www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Oroitzapenak
Piarres Larzabal
1979-1821, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VII), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkarlanean, 1998.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN EGOITZA (1951)

 

        Zokoan nere lehen egoitza izan zen «El Sol», Talichet jaunaren etxea. Talichet hori gizon ezkondu bat zen, inginadorea eta igeltsu tinkatuan jakintsun trebea. Haurrik ez zuen eta emaztea hil zitzaiolarik, ez baitzuen federik, hilerrietan sartu zuen deus elizkizunik gabe.

        Emaztea ehortzi ondoan, gogoetak egiten hasi zen, betikotz suntsitzea ote den heriotzea, ala biziz aldatzea. Fededun bilakaturik bataiatu zen eta apezteko erabakia hartu zuen. Beneditanoetan sartu zen, «La Pierre qui Vire»-ko komentuan. Handik etorri zitzaitan behin, bere leku xaharren ikustera. Zenbait etxetan izan zen barkamendu eskatzen, denboraz fedearen kontra atera zituen ahopaldi batzuengatik. Urte gutiren buruan hil zen. Bere bizitegia utzi zuen Urruñako parropiari, han meza emaiteko, noizean behin bederen.

        Bizitegi hori arras gaizki zatikatua zen: Bi barne bertzerik ez zituen, eremu piska bat zutenik; bat zen autolekua, bertzea lantegia. Joan nintzelarik bizitegi hartara, autolekuan aurkitu nuen gizon bitzi bat, han aloiatzen zena.

 

        Gizon bitzi bat

        Berrogoi bat urte zituzkeen, gorputzez luze eta mehea zen. Janari mota asko bazauzkan mahain baten gainean, denak fruitu eta belarkiak. Bere ahotik ikasi nuen musikaria zela eta naturista. Naturista zelakotz, ez zuen etxeko uretik edaten, iturrikotik baizik. Ez zuen sekulan elektrikarik pizten. Argitzeko ez ote zituen hor iguzkia eta ilargia? Frangotan, bereziki gauez, piano zahar bati joka ari zen: Chopin eta Beethoven zituen musikagileetan maiteenak.

        Egun batez, ni sartzean lursagar gordin jaten ari zen. Erran nion harritzen nintzela nola jan zezakeen lursagar gordina. Nik, presoner nintzelarik, jan izan nuela askotan beterraba gordina, bainan ezin irents nezakeela patata gordina.

        Orduan hitzaldi luze batean esplikatu zaitan nola joka lursagar gordina maitatzeko: Lehenik jaten duzu ahamen bat, eta hortan gelditzen zira. Gero hasten zira eleketa zure buruarekin: «Zer gizon ahula haizen, to! Zer, ez duka jaten ahal hain ona den lursagarra? Jan-zak, jan!». Orduan bertze ahamen bat irensten duzu. Eta hola, emeki emeki jaten duzu lursagar oso bat eta, ondotik, egiten dituzu ase on batzu patata gordinekin.

        Gizonak berak, janari horrekin eta bertze gainerakoekin, higatuak eta belztuak zituen aho aurreko hortz guziak. Hortakotz haurrek enana zioten izengoitia: «Lapina».

        Janariez bertzalde, bazituen bere ikusmolde bereziak garbiketen gainean: Xuriketak egiten zituen ur hotzarekin eta salboinik gabe. Erran gabe doa, hedagian zintzilik zauzkan atorrek eta galtzoinek ez zutela heien jaunzteko gutizia handirik emaiten.

        Dena dela, gizon herrementa horri eman nion nere bizitegi berritik despeida. Ondoan zuen bertze autoleku batera joan zen, bizimolde berari jarraikitzera. Neronek aldiz, nere autolekuan antolatu nuen ene bizitegia, eta Talicheten lantokian kapera.

 

        Lehen kapera

        Kapera baten mublatzeko behar da anitz gauza. Zokoako mugan bada etxe on bat, «Elorrienborda» deitua. Etxe hortan bizi zen denboraz apez bat. Hunek bazeukan hor berean kaperatto bat, meza emateko behar ziren puskekin. Puska hek ukan nituen present, nere kaperarentzat Ziburuko erretorak eskaini zaizkidan bertzalde, sobrakin zituen elizako jantzi batzu. Kofesionale bat muntatu nuen, taula bati zilo batzu eginez daratuluarekin eta azkenik baliatu nuen harmonium zahar bat, ondoriotasunez ukana.

 

        Bizitegia

        Ene bizitegiaren egiteko, autolekuan ezarri nituen nere ohea eta liburutegia eta erdian jarri nuen mahain bat zenbait alkirekin inguruan katiximako haurrentzat.

        Antolaketa hortan izan nituen bi lan biziki gogorrak: Lehenik komunetako zikinen bidea tapatua hatzeman nuen eta zenbait egunez ari izan nintzen, pala eta pikotxarekin, mila erro zain eta zikinkeria kentzen.

        Bertze lan bat zen, eliza ezkila bat nonbait finkatzea, kapera bazela erakusteko, goiz-eguerdi-arratsetan anjelusa joiteko, eta meza aurreko deiak adierazteko. Ezkilatto bat bildu nuen, Elorrienbordatik eta gate bat bertzalde erosi. Xemartin harginak finkatu zaitan delako ezkila, etxeko teilatu gainean, neronek laguntzen nuela peontza lanetan, mortairua egiteko eta zurubier gora eremateko. Zurubi harek zenbait odolgaizto eginarazi dauzkit, bereziki Xemartinengatik, batzuetan, edana etortzen baitzitzaitan gaixoa, lanera.

 

 

APEZ SARTZEA ETA
ELIZAREN ABIATZEA

 

        Elizaren legez, herri batetara izendatua den erretorak elizkizun berezi batzu egin behar ditu bere erretor podoreez jabetzeko.

        Nik ez nezakeen egin holakorik, ez bainuen elizarik. Ene Zokoako apez-sartzea egin nuen beraz Donibaneko apezetxean, lekuko nituela, Irigoyen Donibaneko erretora eta Cachenaut Ziburukoa.

        Donibaneko apezetxeko salan belauniko egin nuen horrela irakurketa luze bat, latinez. Aitortu nuen «antimodernista» nintzela, eta ez nuela deus jakin nahi ikuspide heretiko hortarik. Egia erran, ene irakurketa, latin zerratuan emana baitzen, ez nuen gauza handirik ulertu. Bainan ez zaitan horrek gosea kendu, ondotik mahain berean erakutsi nuen bezala.

        Elizarik ez nuen denboran, bataio, ezkontza, ehorzketak egiten nituen Ziburu edo Urruñako elizetan eta igandetan maizenik. Zokoatik kanpo nindabilen ene elizaren eraikitzeko diru eske.

 

        Elizako lurra

        Urruñako herriari erosi nion eliza eraikitzeko lurra, 70 libera zahar ordainduz metro karratuko. Denbora hartan herri lurrak salgai ziren arras merke, ez baitzen ez elektrikarik ez urik ez askotan biderik. Gure lurra, dena sasi zen, biderik gabe, han hemenka zenbait haritz zahar. Lehenago, onjo beltza usu agertzen omen zen toki hortan.

        Aizkora eta sega berriak erosirik, lotu nintzen tira-ahala lurraren garbitzeari. Izerdi onik atera nuen, sasi eta lahar zarrapo frango ere bai zango-besoetan. Jendea harriturik zagon niri beha, ez baitzuen behin ere ikusi apezik sotanetan ari holako lanetan.

        Lekuko gehienek irri egiten zuten naski, beren artean ziotela: «Apez xoro horrek eliza bat eraikiko omen dik toki hortan. Ez duk ez luzaz ariko hola lanean. Zentimorik ez omen dik. Laster ikusiko dik hobe duela hor patata ereiten hastea». Kasurik eman gabe, ni nereari ari nintzen.

 

        Batasun berria

        Baitezpadakoa zen ordea, elizaren eraikitzea ez zadin izan gizon soil baten lana. Legezko batasun batean bildu ginen beraz 15 gizon, ofizio guzietakoak, denak Zokoatarrak, denak izpiritu ernekoak, elkar laguntzeko on eta prest zirenak, ez izanik ere denak eliztiarrak. Hauek dira hoien izenak: Pierre Pourtau, Joseph Journade, Jean Mingo, Martin Echave, Pierre Adam, Armand Grillard, François Biscay, Jacques Courtois, Vincent Iribarren, Henri Larreguy, Pierre Laens, Martin Passicot, Martin Sansebastian, François Urrutia eta ni, Pierre Larzabal.

        Bilkura multxo bat egin ginuen gure batasunaren araudia zuzentzeko eta legeztatzeko eta bakotxari bere zeregina finkatzeko. Buruzagi izendatu ginuen Pierre Pourtau eta ni ezarri ninduten idazkari. Arkitektutzat hautatu ginuen Pavlovsky Donibanekoa eta lanen buru Ganix Alzate Zokoakoa.

        Pierre Pourtau Biarnesa zen, Biriatuar batekin ezkondua, itsas inginadorea, etxegintzan ere ikasia eta gizon zuzena.

        Pavlovsky jauna sortzez polonesa zen, Donibandar batekin ezkondua. Gizon ixila, bihotz onekoa. Elizaren plana guziak urririk egin zituen. Laket zuen bere orduz ixtorio pollit batzuen kondatzea.

        Hala nola Chaliapine kantari famatua bere familiakoa omen zuen eta gizon ona zela zioen, sobera edanari emana, zorigaitzez. Emazteak gerla egiten zion, debaldetan: apairu handi batzuetan, bere basoa hutsik utziko zuen bainan Pavlovsky aldean balin bazuen, berdin honen basotik edanen zuen.

        Bertze behin gertatu zitzaion Heletara joaitea hango zinema planen egiteko. Irri karkaraz itzuli zitzaigun, bere emazte gaztea ikustearekin ez zuena hartaz erretorak gaizki pentsatu? Gero konprenitu zuenean bere legezko laguna zeramala arkitektuak, eztitu omen zen apeza.

        Ganix Alzateren legezko deitura Sansebastian zen, bainan denek deitzen ginuen bere etxearen izenetik. Gizon ederra, nortasun handikoa, zernahi lanetan ikasia zen. Ni Zokoara etortzean bazituen 30 bat langile, bainan izanak zituen 80etaraino. Bere esku zituen. Donibanetik Zokoaraino, itsasoari doazkon kasik lan guziak.

        Behin itsasontzi kozkor bat hondatu zen Donibaneko plaian. Ontzia ezin zuten ateratu Frantziako inginadore ezagutuenek. Ganixek lana hartu zuen bere gain eta bere idiekin lortu zuen ontzi hura itsasoratzea.

        Ganixek zuen egina, gaur oraino Zokoan xutik den pilota plaza. Jakin zuelarik eliza bat eraikitzera gindoazela, etorri zitzaitan galdetzera hari eman niezon lan horren egiteko ohorea. Elizaren batasunak gogotik onartu zuen eskaintza eta hitzartu ginen nola egin lanak eta ordainketak. Zorigaitzez Ganix hil zen 1957an 59 urtetan, eliza bukatua ikusi gabe.

 

 

ELIZAREN LEKUA

 

        Eliza eraikitzeko hautatu lekua mendixka tontor bat zen. Hura behar zen lehenik apur bat zelaitu. Bainan garai hartan, ez zen gure inguruan gero nonahi zabaldu diren lurra erabiltzeko tresna handi hoietarik. Laguntza eske ibili nintzen Zokoa, Urruña eta Azkaingo laborarietan, bakotxak ekar zezala ahal zuen laguntza besoz, kabalez edo tresnaz.

        Mendixkaren kaskoa irauli ginuen ahal bezain barna eta lurra gain beheiti ekarri, bainan laster konturatu ginen mendixkaren azpia harria zela. Ganixek proposatu zaitan mendixkaren zolan berea zuen lur bat trukatzea, eliza han egiteko, Untxin errekaren aldetik. Berak ordainez harrobi on bat izanen zuen gure mendixkaren lekuan.

        Bainan nere eliza nahi nuen goratasunean, ez nion onartu trukada Ganixi. Eta lurra utzirik zen bezala, mendixkaren azpiko aldetik murru bat altxatu ginuen eta hari finkatuz muntatu gaurko elizak duen zimentazko zoladura. Heldu baita gaurko elizaren azpian badela hutsarte bat gaitza, non egin daitekeen peko eliza bat, kasik gainekoa bezain zabala.

        Bertze nahigabe bat gertatu zitzaikun ere anartean: Elizatik gorago bazuen Ganixek pentze bat eta etxeko morroia, gizon adineko bat igorri zuen hara zakurrarekin eta idi pare batekin bazka segatzera. Ortzia gainera erori zitzaioten eta gizona bizirik atera balin bazen, zakurra eta idiak erre zituen ortziak. Geroztik badakit gure gain hartan, burdin hariak direla edo, usu ortzia erortzen dela.

 

        Elizaren planak

        Pavlovsky jaunarekin ere bagenituen usu bilkurak, gure elizaren planak finkatzeko. Asmatzen nuen eliza bat, argia, galeriekilakoa, zokomokorik gabea, alde orotarik aldarea ikusteko gisan, itsasontziaren itxura gogora-araziko zuena. Ez ginen aberatsak gastu handiak egiteko eta, ahalaz, lekuko jendeek mublatua eta apaindua nahiko nuen. Aitortzen dut gaixo arkitektuak pazientzia handia behar izan duela nerekin.

        Bukatu genituen halere gure planak, bainan behar zituen ikusi eta onartu apezpikutegiko batzorde batek. Aurkeztu ginelarik batzordearen aitzinean gure planekin kalonje batek hitzegin zuen errateko eliza batek ez duela eskualde bateko itxureri josia izan behar. Eliza orokorra denaz geroz, harrizko elizak ere hala behar luke izan, ez nehongoa, bainan orokorra.

        Erantzun nion bizi-bizia gure gaurko euskal elizak direla gehienak jauregien antzekoak. Lehengo jendeek eskaintzen ziozkaten Jainkoari beren handikiek zituzten etxe ederren iduriko elizak. Gaur gure eskualdean «villa» ederrak egin dituzte jende aberatsek. Ez ote ginuke beraz villa eder horien antzeko eliza zerbait eraiki behar?

        Bertze batek erran zuen planen marrazkietan ez zuela deus ulertzen, bainan eliza berriaren maketa bat egin baledi!... Ihardetsi nion, ehun mila libera gostako zela maketa; diru hori balin bazuen, berehala eginen zela. Hortan bazterrak ixildu ziren.

        Norbaitek erran zuen oraino aldare gainean behar zela ezarri jaun apezpikuak kontsekratu harri berezi bat, bai eta eliza eraikitzeko lehen harria pausatzean elizkizun berezi bat egiten zela. Erran gabe doa, horiek oro aspalditik baginazkiela.

        Ororen buru, apezpikutegitik ateratzean, iduripena baginuen, nahi ginuena egiteko baimena uzten zigutela. Pavlovsky adiskidea harriturik zagon halere, nola mirakuilu, batzordeko jaunen artean, nehork ez zuen diru konturik aipatu. Esplikatu nion nik, dirua zikinkor delakotz, nahiago dutela apez batzuek hartarik bazter egon, bainan ni ez nintzela heietarik. «Beharrik ez! —zuen erran arkitektuak— Gaurko elizak behar ditu apez arrak, ez emeak».

 

 

PARROPIAREN EZAGUTZAK

 

        1951ko Omiasainduz eman nuen Zokoan nere lehen meza. Katiximako haur guziak gomitatu nituen mezara, ondoko ortzeguneko. Heien izenak hartuko nituela eta bakotxarentzat katixima egunak finkatuko.

        Ondoko ortzegunean, haur multxo bat etorri zen nere mezara. Adinekorik nehor ez. Beretterrik ez nuen, nehork ez zekien meza segitzen. Ni aldarean, bar-bar otoitzean ari nintzelarik, haur batzu kaniketan lotu ziren kaperaren erdian.

        Zer heinetan ginen ikusirik, hasi nintzen, astean bizpahiru aldiz neskatxa batzuen biltzen. Hauieri mezaren segitzen eta zenbait elizako kantu erakatsi niozkaten eta galdatu nioten ondoko egunetan haurren zaintzea eta gidatzea. Zenbaitek hitzeman zaidaten lagunduko nindutela katixima egiten eta, hoieri esker, sortu zen Zokoan kristau izpiritu berri bat.

 

        Langileekin

        Bazen orduan Zokoan arrainak untzietan emateko lantegi bat, 120 langileekin. Emazteak ziren gehienak. Lantegiko nagusiak bazuen muntatua lantegiaren inguruan, langileen aloiatzeko, bizitegi multzo bat. Kartier hori deitzen zen «La Cité».

        Delako auzotegian baziren lekuko jendeak, bai eta ere kanpotik lanera etorri batzu; bereziki Bretoinak eta mugaz bertzaldeko Espainolak eta Euskaldunak. Usu gertatzen ziren heien arteko kasailak eta askotan jandarmak deitzen zituzten. Bainan beharrorduetan, nehon baino hobeki familiek elgar laguntzen zuten. Pobreak ziren adimenduz, bainan aberatsak bihotzez. Gehienak apez-jaleak ziren, bainan berek uste baino giristinoago. Banuen hortakotz maitasun berezi bat jende horrentzat. Oroitzen nintzen Joanesen mandatarieri Jesusek erran ziotela: «Errozue Joanesi Berri Ona predikatua zaiotela behartsueri». Nik ere beraz, «La Cité»-ko jendeari ebanjelioa ezagutarazteko lehia berezia banuen.

        Denbora eman nuen haatik leku hartako jendeari ene presuna onarrarazten: Hastapen hartan, ez zuten ene sotana begi onez ikusten, ez eta horko zakurrek ere: gaitzeko kontzertua muntatzen zuten, ni heien eremuetan sartu orduko.

        Auzotegiko familia guziak bisitatu nituen bat banazka. Nehork ez zaitan aterik hetsi, nahiz ez ninduten denek berdin hartzen. Bizitegi batean, ama ari zen bere mutiko tipia garbitzen. Ni ikustean, haurrari erran zion: «Voilà le corbeau!». Horra belea! Nik haurrari: «Nor naiz ni?». Haurrak niri: «Zu zira belea!». Orduan ama lotzen zaio sekulako erasietan bere haurrari: «Barka zazu, Jaun Erretora, ez dakit nik, non puta gaurko haurrek ikasten dituzten holako gauzak». Nik irriz amari: «Ez ote du hori erran zuk erakatsi katiximatik?». Eta harek errepusta: «Ba, arrazoina duzu beharbada!».

        Bertze bizitegi batean senar emazteak bizi ziren. Ni sartzean, emaztea bakarrik zen sukaldean. Senarra ohean. Emazteak erraten dio senarrari: «Jaun Erretora hemen dugu, bisitaz etorria». Bertzeak ohetik: «Kaka dela berari!». Jeiki zen haatik, izanik ere umore tzarrean.

        Emeki emeki, urteen buruan, arras lagun bilakatu ginen Zokoako langileekin. Anitz urtez, berek eskaturik, bakantzetan, zenbait bidaia muntatu ditut heientzat eta heiekin egin mugaz haraindian edo honaindian. Bertzalde Zokoa eta Donibane Ziburuko kontserbategietako zindikalistekin, gehienik CFDTkoekin, bainan CGTkoekin ere, harreman hertsiak izan ditut, elizaren lekuko eta kontseilari bezala.

 

        Nagusiekin

        Handi bada ere, Donibaneko nagusi batzuek, heien artean zela Pierre Pourtau Zokoako eliza batasun burua, galdatu zaidaten, ean nahi nuen izan beren artean muntatua zuten kristau taldearen apez kontseilari. Nere baietza eman nioten eta zenbait urtez lan hortan ere jarraiki dut.

        Hurbilagotik ikusi dut beraz hola, nolakoak diren nagusien eta langilen arteko desberdintasun batzu. Laster ohartu naiz: 1.-ik, Nagusiek, elkarretaratzean, pipatzen dutela langilek bezala, bainan ez dutela hauk bezala zigarretarik elkarri eskaintzen, 2.-ik, Nagusi gehienek badituztela beren etxeak beren izenekin, langileek aldiz beren bizilekutzat ematen dutela, edo kartier baten izena edo karrika baten lumeroa. 3.-ik, Nagusiek ez dutela beren artean, langileek duten konfiantza eta idekidura.

 

        Laborariak

        Laborantzako etxe guti zen Zokoan, ni han sartzean. Nerone laborari seme izanez, arras harreman errexak nituen laborariekin. Urtean behin, heietarik zenbaitekin egiten ginuen bidaia bat, maizenik laborantzari doakion zerbait ederren ikusteko. Buruhauste handi zerbait banuelarik neronek, joaiten nintzen nere laborarietara, heien ontasunen ikuskatzera eta heiekin mintzatzera. Maiz ohartu naiz, lur lanak gizona lasaitzen duela, adimenduari neurria ematen edo bihotzari kezkak kentzen. Baserrietan ibiltzea, ez zen bakarrik neretzat, denbora nolazpait iragaitea, bainan sendagailu on bat hartzea.

 

        Haurrak

        Zokoara sartzean aurkitu nituen dotzena erdi bat gazte, hogoi urtetara zoazenak, batzu bataiatzekoak, bertzeak komunionea egitekoak. Gehienak, emeki emeki, bildu nituen sakramendu horien hartzera.

        Katiximan zabiltzan haurretarik zenbait arras basak ziren. Behin, katixima egiten laguntzen ninduen neskatxa bat nahi izan zuten jo. Hau nigarrez etorri zitzaitan. Holakoekin ez zen ilaunegi agertu behar. Gaztedanik kiroletan ohitua bainintzen beharrik. Pilotan, balonean, jauzika edo igerika, edozein jokotan desafiatzen nituen eta irabazten nioten, erakusteko ez handia izanagatik ahal nuela. Iduritzen zait hola bildu nuela heienganik errespetu eta larderia. Batzuetan mutiko tzar batzu zanpatu izan ditut. Neskak ez nituen hunkitzen, nahiz baziren zenbait arras marimutikoak eta 14-15 urte artino mutikoekin rugbyan ari zirenak.

        Katiximako haurrengatik, gorabehera zenbait izan ditut, kartiereko eskolan buru zen errientarekin. Eskolarik ez zen ortzegun igandetan bainan delako errientak zernahi pentsatzen zuen egun horietan haurren eremaiteko berekin edo bidaia edo partida batera. Eta hola, nik beti haur batzu eskas nituen edo katiximan edo igandeko mezan.

        Makurbide hori zuzendu nahiz, artoski ikertu nuen zer zioen orduan frantses legeak. Legeak zioen, egun horietan, haurrak utzi behar zirela, nahi zutenaren egiteko. Hortaz argitu nituen haurren burasoak, bilkura batean. Burasoak joan ziren errientaren mintzatzera eta gauzak zuzendu ziren. Hortaz kanpo, beti arras ongi heldu izan naiz. Zokoan iragan diren errientekin.

        Erran behar dut, haurreri esker, ikasi dutala hobeki Zokotarren mintzaira berezia, frantsesaren eta euskararen nahastekatik maiz etorria. Hala nola erranen dute: «Je me suis fait les costilles», irriz urratu direla errateko, edo «Il a trop ziqué», norbaitek sobera edan badu, edo «Hori martxandiza ederra!», presuna bat ez bada fidagarria.

        Behin, katiximako haurrak eskaturik, joan ginen denak Zokoako gerladorrearen ikuskatzera. Dorre gaineko itzulia egiten ari ginela, esplikatu nioten etsaiak hurbiltzen zirelarik, gainera ixurtzen zitzaiotela, aitzinatzen ziren hegatzetako zirrikituetarik, ur irakitua eta bike egosia. Zirrikitu horiek deitzen ziren «Machicoulis».

        «Machicoulis» hitz hori erran orduko, ene haurrak hasten dira irri karkaraz. Zer zuten hola irriz aritzeko, galdetzen diotet. Heiek ez nahi ihardetsi. Azkenean aitortu zaidaten, eskolan neskek eskatzen ziotelarik errientari komunetara joaiteko baimena, errientak ihardesten ziotela: «Zoaz, zoaz, zure "machicoulis" hori hustera». Hola ikasi nuen zer zen Zokoako haurrentzat «machicoulis».

 

        Komumione handia

        1952ko ekainean egin ginuen lehen aldikotz Zokoan Lehen Komunione handia, 15 haur baziren: 6 neska eta 9 mutiko. Elizarik ez izanez meza eman zen Jules Sansebastien-en autolekuan, gaurko ESSO garajean. Hau bera ez zen oraino eraikia osoki, teilaturik ez zuen. Hor muntatu zen halere aldarea; ingurua apaindu kanaberaz; lantegiko taulak ezarri parpain batzuen gainean, jarlekuak izateko. Mornas, Isturitzeko erretor ohi erretiratua, ginuen meza emailea. Aro dudazko bat egin zuen, zenbait euri ttanttarekin. Jendea polliki bildu zen.

        Ondoko urteetan elizan egin ginuen komunione handia. Lehenik teilaturik gabe, gero teilatu pean. Muntatu genituen ere komunioneko jantzi xuriak, denentzat berdinak, neskentzat mantelinekin. Andere Coronadok berak erosi zuen heien oihala eta berak josi.

 

 

ELIZAKO BIDEA

 

        Elizako zimenduak atera ondotik, hasi ginen murruen altxatzen. Aterbe bat behar ginuen lehenbailehen eraiki, haren gerizan elizkizunak egiteko. Bainan urik ez zen inguruetan mortairuaren egiteko ere. Idiekin barriketan behar ginuen garraiatu Untxin errekatik. Baitezpadakoa zen nonbaitik elizarainoko bide bat idekitzea.

        Bide hura nondik egin behar zen jakiteko, argitasun bila jo nuen eskuin eta ezker. Denek zioten, bide horrek behar zuela hirigintzako planetan sartu, bainan plan horietan ez zen, bistan da, ez elizaren ez hango bidearen arrastorik.

        Auzia xuritu beharrez, bazkari bat egin ginuen buruzagiekin Zokoako Margoten ostatuan. Etorri ziren Urruñako eta Ziburuko auzapezak, Novion, bide-ta-zubien karguduna, Pourtau, eliza batasunaren burua eta itsas bazterraren zaindaria. Batzuek ordea zioten, bide berria lotu behar zela Urruñakoari eta ez Ziburukoari. Bertze batzuek berriz, zeharka egin behar zela, ez xutean. Norbaitek azkenean atera zuen, behar zela igurikatu Hirigintzak berak erabaki zezan.

        Denak entzun ondoan, erran nioten: «Jaunak, ikusten dut ez zaretela nehondik ados jartzen zuen artean, nik eginen dut berehala bide hori eta, egun batez, bide hori ez bazaizue ongi, deseginen duzue». Eta berehala, bidea markatu ginuen, lurra kendu eta harriztatu. Geroztik hor dago.

 

 

DIRU SOLAS

 

        Erran dutan bezala, nere eliza eta apezetxea eraikitzen hasi nintzen zentimorik gabe. Gaur eliza eta apezetxea eginak dira eta ordainduak azken zentimoraino. Nondik eta nola bildu dutan dirua erran behar dut.

        1951n, Zokoan sartzean 36 urte nituen. Adin ederra holako lan bati lotzeko. Gazteago izan banintz ez nuen ihardokiko bururaino. Zaharrago izan banintz ez nuen onartuko holako lanbiderik. Gaur zenbait kontseilu eman ditzaket holako lanetan sartuak edo sartuko direneri.

        Holako sailari lotzeko behar da lehenik fede azkarra: Mila aldiz pentsatu dut ez nintzela lanean ari neretzat, bainan Jainkoarentzat. Laguntza galdatzen nion Jainkoari, onartuz beti haren nahia egin zadin.

        Entseatu naiz beti pobreki bizitzen; ez pobrezia jasanez, bainan pobrezia maitatuz: Miliunak iragan dira ene eskutik, bainan ez dut sekulan izan tentamendurik deus neretzat atxikitzeko. Ikusten zuen jendeak pobreki bizi nintzela, hala nola dirurik ez nuelarik ene lehen bizitegia antolatzeko: euria zelarik, gelako zimenta bustitzen baitzen eta ohean sartzeko ohe gainean biluzten nintzen. Barnera sartzen zitzaitan euria biltzeko, banituen beti untzi bat edo bi ohearen gainean edo ondoan.

        Zokoan hurbil bizi zen, bere villa ederrean, monsinore aberats bat; bazuen autoa bere xoferrarekin eta bere plazerrezko itsasontzia. Maiz entzun ditut jendeak erraten, zinez lotsagarri zela ikustea holako ezberdintasunak apezen bizimoldeetan. Bainan ene sartzeko bisitak egiten ari nintzelarik, entzuna nuen ere norbait nitaz erraten: «Apez bat gehiago, diru eskale bat gehiago. Ez ginian holako beharrik!». Hortakotz, diru eskeak egin izan ditut ahalaz errespeturekin eta jendeak kontsultatuz.

 

        Pobren eliza

        Gogotik ez nuen galtzen harrizko elizak behar duela izan oroz lehen pobreek eta pobreentzat egina. Erran nahi dut, izpirituz pobre direnek egina; zeren eta izan daiteke moltsaz pobre eta izpirituz aberats nahi; izan daiteke halaber moltsaz aberats eta izpirituz ez atxikia aberastasuneri. Hortakotz diru laguntzak onartzen nituen, bai aberatsen eta bai pobreenganik. Bainan dirudun handi batek eskaintzen zaitalarik diru puska jori bat, haren izena harrixurian ezartzean truk, ez nuen onartzen: «Egizu nik bezala —erraten nion—, gure izena izan dadila Jainkoaren kondu-liburu handian ezarria! Jainkoaren etxeari emanarentzat, igurika ezazu saria, Jainkoarenganik, ez gizonenganik».

        Elizan, edo bidean, edo etxen, hartzen nituen guziekin, kontu ematen nuen denekin gurutzatzea errespetu berdinarekin. Handiekin nere harremanak guti ziren eta laburrak, bainan bihozkorrak. Askotan elizan otoitz egitea eskatzen nuen dirudunentzat, mundu huntan gehiegi gozaturik, ez dezaten gal bertze munduan gozatzea. Uste dut, ororen buru, ez nerekin, ez nere elizarekin, nehork ez zuela bere burua bazterturik sendi.

 

        Diru iturriak

        Zokoako eliza eta apezetxea gosta zaizkit berrogoi miliun zahar eta pixka bat gehixago. Hona nondik bildu ditudan diru horiek:

        1.-ik, Eskutik-eskura. Diru meta guti dut bildu horrela. Halere bi kasu gogoan ditut: Behin, miliun bat gizon batek emanik. Haurrik ezin ukan zuen bere emaztearekin. Jainkoari hitzemana zion miliun bat obra onentzat, haur bat izaten bazuen. Seme bat ukan zuen eta nik miliun bat. Bertze behin, diru eskasia gorrian nere betiko San Josepe laguntzaileari otoitzean nindagolarik, misteriozko gizon bat etorri zitzaitan, berrehun mila libera zahar ekartzen zaizkidala elizarentzat.

        2.-ik, Elizetako eskeetarik. Ipar Euskal Herriko eliza tarro gehienetan ibili izan naiz predikatzen dirua eskatzeko.

        3.-ik, Gure banku-etxetik. Zokoako elizaren batasunaren izenean muntatu ginuen, legearen arabera, San Frantsesen bankua eta horri eskatzen ginion 25 urteen mailegua, %5eko intresean eta Handiabaitako familiak ere, bere gisako laguntza eder bat egin zaikun, guretzat mailegu bat hartuz berze banku batetik.

        4.-ik, Diruaren balio galtzetik. Frantziako diruak bere balioa galdurik, asko diru garesti hartua, merke itzuli ginuen.

        5.-ik, Saltze batzuetarik. Talichet-en etxea saldu ginuen, bai eta Liusbaitakoeri beren etxearen egiteko lurra.

        6.-ik, Apezpikutegitik. Baionako apezpikuak sortu zuen diru kutxa bat diosesi guzian eliza berrien eraikitzeko. Gainera, kutxa horren betetzeko, muntatu zuen ere guk egina ginuen bezalako banku-etxe bat. Ordukotz Zokoako eliza aski aitzinatua zen eta apezpikuak jakinarazi zaitan ez nuela alde hortarik deus ukanen.

        Hori banekielarik, eta zor presatu batzuen azpian gertaturik, jo nuen halere Gouyon, orduko apezpikuarengana. Eskatu nion otoi diru apur bat aitzina ziezadan bere kutxatik. Eztabaida luze eta korapilatu baten ondotik, egun berean gure apezpikuak prestatu zaitan miliun bat, erranez lehen eta azken aldikotz zela. Dena ere on.

        Diru iturri horietarik kanpo, ez dut behin ere kermezarik muntatu, ez bainuen ez lekurik, ez puskarik, ez gizonik. Bakarrik, antolatu izan ditut tonbola tipi batzu. Deus handirik. Urririkako lanetarik izan dut beharrik laguntza ederra.

 

        Urririkako langileak

        Diruz bertzalde, beren beso lanez lagundu gaituzten batzu aipatuko ditut:

        1.-ik, Elizako zimenduen ateratzera etorri ziren auzo guziak, zenbait beren behi edo idiekin.

        2.-ik, Baionako seminariotik, beren bakantzetan, peontzan aritzera etorri ziren apezgai batzu.

        3.-ik, Hegoaldeko iheslari multzo bat, hauek zimentatu baitzituzten galerien gibela eta bi bazterrak.

        4.ik, Elizako saindu itxuren eta bertze gauza batzuen egileak.

        5.-ik, Elizaren apaintzeko eta mublatzeko zerbait ekarri duten guziak.

        Nerone bainintzen eliza eraikitzeko batasunaren idazkaria, eta kondu guziak xeheki eta maiz elgarrekin ikusten baikenituen, erran dezaket gaur zinez Zokoako eliza asko eta asko lagunen lanaren eta izerdiaren gostuz egina izan dela.

        Eliza eta apezetxea eraiki ondoan, denak ezarri ditugu apezpikutegiaren izenean, denek batean Elizarentzat egina Elizaren gerizapean denentzat egon dadin.

        Orain, erretira hartu-eta lasai bizi naiz, apezpikutegiak onarturik bizi naizeno egon nadin eraiki dutan etxean. Pentsatzen dut, hil ondoan, nere gorputza ezarria izanen dela Zokoako hilerrietan.

 

 

ELIZA BARNEKO ZENBAIT GAUZA

 

        Orai nahi dut erran, gure elizaren barneko zenbait puska nork egin dituen. Eta lehenik, aipatuko dut aldare gaineko gurutzefika.

 

        Gurutzefika

        Ziburu aldetik, Zokoako mugan, bizi zen gizon bat. Parisetik etorria, kirurgilari eta eskultore zena. De Villandre deitzen zen. Turin-eko Jesusen hil-mihiseari buruz egina zuen ikerketa bat eta liburu bat. Gehiago oraino, delako hil-oihal famatua gogoan, bere eskuz obratua zuen gurutzefika eder bat.

        Ni Zokoara etorri aitzin jaun hori hila zen, bainan haren emaztea eta alaba bizi ziren, eta alaba bera, katixima egile jarri zen. Eliza eraiki zelarik, ama-alabek aita zenaren gurutzefika present ekarri zaidaten eta aldare gainean ezarri nuen.

 

        Sainduen itxurak

        Baditugu ere gure elizan hiru sainduren itxura, zurez eginak. Heiek baitira, Ama Birjina, San Josep eta San Frantses Xabierrekoa. Hiruen egilea, Forastier deitu gizon xahar bat da, Donibanera erretiratua. Emaztea karta tiratzaile sorgin aire bat izanagatik, bera gizon ona da. Etxe batetik ukan zur zahar bat eta bi arbolen enborrak eman nizkion lantzeko, eta lan ederra egin zuen.

        Ama Birjina eta San Josepentzat errana dut jadanik zein itxikia naizen bati ala bertzeari eta zenbat baliatu zaitan heien geriza eta laguntza beharrordu handietan eta bereziki gerla denboran.

        San Frantses Xabierrekoarentzat, Urruñan, apez bilkura batean, izan zen gutartean solasa, nor behar ginuen hautatu Zokoako elizaren patrointzat. Batzuen arabera, San Andres ongi izanen zen arrantzale herri batentzat. Bertze batzuek erran zuten bazela lehen Zokoako gerla-dorrean Trinitate Sainduaren kapera. Geroztik, Trinitatez egiten zela itsasoaren benedikatzea. Horrengatik hiru arku eraiki genituen eliza aitzinean eta bertze hiru barnean.

        Bainan elizaren patroinarentzat ene hautua bertzerik zen. Gure patroina San Frantses Xabierrekoa izan behar zen, gu bezala Euskalduna. Azkenean nere ikuspegia nagusitu zen eta Zokoako eliza San Frantses Xabierrekoarena da.

        Erranen dut ere, nere kaperan bataiatu zen lehen haurrari, Ordoki baitzuen izena, eta aita sortzez Napartarra baitzen, Arantzakoa, Frantses Xabier eman geniola izena. Bertzalde, delako Forastier gure eskultoreari ekarri nion Uztaritzeko Seminarioan den harrizko San Frantsesen argazkia, holatsuko itxura bat egin zezan, eta hala egin zuen.

        Une hartan berean, San Frantsesen besoa ekarria baitzuten Xabierreko haren sortetxera, deliberatu ginuen Zokoatik Xabierrera joaitea, beilari multxo bat, sainduaren besoari musu emaitera. Xabierren euria izan ginuen, bainan oroitzeko itzulia egin ginuen.

        Erranen dut oraino, San Frantsesen ohoretan neronek moldatu nituela zenbait bertsu, hitzak eta airea, Zokoan kantatzen direnak, San Frantsesen besta egunean, eta hola pentsatuko duzue, gure patroina arras etxekotua dugula bere elizan.

 

        Itsasontzia

        Bada ere gure elizan itsasontzi pollit bat, beladuna, euskal koloreekin eta San Frantses izenarekin. Horren egilea Jean Baptiste Enparan izan zen, mariñel zahar bat, elizaren ondoan bizi zena. Motorrik gabeko itsasontzi belakarietan ibilia zen. Han zuen ikasia, haizeak jotzen ez zuen geldialdietan zernahi gauza bere eskuz lantzen. Berak izan zuen xedea, elizarentzat itsasontzi pollit haren egiteko, bere eskuz eta nik gogotik onartu nuen. Hor dago beraz haren obra, ohoragarri beretzat eta oroigarri ondokoentzat.

 

        Elizako zurtartea

        Eliza barneko zurtatea, Jean Dherain, Margoteneko seme zurginak baino hobeki nehork ez zezakeen apaila, eta elizaren ikustera heldu direnek aitortzen dute, zinez ongi egina dela. Eguberriko Jesus Haurraren otelakoa ere Jean Dherain eta Michel Journadek landua dute.

        Bataio harria, aldiz, Milafrangan erosi nuen.

        Bi ezkiletarik handiena, Algeriatik Frantziara etorria da. Salmenta batean aurkitu nuen.

        Dakarretik ekarri zaizkidaten hiru arrain-kusku handi, ur-benedikatu ontziak egiteko.

        Dakarretik ere, Zokoako senar-emazte batzuek erosi zaidaten meza emateko kapa ferde eder bat, hango emazte beltzek brodaturik.

        Onaindia bi anaia apezek eskaini zaizkidaten bi ziborio.

        Huntan bururatzen dut, Zokoako elizari egin eskaintzen litania. Ulertarazi duket aski garbi, eliza hori ez dela izan bakar batzuen obra, bainan anitzena; ez aberats multzo tipi batena, bainan fortunarik gabeko talde handi batena: ez diruz bakarrik egina, bainan diruz eta bihotzez.

 

        Orduko apezak

        Irakurri dut batzuetan zinez urrikalgarriak direla, bakartasunean bizi diren apez gaizoak. Nik ez dut behin ere sofritu bakartasunean. Izatekoiz bai bisitari gehiegiaz. Beti maite izan dut apezekin elkartzea, bereziki adiskide ditudanekin.

        Zokoako lehen urteetan gurutzatzen nintzen maiz, Donibane, Ziburu eta Urruñako erretorekin. Irigoyen, Donibaneko apeznausia zen ene kofesorra: bolbora bezain bizia zen eta izpiritu zorrotzekoa. Nahiz politikan ez ginen alor bereko, euskaldungoa maite zuen. Nik antolatu antzerki baten ikustera etorri zen behin Urruñara eta ondotik erran zaitan: «Jarraik zaite sail berari; segur, gazteago banintz, zurekin ninteke».

        Cachenaut Ziburuko erretora, kontseilu oneko gidari zuhurra izan da neretzat. Hameka aldiz ereman izan nau, bere autoan, Euskal Herriko xoko ederrenen ikustera.

        Urruñan, apezek «etxez» bete izan dute apezetxea. Hor ezagutu baititut Etxebarne, Etxeberri eta Etxegorri erretorak: Hiru apez, hiru mundu.

        Etxebarne erretiratu zelarik Baionako katedralera, bere kalonje tituluaz hanpatua, kitzikatzeko, galdegin nion, nola irabazten zen titulu hori. Kexu airean ihardetsi zaitan: «Kalonje sartzeko, behar da lehenik buru ernekoa izan».

        Etxeberrirekin nahiko irriak egin izan ditut. Jainkoak emana zion irri eginarazteko talendua, eta talendu horri fruitu ausarki emanarazi dio.

        Etxegorrik fama gaitza bildu zuen Urruñan pilotari eta pisu altzazale bezala. Nik, goresmen berezia zor diot, euskal teatroari ekarri dion laguntzagatik.

        Euskal teatroaren sail horri jarraiki zitzaion, bikari jin zelarik Urruñara, Emile Larre apeza. Oso adiskide izan ginela, nola uka? Bakarren ordu gozoak iragan ditugu elkarrekin.

        Bainan apezpiku bat ere banuen, maiz etxera etortzen zitzaitana, Larrart apezpiku euskalduna. Chinatik kanpo igorria izanik, Betaniako fraileen ikastetxean Ziburun bizi zena.

 

        Larrart Apezpikua

        Parisen soldadogoa egiten ari nintzelarik, erran dut usu ibiltzen nintzela Bac karrikako misionestegian, eta hurbildik ezagutu nituela Chivan ibili misionestak, hala nola, Larregain Senpertar apezpikua eta De Guébriant bretoin apezpiku saindua.

        Larrart gure apezpikuaz mintzatzeko, ordea, erranen dut, hura zela gizon azkar bat, sortzez Amikuztarra, guziz umila, omore onekoa eta fede handikoa.

        «Ez uste izan —zaitan erran egun batez—, nere merezimenduengatik naizela izan apezpiku. Euskal Herrian egon banintz, erretor koxkor bat izanen nintzen. Chivan, diosesi bereko apezek dute hautatzen beren apezpikua. Ni hautatu ninduten, nik uste, denekilakoa egiten banekielakotz. Apezetan ere baitira bitziak, eta bertzeekin nekez konpontzen direnak. Hala nola, nerekin bizi zen bat, beti beldur zen pozoinatuko zutela. Hortakotz, herriz herri zebilen, behi bat sokatik eremanez berekin, beti haren esnetik edateko».

        «Hango jendeak ere batzuetan bitziak iduritzen zaizkizu: Apezpiku izendatu nindutelarik, dirua bildu zen niri opari baten eskaintzeko. Ez duzu asmatuko zer eskaini zaidaten? Hil kutxa bat eman zaidaten. Egia erran, etxe onetara joaiten zirelarik, bisitaz, hil kutxa bat erakusten daitzute: hura ederrago eta etxea aberatsago baitaukate».

        «Medikuntzak aldiz, ez du zer ikusirik hemengoarekin. Behin, auzoko gizon bat jin zaitan ean zizpa bat prestatuko nion. Bere emaztea haurminetan zuen eta haurra ezin ateraz ari. Holakoetan, behar omen da, betbetan, gaitzeko harridura sortu emaztearen baitan eta haurra laster heldu da. Nere baitan irriz nengoela, hori entzutearekin, nere zizpa prestatu nuen. Apur baten buruan, tiro bat gaitza entzun nuen eta, berehala, emazte baten garrasia. Gure gizonak tiroa tiratu zuen, bainan bolbora sobera emanik, zizpa lehertu zitzaion eta bera han berean hil zen. Ez dut erraite beharrik, harridura aski gogorra izan zela, emazteari haurra sor-arazteko».

        Holako ixtorio anitz kondatu zaizkidan Larrart apezpiku adiskideak.

        Egun batez, bazkaltzera gomitatu nuen apezpikuarekin batean, aita Carriquiry, Altzaiko misionesta, harekin batean Chinan egona eta harekin batean kanpo igorria izana. Luzaz, aipatu zituzten Chinako oroitzapenak, gure aitzinean.

        Aita Carriquiryk kondatu zuen, misionest gazte zelarik, Chinara heltzean, lehen aldikotz, zaldi karrosan joan zela, zenbait eguneko bidaian, Larrart apezpikuaren ikustera. Xinatar guziak berdin beztituak izanez eta denek berdin boz meharra ukanez, ez zituen nehondik ere bereizten ahal gizonak eta emazteak. Orduan pentsatu zuen, zaldi karrosa gelditzen zen tokietan, behatuko zuela zeinek zuten pixegiten xutik eta zeinek kokorikaturik. Bainan noizpait ohartu zen aita misionesta, gutartean ez bezala, Chinako emaztek berdin xutik egin ohi dutela, eta gizonek berriz kokorikaturik.

        Dena den, aita Carriquiry heldu zelarik azkenean Larrart apezpikuaren etxera, pentsa daiteke zer izan zen bi euskaldunen zoriona, herritik hain urrun elkar hatzemaitea! Lekuko giristinoek heien ohoretan apailatu bazkari baten hartzera joan ziren gero elkarrekin. Jatekoen moldatzeko, Chinatarrak eta Frantsesak baitira omen munduko xapeldunak, arras ongi bazkaldu zuten.

        Bazkal ondoan apezpikuak erran zion, euskaraz, bere lagunari: «Orai behar diagu milesker erran, ongi bazkaldu dugulakotz. Egin ezak nik bezala!». Eta apezpikua hasi zen dena puzker eta poker. Bertzeak bere aldetik, bertze hainbertze egiten zuen. Apur baten buruan apezpikua ixildu zen. Laguna ere berdin ixildu, pentsatuz tokiko ohidurak manatzen zuela. Bainan apezpikuak erran zion berriz, euskaraz: «Hik segi ezak, orai artino bezala!». Lagunak galdezka: «Zergatik nik eta zuk ez?» eta harek errepusta: «Zeren eta niri kakeria abiatu baitzait!».

        Bainan irri egiteko ixtorioen artetik baziren nigar egitekoak ere. Hala nola, apezpikuak kondatzen zuen, komunistek luzaz preso atxiki zutela burdinazko kaiola batean. Han zagolarik, jujaldiak egiten ziozkaten denen aitzinean eta haren ingurura biltzen zuten jendea, tuka eta zernahi erranka aritzeko. Euskaldun apezpikuak ihardoki zuen halere otoitzari esker eta azkenean, noizpait, Chinatik kanpora igorri zuten.

        Horra beraz nor nuen hautatu Zokoako San Frantses Xabierren elizaren lehen harria benedikatzeko.

 

        Lehen harriaren benedikatzea

        Igandea zen, 1952ko negua. Aroa freskoa, bainan euririk gabe. Larrart apezpikua ginuen benedikatzalea. Baionako apezpikutegitik etorri zen Narbaitz bikari jenerala. Gutartean ziren auzo herrietako erretor bikariak, Urruña eta Ziburuko auzapezak. Denen alegeratzeko Urruñako klika.

        Gurutzea aitzinean joan ginen kantari, elizako patarra gora. Lehen aldikotz kantatzen ginuen: «Zokotarrek, San Frantses, agur!»

        Mendiska gainean mahain handi bat taulazko gurutze baten aitzinean. Mahainaren gainean harri handi bat, barnean zilo hatekin. Vergez, Donibaneko nere kusi ttipi marmolari zenak eskaini zaikun harri hori. Haren ziloan ezarri ginuen pergaminozko paper bat, Chinako tintaz idatzirik, Zokoako eliza nork noiz egina zen eta harria nork benedikatua. Paperarekin batean sartu genituen ere urteko zenbait diru moneda.

        Jaun apezpikuak zimentatu zuen harrian ziloak zuen tapakia eta gero delako harria tinkatu ginuen eraikitzen ari zen aldarearen ezkerreko eskaleraren azpian. Geroztik han dago.

 

        Lehen konfirmazionea

        1954eko ekainaren 17an, Larrart jaun apezpiku berak emanik, izan ginuen gure lehen konfirmazionea. Ez zuen oraino elizak, ez ate-leihorik, ez emokadurarik, ez zimentarik, ez tintarik, bainan teilatua emana genion, nahiz ez lanik gabe.

        Ezen teilatu horren ezartzeko, zurtatearen tratua egina nuen behin, haritza, 18 mila liberetan metroa, Ziberoko egur saltzaile batekin. Bainan gero, egurketara joaiteko ordua etorri zelarik, saltzaileak jakinarazi zaitan haritza garestitu zela eta 25 mila libera eman beharko nituela, har edo utz.

        Ez ginuela aitzineko tratuan deus izkiriaturik entzutearekin gizonak erranik, erotu nintzen eta zernahi erran nion, burutik behera, telefonoz: hori zenetz euskaldunaren «hitza hitz» atxikitzea. Ez ote zen hori mandil jokoa? Ez nuela mandil batekin tratutan sartzeko gogorik eta bere haritzak atxik zitzala! Azkenean, nik finkatu preziotan Biarnoko Arudyn aurkitu nuen teilatuko zurtatea, ez haatik haritza, bainan izaia.

        Dena dela, lau haur baizik ez ziren bildu Zokoako lehen konfirmazione hartan, adin bereko bertze guziak konfirmatuak baitziren aitzineko urtean. Ohorezki hartu ginuen halere gure apezpiku maitea, eta oraino anitzek gogoan dute harek egin zuen prediku sarkorra:

        «Haurrak, erran zuen, zaudezte leial Izpiritu Sainduari. Hura leial egonen zaitzue. Beti gogoan dut Chinako mutiko kozkor bat konfirmatua nuena. Bere eskolako lagunekin poliziak bortxatu zuen ni preso nintzen kaiolara etortzera, nere gaizkitzeko eta trufatzeko. Haren lagunak hortan ari zirelarik, delako mutilak aurpegi triste batekin behatu zioten eta oharturik nehork inguruan ez zuela ikusten gurutze seinale ttipi bat egin zuen eta gure begiek elkar jo zuten. Orduan izan nuen zoriona ezin erranezkoa da. Mutiko haren seinaleak erakutsi zaitan, mila eleek baino hobeki, nere misionest lana ez zela debaldetan izan».

 

        Eliza barneko lanak

        Etxegileek badakite, errexena eta lasterrena dela murruen altxatzea eta teilatua ezartzea. Barneko lanak dira nekeenak eta luzeenak.

        Bertzalde Ganix Alzate ginuen elizaren eraikitzalea. Ganix hil zen eta Martin bere semeari utzi zion lantegia. Ganix bezalako nagusi baten ordezkatzea ez zen errex. Martinen lantegitik langile batzu joan ziren.

        Eta oroz gainetik, dirurik ez zaitan sartzen, hastapen hartan bezala. Ai diru madarikatua! Neronek dakit zenbat odol gaizto egin dutan horrengatik. Nere tripako minak hasten ziren hilabete bakotxaren azken egunetan: langileen pagaren ordaintzeko orduetan, «nere bankuaren» izenean nituen titre batzu joaten nintzen eskaintzera, ahal nuen tokira. Behin baino gehiagotan gertatu zait etxera itzultzea zentimorik bildu gabe. Ez naiz halere sekulan etsitua izan. Amorratua bai askotan.

        Hala nola, aldi batez, banituen titre batzu hartzeko banku batean, bainan zenbait egun eskas ziren heien baliatzeko. Apezpikutegiak kontseilaturik, joan nintzen beraz bankuko jaun bati buruz. Adineko gizon bat zen, dena apezekilakoa, nere eskaera entzun orduko hasi zitzaitan ene ikuspegi politikoen salatzen: «Zu zira ongi ezagutzen ditudan apez demokrata horietarik: Zorrak egin eta heien ordaintzeko orduan ni bezalako kapitalistengana jin. Ez dut erraten ez zaitudala lagunduko, bainan behar dugu lehenik ongi ikertu egoera. Zenbait egunen buruan izanen duzu ene errepusta».

        Hitzaldi eder horren ondotik, doi bat egon nintzen gogoetatua, ean nere hasarrean zernahi erranen nion gizon horri. Bainan nere barnearen jabe egon nintzen eta etxerakoan, joan «gorriaren» fama zuen Donibaneko bertze jaun batengana. Honi dena kondatu nion, gertatu zen bezala, eta berak arras ongi hartu ninduen: Berehala eman zaitan eskura behar nuen dirua.

        Zenbait egunen buruan, Baionako jaunak igorri zaitan letra bat, errateko, jaun apezpikuak igortzen ninduenaz geroz, joan nindakion bankura, eskatzen nuen dirua eskuratzera. Haren letrari ihardetsi nion, jaun apezpikuak jakin zezan zuzen nor zen bere adiskidea, ez nindakiola etorriko diruaren bila: behar nuen dirua eskuratua nuela, sekulan elizan ibiltzen ez zen jaun baten eskutik.

        Dena dela, emeki emeki, beti aitzina ari ziren gure eliza barneko lanak. Bainan, elizatik kanpo ere, banuen non zer egin.

 

        Telefona ea posta

        Zokoan sartu nintzelarik ez zen han ez telefonarik ez posta-etxerik. Telefonatzeko, kilometroak egin behar ziren, Ziburura edo Urruñara buruz. Posta, aldiz, egunean behin iragaiten zen Urruñako aldetik eta bi aldiz Ziburuko eskualdetik.

        Departamenduko posten buruzagiari idatzi nion Pauera, nere kexua erakutsiz. Jaun hori bera etorri zitzaitan etxera eta elgarrekin ibili ginen Zokoan barna bere begiz ikus zezan zer zen egoera. Bainan denak ikertu-eta, jaun buruzagiak aitortu zaitan berak ez zezakeela deus egin, Ziburu eta Urruñako auzapezen egitekoa zela. Bi auzo herrieri zoakion posta-etxe bat Zokoan eraikitzea, bainan heiek ez zuten gastu berri horietan sartu nahiko.

        Horra nola lehen bezain petzero gelditu nintzen eta hamar urte iragan ziren nik telefonoa nere etxean ukan arte.

 

        Eta hilerriak

        Ez zen ere Zokoan hilerririk. Hilerri berriak egitearen alde agertu zen Urruñako auzapeza. Kontra aldiz Ziburukoa, edo bederen Ziburuko hilketariak.

        Ziburuko hilerriak berrikitan handituak zituzten alabainan eta ez zuten lur eskasik beren hilentzat. Prefetak beraz inkesta egitea manatu zuelarik, Ziburutar zenbait hilerri berrien kontra agertu ziren: tokia itsustuko zutela eta mila aitzakia asmatuz. Baimena eman zuen halere prefetak. Bainan orduan hasi zen hilketarien bataila.

        Ziburuko hilketariak Frantzia guziko zindikatari lotuak ziren alabainan, Urruñakoak aldiz libreak, herrikoak. Horrengatik erdi preziotan egiten ziren ehorzketak Urruñako etxeetan. Ziburuko etxeetan edo mugetan norbait hil orduko, hilketariak etxen zituzten Ziburuko hilerrietan lurra eskaintzeko eta Urruñako hilketariengana joaitera ez uzteko.

        Ohitura horien ondorioak heltzen ziren elizaraino, zeren 1905eko legeengatik, Frantziako elizak beretu zituen estaduak, eta hortakotz hilketari «nazionalak» etxen bezala zabiltzan eliza horietan. Bainan Zokoako eliza berria baitzen eta ez estaduarena, hilketari guzieri jakinarazi genioten ez zutela elizaren barnean deus egitekorik, ez eta eliza ateetan meza sari eskatzerik.

 

 

GIZONEZK0 ELIZA

 

        Neke balin bazen eraikitzeko harrizko eliza, ez nuen burutik galtzen anitzez nekeago eta beharrago dela gizonezko eliza, erran nahi dut, gizonen arteko lokarri anaikorrak sortzea eta indartzea, Jainkoa ezagutzeko eta maitatzeko. Aspaldian sortu parropia zahar batean aski izaten da bertzek hasi ildoari jarraikitzea, han hemenka zerbaitxka aldatuz. Bainan parropia berri batean ez da ohiturarik, ez eta obra onetan higatu adineko presunarik. Nekeago beraz batetik, beti bide berriak behar baitira ideki, bainan hobe bertzetik, ez baita nihon aitzinekoen trabarik.

        Zokoako parropiaren geroari pentsatuz, erabaki nuen nere jokabideetan helburu batzu ongi gogoan atxikitzea. Hona helburu heietarik larrienak:

        1.-1k, Zokoako eliza muntatu Zokotarrekin, Zokotarrentzat, sekulan ez heien kontra.

        2.-1k, Zokoako eliza lotu iragan denborari, datorrenari eta inguruko parropieri.

        3.-1k, Jainkoa eman Zokotarreri eta Zokotarrak Jainkoari, deneri berdin zerbitzu eginez eta ebanjelioa zabalduz, ez mundukeriak.

        4.-ik, Neronek predikatzen dutanaren etsenplua eman.

        Norbaitek nahi balu nere bizia ikertu, ohart liteke helburu hauek izan direla nere urratsetan nere jokabideen argitzaleak eta motorrak. Goazen xehetasunetara!

 

        Zokotarrekin, Zokotarrentzat

        Ahalaz etxekoz-etxeko moldatu dut Zokoako elizaren bizia. Zokotarrek berek egiten dituzte kantu-irakurketak, euskaraz ala frantsesez. Berek eskeak eta astekari saltzeak. Berek katixima. Berek elizaren garbitzea, loratzea, harmoniuma jotzea, eguberriak eta bestak apailatzea eta gaineratikoak. Eske berezietan bildu diruaren berri herritarrek izaten dute. Urtean behin ematen diotet kontu guzien eta obren berri zehazki.

        Prediku alkitik ez naiz ahalaz sekulan alderdikari izan. Politika alderdi gehienetan badauzkat adiskide onak, errespetatzen nautenak, nik heiek bezala. Ezagutu ditut zenbait auzapez Hazparnen, Ziburun eta Urruñan. Ez naiz behin ere sartu heien arteko guduketan.

        Aitortu behar dut haatik, 1977an, Zokotar gehienekin parte hartu dutala Zokoaren alde sortu zen batallan. Une hartan, nonbaiteko jaun batzuek erabakia zuten, Zokotarreri fitsik galdatu gabe, Untxingo errepiretan Zokoan ur naza handi baten zabaltzea, laket portu bat hor muntatzeko eta horren inguruan villa handi batzu eraikitzeko dirudun kanpotiarrentzat. Jauntto horiek nahi zituzten hortakotz Zokoako 85 lurren jabeak beren lurretaz desjabetu. Ba omen zituzten, beren xedeetara bilduak herriko-etxeen sustenguak.

        Bainan, jakinaren gainean, Zokotarrak ernatu ziren eta, proposatu planari bertze plan bat Zokotarrentzat hobea kontrajarri. Ni ere honen alde agertu nintzen. Lerro hauek idaztean, auzia idekia dago. Ondoko egunetan ikusiko da, ongi ala gaizki jokatu ginen.

 

        Zokoa lotu denborari eta inguruari

        Tokiko eta berdin elizako ohitura batzu iragankorrak dira; bertze batzu iraunkorrak. Guri zegokigun, Zokoako apezari eta giristino argitueri, ohitura horietan zein ziren behar atxiki. Badira adibidez, Zokoako bi ohitura bederen, ni sartuz geroztik galdu direnak.

        1.-ik, Norbait kartierean hiltzen zelarik, emazte bat ibiltzen zen oihuka, karrikaz karrika, kridatuz nor zen zendu eta noiz izango ziren ehortzetak. Ixabel Ortiz izan da ofizio hori bete zuen azken emaztea.

        2.-1k, Itsasontzi batek hondoa jotzea zuelarik edo tutuka bide galdez zebilelarik, emazte multzo bat biltzen zen Zokoako portura eta hor ezkila joz, burdinazko ontzi batzuekin eta oihuka, muntatzen zuten sekulako harramantza mariñelen laguntzeko. Urean ezarri zuten ere «xahala» deitu tresna bat, mareak erabiliz xahal marrumak botatzen zituena. Bainan udatiarrak xahal marruma horiez arranguratu ziren eta xahalaren orde bi faro handi jarri ziren portuaren sarrerako bi aldeetan.

        Elizako ohitureri doakionez, errogazioneko prozesioak egin izan ditut zenbait urtez, parropiako bi gurutzetara, zubi ondokora eta kaia muturrekora. Bainan urteen buruan, nehor ez zen etortzen prozesio horietara, bereziki Zokoako arraintegia hetsiz geroz, eta haurrak Donibanera autobusetan joaiten hasi zirenetik. Horrela gelditu nintzen errogazionen egitetik.

        Halaber utzi behar izan nuen ere ganderailuko xirioen benedikatzea eta igandetako bezperen kantatzea, nahiz kantuen orde zenbait urtez atxiki nuen arrosarioaren erratea. Ordainez haatik, larunbat arratsetako meza eta igande goizetako bi mezak, hiruak kantuekin eta predikuarekin atxiki ahal izan ditut. Erran nezake berdin horietara zetorren jendea emendatu dela iduriz, urtetik urtera. Fedea hor bizi dela seinale.

        Iragana josi nahi nuen zetorrenari, bainan nahi nuen ere Zokoa lotu inguramenari, ez zedin uharte bat bezala geldi bertze parropien erdian. Egia erran Ziburutarrek eta Urruñarrek gurutzatzen dutelarik Zokotar bat, berak baino gibelatuagotzat hartuko dute. Bainan hortan ez dabiltza zuzen. Zokotarrek ez dute beren burua Urruñarrek edo Ziburutarrek baino apalago kausitzen. Ez ote dituzte jada zenbait aldiz, kartiereko botzez Urruñako edo Ziburuko auzapez batzu beren alkitik aurtiki? Izatekotz beraz, Zokotarrek badute oilar goiztiar aire bat, beren auzokoek ez dutena.

        Hortaz, kontu har dezatela Zokotarrekin tratatu nahi dutenek!

        Horiek hola, nahi nuen Zokoa izan zedin bere auzoekin josia, bainan ez heietan urtua.

 

        Denen zerbitzari

        Ene ibilbideetan, kasu eman dut ez ibiltzea beti, kargudun, dirudun edo handi-mandien ondotik, bainan, nere baitarik eta eginbidez, maizago eta gogotik elkartzea jende apalekin, enbalierrekin eta behartsuekin, pentsatuz haatik behar dutala berdin izan, aberats ala behardun, denen zerbitzari.

        Ez dut sekulan uste izan, aitzinean nituen holako edo halako jende handi batzuengatik behar nuela, predikatzean, Jesusek errana goxatu. Igandetan Ebanjeliotik mintzo nintzen, beti laburzki, 8 minutaz gehienik, bainan entzuleari emanez ahalaz janari hazkurri bat, gaurko eta gutarteko biziari zoakiona. Lehenago gertatzen ez zitzaitana, mezaren ondotik, entzule bat edo bertze jiten zen nik erranaz solastatzeko.

        Erranen dut ordea, anitz gogoeta eta otoitz egin behar dela, errexkerietan eta mundukerietan ez erortzeko eta Jesusen mezua, aldakuntzarik gabe, munduari emateko.

 

        Erranaren egitea

        Errex da halere, zer egin erraitea. Neke da, erraiten dena egitea. Ez da hainbertze predikatzen bere mihiz, nola egiten baita zintzoki biziz. Espanturik gabe eta neurriz erraiten duzu partida nola ereman, jakinez han izanen dituzula zure entzuleak zure jokoaren behari. Apezaren ahuleziak, jendeak konprenitzen eta barkatzen ditu, apalki aitortuak balin badira, bainan pisu guti du, bere itzalak harroki ukatzen dituenaren erranak. Neronek gauza asko ez ditut egin, predikatzen nituen bezala. Gainera, badakigu azal ederrez tapatzen gure miseriak. Horra gure zortea. Horra nitaz ere egia, den bezala.

        Jainkoaren etxea aitzina zoalarik Zokoan jin zitzaitan aita Coyos. Korean zebilen Sohutar misionesta. Gustatu zitzaion eliza eta planak eskatu zaizkidan. Gogotik eman niozkan eta geroztik baduke gure elizak, han nonbait, Korean, bere birixkia.

 

 

APEZETXE BERRIA

 

        Bainan behar nuen ere pentsatu apezaren etxeari. Eta ohartu nintzen ez zela hain errex erretor etxe baten eraikitzea. Lehengo apezetxeak, beren zalditegi, egurtegi eta baratzeekin ez ziren modelatzat hartzekoak, bainan gaur ere apezetxe batek behar zituen bi egonleku, bat apezarena bertzea neskatoarena, bakotxa bere sartze, lantoki eta gelekin. Beharrik, arkitektu lanak egin zaizkidan, elizarentzat bezala, apezetxearentzat ere, Pavlovsky jaunak.

        Iduritu zitzaidan bizkitartean, ez nituela nere etxearentzat galdatzen ahal, elizarentzat galdatu sakrifizio berak. Hortakotz, enkantean eman nuen etxearen eraikitzea. Gabriel Solaberrieta Donibandarrak, preziorik merkeena eskainiz, ereman zuen enkanta eta eraiki apezetxea. Bi urtez altxatu zuen, apurka ordaintzeko hitzarkiarekin. Gaur zorra estalia da.

 

 

ERIEN ARTATZEN

 

        Elizako eta etxeko lanen artetik, etxez etxe nindabilen, nere parropiako jendea hobeki ezagutzeko, eta horren egiteko lagundu ninduen ere hastapenean erizaingoan soldado nintzelarik ari izanak.

        Zokoara etortzen ziren miriku gehienak lehenagotik ezagutzen nituen. Zenbait ere nere aspaldiko adiskideak ziren. Maiz arranguratzen ziren zein bazterrera utzia zen Zokoa mendikuntza aldetik. Horgo 900 bizilagunentzat ez ginuen alabainan, ez mirikurik, ez farmaziarik, ez erizainik. Jende batzuek gainera, ez zuten oraino seguru sozialik.

        Halako aldi batez, miriku adiskide horiek berek galdatu zaidaten ez nituenetz neronek laguntzen ahal, bederen pikurak egiten. Gogoetak egin nituen eta legeari behatu. Ikusi nuen behar nuela lan egin, dirurik batere eskatu gabe, bakarrik mirikuak eskatuaren gainean, eta medikuntzaren eskasiak kartierean konpondu arte. Ez nuen uste zazpi urte iraunen zuela ene ustegabeko lan horrek.

        Dena den, erranen dut lan berri hortan beti argi atxiki ditudala xede finko batzu. Hala nola, lehenik ez nuen deus artarik egiten nere baitarik, mirikuak manatua eta manatu bezala baizik. Gero eriekin ikusia edo ikasia errotik ixilean atxikitzen nuen. Azkenekotz, ez nintzen sobera sartzen eriekin eta erien etxetan. Nere lana egin orduko erienganik urruntzen nintzen.

        Bertzalde ere arras guti onartzen nuen parropiako etxe batera joaitea apairu batentzat. Beti iduritu zait, parropiatik kanpo eta nere parropia ezagutzen ez zutenekin hobe nuela apairuak hartzea, jan-edan on batzuen ondotik, bihotza berazten baita, mihia destinkatzen, eta holakoetan, sekretuak har-ematera ekarriago zira.

        Orai, nehoren izenik aipatu gabe eta nehori kalterik ez egiteko gisan, konda nitzake orduan erizaingoan niri gertatu zenbait ixtorio. Hala nola, kanpotiar familia batzu baziren, menturaz lehen aberats izanak, bainan orai ahal bezala bizi, berdin zikinak janak. Hori zen bi senar emazte xaharren kasua. Biziki gostatzen zitzaidan heien etxen pikura egiten, astean behin, ibiltzea. Ohartu nintzen, ez zutela senar emaztek kasu handirik egiten elkarri eta, gehiago dena, emazte xaharra nitaz amorostu zela. Laster konpreniarazi nion banuela bertze egitekorik.

        Gertatu zait bertze behin, gizon arrotz baten artatzera joaitea. Konturatu nintzen bi txakur tipi bere ohean atxikitzen zituela, berotzeko, omen. Emazteak aldiz sotora ereman nahi izan ninduen. Bera zen mozkorra.

        Oroit naiz bada ere, Espainiako gerla eginik, Zokoan bizi zen Asturiano anarkista batez. Eritu zelarik eta gorputz guzian zakar itsusi batzu agertu zitzaizkiolarik, lanak izan nituen lehenbizian. Oihuka eta sakreka ari zitzaitan, aizkora bat emateko, bere burua hil nahi zuela. Egun guziez, ordu on bat pasatu nuen, hilabete batez, haren zaurien artatzen eta azkenean gizona hobekitu zen, jeiki eta kanpora ateratzen hasi. Handik hara ez zen eri hari deusik erran behar apezen kontra.

 

 

HILEN BEZTITZEN

 

        Alta, eri artatzaile bezala, bertze lan bat ere banuen maiz egiteko, hura zen hilen beztitzea. Gogoan dut, egun batez jin zitzaitala udatiar mutil gazte eder bat bere zerbitzuen eskaintzera: uda guzirako ene gomendio zen, bere auto ederrarekin. Egun berean hain zuzen, Kalitxoko etxe batean hil zen gizon bat eta deitu ninduten hura beztitzera. Hara nindoalarik, iragan nintzen goizeko mutiko gaztearen etxe aitzinean, eta bera ikustearekin erran nion: «Errazu jauna, banuke zerbitzu bat zuri galdatzeko». «Mintza zaite, heldu nitzaizu», zuen ihardetsi. Nik orduan: «Ongi da, zato nerekin hil baten beztitzera!».

        Ortzia gainera etorri balitzaio, ez zen gehiago harrituko gure mutila. Etorri zen halere nerekin, gaizoa. Ikustekoa zen nola hurbiltzen zen hilaren ondora, zangoen puntetan.

        Azkenean, Zokoako alaba batek erizaingo eskolak egin zituen eta jin zen gutartean bizitzera. Atseginekin utzi nion berehala eri artatzeko kargua. Ez dut bizkitartean dolurik ofizio hori beterik zenbait urtez ene parropian. Hola nik hobeki ezagutu balin baditut jendeak, heiek beren aldetik ikusi dute apeza ez dela baitezpada lanoetan bizi, bainan badakiela hala beharrean, lagun protsimoa zerbitzatzeko, munduko ginarrian sartzen.

 

IJITOEN ERDIAN

 

        Ijito lekua da Zokoa. Urte guziz ijito multzo batek egiten du bere egonaldia. Zokoan, beti haatik toki beretan, zeren eta nehor gutik nahi ditu bere etxeari hurbil eta zenbait aldiz ikusi dut poliza etorria ijitoen haizatzera.

        Behin baino gehiagotan mintzatu naiz herri gizonekin, nonbait kanping bat munta dezaten heientzat, behar diren ur, argi eta komunekin. Bainan garesti laitekeela, ez lezakeela bererik eman eta bertze mila arrazoinengatik, ez dut aurkitu inguruko herririk, ijitoentzat xahupideetan sartu nahi zuenik.

        Ijitoen bizia aski hurbildik ikusirik, anitz urtez, zerbait erran dezaket jende horietaz. Badira horietan ere aberatsak eta pobreak, esku garbiak eta esku zikinak, barne onekoak eta barne tzarrekoak, «handikiak» eta «herrestak». Euskaldun eta espainol ijitoak azken mailako bezala ikusiak dira. Handikiak dira bereziki «manux» arrazakoak, berek diotenaz «odol urdinekoak».

        Horien haur multzo bat izan da nere katiximetan, nahiz huts egiten zuten askotan. Ijito multzo bat bataiatu izan dut eta beren bataioak egiten dituzte ohore handitan, musika eta kantuekin. Heien sinestea hazia da ipuin eta kondairaz: maiz entzun diotet erraten, zabaltzen dituzten musika nota guziak, lotuak direla zeruan, izar tipi batzu bezala.

        Ama Birjina biziki maite dute eta hura ohoratua den lekuetan badituzte beti zenbait geldi leku. Norbait hiltzera doakiotelarik hurbiltzen dira beren hilobiak dituzten hilerrietarik. Ez naiz oroit ijito bat Zokoan ehortzirik.

        Jitez ijitoak alegerak dira. Lasai bizi dira, pentsatu gabe lan orduari, ez biharko biziari. Guti dira sartuak seguru sozialean. Halere alokazionengatik edo, haurrak eskolara igortzen dituzte, lehen ez bezala, eta hauek orai irakurtzen eta izkribatzen doi bat ikasten dute. Erran behar da asko maite dituztela beren haurrak, eta eskandala bat da ijitoentzat, haur bat abandonatzea. Mutil batek esperantxetan ezartzen badu neska bat, harekin ezkondu behar du, edo kasu eman beza gertatuko zaionari. Bertzenaz berant ezkontzen dira, gehienetan zenbait haur ukan ondoan.

        Beren mintzaira badute ijitoek, bainan heiekilakoak ez direnek mintzaira hori ikastea ez dute maite. Bertzalde berek bizpahiru hizkuntza badakizkite, usuenik frantsesa, espainola eta alemana. Bidaiatzea odolean dute, beharrezko zaiote, guri toki berean kokatzea bezala. Guk deramagun bizimoldearentzat ordea mesprezio izigarria badute. Funtsean guk heienarentzat bezala. Heiek ala gu gabiltza zuzen?

        Egia da Zokoan ere ijitoek ebasten dituztela oilo, lapin, baratzekari eta holako. Behin Etzan baserrian, etxeko guziak landan lanean ari zirelarik, ohartu ziren hiru emazte ijito bazoazela heien behitegira buruz. Etxeko nagusia joan zitzaioten gaineko selaurutik zelatatzera. Lagunak kanpotik zain zeudelarik, ijitoetarik bat, behitegi barnera sartu zen, oilo koloka bat lepotik hartu zuen eta gonapean gorde. Ustegabetarik agertu zitzaion ordea nagusia. Emaztea orduan kokoriko jarri zen, alegia bere beharren egiteko, bainan bertzeak, «Xuti hortik!», oihu egin zion eta lapurrak, xutitzean, zaien azpitik utzi zuen bere oiloa airatzera.

        Bizkitartean aspaldiko urtetan ezagutu dut Zokoan «manux» familia bat, Adel izenekoa, denak estimatzen zutena. Heien amak izanak zituen 17 haur. Zenbait geroztik hilak. Gehienak eskuin eta ezker barraiatuak. Familia hori nahi izan zutelarik herritik haizatu, sinadurak bildu zituzten Zokotarrek heien alde eta geroztik gutartean daude.

        Badu gainera Adel familiak bere historia luzea. Espainiako gerla hasi zelarik, Burgos aldean bizi ziren. Zazpi anaia musikari baziren eta zirko tipi bat eginez guziak elkarrekin bizi. Paperetan frantses ekarriak ziren Adeltarrak, bainan espiungoan ari zirelako aitzakiarekin, preso sartu zituzten eta zernahi ikusi ondoan, Iruñean eta Arnegin gaindi noizbait, beren kamiun bakarra harturik, soineko arropekin denak kanporatu.

 

 

BERTZE JENDERIK

 

        Ijitoez bertzerik bazela Zokoako parropian, bistan da. Aurkitu nituen adibidez adin handiko jende batzu. Banuen bat ehun urtez goitikoa.

        Horietarik zenbaitek ikusiak zituzten Zokoan iragaiten Victoria Angleterrako erregina eta Napoleon III. frantses enperadorea. Bertze batzuek haurra nintzelarik ezagutua ninduten. Ez dut errate beharrik xahar horiekin zein adiskide nintzen.

        Baziren ere urte heietan Zokoan Bretoin anitz, gizonak arraintzara etorriak, emazteak kontserbategietara. Emazte horiek buruan zerabiltzaten mottoetarik elkar ezagutzen zuten, zein probintzietakoak ziren. Zenbait urtez egin izan da bretoin arraintzale horion eliza besta berezia. Geroago, 1956an muntatu ginuen euskaldunek gisa bereko elizkizuna. Erran behar da ere ezkontza frango egin izan dela euskaldunen eta bretoinen artean. Ezkontza iraunkorrak gehienetan. Fedezko zimendu bera dugu, egia erran, heiek eta guk. Berdin langileak gira eta berdin... kasko gogorrak.

 

        Mariñel zaharra

        Mariñel ondo Bretoin zahar bat ez dut ahantzia: Denboraz bakalauketari ibilia zen Ternuan. Behin bere itsasontzia zilaturik, lagunak lotsatuak zirela, bera sartu zen zolako ganberan, ur-ziloa tapatu zuen eta ontzia salbatu. Medaila eman zioten, bainan hori nehor gutik zekien Zokoan. Erretiratuz geroz gutartean bizi zen, ahuntz batzu haziz, Artetan xorta bat edaten zuen eta orduan zen apur bat zakartzen.

        Bertzalde gizon hori bere emaztearenganik bereizia baitzen, zibilean ezkondua zen bertze batekin. «Ni hiltzen naizenean ez nauzue elizan ehortziko», erraten zaitan. Bizkitartean fede handia zuen eta Santa Ana Auray-koa, bretoin marinelen patroina maiz otoizten zuen. Usu joaten nintzaion ikustera eta hil aitzin, biek egin ginuen otoitz elkarrekin eta eman nion absoluzionea. Bainan orduko eliza legearen arabera ez nezakeen haren gorputza sar elizan. Erabaki nuen beraz haren ehortzeta zibilera joatea. Jendea harritu bazen ere, ondoko igandean predikutik erakutsi nuen nola batzuetan Jainkoaren ikusmoldea eta gurea bi direla.

        Neronek banuen maiz pentsaketan egoiteko parada, nola behar nuen gobernatu hoinbertze jende desberdinez egin parropia: desberdin etorkiz, sorlekuz, mintzairaz. Horien arteko batasuna egin behar zuen gure fede berak eta gure Herri bereko lurrari, ohitureri eta ahalaz mintzoari jende horien guzien lotzeak.

        Alta, katolikoez bertzalde, baziren Zokoan oraino, judu batzu, musulman langile bat edo bertze, erlijiorik gabeko zenbait eta protestante multzo tipi bat. Denekin, ahalaz, harreman onak izan ditut, bainan biziki onak protestantekin. Hauek hiru taldetan biltzen ziren: Ebangelistak, Angleterrako erregeren elizakoak, eta Joanes Husen aldeko Txekiarrak. Ingelesek nahiago zuten gure mezetara etorri, Ebangelisten elizkizunetara baino. Apez paga ere ordaintzen zaidaten batzuek. Zenbait aldiz gertatu zait ere katoliko baten ezkontzea protestante batekin.

        Kasu batean ezagutu dut, emazte protestante bat senar katoliko batekin hemen ezkondua. Ezkontzean hitzeman bezala, bere haurrak eliza katolikoan bataiatu zituen eta hain zintzoki altxatu non galdetu bainion bere haurrekin batean har zitzan katiximan bertze haur umezurtz batzu. Eta arras ongi egin zuen.

 

 

PASAIANTEAK

 

        Badut oraino zer erran. Zokoan pasatzen baizik ez ziren zenbait jendek utzi oroitzapenez. Nere kaperan bizi nintzen denborako zenbait kasu ditut bakarrik hemen aipatuko. Jende horiek hiru edo lau multzotan biltzen ditut: udatiarrak, ohoinak, bitziak eta gero ihesliarrak.

 

        Udatiarrak

        1950 ondoko urteetan hasi ziren Zokoara etortzen belazko etxoletan aloiatzen ziren udatiarrak. Ordu arte ez zen Zokoan kanpaleku bakar bat ere. Udatiar horiek bazter guzietan uzten zituzten beren zikinkeriak. Lekuko iturri eta latsagi guziak heien gomendio. Zenbaitek ez zuten errespeturik. Nere etxe ondoko iturrian ikusi nituen behin neskatxa batzu biluzgorriturik ikuzten ari. «Non duzue lotsa?» galdetu nioten, frantsesez. Batek ihardetsi zaitan: «Lotsatzen bazira, aski duzu ez behatzea».

        Bertze aldi batez, eliza ez zelarik oraino idekia, igandetako mezen emateko baizik, jin zaizkitan erratera eliza kanpatzaile ez betea zela. Ikustera joan-eta, neska-mutil andana bat aurkitu nuen, denak mainuko jantzitan. Soka batzu ezarriak zituzten galeria batetik bertzera, heietarik zintzilik beren arropen idortzen emateko. Komuniatzeko mahainaren aitzinean, su baten gainean, zenbait berotzen ari ziren.

        Izigarriko hasarreak hartu ninduen eta oihuka hasi nintzen. Berrogoi bat urteko gizon potolo bat, mainu jantzitan hura ere, hurbildu zitzaitan. Otoi eztitzeko, eskuz keinu egin zaitan eta erran: «Ez dira jende makurrak, ni naiz horien omoniera!». Zernahikoak bota nizkion eta hamar minuta eman lekuen husteko. Hala egin zuen.

        Azkenean, itsas hegian dagon Jauntto-baita etxaldeak baitzuen kanpaleku bat egiteko toki on bat, hango nagusiak, Joset Urbistondok deliberatu zuen lehen kanpatokia apailatzea eta ez zitzaion dolutu. Geroztik, bertze kanpaleku asko ideki dira Zokoan eta udatiarren zikinek ez gaituzte hanbat lotsatzen.

 

        Ohoinak

        Apez anitzek bezala, izan ditut nik ere diru galdez etorri zaizkidan bisitariak. Ez baita beti errex jakitea zein diren bide zuzenekoak eta zein makurrekoak. Halere apur bat entzunez geroz aski laster ohartzen zinen zein zen egiaz mintzo eta zein gezurrez. Erran zaharrak dio: «Gezurrak zango laburrak». Halakoak kanpora manatzen nituen.

        Batzuetan gogoratu zait ene etxeko atean abisu hau ezartzea: «Ez daitezela hemen sar, ohoinak, gezurtiak eta eroak!». Hainbertze jende badabil munduan, guti-edo-aski burutik nahasia denik, edo jende bitzirik!

 

        Bitziak

        Gau batez iratzarri ninduten ateko zilintza joz. Han zagon zutik gizon alimale bat, pilda tzarrez bezti, bere karga guzia oihal batean bildurik zeukala bizkarrean. Frantses piska bat jakinagatik, bera Irlandesa omen zen. Europan barna ibilki. Ama Birjinaren beila tokien itzulia egiten ari: Lurden izanik, orai Zaragozara joaki. Goseak hila omen baitzen, jatera eskaini nion: bezperako tupin eltzekari bainuen, hura berotzen hasi nintzen, bera zer ari zen begia atxikiz. Egiazki gose zela erakutsi zuen, tupin osoa hustu baitzuen. Ez bainuen harentzat oherik, etzanik eman nuen nere kaperako tronaduraren gainean, tapiza batez estalirik. Biharamun goizean, lau-bortz neskatxak, meza kantatzera etorri zirelarik, han harrapatu zuten.

        Meza hasi aitzin, erran nion gizonari xuti zedin. Erdi lo xutitu zen, bainan galtzen janzten neronek lagundu behar izan nuen. Nere neskatxak irriz hasi ziren. Bainan galtzak estekatzean erori zitzaizkion eta bigarren oldarrean, bere karga bizkarrera altxatzean, oihalezko zakua ideki zitzaion eta handik atera ziren liranja eta tipula buru batzu. Pentsa, gure neskatxen irriak! Meza eman-eta gatilu handi bat kafe hartzera gonbidatu nuen eta, hura edanik, urrundu zen, kantari, nere etxetik. Gure ama zenak zioena: «Hura ere ama baten semea, Jainkoaren haurra!».

 

        Ihesliarrak

        Egun batez bi gizon etorri zitzaizkidan. Txekiarrak omen ziren. Jatera emanik, lo egiteko eskaini nioten etxe azpiko xaia tipi, ilun, itsusia. Han egon ziren zenbait hilabetez. Heien biziaz liburu luze harrigarria egin liteke.

        Txekoslobakiatik jinak ziren ihesi biak, bainan bat Txekiarra zen, bertzea Eslobakiarra, ez baita gauza bera, ezen Eslobakian gehienak katolikoak baldin badira, Txekiarrak maiz protestante dira. Mintzaira ere ez dute berdina, ez jitea. Apur bat Biarnesek eta Euskaldunek bezala. Dena den, Rusoak Txekoslobakian sartu zirelarik gure bi gizonak preso sartu zituzten. Txekiarra preso zelai batera igorri eta Eslobakiarra ikaztegi batera, lanera.

        Eslobakiarra. Zdenek izenekoa, ihesi joan zen Alemaniara eta, han ziren Frantses soldadoek kontseilaturik, «Légion Etran        gère» delako tropetan engaiatu. Orduan Afrikako Sahara mortura joan behar izan zuen. Ez baitzen han laket, lagun batekin ihesi joan zen Marokako aldera. Gibeletik zeuzkaten frantses jandarmek hil zioten laguna mugara heltzean. Berak ordea, muga iragan zuen eta Marokarrek preso sartu zuten Casablancan. Handik atera zelarik, Frantziako Marseillera buruz joan zen eta gero Parisera. Han aurkitu baitzuen bere Txekiar laguna.

        Txekiar hori bada inginadorea zen, bi haurren aita, katolikoa eta jadanik zigor-zelaietan preso egona. Hitler-en denboran, eta han zango bat enbaliertua. Lau-bortz mintzaira mintzo zituen. Rusoa ere baitzekien, Rusoek preso sartu zutelarik, asmatu zuen komunizgoara itzuli zelako jukutria egitea. Eta libratu orduko iragan zen Alemaniara, han Amerikanoengana biltzeko xedeetan. Bainan Amerikanoek Frantsesei gomendatu zioten eta hauek, Pariseko hotel eder batera eremanik, han proposatu zioten hautua: edo bere sorterrira itzultzea. Frantsesen kondu espiungoan aritzeko, edo zortzi egunen buruko Frantziatik kanpo joatea. Orduan zuen Parisen aurkitu, Marseille-tik etorria, bere lagun Eslobakiarra. Han zuten biek erabaki, bakean utziko zituzten Tanger bezalako leku batera joatea, bizitzera.

        Horra nola ziren beraz bi gizonak. Parisetik nere etxera kamiun batean etorriak, Tanger-era joateko asmotan. Zorigaitzez, ez zuten suerterik izan: Lehen aldian, muga iragan orduko Sarako Lizuniagan gaindi, espainolek hartu zituzten eta Iruñeko presondegian zenbait egunez atxiki ondoan, Lizuniagatik Frantziara igorri. Bigarren aldian, Biarnoko Somportetik muga iragan zuten, bainan han ere Jaca-ko poliziak berriz gibelera bidali zituen. Hirugarren aldian, beren lanaz eta nere laguntzaz diru apur bat bildurik Madrileko trenean sartu ziren, bainan, debrukeria, poliziak Madrilen hatzeman zituen eta furgoneta batean Frantziara despeditu, ez gehiago Espainiara itzultzekotan.

        Zer egin bada? Erabaki zuten Marseillen gaindi itsasontziz joatea Tanger-era. Eta kargaketari batek hartu zituen langile bezala, janean truk. Bainan Tanger-en ez zituzten onartu, ez zutelakotz berekin aski dirurik. Marseillera itzuli zirelarik han ebatsi ziozkaten beren arropa eta paper guziak. Gero lan bat proposatu zioten frango arriskutsua: gerla denboran, itsas hegian pausatu minen desmontatzea. Zdenek-ek onartu zuen lan hori, bainan geroztik, jakin nuen nonbaitik, gaizo gizonak bere burua aurtiki zuela trein baten azpira. Ez dut sekula jakin zuzena zenetz. Bainan Zdenek-en hil berriaren ondotik, jin zitzaitan haren andregaiak Alemaniatik igorririk, alemanez idatzi gutun bat. Ez zuen gehiago andreak senargaiaren berririk, berak aldiz bien haur bat mundura emana zuen eta katolikoa izanez nahiko zuen Zokoan ezkontzera etorri. Neronek ihardetsi nion, alemanez, gutun batean, zorigaitzez haren senargaia hila zela istripu batean, bainan jakin zezala berak, eta beren haurrari erran, haren aita errespetu eta ohore merezi zuen gizona izana zela.

        Txekiar laguna aldiz, berriz agertu zen nere etxera. Ordukotzat, lan bat hatzemana nuen harentzat. Bordele inguruko etxalde batean, behizaingoan. Gogotik hartu zuen lan hori eta, zenbait hilabetez egonik etxe hortan, Alemanian bizitzera joan zen. Handik izaten ditut noiztenka haren berriak. Garage batean egiten du lan. Azken gutun batean idazten du, seme bat apeztu zaiola berrikitan eta aita-semek baluketela nere ikustera jiteko gogoa.

        Hontan bukatzen dut bi gizon horien historia latza. Uste dut nere aldetik kasu hortan bete dudala Jesusen deia: «Egizue ongi etorri jende arrotzari!». Eta ez dut dolurik.

 

aurrekoa hurrengoa