www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Oroitzapenak
Piarres Larzabal
1979-1821, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VII), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkarlanean, 1998.

 

 

aurrekoa hurrengoa

1960 ONDOKO URTEAK

 

        Zinez urte lantsuak izan ziren neretzat 1960 inguruko urte horiek. Harriturik nago oraino, nola denetara heltzen nintzen. Erran behar dut Jainkoak eman zaitala gaitzeko osasuna. 28 urtez ez naiz oroit, eritu artino, behin ere meza edo katixima eman gabe egonik Zokoan. Ez dut ere bakantzarik hartu, salbu aste batez. Galizian gaindi itzuli bat egiteko. Uste nuen erretira hartzean, denbora tira ukanen nuela pausatzeko. Nere ametsa zen onjoketa edo gaztainaketa ibiltzea edo mendietako hilerri zaharren ikuskatzea. Orai ohartzen naiz atsedena ez duela Jainkoak neretzat egina. Goazen bertaz geroko esperantzan!

        Dena dela, artetik oroitzen naiz, Pantxoa Etxezaharreta ginuela buru. 1960an hasi ginuela uda guziez, zortzi urtez eman ginuen euskarazko emankizuna. Astean 30 bat orri bederen idazten nituen.

        1960eko urte berean, sortu ginuen «Enbata» kazeta eta mugimendua. Kazeta hortan idazten nuen, bai eta ere «Herria» edo bertze kazeta batzuetan. Antzerki multzo bat atera nuen bertzalde eta arratsetan maiz joaten nintzen Urruñako antzerkilarien moldatzera. 1964ean, Azkainen egin nuen nere Euskaltzaindian sartzea. Eta azkenik 1969an, sortu ginuen Anai-artea deitu batasuna.

 

 

EUSKALDUN IHESLARIEKIN

 

        1960ean agertu ziren hemen gaindi, Franco-ren menpetik ihesi etorri ziren ETA-ko lehenak. Hastapenean gure etxetan hartzen genituen, 1962an jin ziren lehenak nere etxera. Apez batzu ziren. Guziz adixkide bilakatu nintzen heiekin. Laster ohartu nintzen, apez gazte horiek ez zutela batere 1936an huna ihesi etorri apezen izpiritua. Apez horiek kokatu zirelarik eskuin eta ezker, horien ordainak sartu ziren nere etxean. Mutil gazte batzu ziren, bai eta ere senar-emazte ezkondu batzu.

        Ez nintzen aberatsa. Heldu zirenek zerbait ekartzen zuten. Ginuena elkarren artean zatikatzen ginuen. Ez da sekulan gure artean kalapitarik izan, batek bertzearen ogitik jaten zuelakotz. Bainan iheslariak gero eta kopuru handiagoan heldu zitzaizkigun. Hortakotz, mugaz bi aldetako lagun multxo batek, Telesforo Monzon buru, muntatu ginuen Donibanen Anai-artea. Izen bereko biltokia ideki ginuen 1969ko ekainean. Anai-artearen historia agertuko dut, Jainkoak nahi badu, ondoko egun batez idatziko dutan liburu batean. Orai beretik erranen dut, hamar bat urtez izan naizela Anai-arteko idazkaria eta alde hortarik banuela anitz buruhauste, bertze guzien gainera.

 

        Beihl kontsularena

        1970a zen, Burgos-eko auzi famatuaren garaia. Franco gibelarazteko Burgoseko presoen hiltzera kondenatzetik, ETA-ko batzuek bahitu zuten Donostian, Beihl deitu Alemaniako kontsula eta Anai-arteari eman zioten Alemanekin tratutan sartzeko kargua. Orduan zakur ohararen ingurura zakur arrak biltzen diren bezala trumilka, berriketariak, mundu guzitik, 25 gau-egunez hurbildu ziren. Zokoako apezetxearen ingurura.

        Espainol polizia batzuk asmatu zuten nere bahitzea, bainan gizon armatuak bainituen zaintzaile, bahitzaileak urrundu ziren. Luzaz haatik, bai telefonoz, bai izkribuz, izan nituen zernahiko mehatxuak. Nere burua zaintzeko, otsozakur beldurgarri bat hartu izan dut eta gertatu zait nerone ere armatua ibiltzea. Arrats batez ezagutzen ez nuen norbaitek galdegin zaitan kofesatzea, aitortuko dut, beldurrez, ezkerrean pistola naukala, eman nion eskuinaz absoluzionea.

 

        Katixima lekua biltoki

        Anai-arteko barneetan biltzen genituen ihesliarrentzat, asko lekutarik eta bereziki mugaz bertzaldetik, heldu ziren jateko eta beztitzeko puskak. Bainan hainbertze bazen non parte bat elizako katixira lekuan ere ezarri baiginuen. Franco hil zelarik, asko iheslari etxera itzuli baitziren, oroit naiz gelditzen ziren puskak partikatu genituela eske heldu ziren behartsu guzieri.

        Anartean, iheslariek berek eta heien abokatuek erabili izan dute ere elizako katixima lekua beren arteko bilkuren egiteko, nere baimenarekin, nahiz noizean behin frantses polizia jin zaien kontrolatzera, malezia gehiegirik gabe. Bainan azkenean, hasi zelarik. Baionako katedraletik, euskaldunen gose-greben garaia, gure elizaraino heldu ziren gose-greba horiek, eta hiru aldiz egin ziren Zokoan ni erretor nintzelarik.

        1.-ik, 1972an egin zen hemen lehena. Gutartean bizi ziren ihesliarrak frantses gobernuak hemendik haizatu nahi izan zituen eta protestatzeko, gose-greban jarri ziren ehun bat euskaldun, laurogei bat Baionako katedralean, multxo bat Donapauleko elizan, bertze bat Maulekoan eta sei bat hemen. Urriaren 12tik Hazilaren 18raino iraun zuen. Asko jende ibili zen grebalarien ikusten eta sustengatzen eta goresgarri daukat, bereziki, Rospide Ziburuko auzapez eta medikuaren bai eta haren etxekoen laguntza, auzapez eta mediku bezala.

        2.-ik, 1976eko Eguberrietan, Baionako katedralean sartu ginen 30 bat euskaldun ezagun, gehienak adinetakoak. Telesforo Monzon-en inguruan, hiru eguneko gose-greba baten egiteko eta Herri gizoneri atzerriratu euskaldunen egoera salatzeko. Leizaola euskaldun lehendakaria, Tarradellas Katalana, eta Hugo Bourbon-eko Karlisten burua abisatuak ziren. Bainan ekintza hau guziz nahasia gertatu zen. Tarradellas ez zen agertu. Leizaola nehor agurtu gabe agertu eta joan zitzaikun, eta Hugo printzea ez zuen utzi poliza frantsesak hurbiltzera. Gu aldiz polizak katedraletik ereman gintuen bere etxera eta berehala libro utzi. Orduan ginuen Zokoan egonaldi bat egin eta berriz Baionako katedralean bururatu itzulia.

        3.-ik, 1979ko abuztuaren 9an hasi zen Zokoako hirugarren gose-greba eta abuztuaren 23an bururatu. Hortan parte hartu zuten, Juan Jose Etxabe eta haren 13 eta 14 urteko Anaiz eta Izar, bi alabek. Nahiz gauaz gure etxen hartzen genituen, gaiztaginen beldurrez, bi neskek ederki ihardoki zuten beren aitarekin eta anitz jende etorri zitzaioten ikustera. Ez da ordea ahantzi behar zer zen familia horren arazoa eta zer gertatzen ari zen aitzineko urteez geroz, Espainiako polizak, Iparralde guzian, muntatzen ari zituen bahitze eta hilketekin.

 

 

AGURTZANE-REN HILTZEA

 

        1978ko uztailaren 7an, arrastirian, Donibaneko beren etxearen ondoan, Juan Jose Etxabe eta Agurtzane, senar emazteak tirokatu zituzten mandil batzuek. Emaztea han berean hil zen, bainan senarra, ospitalera altxatu zuten eta, hameka bala zituela gorputzean, bizirik atera zen.

        Hortarik landa, Agurtzaneren gorputza Arrasatera ereman zuten eta han gaitzeko ehorzketak egin ziozkaten. Juan Jose-ren kontra aldiz frantses administrazioak hasi zuen gerla itsusi bat, euskal problemari buruzko bere politika ilunaren barnean kokatu behar dena. Hala nola, Juan Jose Baionako Ospitalera sartu orduko, polizak atera zuen berria, baizik eta Etxabe jaukitu zutela, ez batere politika arazoengatik, bertze ematzar saltsa zikin batzuengatik baizik. Gezur borobila, batzuek zorigaitzez sinetsi zutena, nahiz atera orduko, auzitara eremana zuten Etxaberen abokatuek.

        Neronek berri faltsu eta okerra gezurtatu nuen, uztailaren 8an. Zokoako elizan eman nuen bederatzi-urreneko mezan. Hau izan zen hogeita bosgarren hil-meza Zokoan eman nuena. Herriarentzat odola ixuri zuten abertzaleentzat, eta eman nuen hamabosgarren hitzaldia. Aitzineko hamalauak argitaratuak dira «Nere Mendixkatik» liburuan. Ez dut uste Agurtzane-ren meza hortara bildu zen jendeketa bezalakorik sekulan izan den Zokoako elizan.

        Bizkitartean, ez du iduri poliza biziki mugitu zela hiltzaleen harrapatzeko. Izatekotz ere, meza aitzin, Baionako Suprefetak hiru aldiz igorri zaitan mezua abisatzeko populua, bere onetan hobe zuela ixil eta geldirik egoitea. Kexu-kexua adiarazi nion banekiela zer erran elizan, berak bere manuak eman zitzala kanpoan. Mezatik lekora ordea, Donibanera buruz itzultzen zelarik jendetza, CRS-ak agerturik beren arma guziekin, izan zen zerbait kalapita, lekuko batzuen asaldatzeko doia, deus ez baitzen izanen, polizarik ez balitz agertu.

        Zenbait hilabeteren buruan ordea, Frantziako gobernuak berriz piztu zuen Etxabe-ren auzia, manatu ziolarik, funts gehiagorik gabe, Frantziako lurrak hustea. Orduan zaitan eskatu, bere bi haur zaharrenekin Zokoako elizan gose-greban sartzea. Hamabost egunen buruko, Bernard Marie, Miarritzeko auzapez eta deputatuari esker, ardietsi zuen halere bien arteko antolamendu bat izatea. 1979ko abuztuaren 23a zen. Ez zoan orohar eztitzera ihesliarren kontrako gerla.

 

        Argalaren heriotzea

        1978ko abenduaren 21ean, Angelun hil zuten Jose Migel Beñaran «Argala», gauaz bere autoan zartagailu bat ezarririk, goizean, lanera abiatzean, lehertu zitzaiona. Axunekin ezkondua zen. Haurrik ez zuten. ETA-ren buruzagietarik zen. Bihotz oneko eta izpiritu xorrotxeko gizon bezala ezagutu dut. Bizkaia Arrigorriagako sorterrira ereman zuten haren gorputza, Zokoako eliza aitzinean azken agurra eman ondoan.

 

        Peixoto, Txomin eta bertzeak

        1979ko urtarrilaren 13an, Donibanen tirokatu zuten eta itsuski zauritu Argalaren lagunetarik bat, Peixoto Arrasatekoa, eta Maiatzaren 4ean berriz, atakatu zuten Miarritzen, Peixotoren herritar eta laguna, Txomin Iturbe. Ez zuen honek lehen aldia, tirokatzen zutela, bainan oraiko huntan ere bizirik atera zen.

        Zorigaitzez etsaiaren tiroek ez zuten beti huts egiten. Maiatzaren 18an, hiltzaile berek, Hendaian hil zuten Peru Larrañaga Azkoitikoa eta ekainaren 25ean berriz Baionan, Enrique Gomez Gasteizekoa.

        Ondoko hilabeteetan oraino hil zituzten, abuztuaren 2an, Miarritzen, Juan Lopetegi «Pantu», Bilbokoa eta buruilaren 13an, Miarritzen ere, Justo Elizaran «Periko», Donostiakoa, bi haurren aita, gizon ona, lanari eta familiari atxikia, ongi ezagutzen nuena, gure etxen egona baitzen hamabortz egunez. Perikoren hil-meza, Mikel Epalzak eman zuen Miarritze San Martineko elizan, jendeketa handiaren parte hartzearekin.

        Peru Larrañaga, Enrique Gorez eta Juan Lopetegi-ren gorputzak, beren lagun hilenak bezala, Hegoaldera ereman aitzin, Zokoako elizan gelditu ziren, elizkizun batentzat, neronek eta Anai-artearen idazkari berriak, Saint-Esteben, Donibaneko bikariak edo Mattin Carrère, Ziburuko bikariak, antolatzen ginuena. Horrek adierazten baitu, nik uste, noraino heltzen ziren Zokoako elizaren eremuak.

 

        Zokoako elizaren eremuak

        Zokoako elizak bazituen alabaina bi eremu nota: bat lurrezko eremua, hertzea gizonezko eremua. Lurrez, Zokoako parropia ez da handia. Bainan asko hedatu da horri lotu diren gizonez. Nere kontuen arabera, 1970etik 1980era, hamar urtez, Zokoan bataiatu dira Hegoaldeko 84 haur, eta ezkondu eskualde hartako 129 gazte. Ikus hortarik zer izan den Hegoaldeko euskaldunek gure elizarentzat izan duten atxikimendua. Zergatik ote atxikimendu hori?

        Iduritzen zait, eliza hortako apez izan naizenetik, maiz gogoan izan dudala Azken Jujamendua. Jainkoak orduan, bertzeak bertze, galdetuko daiku zer harrera egin diotegun kanpotiarreri. Oroitu behar ginuke ere, Familia Saindua iragan behar izan zela mugaz bertzaldera, Herodesen politikari ihes egiteko. Eta azkenean kanpotiarreri ongi etorria egiteko eginbidea ez ote da zorrotzago, kanpotiar hori delarik gu bezala euskalduna eta giristinoa?

 

 

PROPAGANDAREN INDARRAK

 

        Zer ez dute bizkitartean egiten propagandaren indarrek, hots, gobernuen eta aberatsen eskuetan diren irrati, telebista eta kazetek?

        Franco-ren denboretan, ETA-ko lehen ihesliarrak etorri zirelarik gutartera, preso hartuak izan ziren anitzak, jujatuak eta gaztigatuak edo berdin, jujatu gabe ere, hemendik haizatuak. Geroztik ez da ixildu ihesliarren kontrako gerla.

        Hastapenean, propagandak zioen, denak komunistak zirela, denak gaiztaginak. Gero erran da, hemen bazter nahasle bertzerik ez zirela. Jasan behar izan dituzten krimak ere, heren gain ezarri dira. Propagandaren lana, zenbat giristino eta apezek ez dute irentsi eta beren inguruan hedatu?

        Zorionez, denborarekin, begiak ari dira idekitzen eta herritar asko iratzartzen. Hor gaindi dabiltzan gaiztagin zenbait harrapatu dituzte eta Periko hil dutelarik, Bordeleko polizak hatzeman ditu bortz mandil, lau frantses eta espainol bat. Noizbait bederen jendea ohartuko da nun diren egiazko bakea nahi dutenak, eta nun ez diren.

 

        Hendaiako gose-greba

        Alta bada, 1979ko urtarrilean hartu ihesliarren kontrako erabakiak, frantses gobernuak ez zituen aldatzen, heiek geroztik jasan erasoen ondotik ere. Azkenean, 35 lagun, 19 gizon eta 12 emazte, Miguras erretoraren baimenarekin, gose-greban sartu ziren, 1979ko abuztuaren 20ean, Hendaia Santa Anako elizan. Hau izan da, orain arte Ipar Euskal Herrian egin den grebarik luzeena eta gogorrena: 35 egun iraun du, buruilaren 23 arte.

        Ni ere, operatu berria izanagatik, greba hortan sartu naiz, buruilaren 10ean. Buruilaren 15ean ordea, ospitalera ereman naute, eta ospitalerakoan, Suprefetaren etxe aitzinean iragaitean anbulantziarekin, ardietsi badut ere Suprefetarekin mintzatzea, nere protesta adierazteko lagun guzien izenean, ez zait iduri frantses gobernua biziki higitu dela gure greba horrengatik: preso zenbait libratu ditu, bainan paperik gabe utzi.

 

        Polizaren miaketak

        Bertzalde, goiz batez, etxera sartu zaizkit zazpi poliza-gizon. Bordeletik jinik, legezko ageria eskutan, nere etxea eta inguruak miatzeko jujearen baimena bazutela erakusteko. Horra nola zazpi gizon ari izan diren zazpi orduz, nere etxearen, elizaren eta inguruen miaketan. Ez da lehen aldia, bainan hirugarrena, holako miaketak egiten daizkidatela. Eskuak hutsik joan dira oraikoan ere.

        Orotan bezala, hemen ere poliza ari da buruzagien erranetik, bainan ohartzeko da hemen ditugun buruzagi horiek, Prefet eta Suprefet, Parisetik igorriak, ez direla euskaldunen adiskideak eta gora igortzen dituzten gure berriak ez dira gure aldekoak. Hola hobeki konturatzen gara ez direla gure aferak Parisetik gobentatu behar, bainan hemendik eta guk hautatu buruzagiekin.

 

aurrekoa hurrengoa