www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Antzerki laburrak
Piarres Larzabal
1934-1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I eta IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

FERRANDO

 

 

Jokalariak:

        FERRANDO: Kantoniera, 50 urte.

        GATTILU: Faturra, 50 urte.

        TTIRO: Ihiztaria, 50 urte.

        ELKORRA: Eskalea, 65 urte.

        MANDDO: Eiherazaina, 50 urte.

        MARTZALIN: Ferrandoren emaztea.

        MIRIKU: Mediku zahar lausoa.

 

 

LEHEN GERTALDIA

 

        (Ferrando kantoniera bide bazterrean lanean ari...)

FERRANDO: Hau ofizio dorpea!... Gero erranen duzue zuek «kantoniera bezain alferra!»... Uf!... Arroila debruia!... Ferrando, aski! Aski lan baduk eginik. Bere buruaren hiltzea ez duk haizu... Sobera lanek gizona hiltzen dik... Ferrando ez zakala sobera lan egin... Bestenaz laster hilen hiz... Luzaz bizitzeko segeretua huntan duk dena: kurri baino hobe geldirik... xutik baino hobe jarririk... jarririk baino hobe etzanik; jar giten beraz... Ha!... Lehenik beha dezagun nausirik ez dugun bixtan. Hoinbertze nausi ere badugu kantonierek!... Mera, axuanta, herriko mutila, segetarioa, nik dakita!... To, to! Ferrando, jozak lanari!... Gattilu faturra hor diagu. Jozak, bertzenaz salatuko hau buruzagieri...

GATTILU: Gogotik ari zira Ferrando!

FERRANDO: Ni beti bezala...

GATTILU: Naski egun ikusiko dugu munduko gauzetan karioena!

FERRANDO: Zertaz mintzo zira?

GATTILU: Badakizuia zuk zer den munduko gauzetan karioena?

FERRANDO: Nik ez!... Zer da?

GATTILU: Munduko gauzetan karioena da, kantonieraren izerdia.

FERRANDO: Bon!... Eta zuk nahi duzuia jakin zer den munduko gauzetan merkena?

GATTILU: Zoin da?

FERRANDO: Zu bezalako tipula-buru baten solasa...

GATTILU: Bon, bon!... Orai kitto. Uzten zitut zure izerdiarekin, eta banoa ene tipula-buruarekin...

FERRANDO: (Bakarrik) Hala duk eta... Fatur xikin horrek ez zakik ene aldean pasatzen zerbait kixkilkeria jali gabe... Nardarazten ere banik azkenean... Gizona leher egina ari lanean eta ezin here gisa utz. (Aharrosiaka)... Ah! Loa ere heldu zaitak... (Jartzen da) Hoinbeste lanean ari-ta, ene lana ez duk ageri ere... Behar diat karkulatu nola lanean ari behar dutan, ene lana ageri izaiteko gisan. (Berriz ere aharrosiaka, bere boneta kentzen duela. Loari emaiten du)

TTIRO: (Hor gaindi pasatzen)... To, to!... Eni ttiro erraiten daatela, baduk haatik hik ere tiro bat emana!

FERRANDO: (Loale) Bakea emak!...

TTIRO: Nik ihiziari tiro, eta hik lanari... Iratzar hadi to!

FERRANDO: (Zurrungan)

TTIRO: (Boneta hartzen dakola) Ah! Ez dukala iratzartu nahi! To hanbat gaixto hiretzat... Hemen badiat eper bat... Hiri present egin gogo daiat... Ez baduk eskuetan hartu nahi, ezarriko daiat hire bonetaren azpian. (Irri maltzur batekin ezartzen du boneta behi-korotz meta baten gainean) To, hor izanen duk eperra bonetaren azpian... Haatik kasu emak!... Eperra ez duk arras hila, kolpatua duk bakarrik. Boneta azpitik har-zak eta tinka-zak hartzean, bertzenaz eperra airatuko zauk. Bon! Ni joan nuk aintzina. (Urruntzen da doi bat, emeki, piru batzu botaka)

FERRANDO: (Begi bat idekiz eta gero bestea) Egia ote ziok alimale horrek? Jes! Zer da harrabots hori?... Debruen bizkarra!... Behar diat haatik eperra bildu!... (Hurbiltzen da polliki bonetari eta «blau» hartzen du azpitik... eskuak zikinduz) Urde zikina!... Zikina!... Behi korotza zian, ala jokoa! Haren eperra. Bruuuh, zikina!... Pagatu beharko zaitak bere jukutria! Alimalea ez den ba hori!... (Eskuak xukatzen ditu) Xooo!... To, to, elkorra heldu duk bere makila tzarra eskuan. Ez dakit ohartuak zareten, ez da elkorra bezalako kuriosik. Hau bereziki ez ditake erran zoin kuriosa den. Eta izpiritutua! Hameka debruen izpirituak berekin ditu... Xo, xo! Behar dakot bonetaren jukutria egin... Hea! Ezar dezagun boneta, oixtian enetako zen bezala... Hurbiltzen ari da. Alegia lo, etzan behar dut bide hegian.

ELKORRA: (Agertzen da, luzaz behatzen Ferrandori eta bonetari; bonetari eta Ferrandori; emeki altxatzen du makilarekin bonetaren hegia; ohartzen zer den azpian, eta sudurra tapatzen) Hirea dea bonet hau?

FERRANDO: Ba, enea da... Ez hunki... Ez hunki!...

ELKORRA: Ez hunki, ez hunki!... Zertako?

ERRANDO: Ez hunki! Eper bat da horren azpian.

ELKORRA: Zer biper? Ah!... Biperrentzat bildua dukala?

FERRANDO: Debru elkor, pekada-mokoa!

ELKORRA: Zer erran duk?... Pekada?... Ni pekada?... Erakutsiko daiat elkorretaz trufatzen. To, pekadaz egin saltsa! To... to. (Zangopean eta makilaz nahasten du boneta; makilarekin tiratzen Ferrandori, eta eskapatzen irriz)

FERRANDO: Gizon zikina! Ene bonet hori utzazu bere gisa!... Zoazi hemendik!... Ale kuxe!... (Jendeari) Debru elkorra! Eta beti hola da horiekin. Aditzen dituzte, ez aditzeko erran guziak, bainan aditzea nahi zintuzkenak ez... Hau bonetaren planta!... Phuuu zikina! Nardatua nuk oraikotik... Hanbat gaixto! Ez diat gehiago pitsik eginen. Hala da-ta... Lanean ari naizelarik trufatzen nute, ari ez naizelarik ere ba. Berdin ikusia zira ari edo ez ari... Ba ote dut bederen tabako puxka bat? (Sakelak miatzen ditu, zigarreta papera hatxemaiten) Papera badiat bainan tabakorik ez! Hauxe duk komedia! (Berriz sakelak miatzen) Sosik ere ez diat ba!... Sos bat ere ez diat tabakoaren erosteko... Eta gainera egarri nuk... Gizon gaixo huntaz ez ote da norbait urrikalduko?... To, to... norbait heldu zaitak... Segur nausia, zer ari naizen ikusterat. Jo lanari, Ferrando! (Hasten da gogotik lanean)

MANDDO: (Eiherazaina da, zaku bat irin bizkarrean... Deusik erran gabe, irriz dago, lehenik, Ferrandoren trenpeari, gibeletik) Kasu Ferrando! Kasu! Hola ariz etendura bat bilduko duk...

FERRANDO: Ah! Hi hintzena?... Iduri duk kamelua, hire zaku tzarra bizkarrean.

MANDDO: Jes! Buruhastua lanean? Ezar-ak bonet hori buruan!

FERRANDO: Utzak bonet hori den lekuan! Ene burua aire beharretan baita!

MANDDO: Iduri dik bonet horrek, behi ongarrian ibilia.

FERRANDO: Ez zaika hiri behin ere, boneta ixtiletarat erortzea, gertatu?

MANDDO: Ez hiz hi ere goiti ari: lehengo miseriak ez askiz, orai burua holako pomadekin kontserbatzen baduk.

FERRANDO: Emak bakea!... Baduka surik? (Jartzen da)

MANDDO: (Zakua pausatuz) Ba, badiat.

FERRANDO: (Sakelak miatzen ditu, zigarreta papera ateratzen)... Ah! Bon... Nun ote dut?... Tabakoa etxean ahantzi diat. Baduka tabakorik?

MANDDO: Papera hartu, ta tabakoa ahantzi, behin ere ez zaitak holakorik gertatu. To tabakoa!

FERRANDO: Denak ahanztea baino hobe duk ba, bat ahanztea bakarrik.

MANDDO: Ez baituk halere papera ahantzi eta tabakoa ekarri! Ah! zintzurra ere agortzen hasia diat. Egiten baginu ostatuan sar-jali bat!...

FERRANDO: To berdin! Ni ere egarri nuk.

MANDDO: Nik pagatzen diat baso bat. Hik eginen duka bestea?

FERRANDO: Hein hori egin ahalko diat. (Sakelak miatzen ditu) Hago ixtant bat. Nun dut moltsa? Ah! Huna. Ez... ez... jes! Hauxe duk burua dutan! Moltsa ere etxen ahantzi diat.

MANDDO: To! Urrikari diat hire arrobatzerat heldu den ohoina.

FERRANDO: Zer nahi-uk etxean behar den dirua etxean uzten diat nik.

MANDDO: To! Ikasi huen mintzatzen. Haugi hunat, haugi hunat! Badiat bien doia eta gehiago ere. Pesta egitekoa ere badiat. Kondu batzuen xuxentzea bainuen egun. Har-ak bonet hori. Lagunt nezak zaku hunen bizkarrerat altxatzen. Are, goazen.

 

 

BIGARREN GERTALDIA

 

FERRANDO: (Ohearen gainean jarririk, jendeari mrntzo) Ba, ni niz ba, ni ohean. Eginen dautzuet ene kofesioa! Barda gaitzeko pesta egina dugu. Eiherazaina sosean baitzen, bazter guziak xahutu dazkogu. Han ginen denak. Zer irriak! (Bera irriz)... Goiz-alderat sartua niz etxerat. Gure emaztearen kexua! Ez ninduela bere alderat nahi. Joaiteko bakarrik, ganbera itsurat. Bihar goizean konduak eginen ditugula. Eta orai ene bitxo xarmantaren beha nago. Ikusiko duzue zer emazte xarmanta eta molde goxokoa dutan. Eta hemen zirezten gizon guziek ikasiko duzue, eni esker, nola bentzutzen diren emazte kexuak.

        Gehiago dena, pestalier guziekin parioa egina dut ez dela egun nehor jeikitzen zortziak baino lehen. Baietz atxikia dautate parioa. Jeikirik, ene ikusterat jiten direla denak, zortziak baino lehen. Sekula jiten badira, saltsa onik behar dugu ikusi barne huntan. Hau egarria dutan! Pesta biharamuna alabainan. Xo, xo! Horra ene urtxoa heldu! (Sartzen da estalgien barnera)

MARTZALIN: (Emazte izigarri bat oihuka) Zer? Oraino lo? Ez duka oraino aski erakitarazi hire arnoa, estalgi horien barnean? Jaiki hadi hortik! (Inarrosten du) Ah, zer duk, fantesia sartua? Pasaraziko dauzkiat ba fantesiak. (Lepotik inarrosten du eta bi zaflako emaiten) To! Hor tuk emanak, oñoña beharretan bahiz. Zer uste duk pestan eta ohean biziz haziko dukala familia?

FERRANDO: (Nekez harrotzen da; hatsa nekez hartzen; eztul eta dolamenka ari) Ah Martzalin! Otoi, otoi!... Otoi konpreni nezazu. Eri niz, eri handi. Ez uste izan pestondo nizala... Eri niz...

MARTZALIN: (Berdin bortitz) Eri, eri, hori nahi duk naski sakatu. Hire arno usaina hor duk-eta hirekin. Jaiki hadi!

FERRANDO: (Gero ta trixteago; iduri hiltzen ari...)

MARTZALIN: (Durduzatzen hasia) Bainan! Bainan! Ez hiza espres ari?

FERRANDO: Ez, ez! Fini niz, fini! Ekatxu potta!...

MARTZALIN: (Nigarrez hasten) Bainan Ferrando, ene senar maitea! Hortan hiza orai.

FERRANDO: Mirikua! Otoi! Hatsa! Hatsa!

MARTZALIN: (Beti nigarrez) Ai, ai! Zer gertatzen zauk orai berriz? Zer egin behar diat nik manera hortan joaiterat heldu bahiz? Ai, ai, ai! (Hipaka nigarrez, bazterrak xuxenduz ganberan)

FERRANDO: Hatsa... hatsa!...

MARTZALIN: Joan nuk... Joan nuk segidan miriku-keta. Eta denetako bakarrik! Uzten hut ixtant bat bakarrik. Joan nuk lasterka. (Jalitzen da)

FERRANDO: (Jartzen da bere ohearen gainean, lorietan) Enganatu dutala behingoan! Har modela gizonak! Horra nola behar den egin astelehen goizetan, bezperan gaizki gobernatu zireztelarik! Ene laguna enganatu dut. Orai mirikuarekin konduak. Miriku txar bat badugu herrian, xaharra lausoa, deus ez konprenitzen, eta gainera kaskoina. Ez daki hitz bat euskaraz. Nik ez dakit hori nola mirakulu izendatu zuten miriku. Beharrik funtsean! (Irriz) Bestenaz ene eritasun egiazkoa hatxeman lezake. Beharrik hori mirikuntzan eta ni aireplan gidatzen berdintsu. Xo! Norbait atean! Sar gaiten estalgien azpian eta egin dezagun lo edo eriarena... (Jotzen dute)

MANDDO: (Sartuz) Zer debru! Ez duka sartzeko ere erraiten? (Inarrosten du Ferrando) Errak to! Iratzartuko hiza? Hemen nuk, gero, zortziak baino lehen. (Ferrando ez da higitzen; Manddok ixkilima bat jalitzen du paltoaren azpilduratik... Jendeari) Ikusiko dugu haatik ixkilima hunekin ez den iratzartuko. (Ipurdian xixtatzen du)

FERRANDO: (Punpatuz) Ai! Errak to! Debruen basa! Zer uste duk hire mandoetarik naizela ni?

MANDDO: To! Banekian iratzartuko hintzela. Zer haiz urrikitua parioa eginik? Hemen izanen dituk gero denak, zortziak gabe. Eta pinta pagatu beharko duk.

FERRANDO: Ba, badiat beste pintarik izpirituan. Eri nuk. Emaztea joana diat mirikuketa.

MANDDO: (Irriz) Zer duk hik, atzo mahainean erran bezala egin, emaztea mokokatzerat jin-eta, eri haizela sinetsarazi?

FERRANDO: Ba, hala duk. Hala egin zakoat. Eta orai mirikuketa joana duk.

MANDDO: To, to, azen ontzeko, ez ginian beste beharragorik. Bainan sumatzen diat ate gibel hortan Gattilu, hirrimisku-harramaska heldu. Hori ez duk egun zerbitzuko on izanen. Ez duk gau hurtan etxean sartu ere. (Borta idekitzen dio) Sar zaite sar aintzina!

GATTILU: (Arraila sartzen da, botoila erdikala eskuan, pokerka) To... hemen nuk gero erran bezala... (Ferrandori eskainiz) To edazak!

FERRANDO: Ba, gogotik! (Edaten du...) Hau egarria dutana! Hau duk hau gauza! Ez duk holako erremediorik ene eritasunarendako.

GATTILU: Egia! Edan, edan! (Ohe hegian jartzen da, burua ezin jasan...)

MANDDO: Ta... laster jinen dea miriku txar hura.

FERRANDO: Ba, engoitik ez duk urrun.

MANDDO: Zer behar ziakogu erran. Zertako ekarrarazten dugula?

FERRANDO: (Jendeak ikusteko gisan, bainan ez Gattiluk, hau erakutsiz) Aski dik hau miatzea.

MANDDO: (Irriz eta akort) Hori duk to ederki pentsatua!

TTIRO: Zer duzue planta hori ohe hortan?

MANDDO: Ikusiko duk. Mirikua hemen izanen duk ixtante. Biak eri ditiagu. Emaztea joana dik Ferrandok telefonatzera.

TTIRO: Zinez ari hiza?

MANDDO: Zin zinez.

ELKORRA: Eri, horiek biak?

MANDDO: Eri.

ELKORRA: Nik ere burxuro bat badiat. Halako burrunba bat ere, beharrietan. Xutik ez naukek.

MANDDO: Hori ere behar diagu jar-arazi. Hola izanen ditiagu hiru eri. (Elkorrari kadira bat hurbilduz) Jar zaite!

ELKORRA: Ba gogotik!

MANDDO: (Lorietan) Oraikotik mirikuak ukanen dik lan, makurren xuxentzen. Baten orde hiru eri. Ez dik ganbera bat izanen, bainan ospitale bat... Ai, ai, ai! Hor diagu hor gure mirikua. Kasu mahainak eta baxerak. (Atea jotzen dute)

MANDDO: Aintzina, aintzina!...

MIRIKU: (Moda xaharrean bezti) Bonjour mes enfants, bonjour!

DENEK: Bonjour, bonjour! (Salbu Gattilu zurrungan eta pokerka)

MIRIKU: (Lunetak pausahuz) Alors, ça ne va pas?...

MANDDO: Non, non, ça ne va pas.

MIRIKU: C'est ce brave Ferrando qui n'arrive pas à respirer?...

FERRANDO: (Fermuki) Moi pas malade. Lui, lui malade. (Gattilu erakutsiz)

MIRIKU: (Harritua) Ah! Madame Ferrando m'a dit que c'était vous... Elle est même allée chercher le curé... Ah... j'ai dû mal comprendre...

FERRANDO: Hobe diat jeiki eta beztitu. (Jeikitzen da, galtzak ezartzen galtzoinen gainetik)

MIRIKU: (Gattiluz mintzo) Et qu'est-ce qu'il a celui-là?

MANDDO: Il est foutu!

MIRIKU: Foutu, foutu! Mais enfin, d'où souffre-t-il?

MANDDO: Errazue hou, zer eritasun behar zioat erran Gattilurentzat?

FERRANDO: Errakok beheitikoa duela.

MANDDO: Ba bainan nola erraiten da beheitikoa frantsesez?

FERRANDO: La kakeri!

MANDDO: Ah, hala duk ba naski! (Mirikuari) Hé! Il a la kakeri!

MIRIKU: Qu'est ce que c'est?

MANDDO: Il a des tonnerres dans les tripes.

MIRIKU: Ah! Je comprends... Vouons, enlevez-lui la veste. (Hasten dira, bainan Gattilu iratzartzen da, aire bitxi batekin hehatzen eta izigarriko koleran sartzen)

GATTILU: Zer ari zirezte? Burutik joaiten? (Haserretzen da denak airefutro igorriz miriku ta beste eta furian eskapatzen erranez) Debru futituak! Zer zirezte nitaz trufatu nahiak? Ez nuk ez bestek biluzteko heinean oraino!

MIRIKU: Mais, qu'est ce qu'il a? Arrêtez-le. Mais qu'est ce qu'il a?

MANDDO: (Mirikuari) C'est rien. Vous comprenez! Il est pressé... Il est allé pour lacher.

MIRIKU: Ah! Je comprends. Ah! J'ai eu peur qu'une crise l'ait saisi...

ELKORRA: (Manddori) Errak! Esplikatuko dautaka zer ari zareten?

MIRIKU: Qu'est ce qu'il a dit celui-là?

MANDDO: Il dit qu'il a mal à l'oreille. Ici... au trou... Et que ça lui fait comme un tambour.

MIRIKU: Ah! Voyons ça! (Bere lunetekin hasten da, elkorraren beharri barnera behatzen)

ELKORRA: (Ez trankil) Zer ari duk to, hola, miriku txar hau?

MANDDO: Zure elkorreria sendatu nahi du.

ELKORRA: Zer ditik xorokeria hoik? Zer uste du urteek emana, ixtant batez kenduko duela?

MIRIKU: (Xilo barnean ikusi nahiz) Ne bougez pas! (Bainan kataskan ari dira bakotxa bere alde tiraka, mirikuak beharria atxikiz)

ELKORRA: (Furian mirikua lepotik hartzen du eta tinkaldi bat emaiten dio ohearen gainean ezarririk, bera oihu eta oihu) Zer haiz, miriku kixkil txarra, nitaz trufatu nahia? Erakutsiko daiat xahar eta eriez irri egiten. To tinkaldi bat xirtxil txarra!

MANDDO: Zer egin duzu? Hatsa kendu ziok! Xahu gituk. Oi, oi, oi!

FERRANDO: Ja, ja, ja! Ene emaztea heldu! Ene emaztea heldu! Goazen hemendik ihesi, goazen ihesi! (Estaltzen dute tarrapatan mirikua estalgi batez, eta badoazi denak hura hor utzirik)

MARTZELIN: (Sartzen da, griñatsu, behatzen, gorputz hura hunkitzen, zainak eta nigarrak jauzten zaizkola) Hila! Hila da ene senar gaixoa! Nehor ondoan gabe! Horra beraz nola behar zuen azkenean finitu! (Estalgien azpian zerbait higitzen da) Harrigarria! He... He... He... Ez haiz hila!... Ah! Zeri esker!... (Martzalinek kanpotik eta mirikuak estalgipetik hainitz estalgi higitzen dute eta azkenean agertzen da mirikuaren burua... biak harrituak baitira)

MIRIKU: Vous?

MARTZELIN: Vous?

MIRIKU: (Zainak tiratzen ditu eta nigar-dolamenetan hasten da) Ah... Madame Ferrando... Ayez pitié de moi!... Soyez bonne pour moi... De grâce soignez-moi... Approchez-vous, touchez-moi. Montrez-moi que vous n'êtes pour rien dans cette affaire... que vous m'aimez...

MARTZALIN: (Ausartzia hortaz afruntatua) Zer kopeta! Ah! Ez nuen uste haatik hau holakoa zela!... Zer kopeta!... C'est vilain, monsieur ce que vous faites là... Vilain... Je dirai tout à mon mari... Allez dehors d'ici!...

MIRIKU: Oh, madame, soyez bonne pour moi... Comprenez-moi bien...

MARTZALIN: Dehors! Allez, oust!... Et un peu vite... Quel kopet!... (Jats ukaldika igortzen du kanpora... gero bakarrik) So egizue! Gizon kurkuil horri... Adin hurtan hola ibili behar duela! Ez nuen haatik uste hori holakoa zela!... Zer den mundu hau!... Ala zerentzat hartzen nau ni?... Pobrea ba, bainan holakoa ez! Ez naiz holakoa izan; ez izanen ere agian! (Orduan sartzen dira bost adiskideak, mirikua gabe. Denek inguratzen dute Martzalin, bi aldetakoek besotik hartzen dutela, gizonek aldiz espaldetarik elgar atxikitzen eta kantatzen, trangalatuz, «Aurten arnoa merke da»-ren airean)

FERRANDO: Hauxe da filosofia

DENEK: Ontsa joaiteko bizia

FERRANDO: Delarik ontsa balia eta...

DENEK: (Elgarri galdez) Eta ez bada?

FERRANDO: Orduan jasan miseria.

DENEK: Eta ez deusetan kanbia.

FERRANDO: Kexaturik andria...

MARTZALIN: Debruen mozkor tzarrak zuek! Aise mintzo zirezte ba! Zoazte hemendik!... (Jatsa harturik haizatzen ditu. Bakarrik jendeari) Zer nahi duzue? Denetarik bagira mundu huntan.

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa