www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Antzerki laburrak
Piarres Larzabal
1934-1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I eta IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

MUTIL BERRI

 

(Gertaldi batetako ikusgarria - 1959)

 

Jokalariak:

        AITA: 55 urte, laborari edozein.

        AMA: 50 bat urte, garbi eta fin.

        DOMINIKA: 21 urte, airoski arropatua.

        JAKES: 30 urte, trastuki arropatua, arras zozo-bisai itsusi bat.

        FATURRA: 25 urte, gazte garbi bat.

        BEÑAT: 25 urte, gazte eder bat, pizu-aire gorputz eta moldez.

        PARISTARRA: 30 urte, eder eta jaun-aire bere moldetan.

 

Taula-gaina:

        Edozein Euskal Herriko sukalde.

 

 

I. AGERRALDIA

 

        (Aita eta Ama eleketan)

AITA: Gure mutila arras saindatzen ari zauku. Nik ez dakit zer gertatzen zaion! Ez du gehiago laneko funtsarik... Batzuetan, gaitzeko ero-bultek hartzen dute. Deus arrazoinik gabe, hasiko da oihuz orroan, eskarnioka... edo berdin, kantuz! Ez dut behin ere hola edana ikusi, nola iragan igandean... Atzo berritz, belar epaiten ari zelarik, sega bet-betan arrunpeka aurtiki du eta etzaterat joan da itzalerat.

AMA: Horren gaitza errex da zilatzea... Jelos da.

AITA: Jelos?... Nortaz jelos?

AMA: Gure Dominikaz... Ez zirea hortaz oraino ohartu? Gure Dominika faturrarekin gurutzatzen hasiz geroz da hola.

AITA: Jes!... Zer behar dio gaizo burtxoro horrek gure Dominikari?

AMA: Nik dakita! Burtxoroa da, bainan gure Dominikarentzat izan du beti halako tirantza bat. Ez zirea ohartu?... Zuk eta nik erraneri frangotan bihurri agertzen da... Sekulan Dominikak erraneri... Dominikak sudurretik ibiltzen du... Nahi duen guzia eginarazten dio. Harenganik, oro ontsa hartzen ditu.

AITA: Ez ahal du ba, Dominikarekin ezkontzeko petrentzionerik?

AMA: Ez! Bainan Dominika du bere bihotzeko izarra... Ho! Berak ez dakielarik...

AITA: Bihotzeko izarra, ele tetelea duzu hori!

AMA: Erran nahi dut, gure mutilak, burtxoroa izanagatik, baduela —denek dugun bezala— bere baitan, xokoño bat, kantuz, liliz eta xoriz apaintzen duena... Bere penetan, guk guretan bezala, xokoño hura du ihesleku eta kontsolamendu... Eta preseski, gure mutilarentzat, Dominika da, liliz, kantuz eta xoriz apaindu xokoño hura... Hortako ez du nahi hartan sar dadien nehor, beraz bertzerik.

AITA: Ba, ba... Ez bada hola ere, paso!... Eta, Dominika zertan dugu fatur horrekin?

AMA: Hortan du arras bere gogoa.

AITA: Ori... Horrekin ezkontzen hada, pollitak geldituko gira zu eta ni! Zer bilakatu behar dugu, holako ontasuna bizkarrean?

AMA: Mutilak ere hor izanen dira, ba!

AITA: Mutilak ba!... Dugun hori bezalako batzu izaitekotz... Mutil ona behar da pagatu... Eta, gure etxeak ez luke bererik, mutil on bat pagatuz.

AMA: Zer nahi duzu erran dezadan! Bertzek bezala, eginen dugu ahal duguna. Haur bakarra dugu... Hori ezkonduz geroz, ez du balioko lanean lehertuak artzea... Norentzat?... Berdin biena, ttur-ttur ariz bilduko dugu.

AITA: Uste nuen Beñatekin zuela apailatuko bere geroa... Beñat gure etxekotz hauta zela, lorietan nindagon... Kapablea baita eta lur lanetako gizona.

AMA: Zer nahi duzu!... Amodioa gidatzen ahal da, bainan ez da bortxatu behar... Te, mutila hor duzu!

 

 

II. AGERRALDIA

 

        (Berak eta mutila)

AITA: (Mutilari) Hor hiza Jakes!... (Agertzen da) Salda-xorta bat edan-eta, behiak uztar aitzik!... Perdeketarat joan behar diagu.

JAKES: (Mahainean jarriz) Luzerna ala soroa?...

AITA: Luzerna... Eta sarri, arto-ondo horren iraulden behar diagu lotu.

AMA: Lurra sasoinean dea hortako?

AITA: Hezexko da, bainan egunak han-harat doazi, eta ez gaitezke beti so egon... Errazu, eta... Dominika joaiten ahalko dea, Jakeseri esku-kolpe bat emaiterat, perdearen kargatzeko!

JAKES: (Lorietan) Ba, ba!

AMA: Hori ez aise, nik uste... Faturra ere jitekoa du, eta, badakizu, hura ez luke huts-egin nahi.

JAKES: (Gaitzeko errabian) Faturra?... Faturra?... Phu!... Phu!... (Ukamiloz mahaina joz) Nik muturra hari hautsiko!... Muturra!...

AITA: Apaltxago, to!... Hire konplimenduak atxik-aitzik hiretzat!

JAKES: (Salda bazterrerat utziz) Phu!! Phu! Faturra!... (Dominika agertzen da)

 

 

III. AGERRALDIA

 

        (Berak eta Dominika)

AMA: Hor zirea, Dominika!... Ontsa etorria zira!

DOMINIKA: Zer nahi zinuen? Jes, zer duzu hola kexu, Jakes?...

AMA: Zu nahi zaitu laguntako perde kargatzeko.

DOMINIKA: Jes, zertako ez, behar bada!

JAKES: (Loriatua) Ba, ba!... Zu, Dominika, enekin!... Ba, he, ba??

DOMINIKA: Baietz ba... Etorriko naizela...

AITA: Bon... Kontent orai! Jan-ak eta mugi-hadi behi uztartzerat...

JAKES: (Loritua, Dominika begiz jaten duela, arramaska salda edaten du, agua hartzez hautsiz. Bururatu ondoan, xutitzen da) Etorriko, zu, Dominika? Enekin he!... Ez gero faturrarekin.

DOMINIKA: Ba, ba... Zurekin... Etorriko naiz!... Bi biak joanen gira perdeketarat... (Jakes jalitzen da, loriarekin eskuak torratuz)

 

 

IV. AGERRALDIA

 

        (Aita, Ama eta Dominika)

AITA: Ez dakit zer behar dugun mutil horrekin bilakatu!... Geroago eta burtxoroago ari zauku egiten.

DOMINIKA: Ordaina beharko hartu... Delako Paristar hura ere agertuko da ba laster, dudarik gabe...

AITA: Ba, zure fatur horrek atzo edo egungo hitzemana zaukun haren bisita. Bainan zer gizon da delako Paristar hori?... Aipatu dautzuia?

DOMINIKA: Ez du berak ezagutzen... Haurrean hemen hazitako Paristar umexurtxetarik omen da... Gero hemendik norapait joanik egona... Orai berritz gibelerat itzulia, lanketan ibilki!...

AITA: Hum! Gehiago ezagutzen ez den gizonaz, ni mesfidatzen naiz!...

DOMINIKA: Ez du balio, aita, aintzinetik odol gaixtorik egitea... Utza-azu etortzerat... Berak erakusterat emanen du zer motatik den.

AITA: Ha, zuk ere, hautua izanki-eta, laborari bati baino, fatur bati lotu nahiago ba!

DOMINIKA: Ene zortea da hola, aita...

AITA: Nago ez ote dudan, nik ere, hobeki eginen, ontasuna utzi-eta, karrika garbitzale sartzea!

DOMINIKA: Zure suhi-beharra, laborari-seme duzu gero, aita!... Hor izanen da, behar orduan, esku-kolpe baten emaiteko ere.

AITA: Faturkoa eta laborantza, ura eta sua bezalatsu dira... Bon, hobeko dut naski mutil xoro horrekin, nihaurek joaitea... Zu zaude hemen, Dominika!...

AMA: Ni ere, oilotarat noa... (Biak jalitzen dira)

 

 

V. AGERRALDIA

 

        (Dominika eta Fatura)

        (Dominika, leihotik so egin-eta, poxiño bat apaintzen da)

FATURRA: (Atea joz) Hep!...

DOMINIKA: (Idekiz) Hor zirea Mixel!

FATURRA: Bakarrik zirea?...

DOMINIKA: Ez... Denak etx'alde gira... Ama hor da oilotan, eta aita Jakesekin... Jakes arras bulta gaxtoan dugu.

FATURRA: Zer du?

DOMINIKA: Nik erran behar banu, jelos da, zu enekin gurutzatzen ikusten baitzaitu... Jelos eta ez doi bat bakarrik, bainan izigarriko errabiarekin... Kasu-emaiten ahal duzu, zuk ere, harekin buruz-buru gertatzen bazira... (Edaterat ematen dio)

FATURRA: Izanen ahal dugu aski indar, koxkor horren bentzutzeko...

DOMINIKA: Aitarekin oixtian zu aipatu zaitugu...

FATURRA: Zertaz?

DOMINIKA: Ez da zure kontra, bainan nahiagoko zuen ni laborari batekin ezkontzea, ezenetz fatur batekin.

FATURRA: Eta, Beñat, beti ondotik ibilki zautzuia?

DOMINIKA: Ez du iduri oraino etsitua duela... Bizkitartean aski erakusterat emaiten diot, ez naizela harentzat.

FATURRA: Ene aldetik, gero eta gehiago gogoan nago, ez ote dudan faturgoa utziko, hemen, lur-lanari lotzeko...

DOMINIKA: Ez zinuke segur gure aita kontra!

FATURRA: Eta zu?

DOMINIKA: Eni berdin lakiket!

FATURRA: Bon... Ikusiko dugu... Denborak erranen du...

 

 

VI. AGERRALDIA

 

        (Berak eta Jakes)

JAKES: (Agertuz... Errabiak hartzen du) Phu!... Phu faturra!... Dominika enekin!... Perdailua karga!...

FATURRA: Zer duk, Jakes gaizoa? Zer!... Kexu hiza?...

JAKES: Phu!... Faturra fuera!... (Mahaineko baso bat nahi luke hartu, Faturrari tiratzeko bezala...)

DOMINIKA: (Eztiki... Basoa kenduz) Utz-azu hor hori, Jakes! Eta ar zaite eztiki!... Behiak uztartu ditutzuia?...

JAKES: Ba... Zu enekin!... Kargatzerat!...

DOMINIKA: Bon, jinen naiz perdea kargatzerat... Abia zaite behiekin!... Heldu naiz berehala...

JAKES: (Faturraki ukamiloa eginez) Phu!... Ustela, hi!...

DOMINIKA: (Emeki kanporat pusatzen du) Zoaz, Jakes, zoaz!... Heldu naiz berehala... Has zaite perdea orgari hurbiltzen! (Jakes jalitzen da)

FATURRA: (Xutituz) Arrazoin zinuen. Xoro horren errabia, orai berritz, bertzen gainerat! Bon, segitu behar dut ene itzulia... Gibelarakoan geldituko naiz asti gehixagorekin.

DOMINIKA: Ontsa da... Ixtant artio beraz!...

FATURRA: Ba... Ixtant artio, Dominika. (Jalitzen da)

 

 

VII. AGERRALDIA

 

        (Dominika eta Ama)

        (Dominika apur bat bakarrik... Leihoa idekitzen du... Adio bat egiten dio faturrari... Berritz laneko dabantala hartzen du...)

AMA: (Sartuz) Errazu Dominika, aitaren partez, hemen egoiteko!... Berak lagunduko duela Jakes...

DOMINIKA: Gaizo Jakes!... Ez bide da kontent...

AMA: Zer nahi duzu? Ez ditake denen komplimendua egin!...

DOMINIKA: Faturrak sar-atera bat egin du...

AMA: Ba, oilotan nintzen... Oilo-koloka bat bada harrotua... Nehondik ezin berritz kafiarat bilduz ari naiz...

DOMINIKA: Itzulia bururatu-eta, gibelarakoan jinen dela erran du... Agian, xitako arroltzeak ez zaizkit hoztu... Bainan, ama, ez duzu kasurik ere emaiten, zer erraiten dautzudan...

AMA: Ba, haurra, ba... Bainan, zu zureari ari eta ni eneari... Ha, entseatu behar dut arto bihiarekin bilduko dudanetz (Jalitzen da)

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

        (Dominika eta Beñat)

        (Dominika apur bat bakarrik... Leihotik behatzen du, eta asaldatzen da...)

DOMINIKA: Ha, Beñat!... Beñat hunarat heldu!... Berritz ere ene ondotik!...

BEÑAT: (Atea joz) Hep!...

DOMINIKA: Aintzina!...

BEÑAT: (Sartzen da) Bakarrik zirea?...

DOMINIKA: Ba, bakarrik... Jar zaite!... (Mintza ditela biak, ebas-ka bezala, galde eta errefera bakotxaren ondotik, apur bat ixilik egonez)

BEÑAT: Zera!... Etorria nintzen, zera...

DOMINIKA: Zuen lanez, dudarik gabe.

BEÑAT: Ba, ba!...

DOMINIKA: Zer ari zirezte?...

BEÑAT: Ba!... Usaiakoetan!

DOMINIKA: Aroa, ez soberarik alde, naski?...

BEÑAT: Boo!... Ba, ba...Orotarik!...

DOMINIKA: Gure aitak zion iraulden behar duela hasi.

BEÑAT: Ba, ba... Sasoina da... Baduia irauleko laguntzarik?

DOMINIKA: Ba, usaiakoa!...

BEÑAT: Zuen etxean ere laguntza xuhur!...

DOMINIKA: Zer nahi duzu?... Ezin bertzela egin!...

BEÑAT: Ba, zuen etxean bada bi gizonen lana...

DOMINIKA: Balitake ba!...

BEÑAT: Aita ere xahartzen hasia da-eta!...

DOMINIKA: Bakotxa gure saindian!...

BEÑAT: Ba, trixte da etxe bat, laguntzarik gabe!

DOMINIKA: Ba, ba, hala da! Bainan beharbada izanen dugu mutil berri bat...

BEÑAT: Ha!...

DOMINIKA: Harekin errexago izanen da lanen moldatzea...

BEÑAT: Eta zer mutil hartzen duzue?

DOMINIKA: Hemengotz on dena ba, dudarik gabe...

BEÑAT: Laborantzan dakiena, segur?...

DOMINIKA: Ez du beharbada hori izan ofizio bakarra, bainan hortan ere trebetua...

BEÑAT: Ha... bon... bon... Ez, dudarik gabe, hilabeteka pagatzen direnetarik?...

DOMINIKA: Hori, gero ikusiko... Hitzak egitekoak ditugu oraino!

BEÑAT: Orduan, ez duzue gure laguntzarik beharko!...

DOMINIKA: Hori ezin erran, nortaz behartuko giren.

BEÑAT: Bon... bon... Mutil berri batekin ez bazirezte antolatzen, hor izanen gira gero gu, beti. (Xutitzen da)

DOMINIKA: Ba, ezagutzen dugu segurki zuen bihotz ona!...

AMA: (Agertuz) Dominika!... Ez berehalakoan, bainan bildu dut gero oilokoloka! Urde filda!...

 

 

IX. AGERRALDIA

 

        (Ama eta Dominika)

DOMINIKA: (Zainetakoek hartu balute bezala, irri-karkarikan lotzen da) Ama, ekazu musu!... (Beti irriz, musu emaiten dio)

AMA: Zer ari zira, haurra? Enoxentzen?

DOMINIKA: (Beti irriz) Ez, ama!... Beharrik jin zira!...

AMA: Bainan, zer derasazu?

DOMINIKA: Beñat hemen nuen... Zu sartzean jali da... Bulta bat huntan itzuli-mitzulika ari zautan, punperat ezin jautsiz!... Eta ene aldetik, ari nintzen forni eta forni... Azkenean arras agortua nintzen; ez nakien zer jali... Beharrik jin zira!

AMA: Zer behar zuen?...

DOMINIKA: Nahi zuen jakin ene eskua beti libro zenetz...

AMA: Eta erran diozu garbiki zure xedea?

DOMINIKA: Ez diot erran, bainan konpreni-arazi!

AMA: Gaizo mutikoa!... Zertako ez diozu dena den salatzen?...

DOMINIKA: Ez naiz atrebitzen... Ez da mutil gaxtoa Beñat, bainan zerbait pisu harrapatzen diot... Halako apostolu-aire bat... Ez da haren jitea ontsa joan enearekin...

AMA: Ez dakit hura zer den; bainan zu beti, axeri on bat zira!... Horiek hola, mugi zaite... Entzuna dut ogiketari-otoa tut eta tut ari, bide-gurutzetik... Har azu moltsa eta ekazu lau liberako ogi bat.

DOMINIKA: Ontsa da, ama... Berehala banoa. (Jalitzen da. Ama bakarrik, zerbait laneri lotzen da)

 

 

X. AGERRALDIA

 

        (Ama eta Paristarra)

PARISTARRA: (Atea joz) Hep!...

AMA: Aintzina!...

PARISTARRA: (Agertuz) Hau da Ezkurrenea?

AMA: Ba, jauna, hauxe bera... Nor zaitut, zu?

PARISTARRA: Etxe hontan, mutilketan omen zabiltzate!

AMA: Egia da... Zu zira, bederen, delako Paristar, hemen hazi hura?...

PARISTARRA: Hura eta bera!...

AMA: Jar zaite, jar, jauna! Nork gidatu zaitu hunarat?

PARISTARRA: Duela zenbait egun, zuen inguruko norbaitek aipatu zautan etxe hau... Argitu naiz hemengo harat-honatez, eta orai hemen nauzu.

AMA: Beraz ez du balio xehetasunetan sar gaiten gure etxeaz eta gure familiaz!

PARISTARRA: Ez!... Oroz jakintsun naiz!

AMA: Zer hartuko duzu?... Nahi duzuia salda-xorta bat, baso bat arnorekin?

PARISTARRA: Berdin...

AMA: (Zerbitzatuz) Gizona perdeketarat joana dut eta alaba ogiketarat... Hemen izanen dira laster... Non zinuen, orai artio, zure lan-tokia?

PARISTARRA: Paris-inguruko ontasun handitan...

AMA: Nik uste, ez dituzte han, gure lan-molde berak...

PARISTARRA: Ez, han laborari guziak traktorretan dira.

AMA: Ez dira beraz gu bezenbat lanean akitzen!

PARISTARRA: Han, zortzi orenak egin-eta, libro ginen.

AMA: Eta, irabazi ona zinuena?...

PARISTARRA: Hiritako langileena... Bertzalde igandeak libro, eta ere astean arratsalde bat...

AMA: Holako lan-toki ona nolaz utzi duzu?

PARISTARRA: Diru-puska bat badut bazterrerat emana, eta honat etorria naiz, hemengo ontasun bat erosteko xedearekin, ene gain jartzeko... Non ez naizen ezkontzen etxalde oneko alaba batekin...

AMA: Ez zaut iduritzen gure etxean ukaiten ahalko dituzula Paris ondoko kondizione berak!

PARISTARRA: Ez ditut pretenitzen ere... Badakit hemengo irabazi eta bizi moldearen berri...

AMA: Bon... Senarra kanpoan dut perdeketarat joana... Sartzean, harekin mintzatuko gira...

 

 

XI. AGERRALDIA

 

        (Berak eta Dominika)

DOMINIKA: (Agertuz) Egun on Jauna!

PARISTARRA: Bai, zuri ere, andere gaztea!...

AMA: Hona gure alaba... Dominika du izena... (Alabari) Jaun hau, lekuaren ikusterat esperantza ginuen mutil gaia da...

DOMINIKA: Ha!... Arras ontsa... Hona ogia!... (Moltsa emaiten du hartu tokian) Ez du hanbatekoa, egun ere.

PARISTARRA: Ni, hemen egoiten banaiz, nihaurk erreko dautzuet ogia...

AMA: Badakizuia lan hurtan ere?

PARISTARRA: Ba... Egona naiz ogi-egile baten etxean ere mutil... Eta, ogi erretzen, nor-nahirekin buruz-buru artzeko on naiz.

AMA: Ez da abantail ttipia!...

PARISTARRA: Ofizio bat baino bi ikastea hobe zela, betitik pentsatu izan dut...

AMA: Ni zure alde, hortan...

PARISTARRA: Oto-zaingoan ere ari izana naiz...

AMA: Izan zirea oto baten jabe ere?...

PARISTARRA: Ba... Egun hartan saldua dut azkena, eta berri ederragoko bat manatua dut.

AMA: Sekulan hemen sartzen bazira, ibiliko gira, mutila otoan eta nausia oinez...

PARISTARRA: Ba, berdin dira esku artean izanki-eta, kurri araztea hobe zela, pentsatu dut...

AMA: Ez da gaizki pentsatua... Ho! Gizon hek hobe ditut mugi-araztea!... Bertzenaz zuri hemen denbora gal-araziko dautzugu... Banoa hetaraino!... Zuk Dominika, segi-atzu hemengo lanak! (Jalitzen da)

PARISTARRA: (Apur bat ixilik egonik) Dominika, ez dut nehon zu bezain andere xarmantarik aurkitu! (Dominikak espaldak altxatzen ditu... Bere lanari ari da... Ixilik daude apur bat)

PARISTARRA: Nahi duzuia, esku-kolpe bat?... Lagunduko zaitut...

DOMINIKA: Ez, ez milesker!... Ez dut laguntza beharrik! (Apur bat ixilik daude... Paristarra xutitzen da... Dominikaren ondotik dabil... nahi luke zerbaitetan lagundu... bainan Dominikak ez dio paradarik emaiten)

PARISTARRA: Dominika, nik otoa ukaitean, gaitzeko piaiak eginen ditugu, biek, buruz-buru.

DOMINIKA: Ez dut otoan ibiltzea maite!

PARISTARRA: (Baliatzen da, Dominikak bi eskuak trabatuak baititu, hari musu baten emaiterat entseatzeko) Nik maite zaitut zu! Ekazu, musu, Dominika!...

DOMINIKA: (Zaflako bat emaiten dio... arras kexu da) Eta, zuk bakea eni!... Ez naiz batere zure gutizietan!...

PARISTARRA: (Frango minberatua) Bon, bon! (Dominika sar-jalika dabil izigarri kexu... Bet-betan nigarra eskapatzen zaio eta jalitzen da. Paristarrak laster-lasterra leihotik so-egiten du... Badoa armariorat, eta ebatsirik sakelerat sartzen ditu, brin-brau, moltsa, kuller-furtxeta zilarrezko batzu eta holako... Berritz jartzen da... Arno zorta bat bere buruari zerbitzatzen dio... Iduri luke hura presaka edan-eta, ihesi joango duela)

AMA: (Sartuz) Te!... Bakarrik zirea?... Non da Dominika?

PARISTARRA: Hemen zen orai berean...

AMA: Orga hagatzen ari dira gizonak. Heldu dira berehala... (Dominika agertzen da, kopeta ilun... Hitzik erran gabe, bere lanari ari da)

AMA: Laster eguerdi baita bazkalduko duzu... Hola izanen duzu deskantsuan solasean artzeko denbora senarrarekin...

PARISTARRA: Barkatuko duzu, bainan lagun bati hitzemana diot harekin bazkaritea ostatuan...

AMA: Nahi duzun bezala...

PARISTARRA: Aferezko bazkari bat dugu... Diru puxka bat banion prest emana, duela bi urte, etxe berri baten altxatzeko... Diru haren intresak behar dauzkit eman.

AMA: Ha, orduan hango bazkaria hobe zuretzat hemengoa baino... Edazu ba xorta bat... (Nahi dio zerbitzatu)

PARISTARRA: Ez, ez, milesker! (Xutitzen da) Hemen egoiteko orde, kanpo horietan eginen dut izuli bat... Zuen ontasuna ikusiko dut eta bi ele hasiko senarrarekin...

AMA: Nahi duzun bezala...

PARISTARRA: Bon!... Ixtant artio beraz!... (Jalitzen da)

AMA: Ba... Ixtant artio... (Apur baten buruan: Dominikari) Nola kausitzen duzu gizon hori?

DOMINIKA: Hori, ez-deus bat da!...

AMA: Jes! Zoin laster eta aise jujatzen duzun, zuk, jendea!

DOMINIKA: Ba... Baititut ene arrazoinak!

AMA: Zer arrazoin?

DOMINIKA: Zu hemendik urrundu ziren denbora laburrean, zer gizon den erakutsi baitu.

AMA: Zer gertatu zautzu?

DOMINIKA: Bo... gizona, beti gizona!... Zer nahi duzu?

AMA: Bainan, haurra, mintzatzekotz, mintza zaite garbikixago... On da guk ere jakin dezagun nor hartzen duzun...

DOMINIKA: Bah!... Maite ninduela erranez, musu zautan nahi eman, nehondik ere. Eta, zaflako on bat bildu du...

AMA: Ha, baia?... Ausarta tzarra!... Nehor ez ezagutzen, bertzeen etxean, eta sartu gabe ere, horiek dituia moldeak?... Gero ere, xori hori, luma bereko izanen da... Ez dugu segur gure ohantzerat utziko sartzerat, holakoa balin bada...

DOMINIKA: Ni segurik, desgustatu nau...

AMA: Bon... Aintzin aldea hartuko diot... Banoa berehala aitarenganat, ez dezan mutil hori etxerat har erraiterat.

 

 

XII. AGERRALDIA

 

        (Ama, Dominika eta Faturra)

FATURRA: Hep!

AMA: Aintzina!... Ha, zu zirea?... Uzten zaituztet apur bat... Aitarenganat noa jauzi batez...

FATURRA: Ez bide da urrun... Mutila hor heldu da segurik, furtxa bat bizkarrean. (Ama jalitzen da)

DOMINIKA: Badakizu zuk guretzat galdatu zinuen mutil-gai Paristar hura?...

FATURRA: Ba... agertu da azkenean?

DOMINIKA: Ba... Oraintxet hemendik jalia duzu...

FATURRA: Zer mutil da?

DOMINIKA: Biligarro bat ona... Ez du segur gure etxean zangorik sartuko... (Kafea preparatzen dio)

FATURRA: Oixtian jada aipatu dautzut... Ni, gogotik, faturgoa utzi-eta, hemen lur lanari lot naiteke... Bainan zuk nahiko duzuia?...

DOMINIKA: Nik?... Zertako ez?... Gogotik nik ere...

FATURRA: Lorietan nuzu... Uste nuen laborari batekin ez zinuela ezkondu nahi... Egiaz dautzut, ez naiz batere faturgoari atxikia... Ene ametsa zen, laborari, zuen etxean sartzea; bainan ez naiz orai artio atrebitu zuri aitortzerat...

DOMINIKA: Ez dut nik laborantza hastio... Enetzat miletan hobe da amaren ondorat ezkont nadien... Burasoentzat ere, bertze goxotasunik izanen da hola... Loriatu behar dute zure xedea entzun-eta!...

FATURRA: Sarri berean jakin araziko diotegu...

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

        (Dominika, Faturra eta Jakes)

JAKES: (Arrant erotua, furtxaz eskaintzen dio Dominikari) Zuk gezurra erran!... Zu ez etorri enekin perde kargatzerat! Fatur ustela nahiago... (Dominika ikaran dago)

FATURRA: (Guduka labur baten ondotik, faturrak fartxa Jakeseri kentzen dio) Furtxa hori hunarat to!... Xoro tzarra hi!... (Pusako batez kanporat igorriz) Habil hortik kanporat! Eta ez ager gehiago gure arterat!

JAKES: (Marruma-orroaz berriz sartzen da) Ene boneta... Ene boneta!...

FATURRA: (Boneta lurretik bilduz) To, hire boneta eta habil hortik!...

JAKES: (Marrumaz beti, jalitzen da) Ni gehiago ez hemen egonen... Ni etxerat... etxerat joanen, betikotz!

DOMINIKA: Ho, ikaratu nau!... Zoin tzarrean zen!

FATURRA: Ba, eroez beti mesfidatzeko da... Nago orai zer eginen duen!

DOMINIKA: Hori, segur bere etxerat joanen da... Lehen ere egon zauku hola, egun-multxo bat, etxerat joana, bere penak ahantzi artio. (Kafea zerbitzatzen dio eta badoa armariorat kulliraketarat) Jes, non dira hemen ziren kuller-furtxetak?... Moltsa ere ez hemen? Ez ahal ditu bederen Paristar delako harek ebatsi?...

 

 

XIV. AGERRALDIA

 

        (Dominika, Faturra eta Ama)

AMA: (Agertuz) Aita ikusi dut... Gure mutil beharra ez omen zaio agertu. Hemendik jali ordu, motorat igan-eta, tira-ahala urrundu omen da...

DOMINIKA: Ama, zuk hunki ditutzuia hemengo moltsa eta kuller-furtxeta zilarrak?

AMA: (Asaldatua) Nik ez!... Zer dira?... Eskas?...

DOMINIKA: Segur naiz gizon tzar harek joan dituela! Minuta bat egon da bakarrik, bainan baliatu, urdea, eskuaren ibiltzeko!

FATURRA: Berehala banoa jandarmerirat...

AMA: Zoaz!... Zoaz!... Oraino ez daiteke urrun... Telefonaz, inguruko bideak trabaraziz, arrasta dezakete...

FATURRA: (Jalitzen da) Laster hemen naiz berriz.

DOMINIKA: Zaflako bat eman-eta, doi-doia atera naiz, ez haren aintzinean nigarrez ari nahiz... Segur naiz, orduan egin duela bere kolpea!

AMA: Eta, zoin ontsa mintzo gizona!... Ofiziokoa, lan-mota guzietan usatua, diruduna!...

DOMINIKA: Ba, axala sobera eder, barnea ez ustela izaiteko!

 

 

XV. AGERRALDIA

 

        (Aita, Ama eta Dominika)

AITA: (Sartuz) Zer gertatu zaio Jakesi?... Nigarrez urrundu da, etxerat doala erranez, eta ez dela gehiago honarat itzuliko!

DOMINIKA: Furtxa nahi zautan sartu, ez nintzelakotz harekin perdeketarat izan... Beharrik faturra hor baitzen, furtxa hari eskutik kentzeko...

AMA: Eta, ez dakizu bertze berria!... Gure mutil Paristar famatuak, ateratzean, berekin joan dituela armariotik moltsa eta kuller-furtxeta zilarrezko batzu!

AITA: Debruen urdea!... Hori dea hemen utzi duen oroitzapena?... Eta, joan duia diru hainitz?

AMA: Ez biziki, bainan dena ere sobera!

AITA: Beraz planta onean gelditzen gira... Ginuen mutila, joana, esperantza ginuena ez heldu, eta gainerat, etxea ohointzaz arindua...

DOMINIKA: (Irriño batekin) Ez zaitela ilun aita! Ez etsi!... Ekarriko dautzut ba, nik, mutil berri bat...

AITA: Zuk ba, zuk!...

DOMINIKA: Nik ba, nik, aita!... Haur ttipiak postatik ekartzen direnaz geroz, ekar ditezke ba mutilak ere!

AITA: Oro arrenguraka ari dira gure etxaldeak larre joaki direla... Hala joanen dira, heien lantzeko, kanpainetan gelditzen badira bakarrik zozoak eta zaharrak.

DOMINIKA: Ikusiko duzu zer gazteria ederra muntatuko dautzugun etxe huntan!

AITA: Ez dut erraiten gazte guziek, kanpainan sortuz geroz, kanpainan bizi behar dutela... Ez... ez liteke denentzat bizitzekorik... Bainan gure etxean, jali daiteke familia baten haztekoa... Sobera gaztek, sobera aise uko egiten diote sortetxeari.

DOMINIKA: (Kantu:)

                Badut andrea, badut semea

                Badut alaba ere nik!

AITA: Ba, ba... Trufa zaite aitari!

DOMINIKA: (Amari) Gure aita arras mokorrean dugu.

AMA: Nor ez da hala izanen gure kasuan!...

DOMINIKA: Bon, pareak ba eta tira tantoa, beraz!...

 

 

XVI. AGERRALDIA

 

        (Berak eta Faturra)

FATURRA: (Agertuz) Preso da gure ohoina... Jada arrastatua zuten...

AMA: Hoin laster!

FATURRA: Ba, mandil bat omen da gizon hori... Jada hamar bat aldiz preso egona... Atzo, merkatutik etxerakoan, makiñun bati ebatsia omen zion dirua... Jandarmez segitua zen, hunarat jin delarik.

AMA: Hemen ebatsiak, berekin zituena?

FATURRA: Ba, Jandarmek galdatzen dautzuete, hetaraino itzuli bat egin dezazuen bietarik batek... (Aita agertzen da)

DOMINIKA: (Aitari) Entzun duzuia aita, zer gizon den gure ohoina?...

AITA: Ba, oro entzun ditut... Betitik errana da: Ez atea nola-nahizka idek ezagutzen ez den gizonari! Eta futxo, hortaratzea bortxatuak, ezagunik ez daitekelarik harrapa etxeko lanetako.

DOMINIKA: Errana dautzut jada, aita, nik egina dudala etxe huntako mutil berria!

AITA: Ba, nahi nuke jakin nongo zozoa!

DOMINIKA: Postatik heldu zauku!...

AITA: Postatik ba!... Ori, manatzen ahal duzu berehala landarat joan dadien lur altxatzerat, iraulden behar baiginuke hasi!

DOMINIKA: (Faturrari) Entzun duzuia manua?

FATURRA: (Aitari) Ba, Dominikarekin deliberatu dugu, faturgoa nik uztea... Eta hunarat ezkontzea, hemengo lanen segitzeko... Aitak eta amak, hola nahi baduzue segurik!

AITA: (Arras hunkitua) Hola nahi dugun?... Hola nahi dugun?... (Ixilik dago apur bat... Nigar bat xukatuz, eskua emaiten dio, emeki erranez) Milesker!... Gure etxea salbu da!...

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa