www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Antzerki laburrak
Piarres Larzabal
1934-1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I eta IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAU DONADOAK

 

(Bi gertalditako ikusgarria)

 

 

Jokalariak:

        BENAT: 55 urte, mehe, idor.

        ZALBAT: 53 urte, zaintsu.

        GANIX: 51 urte, edozein.

        ANTON: 50 urte, pisu.

        FATURRA: 40 urte, atsegin.

        ANDEREA: 26 urte, bipil.

 

Joka-lekua:

        Etxeko sukaldea.

 

 

1. GERTALDIA

 

 

1. Agerraldia

 

        Zalbat kozinan ari, Anton supazterrean jarria, Beñat kanpotik heldu.

BENAT: Moldatua duka kozina?

ZALBAT: Ba, to, ez zakiat batere... ari nuk beti zerbait!

BENAT: Ez duk oraino jina Ganix?

ZALBAT: Ez, hura ere ez zakiat non dagon egun...

BENAT: Bon, bon, egungo janaria ere, ahal dena diagu...

ZALBAT: Beha-zak, errara diat jada, aski badutala ofizio hontarik! Emazte lanetan artzea baino, zernahi nahiago diat... Hihaurek badakik hori: Ahalgegarri duk; bagaituk hemen lau anaia handi, lauak ezkongaiak eta, lauen artean, ez gaituk on emazte baten etxera biltzeko!

BENAT: Ez zakiat bada! Hihaurek eginak dituk kondizione parteak: Hiretako kozina eta barneko garbitasuna; enetzat kanpoko lanak; Ganixek aldiz komisioneak eta bokata xuritzeak. Badakik hori arras ongi: Ez diagu guk hautatu gure ofizioa; hihaurek manatu bezala dituk...

ZALBAT: Ez diat hori erraiten, bainan emazte bat baitezpada behar genikek: Behazak, Anton ere, lau urte hontan hor ziagok zoko hortan, eri... Ez duka uste balukeela horrek ere emazte baten beharra?

ANTON: (Intzirika) O! Bai, bai! Ontsaxko beharra! Gaixo ni! Ai, ei, ai!

ZALBAT: Ez, ez gaituk hola egon behar: Zin egiten diat, bi hilabete gabe emazte bat sartuko dutala etxe hontan.

BENAT: Zer eginen duk bada orai? Ezkondu?

ZALBAT: Bai preseski!

BENAT: Ontsa duk... Eta Ganix non ote dabila?

ZALBAT: Non dabilan, ez zakiat. Hemen behar likek, engoitik. Norapait joan-eta, ez dik etxera itzultzerik. Nik ez zakiat zer ari den komisioneketa joan-eta...

 

 

2. Agerraldia

 

        Aintzineko berak eta Ganix

GANIX: Egun on! Ari zireztea?

ZALBAT: Ba, ari gaituk beti zerbait: Lanean ez bada, erasian bederen...

GANIX: Zer duzue oraino arrengura?

ZALBAT: Nik nioian Beñati, beharko ditugula gure alderdiak hartu. Ez diagu hola segitzen ahal: Lau anaia handi... lauak donado... emazte bat etxean gabe.

GANIX: To, ez zakiat bada nik. Zer egin gogo duk? Emazte bat hartu?

ZALBAT: Zertako ez? Holako bat gertatzen duk...

BENAT: Ez zakiat haatik: Gero polliki izanen gaituk!... Emazte bat hona ekartzen baduk, erretxena egina izanen duk: Nor da gero hartaz okupatuko? Ez duk ikusten emazte batek guk ez bezalako mainak behar dituela?

ZALBAT: Zer maina?

BENAT: Gu gure artean nolazpait akomeatzen gaituk, jesturik gabe, gure galtza petaxatuekin, oihu bat goiti beheiti. Harekin aldiz, dena «Xu!», dena konplimendu, beharko diagu izan.

ZALBAT: Ez diat ez, Jauregiko kontesa honat ekarriko.

BENAT: Ez, nahi dukan bezainbat... bainan berdin dik... nik ezagutzen ditiat emaztekiak: Den gutieneko kontra egin-ezotek eta... egonen zaizkik mutur, holako ezpain mehe batzuekin... edo joanen dituk ganbera zokorat, nigarrez artzera... edo jarriko dituk zainetan, baxera guziak inarrosten dituztela... edo galdatzen badiotek zer duten arrengura, ihardetsiko daiete halako moko luxe batekin: «Fitsik, fitsik!...» Batzuetan berriz, denak buruko minaren gain emanen ditiztek.

ANTON: (Intzirika) Ba, ba!... Gaixoak!... Ba, nik ere buruan min diat ba usu...

BENAT: (Antoni kasurik egin gabe, Zalbati buruz) Bainan hi ezkontzen bahiz, hi haren zerbitzuko... eta gu?... Konpreni-zak!... Gu, bai gu?

ZALBAT: Gu, gu!

BENAT: Gu, zuen mutil, to!...

ZALBAT: Hori balin baduk hire gibeleko mina, lehenago aipatzen ahal huen... (Ixilik) Errak... eta... aski diagu orduan ez ezkontzea, bainan neskato adineko bat gure zerbitzuko hartzea.

BENAT: Baduka burutik? Emazte bat, lau gizonen erdian!... Polita lukek, to!... Ez ginikek bertze beharragorik... Laster mihiak ala litezkek: Badakik ontsa, herrian berean; hainitzek ez dutela deus konprenitzen zilkoz goragoko adixkidantzetan; pentsa emak orduan, neskato bat hartzen badugu gure etxean!...

GANIX: Eta bertzalde, ez duk erretx neskato bati fidatzea. Hura beti, bere aldera, tira-ahala-tira ariko duk... Bereziki gurea bezalako etxe batean, oro bere eskuko izan bailitzake.

ZALBAT: Baituk bai, emaztetan ere, funtsezkoak.

BENAT: Hum! Guti, biziki guti! Nahi dukana erranik ere, ez diat uste neskato batek gure etxean ongi eman lezakeela... Hasteko, nork manatuko dik hura? Hik? Nik? Ganixek? Manatzale bat baino gehiago balin badu, ez dik luzaz iraunen gurekin.

ZALBAT: To, ez zakiat bada zer egin. Ez gaituk ere hiruak ezkontzen ahal berarekin.

ANTON: (Hurbiltzearekin) Eta ni? Beti ni bazter uzten nauzue.

GANIX: Hik, zer nahi duk? Hi eri haiz... Hik supazter xokoan egoiteaz bertzerik ez duk...

ANTON: Ni ere ezkontzeko on nauk...

ZALBAT: Hi, ezkondu?... Burutik habila, mutikoa?... Planta hortan nahi duk ezkondu? Are, are!... Emaguk bakea!

ANTON: Zuek bezain on nauk bai ni ere... Gaixo Maria! (Jartzera badoa, nigarrez)

BENAT: Alta... Hiruak ezkondu-ta, sobera... Bat ezkondu-ta, ez aski... Edo, behar ginikek, etxetik joan, ezkont arau...

ZALBAT: Ba!... Nora? Hatzemak to, hik etxe bat, oraiko egunean!...

GANIX: Nik beti, nahiago ditiat ene hezurrak hemen utzi, ahal badut...

BENAT: Gure etxea ordea ttipiegi duk hiru parte egin eta, denak hemen bizitzeko. Joan bagine bederen gaztean Ameriketara! (Norbaitek atea jo du)

HIRUAK: Aintzina!...

 

 

3. Agerraldia

 

        Aintzineko berak eta faturra.

FATURRA: (Sartzean) Jainkoak dizuela egun on!

HIRUAK: Bai zuri ere!

FATURRA: Denak etxean egun? Ez da maiz gertatzen zuen etxen...

GANIX: Sar zaite! Baso bat hartuko duzu, holako bidearen ondotik! (Emaiten dio edatera)

FATURRA: Berdin ba! Kazeta txar honekin etorria nintzen. (Edaten du erranez) Zuen osagarriari!

HIRUAK: On dagizula!

FATURRA: On egiten du edateak... Zer ari zineten gero hola, denak etxean bildurik.

ZALBAT: Ba, ori, egia erran, mokoka ari ginen...

FATURRA: Mokoka? Ez duzue bada emazterik hemen.

ZALBAT: Hain zuzen, bat behar ginuela, hortan ginaukan gure kalapita.

FATURRA: Bai eta segur, nonbait beharra balin bada, hemen baliteke, hoinbertze gizonen artean: jatekoentzat eta arropentzat berentzat... Nola akomeatzen bazirezte ere.

ZALBAT: Errozute bada hori bertze horiei... Ez omen da emazte bat, hemen ongi eman lezakeenik.

FATURRA: Ez da hori hola... Herrian ez bada, auzoan bederen!...

BENAT: Zuk ezagutzen duzu norbait?

FATURRA: Hori xantza bat da... (Irriño batekin) Batzuetan, nehork uste ez duenak emaiten du ongi.

BENAT: Nor ikus zinezake hemengo? Hea, mintza zaite garbiki!

FATURRA: Ez da niri zuen aferetan sartzea, bainan badakizue, zer behar zinuketen egin?

ZALBAT ETA BENAT: Zer?

FATURRA: Horra: Hartzen baduzue herriko edo auzoko ezagun bat, jendeak beti erraiteko zerbait izanen du horrentzat. Arras arrotz norbait behar zinukete hartu... Nehork ezagutzen ez dituen horietarik bat...

BENAT: Bai, bainan nola?

FATURRA: Egun guziez aipatzen da kazetetan «Agence Matrimoniale» Bordalen den bat.

BENAT: Zer da hori?

FATURRA: Etxe bat baduk Bordalen eta etxe hortan, ezin ezkonduz ari diren emaztek, ezkontzeko adinean direlarik, emaiten die beren izena. Izenarekin agertzen ditie xehelasunak: zertsu dote duten; alarguntsa direnetz; azkarrak diren... eta... jakin behar direnak oro.

BENAT: Hauxe da bitxikeria! Eta gero?

FATURRA: Gero, to! Emazte bat ezin hatzemanez ari diren gizonek aski die hara izkiriatzea, zertsukoa nahi duten eta hola... Handik bat edo bi proposatzen ditie. Eta gero zuek ikus, zein duzuen gostukoa.

GANIX: Nola erran, gostukoa denetz, ikusi gabe?

FATURRA: Delako emazte hura jinen zaizu hona berera, nahi baduzu: Ikusiko duzue elgar, elgar ezagutuko. Ez bazira kontent, gibelera igortzen duzu; ez zaizu piaiaz bertzerik gostako.

BENAT: Ba... bainan hiritarra nola nahi duzu gure zokoan laketzea?

FATURRA: Badira horietan kanpainarrak ere, edo bederen lehenago kanpainan egonak. Badira kanpainara joan nahiak; galda holako bat.

BENAT: Ez du ordea euskaraz jakinen.

FATURRA: Hori hala da... bainan gerta daiteke emazte euskaldun bat ere kasu hortan. Bertzenaz ere, zer erran nahi du mintzairak? Gero ere ikasiko du ba, euskara. Eta zuen frantses poxiarekin, elgar aditzeko tira badakizue!

BENAT: (Karkulan ariz; anaier buruz mintzo) Eta zer zaizue?

ZALBAT: Ni hortan ados: emazte bat hemen gauza beharra dela... Haatik norena izanen den, duk guzia.

GANIX: Nik ere ez diat «ez» erraiten. Eta kaskoina bada, kasik hobe... mokoka artzeko, parada gutiago; ez baitugu elgar adituko.

BENAT: Beraz, izkiriatuko diagu etxe hartara.

ZALBAT: Ba, bainan, beti gauza bera: Norentzat behar den emaztea galdatu?

BENAT: Bon!... Ez dik balio hortaz arrenguratzea: Lehenik jin dadila emaztea; hemen egonen duk eta berak eginen dik bere hautua. Aditzen duka? Berak. Hola ez diagu izanen nehork erraitekorik: Berak hautatuko dik. Ez dea hola ontsa?

ZALBAT: Ba, ontsa duk hola.

GANIX: Hortan denaz geroz, ni ere akort nauk!

ANTON: (Nigarrez) Eta ni? Nehork ez nu aipatzen? Ni denetan errefus! Nik zer egin behar dut?

BENAT: Arta hartuko diagu, ba, hitaz.

ZALBAT: (Ixil egon ondoan) Bon! Letra egin behar diagu... edo egin-arazi.

GANIX: Faturrak berak eginen dik hobekienik.

FATURRA: Ba, berdin... eta segidan, nahi baduzue... berriz hemen ibili gabe. Hea, zer nahi duzuen ezarri?

BENAT: Ba! Guk ez dakigu! Emazu beti, nola emazte bat behar dugun, nola giren...

FATURRA: Eginen dut lehenik halako zirriborro bat, gero etxen hobeki emanen dut... Beraz, holatsuko zerbait: «Nous sommes ici trois hommes qui désirons nous marier...» Zenbat urte dituzue?

ZALBAT: Hiruek ere berrogoita hamar hurbil... Ni gazteena. Bainan ez dugu adinik eman behar; bertzenaz izituko da...

FATURRA: Nahi duzuen bezala. Eta zer heinetako emaztea behar dut galdatu?

ZALBAT: Booo!... Ez ginuke zaharregi behar halere... Nik dakita?

BENAT: Ba, mutzurdin bat, lau donadoren artean! Ez ginikek deus beharragorik!

ZALBAT: Hortakotz bada... orduan, 25-30 heintsu hori? Berdin gazteagoak ez dira guretako.

FATURRA: Ontsa, ontsa! Emanen dugu beraz: «Trois jeunes hommes désirent...» Gero ere antolatuko zarete elgarrekin, gezur poxi bat emanik ere...

ZALBAT: Emazu nahi duzun bezala.

FATURRA: Ongi da! (Izkiriatzen du: «Trois jeunes hommes... Bonne situation...»)

ANTON: Trois! Trois!... Eta ni?

ZALBAT: Hi, mutikoa, eri haiz eta supazter xokoan behar duk egon. Bertzerik ez!

ANTON: (Nigarrez) Ni ez nauzue maite. Ni beti bereiz, ni beti bazter!...

ZALBAT: Ez dik balio holakatzea, gizona! (Faturrari ezezko keinua eginez) Faturra, emazu beraz «quatre», hiruen orde!

FATURRA: «Trois»... edo erran nahi dut «Quatre jeunes hommes, bonne situation, ferme à la campagne, cherchent épouse, pour l'un d'entre eux, au choix de la future. Age exigé de la future: 25-30 ans...». Berdin zaizue doterik ez badu ere?

HIRUAK: Ba, ba, hortaz berdin.

GANIX: Haatik hobe, zerbait ekartzen balin badu.

FATURRA: Emaiten dut beraz: «Avec ou sans dot». (Paperak biltzearekin) Etxen hobeki ezarriko dut. Ezteietan eginen ditugu konduak. Are agur! (Badoa)

HIRUAK: Bertze aldi bat arte!

BENAT: Badiat uste errexena egina dugun.

GANIX: Ageriko: Gauden beba!

 

 

2. GERTALDIA

 

1. Agerraldia

 

        Antzineko leku berean, jokalari berak.

ZALBAT: (Kanpara begira) Heldu duk, to... heldu duk.

BENAT: Nor, heldu?

ZALBAT: Ganix, to... Nahi duka, pixten zaikula, letra hau ikustean?

GANIX: (Sartzean) Jainkoak dizuela arratsalde on!

BENAT: Egin dituka, komisioneak?

GANIX: Bai, ustez...

ZALBAT: Ea, pentsa, zer den letra hau! (Letra erakutsiz)

GANIX: Zer ditek? Ala bederen, emaztek izkiriatu?

ZALBAT: Ba, halako batek berak... Irakurtuko daiat... Hago ixtant bat! (Irakurtzen du) «Messieurs, informée de votre désir d'associer votre vie à celle d'une épouse, je me permets de me présenter à vous. Je m'appelle Juliette Ladouce, je suis âgée de 26 ans, célibataire, sérieuse, je n'ai jamais couru après les hommes. L'un d'entre vous sera le premier auquel mon coeur se donnera. A bientôt donc, pour celui qui sera le premier mari chéri de mon coeur! Je viendrai le 19, de Bayonne, par le train de 4 heures. Je serai chez vous vers 6 heures. Un gros baiser! Juliette». Zer zaik to? Ez ote da polliki itzulikatua?

GANIX: Ba, ba... Badik manera.

ZALBAT: Eta ez bide duk nor-nahi: Entzun duk, «le petit mari chéri de mon coeur...».

BENAT: Ez dik balio aintzinetik laudatzea... Gero berak emanen dik erakustera.

ZALBAT: Hi beti hola haiz!... Bon, behar ditiagu bazterrak birilgatu eta garbiki eman.

BENAT: Zer haiz, ala, ergeltzen ari? Ez dik balio jaunean agertzea, berdin sarri berean, trapuz bezti ikusiko hau.

ZALBAT: Berdin dik... lehen agurrak frangotan hainitz erran nahi dik.

BENAT: Badiagu segur aizina, oraino: Ez duk honako, bi orenez bederen!

ZALBAT: (Ixil egon ondoan) Iduritzen zaitak ikusten dutala: Zernahi joka nezakek presuna eder bat dela, ontsa egina eta denbora berean sanoa eta gotorra. Letra horren arabera segurik ba! Ez nuk ez ni tronpatzen...

GANIX: Uste duka?

ZALBAT: Ikusiko duk... ikusiko.

BENAT: Bainan mutikoa, ez haut gehiago ezagutzen: Zer haiz, ala burxoratzen ari letra hori ukanez geroz.

ANTON: (Zutitu da eta atera buruz abiatu)

BENAT: Anton, Anton! Norat abian haiz, hi berritz?

ANTON: Zer nauzue, ni nahi bereizi? Ba banioak ni ere beztitzera!

BENAT: Zer zarete, ala denak zozotzen ari? Emazte baten esperantzak holakatzen bazaituzte, zer izanen da hemen izanen delarik?

ZALBAT: (Zapetak ziratzen ari) Ni hemen egonen nauk, leiho ezkinan eta etxe aintzineko itzulian agertzen deneko, baliza hartuko zioiat.

GANIX: Eta nik bertze zerbait eginen zioiat: Baratze xokoan baitira lili batzu biziki pollitak, «pensées» deitzen dituztenak, zenbait bilduko ditiat eta ezarriko salako mahainean eta hemengo ximinean, erakusteko guk ere badugula gazte molde pixka bat.

ZALBAT: Errak, eta... zer emanen diogu jatera?

GANIX: To, berak nahi duena: Hik aski diok eskaintzea xingar-eta-arroltze edo moleta eder bat. Nik ekarriko diat buxundatu on bat.

BENAT: Ba duka ur bero xorta bat? (Zalbati buruz)

ZALBAT: Ur beroa, zertako?

BENAT: Bizar honen kentzeko: Ez duk ikusten zortzi egun hontakoa hemen dutala?

ZALBAT: Hala duk!... Guk ere egin behar ginikek, Ganix! (Kaxa baten bila don eta artetik kanpora so egiten du) To, andere bat heldu... Nor ote da hori?... Ez, ez dukek hura... To, hona heldu... (norbait atean joka).

HIRUAK: Aintzina!

 

 

2. Agerraldia

 

        Aintzineko berak eta anderea.

ANDEREA: Bonjour, Messieurs!

HIRUAK: Bonjour, Madame!

ANDEREA: (Letra bat zakutik harturik irakurtzen du) C'est ici la maison «Kukuarreko-Borda»?

BENAT: Kukuarreko-Borda? Oui, oui, c'est ici. C'est moi que j'en suis le patron!

ANDEREA: Ici? Non! Ce n'est pas possible!

BENAT: Oui, oui, Madame! C'est moi le patron, avec deux ou trois frères... Tenez, regardez, ils sont ici...

ANDEREA: Certainement, il y a erreur... Il y a certainement erreur. Il s'agit d'une ferme où il y a trois jeunes gens, en âge de se marier.

BENAT: Ai, ai! Hura duk! Hura duk! Oui, oui... Asseyez-vous, asseyez-vous, Madame! Zalbat, errak, errak! Hura duk! Mahaina garbi-zak! Kadira ere, jartzeko kadira, garbi-zak.

ZALBAT: (Lanari loturik) Zerk hatzeman gaituen!

ANDEREA: (Jarri da) Bien, enfin! Etcheverrigaray, c'est bien ici?

BENAT: Oui, oui, présent, présent!

ANDEREA: Vous êtes sans doute des domestiques. Où sont vos maîtres?

BENAT: Errak, Zalbat, emak berehala jats ukaldi bat zoko hortan! (Andereari) Vous avez beaucoup voyagé: vous allez manger, Madame... (Bere alde) Ez du haatik «Madame», «Mademoiselle» duk... Mademoiselle!

ANDEREA: Oui, je viens de Bordeaux; je viens régler une affaire avec vos... enfin, avec trois jeunes gens qui désirent... enfin, que je suis venue voir...

BENAT: Hauxe duk, hauxe bera duk!... Errak, Zalbat, emak solas, hik ere. (Andereari ) Il fait beau, hé, Madame, —ez— Mademoiselle!

ANDEREA: Oui, oui, le temps est très beau!...

ANTON: (Sartzen da) Hemen omen duk, to! (Andereari hurbilduz) Oh! Mademoiselle, jolie, jolie!

ANDEREA: (Zainetan) Qu'est-ce qu'il me veut celui-là?

ZALBAT: (Antoni) Utzak bere gisa! Habil otoi hemendik, mutikoa!

ANTON: Ba, nik ere badiat gero zuek bezainbat dretxo!

ZALBAT: (Zerbitzatuz) Tenez, Mademoiselle, une omelette... mangez, mangez!... C'est moi que je l'ai fait.

GANIX: (Edatera emanez) Tenez, à boire, du bon vin, c'est de chez nous!

BENAT: (Zalbati) Errak, eta zerbita!

ZALBAT: Hala duk eta... (Ekartzen du)

HIRUAK: (Irriz ari dira)

ANTON: (Hurbiltzen da) Ez dik balio ni bereizi beharrez artzea. Madame, madame!...

ZALBAT: (Kexu) Beha-zak, hi, habil jartzera... desohorez ere...

ANTON: Nik badiat zuek bezainbat dretxo!

BENAT: Mademoiselle, fais pas attention à lui: il est un peu fou!

ZALBAT: Zer arropa pollita duen!

GANIX: Lepoa ez dik haatik hain garbia!

BENAT: Arrazoina duk... Ezpainak gorriak eta lepoa zikina, marka txarra hori!

ANDEREA: Mais enfin, je ne comprends rien: Voyons... je suis bien ici à la ferme «Kukuarreko-Borda»?

BENAT: Oui, Madame!

ANDEREA: Est-ce que vous voudriez m'indiquer où sont les trois jeunes gens propriétaires de cette ferme?

HIRUAK: (Durduzaturik ixilik daude)

ANDEREA: Mais, enfin, parlez donc!

BENAT: C'est moi, un, et puis lui, deux, et les deux autres, quatre...

ANDEREA: Vous, vous?... Mais je ne rêve pas... Les trois jeunes gens qui ont écrit à l'Agence de Bordeaux en vue du mariage, ce n'est pas vous?

BENAT: C'est nous, oui, oui!

ANDEREA: Mais alors, vous vous êtes moqués de moi... Vous avez écrit que vous étiez des jeunes gens...

BENAT: On n'est pas vieux, vieux, nous...

ANDEREA: Mais c'est malhonnête: Vous abusez d'une pauvre innocente que vous dérangez depuis Bordeaux. Vous en paierez les conséquences, Messieurs! Je porterai plainte contre vous.

ZALBAT: Mais moi, je veux me marier, Mademoiselle!

ANDEREA: Vous marier? Pas, en tout cas, avec moi! Ah! L'on ne m'y reprendra plus! Je porterai plainte; je vous le promets. (Badoa zalu)

 

 

3. Agerraldia

 

        Lau donadoak bakarrik.

BENAT: To, orai ontsa gaituk!

ANTON: Merexi, merexi, merexi!

ZALBAT: (Kexu) Anton, bakea emak, hik... Hago ixilik edo bertzenaz!...

BENAT: Ez nian bertze beldurrik... Egundaino ez diat emazterik begi onez ikusi... eta hemendik goiti berdin izanen duk. Hasteko horrek ezpainak gorriak zitian eta lepoa zikina... Nahiz ez den bakarra.

ZALBAT: Denak hire falta dituk: Zertako ekar hona, ezagutzen ez den presuna... eta bertzalde kaskoina. Herrian berean bazuian ba asko emazte, hemengo on zenik. Denak hire falta dituk.

BENAT: Nahi dukan bezainbat, bainan berdin dik... So egizak! Sekula santan ez diat bertze bati kasurik eginen! Sobera aldiz sobera gaizki jalgi nauk!

ZALBAT: Ni beti oraino ezkonduko nauk!

BENAT: Bihar berean, nahi baduk... Ez haut nik gibelatuko... Antola hor!... Bainan ni, utz geldirik!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa