www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Oroitzapenak
Piarres Larzabal
1979-1821, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VII), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkarlanean, 1998.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAZPARNEKO OROITZAPENAK

 

AITZINETIK EZAGUNAK

 

        Preso tokietarik etorri-eta, Hazparnera itzuli nintzelarik ez nintzen leku arrotzean sartzen, ez bakarrik 1939an apeztu orduko zenbait aste han iraganak nituelakotz, bainan haurrean, apez izaiteko xedea agertu niolarik Debidart erretorari, honek Hazparneko kolejiora igorri baininduen eta han iragan bainituen, ikasle bezala, bi urte.

 

        Kolejioa

        Ikastetxeko buruzagia Hiriart-Urruty apeza zen orduan, Hazketa Latsaldeko apeza, laster Garrora erretiratu zena, gero, ni Hazparnen apez nintzelarik, hila eta neronek beztitua eta lurperatua.

        Misionestegiko kapera berria ongi ezagutzen nuen, lehen harria pausatu zelarik han bainintzen, beretter. Oroitzen naiz Jean Amespil-Patrunek, harriaren azpiko pergaminoa sinatzean, tatxa alimale bat egin zuela. Ez nuen orduan pentsatzen, nik nuela, egun batez, jaun haren gorputza lagunduko hilerrietara. Zer den bizia!

        Bigarren urtean, ene eskolemaile zelarik Etchepare apeza, ez medikuaren anaia, baina haren lehen-kusina. Adema kalonjea etorri zitzaikun eskolaren ikuskatzera. Honek, kalonje izendatu berria baitzen, galdatu zaukun nola erraiten zen euskaraz «Chanoine» hitza. Nehork ez ginakien. bainan Armendariztar lagun bipil bat oroitu zen, ustez. «Chanoine» erraiten zela euskaraz «Gatu pitotxa». Zerbait zakitenek irri ederrik egin zuketen, guk aldiz miretsi ginuen gure lagunaren jakitatea, nahiz jaun kalonjeak berak kopeta zimurtu zuen.

 

        Gure irakasleak

        Gure irakasle apezak, Hiriart-Urruty eta Etchepare bezala, Algalarrondo eta Berrouet euskaldunak ziren; bainan irakasle «frerak» ere baziren, oro erdaldunak, Labrunie, Laussac eta bertze, nonbaitik etorriak. Dena dela, frantsesa ikasi behar ginuelakoan, debekatua zitzaikun, gain-gainetik, euskaraz mintzatzea. Euskaraz mintzo hatzemana zenari emaiten zitzaion «anti» deitu taulatxo bat; 30 aldiz idatziz «Je ne parlerai plus en basque», ordaintzen ginuena.

        Erran behar dut ere, urte heietan, Hazparneko kolejioko ikasleen erdia, ezbaian, mugaz bertzaldetik heldu zela. «Espainolak» deitzen genituen, nahiz Lopez eta Alvarez bezala, baziren ere Aurtenetxe edo Maguregi deitzen zirenak eta denak frantsesa ikasteko etorriak.

 

        Ene konfirmazionea

        Konfirmazioneko sakramendua ere Hazparneko ikastegian ukana nuen, Gieure apezpikuaren eskutik. Karia hortara, galdezkatzen diren katiximako haurretarik bat, ni izan nintzen. Apezpikuak galdegin zaitan, leku orotan Jainkoa badagoela erraiten denaz geroz, ean ifernuan ere ba ote den. Errepusta eman nion baietz, Jainkoa ifernuan ere badela, norbaitek behar baitu hango sua azkar atxiki. Gieure apezpikuak irri egin zuen eta geroztik, luzaz, oroitu zen nere aurpegiaz. Azkainera etortzen zelarik ezagutzen ninduen.

        Eta egia erran, Gieure maiz etortzen zen Azkainera, bereziki neguan, apezetxean pekada jatera. Landestar apezpikuak asko maite zituen pekadak eta haren gomendiora, Debidart erretoraren gelariak, Nikolasa ene kusinak prestatzen ziozkan, behar ziren ongailu guziekin.

 

        Pedrito Choribit

        Hazparnera itzultzeko, banituen herri hortan aspaldiko ezagun eta adiskideak. Hala nola, Pedrito Choribit nere eskolako laguna. Uztaritzetik landa, Chilen egona zen, han baitzuen bere aitak zapataintza handi bat. Bainan, osasunik ez izanez, itzuli zen sorterrira eta, bere izeba eta arrebarekin, etxen kokatu. Maiz ibiltzen nintzaioten ikusten. Haren arreba Mayik, aski eskolatua baitzen, eta osoki euskalzalea, asko lagundu ninduen antzerki lanetan.

        Pedrito bera, gizon eder bat zen, harri edo zur lanetan eta margolaritzan artista ona: bazituen berak margoturik. Mirande erretoraren itxura eta Saint-Pierre apezpikuarena. Eta zimentaz oraturik, Bidarrai Erramundegiko Ama Birjina eta Hazparne Labirikoa eta Basenerrekakoa. Bainan jite bortitzekoa zen nere adiskidea: Gaitzeko kasailak iragaiten zituen bere etxekoekin. Hazparneko burgesia edo apezeria lotsarazten ere bazekien ordea. Geroxeago, Donostiako alaba batekin ezkondu zen. Bere gaitza aldiz fede handiarekin jasan ondoan, adin gordinean hil zen.

        Egia da gazte denborako lokarriak maiz iraunkorrak direla eta ongi heltzen ere biziko ordu latzetan. Hori gertatu zitzaitan neroni, Pedrito Choribitekin, Hazparnen iragan urteetan. Bainan bazekien, berak berdin egin zezakeela nerekin.

        Gau batez, haren arreba Mayi jin zitzaitan, asaldaturik, anaiak nahi zuela berehala beribil berria estrenatu; joanen nintzaionetz lehen ateraldia egiteko laguntzera; zer gerta ere, absoluzione emailea ondoan nahi zuen anaiak. Bastidako aldera jo ginuen beraz, gauez-gau, 150 bat kilometroko abailan. Osorik itzuli ginen. Jainkoari esker, Pedrito eta biak, nahiz biak izerdi lapetan. Horra nolakoa zen Pedrito nere adiskidea.

 

        Leon Itcia

        Aspalditik ezagutzen nuen ere, plazako Alzieta ondoan, Zikite karrikan, Leon Itcia, pilotari ohia, oihal saltzen Azkaingo gure etxeraino ibilia zena. Emazte on bat bazuen. Haurrik ez zuten, bainan usu beren etxean zaukaten, ni baino zahartxagoko beren iloba, neskatxa bat, oilandatzen hasia.

        Hazparneko ikastetxera etorri nintzelarik, maiz bazkaltzera gonbidatzen ninduen Leon Itciak. Behin, ihauteriak baitziren, eta beraz Hazparnen behi lasterrak, joan ginen, Leonen iloba eta ni, behi lasterren ikustera. Debeku guziengatik gehiegi hurbildurik behiari, animaleak itzulipurdika igorri ninduen. Ez zaitan behiak min handirik egin, bainan neska lagunak bi zaflako eman zaizkidan, ikas nezan obeditzen. Hazparnera bikari jin nintzelarik, neronek behar bainuen benedikatu Itcia ilobaren ezkontza, ene predikuan abisatu nuen haren senarra, kasu eman zezan bere andrearen zaineri, zein errex samurtzen zen frogatua bainuen, aspaldi lehen.

 

 

HERRIKO APEZAK

 

        Mirande jaun erretoraren laguntzera etorri nintzelarik, apez lagun frango aurkitu nituen herrian. Ez naiz mintzo Hazparnen sortu apezez, baitzen heietarik frango toki askotan, bainan bai Hazparnen berean, parropian, kolejioan, misionesteian edo auzo herrietan, denbora hartan, lan egiten zutenez. Ez ditut hemen zenbait baizik aipatuko, nahiz bertze batzuekin maizago kurutzatzen nintzen, hala nola, Dohoztiriko Moulier Oxobi edo Gerezietako Elissalde Zerbitzari, bi euskaltzain arrantzale kideekin.

 

        Erramun Idieder

        Hazparnen izan ditut zazpi bikari lagun. Heietarik lehena, Erramun Idieder, Orzaiztarra sortzez, euskaltzalea, bainan ez abertzalea; guziz frantses eskuinaren aldekoa. Bihotz ona zuen eta ez zen demendrenik maltzurra. Aitortu behar dut, Hazpandar jauntto batzuek nere kontrako jukutria bat muntatu zutelarik apezpikutegiko inguruetan, Idiederrek ninduela abisatu, aski goiz, ene burua defendatzeko gisan.

        Bertzalde, muslaria, eta pilutaria ere, bazen, bainan bi jokoetan berdin xikanatzailea. Behin, Hazparneko trinkete zaharrean, pilotan ari izanik, gaitzeko kalapita izan zuen, kasik joka hasteraino, Ximun Duhour, orduan istudiant zen gazte batekin.

        Bertze ixtorio bat gogoratzen daut oraino, Idiederren oroitzapenak: gizon xahar bat hil zitzaikun Urkuraiko mugan, Mendia izeneko etxean. Orduan norbait hiltzen zelarik, ehortzeten bezperan, auzoko bi gizonek hilaren etxera eremaiten zituzten, kurutzearekin batean, biharamuneko apezaren eliza atorra eta estola. Hola egin zuten hor ere.

        Ehortzeta egiteko nere aldia baitzen, biharamun goizean joan nintzen hilaren bila. Elizatik urruneko etxeen ohitura zen bezala, eskaini zaitaten gosaria eta ni gosaldu. Gero hango emazte xaharrari eskatu niozkan apez jantziak, bainan puska horiek neretzat zirela entzutearekin, xaharra harritu zen: Hilari soinean emanak ziozkan, kutxaren barnean, ustez eta haren beztitzeko ziren.

        Karrikako lehen etxeetara heltzearekin, bertze apez bat etorri ohi baitzen bidera beretterrekin, egun hartan Idieder etorri zitzaitan. Ni ikustearekin, elizako jantzirik gabe heldu, ez zen guti harritu. Bi hitzez salatu nion zer zen gertatzen: «Hiri baizik ez duk holakorik gertatzen!» zaitan komentatu.

        Elizan sartzean, bertze musikarik zen Jaun erretorarekin, honek nahi baitzuen, hilerrietan hil kutxa idekaraz nezan, eliza jantziak berreskuratzeko. Ez adituarena egin nuen. Sekula noizbait norbaitek puska horiek aurki balitza lurpean, jakin beza, apez beztiturik kausituko duen gorputza, ez dela batere apez batena, bainan Mendia izeneko laborari xahar bauena.

        Geroztik, Erramun Idieder bera ere, Hazparneko erretor egonik, Donibanera erretiratu zen. Ordukotz zorigaitzez hila zen, Donibaneko arrantzaleen apez higaturik, Kaiet Idiartegaray gure adiskide ona. Alta denbora batez atsegin ginuen Erramun eta Kaiet elgarrekin musean arraraztea, biak berdin baitziren jokolari sutsuak.

 

        Manex Arbeletche

        Anaiak bezala ginen Manex Arbeletche eta ni: Biak adin berekoak, biek gerla egina eta biak preso egonak, biak omore onekoak eta biek irria maite. Halere bere mintza eta jokamoldeetan ni baino arinago eta moldegaitzago beharbada. Tipia zelarik Belokeko serora beneditanoetara joan omen zen behin, eta han gasnategiko panderuan erori.

        Presoner zelarik aldiz, Alemaniako etxalde batean langile, ahantzi zuen zerri pixa-ziloaren tapatzea eta zilo hartan erori zen etxeko nausia, «Hans» deitzen baitzuten, alemanez Manex, «Hans»-ek entzun zituen bereak eta asto beltxarenak.

        Hazparneko ohidura zen igandeko meza nagusian, prediku aitzin, ezkontzera zoazin herritarren izenak edo «banak» adieraztea. Hain zuzen, Henri Andrein Hazparneko jaun auzapeza ezkontzera zoala, ez zen bertze berririk aipu herriko lantegi guzietan. Jendea igandeko meza nagusiaren beha zagon.

        Arbeletche apezaren aldi zen egun hartako «banak» agertzea. Agerraldi horren formula, betitik honela eman ohi zen elizan: «Hau da "bana" hauen lehen eta azken agerraldia». Bainan egun hartan, jaun bikarioari desbideratu zitzaion mihia eta atera zuen, auzapezaren izena aipatu eta: «Hau da gizon honen lehen eta azken ezkontaldia».

        Jaun auzapezak berak barkatu zion bekatua bere kusinari, baitzekien ez zela maleziaz ari izana, bainan erran behar da, kurritu zela berria bazterretan. Gaur Manex Arbeletche, nere lagun maitea, bertze munduan da: auto istripu batean enbalierturik erretiratu zen erretorgoatik eta gero hil Garazi aldean.

 

        Pierre Etchebarne

        Pierre Etchebarne bikariarekin ere zenbait urte iragan ditut, eta biek arras ontsa elgar aditu dugu. Etchebarne Lekondarra, etxalde oneko semea zen, eta ez, ni bezala, etxetiar soil batzuen umea. Beraz, etxeko jaun batzuek, beren haurren ezkontzeko edo beren etxeen gobernatzeko, nahiago zuten kontseilu hartu, etxeko seme onaren baitan, ni nintzen «kazkarota» baitan baino.

        Hortaz goxoki irri egiten ginuen bi bikariek, gutartean. Nahiz «gutarteko» solasez bertzerik erabiltzeko parada baginuen, eskuin eta ezkerreko sukaldeetan, bai eta ere, kasik arrats guziz, «Gaineko Karrikaren» buruko bere eskolan. Laurent Ayerzak biltzen zituen adiskideen bilkuretan.

 

        Laurent Averzaren bilkurak

        Laurent Ayerza zen hazpandar mutil zahar bat, seminarioan egonik, apezteari uko egin ondoan, bere bizi guzia eskola giristinoko irakasle higatu zuena. Bere eskola aitzinean bazituen bizpahiru ezkiondo eder. Une oroz, bere ikasleekin biltzen zituen ondo horien loreak, adiskideri eskaintzeko gisan arratseko tillura. Ayerzak berak prestatzen zuen tillura, guk ekartzen ginuen rhuma eta gero hasten ziren mus partidak eta solasketak.

        Ayerzaeneko lagundian biltzen ginen, parropiako bikariez bertzalde, Gaineko karrikatik, Henri Andrein farmaziena eta Louis Eteheverry okina. Kolejiotik, Berrouet eta Oxoby apezak. Misionesteitik, aita Luro eta Larrart. Arrangoitzetik edo Uztaritzetik, Leon Leon, apez idazle ezaguna eta, etxeko nagusiarentzat, gogoz eta bihotzez lagunik hurbilena. Zenbait irri zaflaren artetik, elgarrekin kurritzen genituen herriko berriak eta munduko gora-beherak.

        Alemanen denboran ordea, arratseko hamarretan argi guziak itzali behar zirelarik, gure bi lagun, ontsa afaldurik, ez zirena, Gaineko karrikan gora, irrintzinaka hasi? Alemanak ondotik abiaturik, bi lagunek ihes egin zuten Kolejiora. Etsaiak joan ziren hara, Lopez de la Vega Superiora eta Gaztelu direktura gaizkitzera. Bi buruzagiek harroaldi ederra eman zioten bi hobenduneri. Orduan hauenganik izan genituen xehetasunak Ayerzaeneko bilkuran. Entzutekoak ziren berriketarien erasiak. Zinez ahulak eta ezdeusak agertu omen ziren, etsaiaren aitzinean, bi buruzagiak. Bizkitartean bi lekukoetarik batek zuzendu zuen: «Egia erran, Superiora bai norbait duk, bazekik buru egiten, bainan Gaztelu, tirrit, deus ez duk, perttoli bat!».

        Horra nola, gutartean, neurtzen eta haztatzen ziren batzu eta bertzeak, Ayerzaren bilkuretan.

 

        Gure arrangurak

        Bainan guk bikariek, bagenituen bertzalde gure arrangurak. Mirande erretora eritu zitzaikun eta ez baitzuen emazterik hurbiltzera utzi nahi, ez Francine bere gelaria, ez herriko andere erizainik nehor, neronek artatu behar izan nuen. Ni alabaina usatua nintzen, gizon ala emazte, denen berdin artatzen. Ni artatzeko nahiko nituen emazteak, ahalaz ezkonduak, hek baitira, ene ustez, heziak.

        Denbora joan-ahala, hobeki ikusten dut zein zoriontsu izan zen halere gure bikari denbora: Elgar maite ginuen apez lagunek eta erraiteko ohidura ginuen. Senperen baldin bazen saltzeko «pazientzia», Hazparneko Bikariteian bazela saltzeko «omore ona». Iduritzen zait, omore on horri esker, ez ginela herabe edozein jende motarekin, tipi ala handi, buruz-buru mintzatzeko.

 

 

JENDE XEHE EDO LARRI

 

        Lissar auzapeza

        Hala nola, Hazparneko auzapeza orduan, Jean Lissar zenaturra zen. Aski hurbildik ezagutu dut jaun hori. Sortzez Kanboarra, ofizioz medikua, mende hastapenean Hazparneko auzapez eta deputatu zen Xemartin-Harriague Morroxkoren alargunarekin ezkondurik, aberats okitua bilakatu zen. 1914ko gerla ondoan, sartu zen lehenik herriko etxean eta gero Pariseko legebiltzarrean, bere fortunari esker.

        Jadanik, berak bere sakelatik ordaindurik, Urtsuko ura ekarria zuen Hazparneko etxe gehienetara. Berak zituen ere ordainduak elizaren eraikitzeko egin azken zorrak. Bertzalde anitz jende bazabilan alde orotarik, haren ondotik, diru eske, eta erran behar da, bazekiela emaiten. Ez zuen halere ahanzten, harenganik zerbait ukan zuena harekin zorretan gelditzen zela. Fede azkarreko gizona zen bertzalde.

        Hazparnera etorri nintzelarik, diru poxi bat eskaini zaitan gazteentzat, erranez pentsatzen zuena, aitzineko bikarien «usaia oneri» jarraikiko nintzela eta, bozketako sasoian, gazte horiek haren zerbitzuko izanen zirela. Nere errepusta fermua izan zen: Ez zezala pentsa ni sartuko nintzela haren politika lanetan. Gure gaztek hartuko zutela, bakotxak bere gustuko jokamoldea, libroki, eta ene laguntzarik gabe. Ez bazen ene egitatearekin ados, otoi ereman zezala gibelera eskaintzen zaitan dirua.

        Solas horiek harritu bide zuten jaun auzapeza, zeren eta luzaz mintzatu baitzen, eskuin eta ezker, ene erantzunaz. Ez dakit horrengatik zen, ala zergatik, Lissar-ek estimu handitan hartu ninduen, eta maiz solastatu izan zen geroztik nerekin, hil arteraino.

        Gogoan dut bereziki, gerla denboran gertatu zitzaikun ixtorio bat: Gosetea aipu zen jadanik Hazparnen gerla hastean, eta entzun nuen kondatzen ene aitzineko bikari bat izan zela behin etxe batean. Etxekandereak erran omen zion apezari: «Gogotik eskainiko nautzun Jauna, ogi ta gasna puska bat, bainan oraiko ogi beltz hortarik dugu ogia». Jaunak ihardetsi: «Ba, guk ere hortarik dugu. Emazu duzunetik». Hortan etxekandereak: «Egia erran, Jauna, ogi beltzik ere ez dugu». Jaun bikariak orduan: «Hori da hori, beltza!»

        Gauzak ez baitziren ordea hobekitu, bereziki langileen etxeetan, langile buruetarik batek, Joseph Driolletek galdatu zaitan nahi nuenetz ararteko izan, Lissar jaunari eskatzeko, bere Larrondoko lurrak langileen baratzetzat eman zitzan.

        Delako lurrak, artzain batek zituen ordurarte alokatzen, frango merke, ardientzat. Langilen proposamena entzutearekin haserre gorrian sartu zen Lissar jauna. Ean hari tokatzen ote zitzaion langileen laguntzea, lantegi bakar bat ere ez zuela bererik. Ez ote zen bertze nehor hura baino lehen ikusi behar?

        Bainekien nola mintza jaun horri, ihardetsi nion gogor-gogorra, ez nintzaiola batere eske joana, «afera on» baten proposatzera baizik. Orduan eztitu zen gure gizona eta hitzeman zaitan, Martin Harriague bere koinata igorriko zuela afera hortaz mintzatzera. Hola egin zuen eta hortik abiatu zen gaur ezaguna den Larrondoko auzotegi berria.

 

        Mattiu mirikua

        Bertze jaun bat ere izan da Hazparnen asko estimatu dutana: Hippolyte Mathieu jaun medikua, Mathieu apezpikuaren anaia. Maiz, gauaz, jendeek elgarrekin deitzen gintuzten, hura miriku lana egiteko eta ni apez lanerako. Batzuetan, gertatu zait haatik, esku ukaldi baten emaitea medikuari, erizain bezala.

        Ameriketatik jin sendagailu zenbait banituen neronek gerla denboran ezagutuak eta entseiatuak, hala nola, erreduren sendatzeko erremedio berri bat. Oroit naiz karrikako etxe batean sute bat gertaturik, jaun medikuak nere gain utzi zuela presuna baten artatzea, eta hau ontsa sendatu zela.

        Gertatu zait ere «Mattiu»-rekin, Hazparnen erraiten zen bezala, gertakari bitxi batzuen lekuko izaitea: Arrats batez, deitu gintuzten biak, plazatik urrun zen etxe batera. Ba omen zen han emazte bat arras kinka txarrean. Ohitura ginuen bezala, Mattiu sartu zen lehenik eriaren ganberala, eta ni atean egon nintzen, aiduru. Apur baten buruan ordea, kalapita handi bat entzun nuen, emazte eriaren eta mirikuaren artean. Oihuka ari zen emaztekia: «Nongo miriku enuxentak entzun du holakorik? Nik haur bat behar dudala 49 urtetan. Badakit nik, zuk baino hobeki, zer den haur baten ukaitea. Baditut jadanik zazpi ukanak!». Medikuak bere aldetik ihardesten zion: «Zuk erranik ere nahi duzuna, hor izanen duzu, laster, izter artean, sortu berria!». Medikuak erran bezala gertatu zen. Neska polit bat izan zen, nik biharamunagoan bataiatu nuena.

        Bertze behin, kalapita berdintsua izan zen, bainan frantsesez, eta karrikako bizitegi batean. Gu ikustean, niri jazarri zitzaitan lehenik emaztekia: «Zer dautzu apez horrek muntatu burua? —erran zion medikuari— Egia da senarrarenganik bereizia naizela, bainan nik errespetatzen dut ene ezkontza! Ez dezake nehork froga ene senarraz bertzerik egundaino sartu dela ene ohean!». Protesta horien ondotik laster, neska bat sortu zen, aldi huntan ere.

        Bertzalde, jaun medikuak bere etxen bazituen bi seme: bat Henri, medikuntza eskoletan zabilana Parisen eta geroztik mediku irakaskuntzako maila gorenera heldua dena. Bertzea, Beñat, dretxoa eginik. Bordelen, sorterrira itzultzekoa zen, etxeko xokolet-gintzari jarraikitzeko. Aitortuko dut amestu nuela, hura bezalako gizon gazte bat, Hazparneko auzapez ikustea, egun batez. Bainan nik ez bezalako ikusbideak zituen Jainkoak. Zenbait urte geroago ez ziren guti harritu Hazpandarrak, jakin zutelarik, Beñat Mathieu sartzen zela Belokeko Beneditanoetan. Badu geroztik lan asko eginik, hor gaindi, aita Filipek.

 

        Laneko urteak

        Bertze ixtorio frango banuke kondatzeko, Hazparneko bikari bezala iragan ditudan bederatzi hamar urteetan gertaturik. Bainan laneko urteak izan dira neretzat, oroz gainetik, urte heiek. Anitz lan motari lotu nintzen; hiru aldetara itzuli nituen bereziki nere eginkizunak: 1.-ik, langileen eta laborarien laguntzen, 2.-ik, euskal teatroaren alde lanean, 3.-ik, aleman «nazi»-eri eta heien laguneri ihardokiz eta frantses «erresistentzian» sartuz.

 

 

GAZTEEKIN

 

        Bazen ordukotzat Hazparnen langile zindikata bat, edo hobeki erraiteko baziren bi zindikata: zeren eta 1936an, ezkerreko alderdiak nagusitu zirelarik Frantzian, eta Blum-en gobernu gorri sozialista sortu zelarik, «Confédération Générale du Travail» edo C.G.T. zindikataren adar bat abiatu zuten Hazparnen, Baionatik jinik, komunista batzuek.

        Nagusiek orduan, hari kontra egiteko, muntatu zuten bertze zindikata bat, giristinoa omen zena. Bainan, nagusiek berek beren bulegoetan hautatuak zituztela hunen buzuzagiak, jakinez geroz, asmatuko da errexki ez zuela estimu handirik izan zindikata horrek herriko langileen artean.

 

        Langileekin

        Gero gerla etorri zen. Alemanak nagusitu ziren eta zindikata guziak ixildu. Ni aldiz, Alemaniatik Hazparnera itzuli ondoan, hasi nintzen «Langile gazte kristauen» edo J.O.C.-ko bilkuren egiten. Mugimendu horrek nahi zuen bezala, entseiatzen nintzen, elizaren erakaspen sozialen arabera, langile gazteen moldatzen. Ene xede nagusia zen, alde batetik, gazteen argitzea, giza ala fede jakintzetan, eta bestetik, heien nortasuna finkatzea.

        Gazte horiek, lantegietako bozketara agertu zirelarik, lehen aldian, arrakasta guti izan zuten. Menturaz, gaztexe, edo «apez beretter» aire, zirelakotz. Bainan gauzak aldatu ziren 1945etik aitzina, gerlako presonerak etxera itzuli zirelarik. Orduan Hazparneko «Confédération Française des Travailleurs Chrétiens», C.F.T.C. zindikata kristauaren buru hautatu zuten Battitta Blezio.

        Buruzagi hori, gizon argia zen, Frantzia guziko zindikataren idazkari nagusi beharra zen Jacques Tessier-ekin presoner egona eta adiskidetua. Bertzalde zindikatak berak igorri zituen gazte zenbait eskolatzera, Bordele edo Pariseraino. Sortu ziren ere talde berriak, Luhuson eta Ezpeletan, gero guziek osatzen zutela Baionan, «Frantziako Langue Kristauen Elkartea», C.F.T.C. deitua: azkenik «Frantziako Langileen Elkartea». C.F.D.T. bilakatu zena.

        Zindikalista horietarik batzu, gazterik hil ziren, hala nola, Janbattit Mendiboure, Marcel Mendiboure apezaren anaia, eta Mattin Hiriart, aita familiako gaztea, ezin ahantzizko militanteak. Bertze zenbaitek, garesti ordaindu zuten beren ausartzia, François Etchart eta François Georgeot bezala, lantegietarik kanporatu baitzituzten eta Frantzia behere horietara edo Hego Ameriketaraino joaitera behartu. Gogoan dut ere, Maurice Bortayrou, jasan izan baitu eritasuna, lan gabezia, herritik kanporatzea, zindikalisten guduka gogorra eta, ororen buru, bera eta bere etxekoak jarraiki baitira beren sailari.

        Hernian berean, ez zen gatazkarik falta izan: Hala nola misioneak zirela eta, misionesten buruzagiak ez zituena J.O.C.-ko mutil eta neskak, eta heien ibilbideak, prediku-alkitik kondenatu? Gaztek izkirioz ihardetsi zioten jaun misionestari, eta honek elizapeko salara gonbidatu zituen, solastatzera. Berrogei bat gazte bildu ziren, eta nolazpait auzia xuritu zuten apezarekin.

        Langileriaren iratzartze horrek mindu zituen Hazparneko nagusi gehienak, hainbertzetaraino non, arima on batzuek, apezpikutegiko kontseiluari sinetsarazi baitzioten. Hazparneko bikariak biziki lan hobea egin zezakeela Santa-Graziko mendietan. Bainan erran dutan bezala, adiskidek abisatu ninduten aski goiz, eta etsaiaren tiroak huts egin zuen, aldi huntan oraino.

        Bizkitartean, langileen alde ibili urratsak ez zauzkidaten batzuek aise barkatu: Zokoan nindagoelarik, zenbait urte geroago, Margot ostatuan aurkitu nituen Hazparneko bi nagusi handi. Elgar ongi ezagutzen ginuenaz geroz, hurbildu nintzaioten agurtzera, bainan heiek, ongi bazkalduak baitzitezkeen bertzalde, jazarri zaizkidan bortizki, sekulakoak erranez. Beharrik hurbil baitzeuden arrantzale gotor batzu, haueri keinu bat egitera nindoala ikustearekin, bi gizonek burua itzuli zuten eta lekua hustu.

        Dena den, ene ikasle ohiek zindikalismoa indarrean atxiki zuten, lantegiek iraun zuteno bederen, 70eko hamarkadaz geroz alabaina. Hazparneko 14-15 zapata lantegiek ateak hetsi behar izan zituzten, eta heien 1500 langiletarik gutiz gehienek bertze biderik hartu behar izan zuten.

 

        Laborariekin

        Hazparnera jin berri nintzelarik, igande goiz batez, elizako sakristian nindagoela, Mirande erretor xaharrarekin, etorri zitzaikun Sohanoko mutil gazte bat asaldatua. Nahi zuen joan zakion laster apez bat, bere urdeen benedikatzera, «konjuratuak» omen baitziren. Jaun erretorak igorri ninduen, zer gertatzen zen ikustera.

        Etxeko urdandegiaren inguruan bazen jende multzo bat bildua, eta denen erdian Zelaitar basa-marexala, Puttiko deitua. Barnean, baziren urde eta zerri mota asko, zerrama eta zerrikume, bargo, hazkai, zuri eta beltzaran, denetarik, bainan denak «konjuratuak». Harriturik zagon so Puttiko: «Ikusi diat anitz gauza ene bizian, bainan holakorik ez, sekulan!». Abere batzu, etzanik zauden, higitu gabe. Bertze batzu, zalapartaka zabiltzan jo eskuin, jo ezker. Zenbait jauzika ari ziren, harri-murrueri goiti igan nahi bezala.

        Hola ginaudelarik, bakotxak gure iduripena emaiten, hona non emazte pizkor bat, etxekanderea, heldu zaukun, oihuka: «Nik badakit zer duten zerriek: Denak mozkorrak dira!». Eta esplikatu zuen: «Barda ogi joitea ginuen eta, afal-ondo, mutur saltsa eta kolpekak. Horiek oro, gure gizonek etxeko izpiritutik sobera edana zutelakotz. Zernahi erran diotet nihaurek, burutik behera, eta, ez zezaten gehiago edan izpiritu tzar hortarik, hondar botoilak zerri bazkara hustu ditut. Horra nola diren mozkortu gure kabala guziak».

        Ez dut emanen Sohanoko etxe horren heinean zirela Hazparneko laborari etxe guziak, bainan ez da dudarik sekulako erreberritzea egin duela laborantzak gure Mendebalde guzian, gerlatik landa.

 

        Berrikuntzak

        Izan nuen beraz zer egin, laborarien sail hortan, zindikatak, koperatibak eta banku-etxeak sustatzeko, eta horien kudeatzaile gazteak moldatzeko.

        Bizpahiru mutiko tzarrekin hasi nintzen J.A.C. edo Laborari Gazte Kristauen bilkurak egiten. Handik laster, 30-40 gaztetaraino elkarretaratu ziren, merkatu arratsaldetan, baserritarrak, Hazparneko bikaritegian. Ahalik eta moldakuntzarik aberatsena heieri eskaintzea, baliabide mota guziak erabiliz, hori zen nere helburua; frantsesez ala euskaraz, ahoz ala izkribuz, entzutez ala ikustez, jakintzazko eta fedezko gaiak berek ikas eta elkarri irakats zitzaten gazte horiek, nahi nuen.

        Bilkura horietan eskolatu eta moldatu ziren René Ospital Aiherrako auzapez eta kontseilari jeneral zena, Hazparneko Janpiarre Aincy eta Roger Parrot zenak, Frantxoa Abbadie eta Piarres Darraidou, geroztik, Euskal Herritik urrun bizi izanak, edo Hazparne inguruko zenbait herrigizon, hala nola, Beskoitzeko Santiago Eyherabide, Aierreko Laurent Challet eta Jean Baptiste Dartaguiette, Isturitzeko Xalbat Charritton.

        Hazparne Ehulateiko seme horren izpiritu xorrotxaz eta adimendu fermuaz ohartua nintzen. Bernard Dassance Uztaritzeko inginadorea ari baitzen Baionako laborarien koperatiba muntatu nahiz, proposatu nion Xalbat har zezan lagun. Xalbaten aita, Pierra, Amikuztar laborari azkar bat zen, jitez bizia eta langile porrokatua. Hastean ez zuen aise onartu semea Baionara uztea, bainan gero ez zitzaion dolutu. Geroztik Xalbat Isturitzen ezkondu zen, Mendilahatsuko Mayi Garat ezaguturik gazteen bilkuretan. Familia ederra izan dute eta badu orai berrogei urte hurbil, Isturitzeko auzapez bezala, zerbait onik egin duela herrian.

        Erran behar dut ere, laguntza handia aurkitu nuela orduan, bai Garroko eskolan zabiltzan Noblia apezaren, Etienne Pochelu Makaiako auzapezaren, Suhuskuneko Michel Ouret eta Uztaritzeko Bernard Dassance bi inginadoreen baitan, bai eta Belokeko aita Gachiteguyk eta aita Beneditanoek zeramazten laborantza eta hazkuntza molde berrietan.

        Oroitzen naiz, eztabaida izigarriak sortzen zituela «arto amerikanoak», «Ray Grass» delako bazka arrotzak, nagusi-etxezainen arteko legediak, herriko iraztor eta otarren luberritzeak edo abereen ernalarazteko xerto berriak.

 

        Ernaltzeko xertoa

        Alemanian nindagolarik ezagutua nuen behien ernalarazteko molde berria. Halako aldi batez, ene ikasleeri aipatu nioten aurkiberri hori, eta Roger Parrot gazteari gogoratu zitzaion, gauza horiek irakasten ziren eskolara joaitea.

        Ofizioa ikasirik etxera itzuli zelarik eta Baionako koperatibaren kondu bilkura egiten hasi, merkatuz merkatu, bere lanaren argitasunak emaiteko laborarieri, oroitzen naiz Hazparneko Haritzbarnen mintzaldia eman zuela. Hondarrean, Zelaitar laborari batek galdatu zion, ean, abereekin bezala, ez ote zuten jendeekin gauza bera eginen. Parrotek ihardetsi: Baietz bai, segur baietz, bazirela jadanik Inglaterran zerbait haur, hola sortuak. Batitak orduan, bota zuen, gora gora: «Koño! ez ahal daukute hoberena kenduko!». Eta denak irriz hasi ginen.

        Ez ziren ordea beti laborarien bilkura horiek irri egiteko parada soilak, hala nula, nausi-etxetiarren arteko tirabirak berotu zirelarik: nausi batzuek helarazi zuten apezpikutegiraino ene kontrako salaketa, baizik eta euskal astekarian agertzen nituen artikuluekin edo hola, soberasko agertzen nuela ene burua etxetiarren alde.

        Bilkura berezi bat egin behar izan ginuen, Garroko jauregian, Etienne Poehelu Makeako auzapezarekin, Massondo Arbutiko eta Larramendy Zabaltza Donamartiriko etxetiar-zindikata buruzagiekin, eta gauzak beren hatzera itzuli ziren.

 

        Louis Larramendy Agerre

        «Larramendy» izen horrek gogoratzen daut Louis Larramendy esperta, Agerreko nagusi zena. Gutik dakite zenbat zerbitzu egin zioten jaun horrek laborarieri, gerla denboran. Alemanek manatzen zuten orduan herriak eman zezan soldadoentzat behar zen haragia. Mila zinkurina eta estakururekin, Hazparneko espertak sakatzen ziozkaten Alemaneri ahal zituen nehongo behi zahar eta herbail guziak, lekuko laborarientzat atxikiz hazitako, edo bizitako, hoberenak. Erran gabe doa, joko hortan arrisku handiak hartzen zituela.

        «Arto amerikanoa» agertu zelarik, beti bezala, ez jakinez edo jelosiaz, laborari batzu mintzatu ziren arto mota horren kontra: baizik eta ez zela aski irintsua, bihi larriegiak zituela oiloentzat, ez zela lekuko artoa bezain emankorra eta holako estakuru frango. Orduan, Agerreko nausiak, bere lurretan egin zituen lehen ereintzak. Gehiago oraino, artoa lilitan zelarik, mota batetik bertzera alda baitzitekeen, proposatu zuen, holakorik ez zedin gerta, Zelaiko kartier guzian arto mota bakarra ereitea. Bainan ez zuten laborari guziek sinetsi.

        Batzuetan, gure langile eta laborari gazteak elkarretaratzen ziren, hala nola, denek batean egiteko, «Aufa Mutilak» aldizkari xumea, soldado laguneri igortzen zena. Beren agerkari berezia, «Orkeia» bazuten bertzalde, zapatain zindikalista gaztek.

        Elkarrekin prestatzen zituzten oraino gazte guziek «komediak», hots, aspaldian «Haritzbarnen parropiako salan, bikariek edo erretorak berak antolatzen zituzten ikusgarriak. Aitzinekoen ildo beretik ereman nuen sail hori, zenbait aldaketa eginez haatik.

        Ez nagoke ohartarazi gabe, lan horri esker, beren herrian ala herritik kanpo, zenbait hazpandar gaztek, mutil eta neska, ofiziale fama bildu zutela, antzerki munduan. Hala nola, Pierre Etcheverry «Etxahun», Jean Hiriart «Bordaxuri», Janbattit Soubiboure «Xinto», Charlotte Haissaguerre, Mayi Suzanne eta bertze askok. Nola ahantz, urte batez, antzerki bera eman ohi ginuelarik bi igandez segidan, bigarren igandean ez ginuela emanaldirik egin ahal izan, anartean hil baitzizaikun gure jokalari onetarik bat, Lucie Laborde, neskatxa maitagarria.

        Orduantsu galdu ginuen ere, hertzetako operazione baten ondotik, Janbatit Mendiboure, gure kantari eta teatrolari hoberenetarik bat, mutil gazte eder eta laketa, ene adiskide mina, Marzel Mendiboure, Katedraleko erretoraren anaia.

 

        Galarrotsak

        Bertze antzerki mota bat antolatu zuten ere gazte batzuek, ni Hazparnen nintzen azken denboretan. Nere laguntzarik gabe, egia erran, nahiz gertakari horrek oihartzun izigarria izan zuen hedabideetan.

        Galarrotsen ohidura biziki zaharra da Euskal Herrian: lehen, alargun bat zebiletarik berriz ezkontzekotan, auzoko gaztek «zerga» berezi bat edekitzen zioten. «Zerga» hura zen, gehienetan, honenbertzeko bat pinta arno. Bertzenaz, galarrotsak jotzen ziozkaten. Haurra nintzelarik, Azkainen, oroit naiz galarrotsei jarraikirik: Jandarmak lasterka zebiltzan arramantza egileen ondotik, zeren nehork ez baitzezakeen begirik hets, harrabotsarengatik.

        Holako zerbait gertatu zen beraz, Hazparne Elizaberriko kartierean: alargun batek ez zion amore eman gazteriari eta galarrotsak muntatu ziozkaten. Gau guziez elgarretaratzen ziren, haren etxe aitzinean eta sekulako arramantza egiten zuten, edozein tresnarekin, atabal, untzi, kaza, turruta eta bertze zernahi.

        Bainan, ixtorioa gaizki bururatu zen aldi huntati: Tiro egin zuen norbaitek arramantza egileeri buruz: hil bat izan zen eta kolpatu bat bederen.

        Auzoko gazte bat, ehortzetako kurutzeketaria, akusatua izan zen. Jandarmek gelditu zuten, Baionara ereman, han zafratu, eta libratzearekin mehatxatu, joanen zitzaizkiola berriz galdezkatzera eta bere krima aitorraraztera. Ondoko egun batez, ikusi zituelarik jandarmak, etxeko alorra goiti heldu haren bila, etxetik ihes egin zuen gizon gazteak eta, oihanera joan zen, bere burua urkatzera.

        Berri lazgarri horietaz jabeturik, Pariseko kazetari zirtzil batzu etorri ziren Hazparneraino, beren zozokeriez apaindurik, berri «arraro» horien saltzeko gero irakurleeri eta, lurra baino beherago ezartzeko gure gazteria. Hasi ziren mutil gaizo batzuen edan-arazten, heien, hilerrietara eremaiten eta han argazkitan hartzen, hots, beren zinema antolatzen.

        Hortakotz gure gazte batzu elkartu ziren eta erabaki zuten kazetari horietarik bat behar zutela bahitu, oihan beltzera ereman eta, minik egin gabe, larrugorritan utzi. Hazpandarrek beren xedea bete aitzin ordea, Paristar guziak, menturaz norbaitek abisaturik, itzuli ziren Parisera.

        Elizaberriko gainetan gertatu ixtorio ilun horrek oroitaraz zezakeen kartier berean gertatu bertze gertakari triste bat, Plumagaineko premu galerianoaren ixtorioa, neronek «Bordaxuri» antzerkiaren gai hartu nuena.

 

        Blandi

        Hazparnen nintzelarik, bazebilan gutartean oraino bertze galeriano bat. Blandi deitzen zena. Aski ongi ezagutu dut. Gizon azkar bat zen, hogeita zenbait urtez galeretan egona, diru faltsu egiten hatzemana izanik, holetan. Buhame bat bezala bizi zen, ahal zuen tokian jan eta lo eginez.

        Jendeak haren beldur ziren. Berak ez zuen deus jakin nahi apezenganik. Noizean behin solastatzen ginen, bainan deus funtsekorik erran gabe. Bere iraganeko bizitzak basatua zuen eta betizotua. Bainan ezin ukatua da, norbait zela Blandi eta bere inguruan larderia gaitza zuela. 1950 irian hil zela uste dut.

 

        Brana

        Alta bertze Hazparneko gertakari bat ere ez daukat ahantzirik, erakuts baitezake nere antzerkietako gertakari batzuk ez direla beti asmakeria hutsak.

        Mutiko gazte nintzelarik, eta kontrabanda piska batekin beldu, Intzolako Bordatik Azkaineko nere sortetxera, bidean atera zitzaitan guarda txar bat, Olhetan bizi zena. Euskalduna zen eta Brana zuen izena. Nere kontrabanda poxia bahitu zaitan.

        Geroxago ordea guarda horrek berak Olhetan hil zuen, tiroz, gure aitaren kontrabandako lagun bat, ongi ezagutzen ginuena. Hura zen, Mourguy apez pilotari ezagunaren aita.

        Gertakari lazgarri horrek bazterrak asaldatu zituen eta, guarda buruzagiek erabaki zuten egilea despeitzea Frantzia Iparraldera. Han nonbait zahartu zen eta hil aitzin erretiratu Hazparnera.

        Jakinik gaizki zoala, joan nintzaion ikustera eta erran nion: «Zuk lehen kendu dautazu karga bat, orai heldu naiz zuri bertze karga baten kentzera». Gizonak nere gomita entzun zuen eta nere otoitzekin hil zen. Askotan kondatu diot ixtorio hau, Mourguy adiskide apezari.

        Bizkitartean, bertze hil ala biziko gertakari asko bizi izan ditugu Hazparnen, Alemanak hor zirelarik. Jende anitz oraino bizi baita orduko gertakariez oroit dena, baitezpadako liteke zerbait argitaratzea. Ni ez naiz aski osagarrian, lan horri lotzeko. Halere orduko zenbait ixtorio kondatuko ditut, niri gertatuak eta menturaz guti aipatuak.

 

 

ALEMANEN DENBORAK

 

        Alemaniatik itzuli berri nintzelarik, «Komandantur»-era zoan telefona haria norbaitek moztu zuen. Alemanek preso hartu gintuzten, zazpi hazpandar, eta heietarik bat ni. Aleman hizkuntza piska bat zekien bakarra ni bainintzen, neri buruz gaitzeko erasiak eta mehatxuak bota zituen komandanteak, bainan gero, denak libratu gintuen, erranez haatik, berriz holakorik gertatzen bazen, denak fusilatuko gintuela.

 

        Istripua

        Bertze aldi batez, ilundirian, ogi saltzale baten beribilak, soldado aleman bat jo zuen eta, Hazparneko karrika betean, hila aurtiki. Mendekioaren beldurrez, Hazparnetik urrundu zen istripua egin zuen ogi saltzalea. Lekukoak atera ziren erraiteko, soldadoa mozkorra zela eta, andar batean, bera joan zela autoaren azpira. Duela zenbait urte, Bordeleko karrika batean ikusi nuen, azken aldikotz, beihalako okina eta goxoki aipatu ginuen lehengo oroitzapena.

 

        Aleman apezgaia

        Bertze gau batez, soldado aleman bat etorri zitzaitan etxera, gordeka. Apezgaia zen eta bere buruzagien jokamoldeaz asea. Nahi zuen lagun nezan Espainiara iragaiten. Autobusean lagundu nuen Azkaineraino, bainekien hango bikarioa, Carrère apeza, non zebilen. Zorigaitzez, Larrunera buruz zoalarik soldadoa, Alemanek harrapatu zuten eta gero Azkaingo elizako paretaren kontra fusilatu. Han berean ehortzi zuten, bainan geroztik Andde Luberriaga auzapezak lekuz aldatu zuen gorputza hilerrien barnean.

 

        Ihesliarrak

        Ene etxean bertze ihesliar mota asko iragan da denbora hartan, batzu Belokeko Beneditanoek igorririk, bertze zenbait Baionako adixkideenganik etorririk. Ahal bezala gidatzen genituen berze aldera buruz.

        Oroitzen naiz, bertzeak bertze, etorri zitzaitala egun batez, Jean de Bourbon delako bat. Pétain marexalaren idazkari egona omen Madrilen. Bazuen gordetzeko, zumezko otarre handi bat, artxiboz betea. Zenbait egunez otarre hura gorde nuen nerekin eta dena miatu, bainan azkenean, lanjerarengatik erre nuen.

        Bertze behin, gerlako gure komandante ohia, Pambrun apeza etorri zitzaitan etxera, Alemanenganik ihesi. Zenbait egunen buruan, ixilka, Bernadin Ichorrots adiskideak ereman zuen sasipeko lagunengana. Geroztik, Pambrun kalonjea erretor egona da Pauen.

 

        Alemantsak

        Batzuetan irri egitekorik ere bazen, hala nola, uda minean, armadako bizpahiru alemantsa etorri zirelarik gure gazte-etxera eta oharturik han hurbil nindagola, ene sotana beltzarekin, otoitzetan ari, etxe aitzineko soropilan buluz gorritan etzan ziren, trufatzeko.

        Ni ez nintzen kantitu, bainan izeba gelaria hasarre gorritu zitzaitan, oihuka hasi eta erotu bezala. Manatu nion berehala barnera sar zedin, eta bakean utz zitzan gure auzo «galantak». Ni, han berean, jarraiki nintzen ene otoitzari eta, ni baino lehen nekatu ziren alemantsak.

 

        Mongoliarrak

        Gerla aitzina zoalarik, Alemanek ekarri zituzten Hazparnera Mongoliar presonerak. Hauek bazituzten zaintzeko armadako zaldiak. Jaisteiko aitzinean den iturrira eremaiten zituzten edatera. Lagun batzuek pozoindatu zuten edangia eta zaldiek leher egin zuten. Aitzindariek zaintzaleen gain eman zuten makurra.

 

        Belokeko sarea

        Makur gehiago egiten zion etsaiari, Belokeko Beneditano batzuekin lagun batzuek antolatua zuten sareak. Bainan egun batez, hartuak izan ziren gure lagunak. Batzu jin ziren gibelera Baionatik edo Bordeletik, hala nola, aita Ildephonse eta Hazparneko Tellechea, «Beso motza». Bertzeak aldiz, Dachau eta Alemaniako bertze zelai beldurgarrietara ereman zituzten, hala nola, Belokeko aita Hondet abadea eta aita Joannategi priorea. Senboseneko Lissarrague aita-semeak. Zenbat ez ziren han gelditu! Gogoan ditut bederen, Senboseneko aita, Lordan zerri hiltzen ari zelarik, Puttikoteira bere etxera deitu eta ereman zuten Xermin Cornu, «Zerri hiltzale» ezaguna. Alemanian hil zen ere Goutenègre Zelaitar gaztea, Espainiara iragan ondoan, Alemanen eskutara itzuli zutena.

 

        Tiroz hilak

        Ez dezaket bada kapitulu hau utz, aipatu gabe, gure etxeko ondo-ondoan, tiroz hil zituzten bi hazpandar gazteak. Albert Hirigoyen eta Xemartin Tipy, Gerla galtzera zoazela sendi zuten Alemanek eta beren legeak zorrozten ari zituzten. Debekatu zuten, tenore batetik aitzina, etxetik ateratzea.

        Gure auzoko hiru gazte tenorez kanpo beren etxera sartu nahiz ari ziren, «Abere portuko» kamioi alemanen bazterretik. Guardia alemanak, itzal zenbait hurbil sumatzearekin izitu ziren eta tiroka hasi. Hiru hazpandarretarik batek, Xobur Dumont «Lumak» baratze barnera jauzi eginez, bizia salbatu zuen.

        Bertze bat aldiz. Albert Hirigoyen, «Abere-portua» behera heldu zena, hila erori zen, bere anaiaren leiho azpian.

        Eta hirugarrena, Xemartin Tipy, Panpi Tipy gure apezgai lagunaren anaia, odol-hustu zen, luzaz deika ari izanik auzoeri. Hauek, leihoak ideki nahi zituzten aldi oroz, tiroak berriz hasten omen ziren. Azkenean, gibeleko atetik jin ziren auzoak Bikaritegira, gure abisatzera. Ni orduan, joan nintzen oihuen lekura, argia pizturik, besoak altxatuz eta alemanez mintzatuz ahal bezain gora. Soldado alemanek inguratu ninduten eta hurbiltzera utzi, bainan Albert eta Xemartin, gure bi gazteak hilak ziren, elgarretarik zenbait urratsetan.

 

        Amerikanoak heldu

        Amerikanoak leihorreratu zirelarik Normandian, Londresetik etorri zen manua, gibeletik jazartzeko etsaiari, ahal zen toki guzietan. Bainan, egia erran, Hazparne aldean ari izanak baikinen zenbait lagun, gostarik gusta, bertzalderako bideen zabalik atxikitzen, armarik biltzeko axola handirik gabe egonak ginen.

        Mauleko eskualdean armak bazituzten eta oldartu ziren. Hil bat edo bertze izan zen. Zenbait bonba bota zituzten Alemanek Mauleko herriaren gainera. Ziberoko sasipetarrek aldiz Aleman batzu preso hartu zituzten. Ez zen bertzerik izan hemen gaindi.

 

        Barneko gatazkak

        Bainan etsaia lekutu orduko, hasi ziren barneko gatazkak. Ordu arte Alemanen alde beren burua agertu zutenak, ixildu ziren, non ez zituzten nagusi berriek itzalera bildu. Odol ixurtzeak ere izan ziren zorigaitzez.

        Laster ikusi zen bi talde nagusi bazirela Frantziako gobernuaz jabetu nahi zirenak: batetik, «Forces Françaises de l'Intérieur». F.F.I. edo Barneko Frantses Indarra; guti gora behera, Amerikanoei, Anglesei eta de Gaulle-ri jarraiki nahi zirenak; bertzetik, «Franc-Tireurs et Partisans». F.T.P. edo Bere Gain-eko Alderdikideak, hots, Alderdi Komunistaren gizonak.

 

        Hazparneko egoera

        Hazparneko aldean, erran behar da, Louis Madré familiari esker eta bereziki André Madré jeneralaren bitartez, lehen taldearekin bagenituela aspaldian loturak. Alemanak joan zirelarik, gauaz eta ixilka, batzu Espainiara buruz ihesi, bertzeak Baionara treinaren hartzeko, gu, hamar bat lagun, aitzinetik hitzartu bezala, bildu ginen herriko-etxean. «Comité de Libération» deitu elkartea antolatu ginuen, eta Louis Madré, geroxago auzapez izanen zena, gure buru izendatu.

        Ez zen Hazparnen nahasmendu handirik izan, ez bertze toki askotan bezala odol ixurtzerik, ez emazte batzuen bilo mozterik, nahiz bat edo bertzeri kontseilatu genion, behin herritik urruntzea. Hazparneko jaun batzu atxikiak izan ziren halere, zenbait egunez, Baionan, Polo-ko sareen barnean preso harturik. Bertzalde Landesetarik F.T.P. talde bat etorri zitzaikun, bazterrak nahasi beharrez, bainan gibelera igorri ginuen, gurez-gure legea egiteko aski handi ginela erakutsirik.

 

        «Aleli»-ren kantua

        Bizkitartean, oroitzen naiz, egun batez, Zelaiko plazara deitu nindutela, «Bitoria»-ren ospatzeko egin nahi zuten «Bandera goititze» batera, «Tanteene»-ko ostatuan aurkitu nuen gizon multzo bat bildua, «Aleli» deitu Behereko Zelaiko gerlari ohi medailadun batekin.

        Ene sotana ikustearekin Aleli-ri gogoratu zitzaion batzuetan entzuten den erran zaharra: «Erregeak eta Apezak dituguno, beti gerla izanen dugu!» eta bota zuen niri buruz: «Hau apeza duk! Honek behar dik gaur hil!».

        Lagunek berehala moztu zioten: «Ago ixilik gizona! Gure komandantea duk Larzabal apeza!».

        Eta Alelik orduan: «Bon, Larzabal, ez zaitugu hilen, bainan gurekin trinkatzekotan»

        Ihardetsi nion gogotik trinkatuko nuela harekin, bainan frantses bandera goititzearekin «La Marseillaise» kantatu behar zenaz geroz, hari zoakiola, gerlari ohi medailadun gisa, kantua hastea.

        Baietz eta baietz, denak elgarrekin joan ginen pilota plazara. Kantua hasi behar izan zuelarik ordea, Alelik ez zezakeen nehondik airea hatzeman eta azkenean atera zuen, hobe ginuela denek ginakien bertze kantu bat kantatzea. Horra nola, Zelaiko pilota plazan, frantses bandera altxatu ginuen, denek batean kantatuz. «La Marseillaise»-en orde... «Iruten ari nuzu».

 

        Frantses armada berria

        Handik zenbait denboraren buruan Frantziako gobernu berriak, behar zuela armada berri bat antolatu. Hazparnera etorri zitzaikun Bordeletik, Chansou jenerala, bertze aitzindari multzo batekin. Soldadogai gazteen prestakuntza nahi zuten antolatu eta horrela, nere gain izan nuen, Goalard jandarme buruarekin, Hazparne, Bastida, Ahurti eta Landesetako Saint-Barthélémy herriko eskualde osoaren buruzagitza.

        Ardietsi nuen neronek hautatzea laguntako, bi sarjant gai, Xalbat Charritton Ehulateikoa eta Jean Etcheverry Xilbendeikoa. Bertzalde hitzeman zaidaten, ofizioko sarjant bat edo bertze igortzea, Baionatik. Eta bilkurak egiten hasi ginen, larunbat guziez. Haritzbarnen berean, Malobrak egiten genituen, gaztetxetik kanpo, eta batzuetan joaiten ginen Baionaraino.

        Horrek hiru urteko bat iraun zuen eta gero proposatu zaidaten armadan gelditzea, lutinant graduarekin, bainan nere xede bakarra zen apeztasunari emaitea nere bizi guzia, eta hala egin nuen.

 

 

HAZPARNEKO AZKEN URTEAK

 

        Bazen zer egin apez batentzat Hazparnen berean. Louis Madré, aspaldiko adiskidea, zen auzapez berria. Mirande jaun erretor xaharrak, beti gogoan zuen. Maulen bikari zelarik, hango Aragoiar etorkinekin berak egin ez zuen lana, eta gazte denboran hutsegin horrek sortzen zion bihotzean arrangura. Auzapeza eta apeza, biak alde genituen beraz bikariek, gazteekin egin genezakeen eginahalean.

        Oroitzen naiz, Bordelera edo Loiolara gazteekin egin itzuliez: Baionako biltzar jendetsu batean, Roncalli kardinalearen ohoretan egin ikusgarriaz; Zelai Biestan ospatu eztei batzuez: eta, nola ez, Haritzbarnen antolatu hainbertze bilkuraz eta hainbertze «komediaz».

 

        Hazparneko gizartea

        Aldakuntza handiak heldu sendi zielarik ordukotz, Hazparneko gizartearen berezitasunak ez ziren oraino denak galduak. Hala nola, Hazparneko ekonomiaren berezitasunez bertzalde, hazpandar handi batzu, inguruko besta guzietan ikusten zirelakotz, fama atera zen aspaldian, hazpandar guziak tripa handiak zirela.

        Espantu fama ere baitzuten, kondatzen zaitzuten, egun batez, bi hazpandar Ameriketatik itzuli zirela eta berriketan hasi. Batek zioen: «Gure eskualdean hain hotz egiten zian, non pixegitean, pixegin arau, pixa hormatzen baitzen!». Bertzeak ihardetsi, holetan: «Ni nintzen tokian berriz, hain hotz egiten zian, non sua piztean, sua xut-xuta jartzen baitzen, pitz arau, berehala hormaturik!».

        Apez herria zela Hazparne, zen ere aspaldiko aipua eta, ni han nintzelarik, baziren oraino bizi berrogoi bat apez, herriko seme, anitzak goiko kargutan.

 

        Izengoitiak

        Hazpandarrek dira bertzalde trufari gaitzak. Non emaiten da hainbertze izengoiti?

        Mirande gure erretor xaharrari «Sagu xuria» erraiten zitzaion, bilo xuriak baitzituen eta eztia bezain abila baitzen, ateka txar guzietarik ateratzeko. Erramun Idieder, haren ordaina berriz «Biper beltx» zen; bizi itxura kausitzen zioketen. Gu, gorputz txarreko hiru bikari ginen, izengoitia ukan ginuen, «Mediak bi». Elizako lehen galerian, ohorezko lekua bazelakotz herriko auzapez eta kontseilarientzat, «Astotegia» deitzen zuten toki hura, Hazpandarrek.

        Ez nuke nehor mindu nahi, bainan gauza jakina da. Ezpeletatik Hazparnera bizitzera etorri gizon larri bati eman ziotela izena, «Ezpeletako mendia»: elizako kurutzeketari gotor bati berriz «Barrika saindua»; elizan beti berant sartzen zen andere handi bati, eliza kantu patxadatsu baten arabera, latinez, «Tantum Ergo»-sa; gaztetan jaun aberats emaztekari baten proposamenak arbuiatu zituen mutxurdin bati, frantsesez, andere «Tuturien»: behialako andereak ihardetsi omen baitzion bere jaunari, «Avec moi monsieur, c'est tout ou rien!»: bertze zapatain gazte ditxolari bipil bati, espainolez, nork daki zergatik, «Xemartin Mutxatxo».

 

        Ditxolariak

        Xemartin hori bera, Guillamondeguy deitua, Gaineko karrikan bizi zen. Haren ateraldiak kurri ziren bazter guzietan eta bereziki zinezko «elhe kofoinak» deitzen genituen lantegietan.

        Bazen adibidez, Hazketako kartierean auto-gidari txar fama zuen eiherazain bat. Plazatik urrun zebilela beribilez, eiherazainak hatzeman zuen Xemartin, oinez joaki; bere autoarekin gelditu zen autozaina eta erran zion: «Errazu Xemartin, zato nerekin, autoan eremanen zaitut!». Bertzeak ihardetsi: «Habil aitzina, mutikoa, presatua nauk!». Zenbat holako ez luke ba kondatzeko, andere Darruspe, Xemartin zenaren alabak!

        Horra beraz, nolako Hazparnen izan genituen, garai hartan, herriko apezek, bizpalau zeregin berezi eremaiteko. Eta lehenik Boulogneko Ama Birjinaren Frantziako itzulia.

 

        Boulogne-ko Ama Birjina

        Orai aski urrun ikusten dugu historia hori, bainan gogoan hartu behar da. Alemanen alde eliza gizon batzuek erabili solas eta urratsek izan zutela gibelondorik jende xehearen artean.

        Adibidez, Hazparneko bikari nintzelarik, ukan nuen, bertze apez anitzek bezala, Jean Ybarnegaray, Pétain-en ministroarenganik gutun bat erraiteko, gobernuko eskoletan errientik balin bazen eskola giristinoen kontra sobera agertzen zenik, jakinaraz geniezaion berari lehenbailehen. Gaizki heldua zen nerekin, ezen ene lagun hoberenetarik nuen Zelaiko errienta, Dibar jauna. Bainan ez da harritzeko, apez, apezpiku eta kristau batzuen kontrako mugimendu bat abiatu balin bazen bazterretan, gerla ondoan.

        Hainbertzenarekin, ez dakit nori gogoratu zitzaion, Frantzia guzian barna ibilaraztea Boulogneko Ama Birjinaren itxura, Frantsesen debozionea berritzeko xedetan. Horra nola etorri zen Hazparneraino, Frantziako itzuli berri hori. Joan ginen Beskoitzeko zubiraino, herri guzia, erraiteko maneran, Ama Birjinari ongi etorri egitera. Handik kantuz eta otoitzean, anitzak ointutsik, itzuli ginen elizara eta gaua elizan iragan ginuen zenbaitek. Gau osoa han egon zen apez bakarra izan bainintzen, leher egina jaiki nintzela, gogoan daukat oraino.

        Dena den, Frantsesen otoitzeri eta Amerikanoen «plan Marshall» lagungarriari esker, arras behera eroria ikusia ginuen erresuma «handia», berriz altxatu zen aski laster.

 

        Zindikaia bat ala bi

        Eztabaida bat ere izan ginuen gerla bururatzean, zindikatak berpiztu zirenean. Galdea zen, ean langileen intresen zaintzeko, hobe zen langile guziak zindikata bakarrean elkarretaratzea, ala langileak libro utzi behar ziren bizpahiru zindikataren artean hautatzeko.

        Lehen kasuan, langile kristauek, bertze guzien artetik parte hartuz, adieraz zezaketen beren ikuspegia. Bainan, bazen gibeletik anitzen beldurra, komunistek menpera zezaten osoki delako zindikata bakar hura.

        Albert Terrier, Baionako apezpikuak, deitu gintuen kontsultara, langileez arduratzen ginen apez guziak. Gaia eztabaidatu ginuen denen artean, eta nere ikuspegia ere zen bezala, jaun apezpikuak ohar bat argitaratu zuen, bere astekarian, langileen zindikatentzat libertatea eskatzeko.

 

        Hazparneko despedida

        Nere Hazparneko denbora bururatzera nindoan, gisa oroz: 1950eko udan «adiskide» batzuek asmatu zutelarik, ni Santa Grazira igortzea, izan zen, erran bezala, nere lehen aipaldia.

        Ondoko urtean, Sohutako parropia aipatu zaidaten behin, bainan gero, parropia berri bat sortu behar zela Zokoako herrian eta nehork ez zuela xede hori bere gain hartu nahi, jaun apezpikuak deitu ninduen erraiteko, ni nintzela menturaz egokiena lan horren egiteko. Jakinez zein gogorrak ziren baldintzak eta ez zuenaz geroz ez elizarik, ez apez-etxerik, ez dirurik, niri eskaintzeko aitortzen zuen apezpikuak, ez zuela nere izendatzeko eskubiderik. Niri zegokidan halere ihardestea, ean onartzen nuen Zokoako erretor izendatua izaitea.

        Gogoeten egiteko zortzi egunen epea galdeginik, ihardetsi nuen azkenean: «Bai, onartzen dut». Eta bizikleta harturik, joan nintzen Janbatista Etxeberri Urruñako erretorarengana, ene izendapenaren berria emaitera. Urruñako erretor hori zen ene aspaldiko ezagun eta adiskidea, nere irakasle izana Uztaritzeko seminarioan. Berehala, gomitatu ninduen, Arotzenea hotelean bazkatzera eta, auzo berri sisa, lehen solasen egitera.

 

        Hazparneko azken apairua

        Despeditu aitzinetik, Mirande erretorak egin zuen, ene ohoretan, bazkari eder bat. Hortara gomitatu zituen ez nere adiskideak, bainan Hazparneko auzapeza eta jauneria. Apez xaharra beti izana baitzen jateko miliki atontzailea eta, mahain mintzalari abila, egun hartan ere hala agertu zen. Jan ondotik erran zituen solasek harritu zituzten anitzak.

        Huna laburzki zertsu erran zuen: «Erretor naizenaz geroz, nere hamahirugarren bikarioa nuen, Larzabal jauna. Aitortzen dut, bertze bikarioetan nehork ez nauela honek bezainbat sofriarazi (Denek: hu, hu, hu!), bainan aitortzen dut ere heien artean nehor ez dudala hau bezainbat maitatu (Denak irriz). Jakin behar duzue. Larzabal jaun bikari hunek hartu dituen bideak, egin dituela ez bakarrik nere jakinean, bainan nere baimen osoarekin. Eta baitezpadako zait, hemendik aitzina, jarraikitzea bide hoieri».

        Eta bazkal ondoan, azitaren azpian aurkitu nuen paper xaku bat, orduko hamar mila libera zituela barnean. Mirande jaun errelorak ezarriak.

        Jadanik errana dut nor zen Mirande erretora. Berak maiz kondatu zaizkidan haurreko oroitzapenak, nola aita zuen mugazain fede handikoa, bainan zorrotza: Bere andrea gelditu omen zuen berak Ainhoako mugan eta bertzaldeko saltegira igorri, etxekotzat erosi pusketa zenbaiten itzultzera, ez zuelakotz etsenplu txarrik eman behar sekulan nehori. Gero apeztu ondoan, egona zen Maulen eta Baionan bikario, erretor izan aitzin Hendaian behin eta azkenik Hazparnen. Bere bihozmina aitortua zaitan. Maulen bikari egon zelarik, mende hastean, ez zelakotz gehiago axolatu hango langileriaz. Ez zuen nahi holakorik gerta zakigun Hazparneko langileekin eta hortakotz beti izan nuen haren sustengua nagusi-langileekilako gorabeheretan. Horra zer nahi izan zuen berak adierazi Hazparneko herri gizon guzien aitzinean, ene despeidan. Eta geroztik oraino, bere kargua utzi ziolarik Philippe Aranart erretor berriari, hau ere igorri zuen eni buruz eta Hazparneko langileriaz bereziki mintzatu ginen luzaz.

 

        Hazparneko langileen agurra

        Ez dut bada ahanztekoa Hazparnetik urruntzean herriko langileek egin zaidaten agurra. Ez nintzen ez nehorengana izan adioen egiten. Ez ginuen nehon egin biltzarrik. Bainan nonahi bidean zoazilarik, langileak gelditzen ziren eta beren agurrarekin diru apur bat eskura emaiten zaidaten. Ordu arte sosik gabe bainintzen, hola bildu diru horri esker izan nuen Zokoako eliza eraikitzen hasteko doia. Bertzela, orduko jukutria batzuez ez dut den gutieneko bihozminik, bainan irri egiten dut, ez baitira horiek izan, beren ustez gizon handiak ziren gizon tipi batzuen ttipikeriak baizik.

Piarres Larzabal

(30-XI-1982)

 

aurrekoa hurrengoa