Birjinaren gerizan.

 

        Noiz hilen naizen ez dakit, bainan...

        Nere nahikeria litake ez sobera luzatzea mundu huntan, eta ahal bezain kargu arin izaitea ene ingurukoentzat. Ahatik, gain-gainetik Jainkoaren nahia egina izan dadiela eta ez nerea!

        Gogotik onart nezake ene odola ixurtzea Euskal Herriarentzat. Huntan ere Jainkoaren nahia egina izan dadiela!

        Nere ametsa litake mendiko oihan edo larreki batean hiltzea, asko maite baititut larrea eta mendia.

        Egun guziz meza erraiten baitut, azken mezako komunionea izan dadiela hil aitzinekoa! Halaber izan dadiela azken kofesioa!

        Ez du beraz balioko hiltzera noala-eta, apez baten ondotik tarrapataka ibiltzea. Ez eta miriku baten ondotik.

        Apezak astia badu otoitz egiteko ni hil-eta gero. Mirikua etor dadiela ere ni hil ondotik, ehorzteko behar den legezko ageria egitera! Eta partikulazki, ez dezatela mirikuek burua hauts nere bizia luzatzeko, pikuraz edo bertzela.

        Lerro hauek nik uste irakurtuko baitira, ni hil ondoan, uzten diotet irakurleri nere nahikundea ongi bete dutelako atsegina, edo gaizki bete dutelako dolumina.

        Beharbada ene heriotzea ez da batere gertatuko nik amestu bezala. Onartzen dut eta onart dezatela ingurukoek ere den hezala: Egina izan bedi Jainkoaren nahia!

 

 

ESKERRAK JAINKOARI

 

        Dena dela, ez dut dolurik, ereman dutan biziaz: Badira gorabeherak bizi guzitan, zorioneko eta zorigaitzeko egunak. Halere, anitzek aitortu daitatena, aitor dut nik ere, zahartzaro zoriontsua dutala. Ez dakit zorion hori merezitua ote dutan, bainan segur naiz gozatzen dutala. Horrengatik milaka milesker erraiten diot Jainkoari.

        Milesker ere nere etxekoentzat, Esteban eta Belen, aitamak, eta heien lau haurrak bihotz onekoak baitira neretzat; baitute osasun eta lan: elkar aditzen eta elkar maite baitute. Milesker, jarraikiak baitira Elizari eta igandetako mezari, askotan eskatu diotedan bezala: bai eta arratseko otoitzari.

        Milesker, Jainkoaren eta gizonen aldetik ukaiten ditudan laguntza ixil eta ageri guzientzat. Milesker, nere fedearentzat, fede azkarra izan baitut eta horrek eman baitio nere biziari bere argibidea eta bere helburua. Hori gabe ez ninteke naizena, ez deus onik.

        Milesker, Jainkoak, pena zenbait jasaiteko eta heiengatik ez jazartzeko emaiten daizkidan laguntzentzat. Zergatik oraino Jainkoari eskerrak zor dizkiodan aipatzeko, zerrenda luzea banuke egiteko. Hortakotz, nere eskerrak laburbilduz erraiten diot Jainkoari: «Nere Jainko ona, milesker zuri, igortzen daizkidazun on eta gaitz guzientzat! Egidazu grazia, orai bezala, bizi guzia eremaiteko zurekin eta zuretzat, eta lur hau utziko dutanean, betikotz bizitzeko zure zeruan!»

        Gisa huntako otoitzak maiz egiten ditut: kasik otoitz putzu bat bilakatu naiz, beti Jainkoarekin harremanetan bizi naizena.

        Eta hola izaiteaz nago zoriontsu, lzanik ere, kausitzen dut Jainkoak gehiegi luzatzen daitala nere bizi hau. Bainan hortakotz ere diot usu Jainkoari: «Egin bedi zure nahia eta ez nere nahikeria!

        Horra nere barnearen berri. Gaurkoan hortan naiz, ez baitakit noiz artio. Nere bizia badoa xinpleki, deus bertzelakatzeko, deus nahasteko gogorik gabe. Hitz batez erraiteko, mundu huntako harremanak izaiteko nahikeriak agortuak ditut.

 

 

BIZIAREN ERAKASPENAK

 

        Askok eginen duke bere baitan, gatzik gabea, eta hila dela nere bizia. Bainan orai arte ereman izan dutan bizian, iragan izan naiz gatazken eta borroken erdian eta hortik atera ditudan erakaspenak hauek dira: Ez dela gu baino goragokoen jelos izan behar. So egin dezagun beti gu baino apalagokoeri! Heienganik ikasiko dugu apaltasuna: pentsatuko ere beharbada, lagundu behar ditugula, eta nola lagundu. Ez dugu ikasiko handikeria.

        Ez dugu ordea ikasi behar bakarrik, dugun gutiaz kontentatzen, bainan bai pobreziaren maitatzen eta aberasteaz beldur izaiten; sakelaz aberastea, baita gehienetan bihotzez pobretzea. Frangotan ikusi ditut aberastu berriak pobreen erdeinatzen eta zapaltzen ari. Eskasia handiegia eta sobrezia handiegia dira berdin galgarri gizonarentzat.

        Hortakotz, ni hil ondoan, nere ondoko bihi batek ez du niganik ardit bat eskuratuko, ez baitut deusik nehori uzteko. Dutan ontasun bakarra da, hiru metro karreko lurra: nere hilobikoa.

        Egia erran, asko diru pasa da ene eskuetarik, elizaren eta apezetxearen eraikitzeko baizik ez bazen ere. Memento txar asko iragan badut ere, nere zorrak ezin ordainduz, azkenean ez dut nehon zorrik uzten. Ez dut sekulan senditu aberatsagoen jelosiarik. Izanik ere maiz otoitz egin dut aberatsentzat, ez dezaten beren aberastasunengatik zerua gal.

 

        Superior xaharrak errana

        Ez dut sekulan ahantzi Seminarioko gure superior zenaren predikua: «Apez bati, bere kristauek oro barkatzen diozkate, erraiten zaikun gure xaharrak, apez horrek izan ditzakeen ahuleziak, edariarentzat edo emazteentzat, bainan ez izan dadin "oro bil", berekoi, zikoitz horietarik». Hori bera erakatsi dait neroni biziak. Apezak jakin behar du, oroz gainetik, ez bere burua zerbitzatuz ongi bizitzen, bainan denentzat bihotz oneko eta esku zabal agertzen.

        Apez bakotxak baditu bere ikuspide eta jokamolde bereziak, bai eta bere itzalak; bere ingurumenari edo mutil zahar bizitzari zor diozkanak. Baliteke liburu baten egitekoa, apez ixtorio irriegingarri horiekin, bainan ez nuke nere izkribuekin nehor mindu nahi; are gutiago apezik edo heien zerbitzari merezimenduz beterik. Ez dakit halere zergatik gure herritarrek «apez gobernantak» deitzen dituzten apez neskatoak.

 

        «Apez gobernantak»

        Lehenago bere neskatoa bazuen erretor bakotxak. Gehienetan, haren ahaide bat edo adineko presuna ohoragarri bat izaten zen. Bainan gaur egun erretor bakotxak apailatu behar du bere bizmoldea, ahal bezala, ostatuan edo apez elkarte batean. Arras guti da, ni bezala, familia batean bizi denik.

        Gure kasua ezagutzen dutenek aitortzen dute zorionean bizi girela eta nik suerte ona dutala. Egia diote, eta maiz eskatzen diot Jainkoari, orai bezala lagunt nezala hil artio. Ez nago bizkitartean pentsatu gabe zer egin daitaken bertze apez zaharren bizimoldea hobetzeko.

 

        Otoitzeko gizonak

        Beti gauza bera errepikatzea aspergarri bada ere, daukat otoitza dela gizonen laguntzarik baitezpadakoena. Behin baino gehiagotan pentsatu dut, nerone beneditano sartzea; ez batere mundu huni ihes egiteko, bainan hobeki otoitz egiteko.

        Aitortuko dut bizkitartean, igorri nindutelarik Seminario handitik, apeztu aitzineko azken urtean, Orzaizeko eskolara eskolemaile, hango erretorak, Chorhy apezak, ez zaitala Beneditanoetan sartzeko gogo handirik eman.

        Egia erran, urte hartako ortzirale saindu egunez, beretzat eta neretzat erabaki zuen erretorak, egun hura iraganen ginuela biok, deus edan eta jan gabe. Goizeko hamarrak irian igorri ninduen ere bizikletan. Baigorriko apezetxera, olio sakratuen ketara, biharamuneko elizkizunentzat.

        Baigorrira hel-eta, goseak hila bainindagon, erran nion hango apezari, nola arin nindabilen. Erretor nagusiak gaitzetsi zuen Chorhy-ren egitatea eta jatera eman zaitan. Etxerakoan ez nion deus salatu Orzaizeko erretorari eta, arrats hartan, honek goresmenak eman zaizkidan, egun guziko barura jasan nuelakotz zinkurinarik gabe.

        Ez da harritzeko maiz erraiten baitzaitan gure erretorak beneditanoetara sartuko zela eta lehengo diziplina zaharrak berriz onarraraziko zituela. Bainan gero jakin nuen, Chorhy izatez Beloken sartu zela, bainan komentuko lagunek ez ziotela lekurik egin beren artean, bortitzegia omen baitzen gizona, beretzat bezala, bertzeentzat ere.

        Dena den, nerone ez naiz behinere beneditanoetan sartu, gostatzen baitzitzaitan nere buruari uko egitea eta erreglamendu baten menpe bizitzea. Nahiago izan dut beneditanoek bezala otoitzean ariz, beneditano bakarkari libre izatea: denboraz ermitak bizi ziren bezala, komentu bati loturik, edo gaur heren ordenakoak bizi diren bezala.

        Alta tikitan, apez egin behar nuela aipatzen hasi nintzelarik, gure etxera etorri zen aita Gracy, Belokeko abadea, sortzez Azkaindarra eta gure auzokoa. Proposatu zaitan Beloken sartzea, bainan Debidart gure erretorak nahiago izan zuen ni Hazparnera joaitea. Hala gertatu zen. Zer den haatik bizia! Aspalditik gelditu naiz halere eta, Jainkoak nahi badu, hilen naiz Beneditanoer atxikia.

 

        Zergatik ez misionest?

        Zergatik bada ez nintzen ere misionest sartu? Soldado denboran anitz misionest ezagutu ditut Parisen, eta lagundu. Geroztik, beti azkar eta bizi ukan dut, nere gogo bihotzetan, misioen eta misionesten aldeko atxikimendua: Frantses Xabierrekoa hautatu nuen Zokoako patrointzat, euskalduna eta misionesta zelakotz, eta Chinan egona zen Larrart apezpikuak kontsekratu zuen gure eliza.

        Misionest baten oroitzapen berezia ere banuke aipatzeko: aita Partarrieu, Afrikan egona zen hazpandar apezaren oroitzapena. Apez hori sorgin beltzek pozoinaturik eritu zen eta hiltzeko itzuli sorterrira. Bikari nintzelarik maiz joaiten nintzaion ikustera, bainan ortzegun goiz batez, etxekoek berek deitu ninduten.

        Apezaren ama, emazte ttipi bat zen, dotzenatsu bat haur ukanak zituena. Berak erran zaitan, irriz, hirugarren haurra ukan zuelarik, mirikuak abisatu zuena ez zezan gehiago haurrik egin, nahi bazuen bere bizia salbatu. Nik ezagutu nuelarik laurogei urte eta gehiago bazituen, hainbertze haur ukanik bertzalde.

        Azken egun hartan, haren semearen ohe ondoan ari ginelarik otoitzean, kolpez, begiak ikaran, oihuka hasi zen eria: «Ama, ama! Debru bat, debru bat ikusten dut!». Nik ez dakit zer ikusten zuen egiazki, bainan haren ikarak nere ikara jauzarazi zuen eta ur benedikatuz eta otoitzez entseatu nintzen han izan zitekeen izpiritu gaixtoaren haizatzen.

        Apur baten ondotik, hiru aldiz ikara bera, oihu-orro berekin, ikusi eta entzun ginuen. Azkenean, aurpegia arras goxatu-eta, aingeru baten parekoa bilakatu zitzaion begitartea eta, besoak altxaturik, eztiki kantatuz, ikusten balu bezala, erran zuen: «Ama, ama! Ikusten dut Ama Birjina!». Eta, Lurdeko «Ave» kantatuz, hil zen aita misionest gaztea.

        Ez dut erranen gaixoak ikusten zuena egia zela, edo bakarrik ametsa, bainan gertatu zaitana kondatzen dut, den bezala. Ez naiz ekarria sineskeria errexetara, bainan aitortu behar dut gertakari horrek luzaz inarrosi ninduela, eta geroztik badutala, gehiago, Satanen beldurra eta Ama Birjinaren amodioa.

 

        Ene kofesioak

        Bertze askok bezala, izan ditut nik ere nere itzalak eta hutsak. Kondatzen banitu, San Agustinen gisala, «Nere kofesioak», banuke zer erran. Bizkitartean bi laguntza izan ditut beti, tentamendutan ez erortzeko: lehenik Ama Birjinaren laguntza; bigarrenekorik kofesatzeko sakramendua.

        Orai ere jarraikitzen naiz kofesioari, bainan erran behar dut, nahiago dutala lehengo kofesatzeko moldea baino, azken denboretan aitormenik gabe deneri batean emaiten den absoluzionea.

        Adinarengatik edo, orai aski nuke dizko batean ene bekatuak behin aitortzea eta gero beti dizko hura bera errepikatzea. Hortakotz bekatuen aitormenari baino garrantzi gehiago emaiten diot kofesatzean egin otoitzari. Eta nere kofesatzeko otoitzak, bekatu eginez damutzekoak baino askoz gehiago dira Jainkoaki buruz maitasunezkoak, adorazionezkoak eta esker onezkoak. Horrengatik bi aldi baditu ene kofesioak: lehena eta luzeena da egunaz eta maiz gauaz irauten duen adorazionezko eta esker onezko otoitza. Bigarrena eta laburrena da, absoluzionea ukan aitzin egiten dutan aitormena. Nere gisara kofesatzen naiz orai. Horrek baketzen dait bihotza.

 

 

AZALA ETA MAMIA

 

        Uztail hortan, Donibaneko auzapezak debekatu omen du, neskak eta emazteak itsas-ertzean mainatzea bularrak agerian.

        Eta hortik sortu da eztabaida asko gure jendartean. Oroitzen naiz ordea lehen ere izan dela eztabaida frango hemen gaindi artean. Bertzalde, uste dut ez dela apezen egitekoa legeen erabakitzea, bainan herri-gizonen eginkizuna. Apezek giristinoeri oroitarazi behar diotena da, gizonaren jokamoldean badela beti azala, ageri dena eta azal haren azpian badela mamia, Jainkoak ikus eta juja dezakeena.

        Bularrak agerian mainatzea, hori azala da. Mamia aldiz, ean, jendarteak hori onartzen duenetz bere ohituretan eta gero, zer diren mainatzaleen arrazoiak hola egiteko.

        Gazte nintzelarik, sekulako bataila erabili zuten apez batzuek, galtzerdi luzeekin eta mantalinekin ibilarazteko elizan emazte guziak. Seminarioan berriz, ohean sartzen ginen ahal nolaka, estalgien azpian galtzak kenduz eta gero Biarritzera joaiten ginelarik itsasoan zangoen bustitzera, irringarri ere baginen gure sotanak gerriraino altxatzen genituela.

        Geroztik, gauza asko aldatu dira. Eta orai erran nezake, aldatu behar ez dena dela jendeak beti bere buruari eta inguramenari zor dion errespetua. Errespetu hori atxikitzeko baldintzak finka ditzala eta zainaraz Donibaneko auzapezak! Eta gero herria bera mintza dadiela, bainan apezak ez daitezela sar, berenak ez diren egitekoetan!

        Eta gauza bera erran nezake ebanjelioa aski hurbiletik hunkitzen duten gai batzuetan, hala nola «haurren bakantzetako pilula»-ren arazoan. Mintza gaiten argi eta fermu arras gure diren erabaki bideetan, zuhurki oroituz badela, garaiaren arabera, erakaspen berezi batzuen emaiteko beharra eta presa, bainan badirela ere prediku batzu, ez baitute giristinoek sendi halako garrantzirik baduketela. Horietaz garaiez kanpo minberaki mintzatzea da, behargabeko arrabotsa egitea.

 

        Gai premiatsuak

        Ebanjelioa beti bizi da, eta elizaren bidez mintzo. Aipa ditzagun bada usuago elizaren gutun premiatsuak. Iduri luke, asko apezek, beldurrez edo beren gustukoak ez izanez, ez dituztela sekulan aipatu nahi beren predikuetan. Adibidez, noiz entzun da Euskal Herriko elizetan predikatzen, zer dioen gaurko elizak populu tipien eskubidez eta eginbidez; zer den elizaren erakaspena nagusi-langilen arteko harremanez, edo estaduen arteko indar jokoez. Badira anitz solasgai, giristino guzien aho-mihitan dabiltzanak, eta maiz predikuetan baztertzen ohi direnak.

        Gogoan dut, anitz aldiz Baionako apezpikuari galdeginik, katolikoen bilkuretan iker zadien, zein diren auzoko nazionen eta elizaren beraren eginbideak. Euskal Herriaren eta euskararen aldera. Ez dut ardietsi, orai arte, auzi horren argitzea elizaren argian. Bertze gauza frango banuke erraiteko, nola apezak eta giristinoak izan diren batzuetan Euskal Herrian Herriaren zapaltzaile, edo zapaltzaileen esku-makil, berekin zituztela ez bakarrik apezpikuak, bainan Erromako eliza bera. Oroit gaiten hortaz, ez erortzeko makurbide beretan!

        Hortakotz, galdetu daitatelarik zergatik idazten nuen hainbertze euskaraz eta ez frantsesez, ihardetsi dut mila aldiz euskarak baduela gehiago laguntzaileen beharra, frantsesak baino.

        Azken apezpikua izendatu zutelarik, Baionako 89 apez euskaldunek idatzi ginuen Erromara, euskara zekien apezpiku bat igor zezaten hona. Bainan Erromak ez gintuen entzun. Beti beha gaude. Gero eta gehiago ikusten da alabaina, apezpikua doala maizegi prefetaren edo gobernuaren ondotik, haren xakurra bezala. Orai izanen dugularik gure departamendua, ea, horren ondotik izanen ote dugun gure diosesi bat, osoki euskalduna, paper eta guzi, litekeen eraikidurarekin.

        Ezen aspaldikoa da elizak eskatu zuela, misione lekuetan ezar zitzaten lekuko buruzagiak. Holako zerbait egin da lehen koloniak ziren tokietan. Noiz arte egonen ote gira gu lehengo kolonien maila berean?

 

        Eskutitz harrigarria

        Gure sailaren alegeratzeko, kondatuko dut orai bere gisako apezkeria bat.

        Duela zenbait urte, eskutitz bat ukan nuen Baionako katedraleko kalonje batek igorririk. Makinaz idatzia zen. Apez horrek abisatzen ninduen, beldur zela ez ote nuen apezgoa utziko, eta kontseilatzen zaitan bereziki apez bilkurarik ez hutsegitea.

        Bulta bat gogoeta egon nintzen, zergatik ote izaiten nuen gutun hori: Ez zen delako apeza behin ere izan nere kofesorra eta ez zekien nere biziaren berri handirik. Gero jakin nuen, garai hartan espainol egunkari eta irratiek ziotela nitaz, axola guti nuela apezgoaz eta leporaino ETAren borrokan sartua nintzela. Orduan sumatu nuen nundik zetorren kalonjeari nere saindutzearen kezka. Bat ere ez nion erantzunik eman. Letra hura atxikia baitut halere nere paperetan, ez dira harrituko hor hatzemanen dutenak.

 

 

FEDEA ETA KONTRABANDOA

 

        Aspaldi du, ere gogoetak eginak ditudala, gure fedeak zer duen ikustekorik kontrabandarekin: Jada hortaz predikatu nuen seminario handian nintzelarik. Bertze edozein euskaldunek bezainbat banekien kontrabanda zer zen eta ene ikuspideak ez ziren alegiazkoak bainan egiazkoak, biziak irakatsiak.

        Ene sortetxea eta haur-haurrekoa, biak alabaina muga hegian ziren. Usu kontrabandistak gure etxetik iragaiten ziren. Hor lo egiten zuten eta beren kontrabanda ere hor gordetzen.

        Gure zakurren saingetarik baginakien gure atetik iragaiten zirenak kontrabandistak ote ziren, ala guardak. Gure familiako beharrak hartaraturik gure aita zenak kontrabanda egin izan du bere bizi guzian. Ez du behin ere guardarik hil edo nahitara kolpatu, bainan askotan da haiekin borrokatu.

        Gure etxea izan da maiz guardaz inguratua eta miatua. Behin segurik, ene bi kusinek gure etxetik ihes eginik joan hebar izan zuten Ameriketara.

       

        Zizkiritzeko kurutzea

        Larrun hegian Zizkiritzen bada aspaldiko norbaiten harrizko gurutze bat: nere osaba zen hor hil zutena. Nere anaia bat ere mugazainek hil zuten. Ene arreba guardek hartua atxikirik kontrabandista batekin ezkondu zen.

        Ttipi-ttipitik gure familiako guziak kontrabandan ohituak izan gira. Ni ere bai, nola gauaz, hala egunaz. Ez ginen hortarik bizi ginen bakarrak. Gure inguruko familia gehienetan, gure etxean bezala, egiten zuten kontrabanda eta ezagutzen zituzten kontrabandak dauzkan fedezko legeak, bai eta gobernuko legeak. Gutartean bizi ziren apezek ere ezagutzen eta ezagutarazten zizkiguten lege horiek.

 

        Gure aita nola ezkondu zen

        Gure etxean betitik denak izan gira kontrabandistak, plazerrez baino gehiago beharrez. Ezkontzeko bezperan, gure aita joan zen ikertzera ean libre ote ziren kontrabandako bideak. Gau hartan zaldi multzo bat zuten Espainiatik hona ekartzen.

        Gure aita sartu zen beraz Azkainen Saskoeneko bordara, gau ilunez. Han zagozin guarda batzuek galdegin zioten zer ari zen han tenore hartan. Erran zuen eskas zuela ume minez zagon ardi bat, miaka zabilela ez ote zen borda hartan.

        Handik atera orduko entzun zituen urrunera kontrabandako pottoken arrabotsak eta joan zen lasterka lagunen abisatzera. Bainan biharamuneko gomitatuak baitzituen kafea hartzera bordan aurkitu guardak, hauek ez zitzaizkon batere agertu.

 

        Nere arrebarena

        Igande goiz batez ene arreba joana zen mendira, urteko bildots ketara. Han zagolarik hurbildu zitzaizkon ongi ezagutzen zituen auzoko mutil batzu, kontrabandatik heldu zirenak. Hona non orduan agertzen zaioten guarda xuberotar gazte bat. Delako kontrabandista haietarik baten arreba zuen guardak emaztegaia. Kontrabandistak ikustean gelditu nahi izan zituen, bainan haiek ihes egin zioten eta orduan ene arreba zuen bakarrik hartu. Nahi zion aitor-arazi kontrabandista horiek nor ziren, nahiz berak arras ontsa bazekien. Bainan bere emaztegaiaren anaia nihondik ere ez salatu nahi.

        Ene arrebak baitzioen ez zituela gizon horiek ezagutzen, guardak ereman zuen aduanarat eta han berriz galdezkatu. Debaldetan izan zen eta azkenean libre utzi zuten.

 

        Osaba Prontxioren oilarra

        Azkaingo Martinenean bizi zen ene osaba Prontxio. Ttikitan biziki maite nuen zenbait egunentzat Martinenera joaitea. Eta zergatik? — Han zuten oilarrarengatik: Osaba Prontxiok ez zuen ez muntrarik ez ordularirik. Goizetan denen iratzartzaile zuten etxeko oilarra. Halako oilar txar bat oraino oilaskotik atera gabea. Goizeko argia sentitzen zueneko, hasten zen ezin ixilduzko kukurrukuak botatzen. Denak iratzartzen baigintuen, nik izigarri maite nituen erdi-oilar horren kantu ta moldeak. Martinenera joaitean ene lehen arrangura zen ean oilarra beti bizi zuten.

        Noizbait, osaba Prontxio kontrabandan hatxemanik, preso sartu zuten. Geroztik arras tristatu omen zen oilarra. Bainan ere geroago Prontxioren semea, Anton guarda sartu zen. Hortaz oraino izango zituen oilarrak gehiago tristatzeko arrazoinak.

 

        Pottokak tiroz hil

        Kontrabandisten lege bat balin bada sekulan ez haien salatzea, bertze lege bat bada ere, norbaiti kentzen badiote bere kontrabanda, hura gero aduanak enkantean ematen duelarik, galtzaleak duela bakarrik, eta bertze nehork ez, haren erosteko dretxoa.

        Bainan hori ez bide zakien, ene haurrean, Olhetan bahitu potokak enkantean erosi zituen nonbaiteko gizonak. Etxera zoalarik bere potokekin tiroz hil ziozkaten. Nehork ez baitzuen jakin nor zen hiltzalea.

        Milaka badira horrelako ixtorioak, batzu salatuak bertze batzu betikotz gordeak. ETAri buruz liburu bat egiten ari zela Christian Rudel «La Croix» kazetako kazetaria, muga aldeko gertakari horietarik zenbait kondatu dizkiogu.

 

        Teologo Handiak

        Baina duela zenbait urte Donibane Lohizune eskualdeko apez multzo bat ez ginen guti haserretu, «La Vie Catholique» deitu Pariseko astekariak, kontrabandoari buruz, atera zuen artikulu batengatik.

        Ihardetsi genien horgo teologo handi horiei, ez ginuela konprenitzen nola, Euskal Herriko teologoekin hitzartu gabe, mintza zitezkeen gure Herriaren mugetako gorabeherez eta nola Parisetik erabaki zezaketen kontrabandista euskaldunek kontzientzia kargatzen zutela, kontrabandoa egiten zuten aldi oroz.

 

        Gure teologia

        Gure ustez alabaina, kontrabandoa ez da Jainkoaren kontra altxatzea, Haren lege batzu hautsiz. Gizon lege batzuen kontrako egintza bat baizik ez da kontrabandoa, eta ez Jainkoaren legeen kontrakoa. Gure muga hori, egina izan den bezala, euskal populua zatitzen duela, hori bai dela Jainkoaren kontrako legea! Euskaldun gaixo batzuk beren familien haztekotan kontrabandoko arriskuetan sartzera behartzea, hori bai dela Jainkoaren kontrako eginkizuna!

        Kontrabandistak baditu, edozein gizonek bezala bere eginbideak, bai Jainkoari buruz, bai gizoneri buruz. Bere kontrabandoko gorabeheretan, alde batetik maita eta errespeta dezala beti lagun hurbila duen gizona, eta bertzetik maita eta errespeta dezala beti bere nausia duen Jainkoa. Uste dut horiek erranez geroz teologo batek eman dezazkeen erakaspen guziak emanak direla.

        Kontrabandista bakotxari dagokio jujatzea bi pundu horiek nola bete hehar dituen: hala nola berari tokatuko baitzaio gero, Jainkoaren auzitegian, erantzuna emaitea.

        Jainkoak bakarrik baitaki bertzalde zein diren gizonen xede egiazkoak. Jainkoak bakarrik erran dezake gure xedeak xuxenak diren ala makurrak. Teologoaren eginbidea da soil-soilik predikatzea gizonen jokabideak izan daitezen xede zuzenekoak: zein eta non diren bide zuzenak edo makurrak, xehetasun guzietan sartu gabe. Ez dezagun gizona erabil haur mukizu bat bezala!

 

        Gizonen hautuak

        Gizon denaz geroz, gizonak berak egin ditzala bere hautuak! Teologoen erranek baino hobeki lagunduko dute bere lagun onek erakutsi jokabideek; ezen gure kontrabandistek badituzte aspaldian beren gizontasunetik eta kristautasunetik ikasi jokabideak. Ohidura zahar horiek baino gida seguragorik ez dute nehon aurkituko, horien erroak finkatuak baitira gizon eta kristau sustraietan.

        Hala nola, behar orduetan elkar laguntzeko gisan, legeztatuak ez diren kofradia tipi batzu badituzte beren artean, kontrabandistek: laborariek, arrantzalek edo ihiztariek dituzten bezala.

 

        Ixileko legeak

        Badituzte ere beren ixileko legeak. Mugazainek bahitu dioten edozein gauzaz edo kabalaz berjabetzeko eskubidea badu kontrabandistak. Edo oraino, mugazainek gelditu duten kontrabandistak badaki, ixilik egon behar duela gisa guziz, bere lagunak salatu gabe sekula. Eta lege horiek argi dezakete kontrabandista ixtorio frango.

        Bainan orohar, iduritzen zait, gaur egun behar ginukeela lege-gizon gutiago eta apez-artzain gehiago.

 

  hurrengoa