www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Oroitzapenak
Piarres Larzabal
1979-1821, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VII), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkarlanean, 1998.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZOKOAKO ELIZA

 

 

IZENA

 

        Zokoako erraten da, ez Zokoko. «Zokoa» da izen berezi bat, «Zoko» aldiz da orotako izen bat. Hortakotz erraten dugu: «gure etxe zokoko zikinak». Erran zahar batek dio: «Dena zoko-moko Azkaingo». Zoko asko badira Zokoan bainan Zokoa da kartier osoaren izena. Hortakotz gure kartiereko elizaz diot: Zokoako eliza eta ez: Zokoko eliza.

        Horiek hola, jakin behar da Zokoa dela, Urruña eta Ziburu, bi herrietako zatietarik, bat egina den lurraldea. Beraz Zokoak baditu bi auzapez, bat Urruñakoa eta bertzea Ziburukoa. Zokoa parropia bat egin zelarik, mugatzat eman ziozkan, Hendaia aldetik, Etzango erreka; Urruña aldetik, treinbidea; Ziburu aldetik, marra bat, hilerrien gainetik Ibinarrira doana. Bainan Zokoako elizara biltzen direnak ez dira baitezpada Zokoa bertakoak; asko etortzen dira bazter herrietarik.

 

 

AINTZIN-URRATSAK

 

        Zokoan egun batez egin beharko nuen lana ez zen errexa. Lan horri aurretik apailatua nintzen. Bertzeak bertze, Hazparnen nintzelarik, bi aldiz, fede aberatseko herri hori utzirik, igorria izan nintzen fedea larre joana zen tokietara. Hetarik bat zen «Coq de la Nive» deitu Baionako kartiera. Bertzea zen Oragarreko «Bartak» deitu kartiera.

        Baionako kartier hortan ez baitzen ez elizarik ez kaperarik, jendea biltzen nuen «dancing» batean. Hango jende gehiena zen nonbaitik etorria, bereziki Espainola, elizatik urrun bizi zena. Heien politika zen arnoa edatea eta apena jatea.

        Arrats batez nere biltokiko atera jin ziren, segur bertze batzuek beroturik, nahaskeria muntatzera, bi lagun. «A bas la curaille!» oihu egiten zuten. Sarrarazi nituen eta galdegin nioten mintza zitezen gizonki eta ager beren arrangurak denen aurrean. Bainan mutu gelditu ziren.

        Jendea kexu zen barne artan. Zenbaitek nahi zioten zanpaldi bat eman. Hortaratu gabe, kondenatu genituen gutartean egoitera, bainan hitzik atera gabe. Nere arrats hartako predikua frango prestuki entzun zuten. Mintzatu nintzen artzain beztitzen diren otsoez, nola gizagaizo batzu beretzen dituzten beren solas ederrez edo berdin edariaren bidez.

        Oragarreko Bartetara igande arratsalde batez joan nintzen bizikletaz. Hara heldu orduko deitu ninduten etxe batera: Gizon bat zen, kanibetaz zauritua, mozkor kasaila baten ondotik. Kartier hartan ez zen autobiderik, ez eta ere autorik. Sendagile hurbilena 12 kilometrotan. Mirikua etorri artino zaurituaz arta hartu nuen.

        Kartier hartan bizi ziren 13 familia, gehienak kaskoinak. Zenbaitzu salbu, gehienak pobreak eta gisa guziz atzeratuak. Ez zen ez dendarik, ez ostaturik. Hamabortz egunez han bizi izan naiz, etxe desberdinetan bazkalduz egun guziz. Jende batzuen fantesia zen, jatean ni mozkorraraztea, bainan nik baso arnoa ez nuen hunkitzen, janaldia bukatzean baizik, eta orduan, dena betan klikatzeko.

        Hango jendea bizi zen pixka bat baserriko lanetik, pixka bat ihizi eta arrantza debekatutik. Hango nexkatxak ihiztari harrigarriak ziren. Ihizia egiten zuten andereder tipiez baliatuz. Nexkatxa bat ematen zen lapin zilo baten atean, zaku bat idekia eskutan. Anderederrak, lurpez, ihesi joanarazten zuen lapin basa. Hau, lurpetik ateratzean, jauzi batez sartzen zen zakuaren barrenean.

        Kartier hortako biltokia nuen hor den jauregi zaharreko soto bat. Jauregi horren aurreko zuhaitz bati lotu nion joare bulunba handi bat. Joare hura jotzen nuen: jendeen bilkuretarat deitzeko. Elektrikarik ez baitzen, bakoitzak ekartzen zuen argi bat gure arratsetako bilkurentzat. Nere «soto» hortara, batzuetan prediku denboran, sartzen zen oilo koloka bat, bere xitoekin edo zerri zenbait. Soto haren selaurutik, askotan, gari alea ixurtzen zen gure gainera.

        Bitzi bada bitzi, jende horien erdian, arras ongi laketu nuen. Maite nituen. Bihotz ilundura batekin, urrundu nintzen horienganik.

        Bainan Baionako eta Oragarreko bi egonaldi horietaz bertzalde, on da jakitea, nere Zokoako jokaerak ulertzeko, 12 urtez, egona nintzela bikari Hazparne herrian Mirande jaun erretor xaharrarekin, eta honek sustengaturik, jadanik erran bezala, ohitua nintzela jende langilearekin harreman onak izaten.

 

aurrekoa hurrengoa