www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Antzerki laburrak
Piarres Larzabal
1934-1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I eta IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

MERKATUTIK

 

Euskaltzaleen Biltzarrak saristatua 1937an

(Gertaldi bakarreko antzerkia)

 

 

Jokalariak:

        PIARRES

        MANEX

        GANTZUME: Hiruak edanak hastetik.

        GAXINA: Gantzumeren emaztea.

        KATTALIN: Piarresen emaztea.

        OSTALERA

 

Joka-lekua:

        Ostatu barnea. Marres, Manex eta Gantzume mahainean jarriak.

 

 

MANEX: Ba, harritua niagok zer pisua egin duen nere aratzeak. Bi kintal xuxen xuxena. Ez nian sekulan uste hoinbertze eginen zuela.

PIARRES: Ongi baliatu duk?

MANEX: Ba, bortz-eta-erdiko hortan eman diat.

GANTZUME: To, nik baino bortz sos gehiago egin duk. Nori saldu diok?

MANEX: Tratulant kaskoin bati. Ba, ez beihalakoan ez! Debruen urdea! Bazakik, bazakik jende enganatzen! Ahatik ez nauk ni ere gero edozoin eskutako xoria. Nere frantses sikun-sakunean, nik beti bortz-eta-erdiko hori egin.

PIARRES: Alo, pinta ondar hau huts dezagun. Bertze bat edanen diagu ba, solas zirrizta batzu eginez? Ostalera, ekazu bertze pinta bat!!! (Ostalerak boteila bat ekartzen) Ori dirua! (Piarresek dirua emaiten)

MANEX: Nahi duk hori sartu sakelan? Zer beraz, beti hik? Nere aldia duk orai. (Dirua eskainiz. Ostalerak hartzen du dirua eta xehea itzultzen)

GANTZUME: Ba, ez duk gero beti zuen aldia. Nik ere behar diat noizpait pagatu.

MANEX: Bertze aldian, hiri izanen duk pagatzea.

PIARRES: Ikusi behar diat idiak atean geldirik dagozin. (Leihora doa) Andrea ere etortzekoa diat merkatutik. Egun, biak batean sartzekoak gaituk iluntzeko etxean. (Leihotik oihu) Ooo idiak, etxerat ez abiatu gero niri, ni gabe. Ooo!...

MANEX: Baietz, baietz, mutila. Utz-aitzik idiak eta andrea bere gisa. Etxerat ganen gaituk ilun-nabarrean. Behar orduan argia ere hartuko diagu. Zer duk hemendik gure etxerat. Oren baten bidea?

PIARRES: Ba, halatsu.

MANEX: (Gantzumeri) Hik ere baduk dudarik gabe astia?

GANTZUME: Ba, neregatik ez dik balio kexatzea. Ni etxearen gainean nauk kasik hemen.

PIARRES: Zoin alderditan bizi haiz hi hemen?

MANEX: Ez dakik oraino hau non bizi den? Hemen, mutikoa, plaza hegian.

GANTZUME: Ba, ba, hemendik hamar minutetan.

MANEX: Bon, bon. Badiagu astia, edazue, alo, edazue! (Edatera emanez) Oas, oroitzen haiz, Piarres, oroitzen haiz, gerla denboran nola egon ginen hiru egun, ez ur, ez arno xortarik edan gabe? Zer egarria!

PIARRES: Ean oroitzen naizen! Haurtua behar nikek.

MANEX: Oraiko gaztetan ote lukek bakar bat, guk jasan ditugunak jasan lezazkenik?

PIARRES: Ez, ez, ez diat uste.

MANEX: Oraiko gazteak pitsik ez dituk. Bertzela zukan to, gure denboran.

GANTZUME: Ba, ba, oraiko gazteak, dena neska, dena ergelkeria. Ez ditek bertzerik gogoan.

MANEX: Non dituk Domingo zena. Pattin zena, Kaskosoil bezalako gazteak? Nehon ez, oraiko egunean... Oroitzen haiz nola Hazparneko bestarat gaten ginen? Ez orai bezala adurretan, bainan oinez tapla tapla. Ba naski, bertzelako zangar aztalak gintien ba guk.

PIARRES: Ean oroitzen naizen?... To, sekulan ez diat ahantziko nola behin jaten parioa egin-eta, gu biek garaitu baigintien bi Hazpandar jalerik handienak. Oroitzen haiz, nola bi mutil tripa handi hek errautsi gintien lukainka jaten? Ba naski, eta, hek baino ufako gutiago ibiliz oraino...

GANTZUME: (Kantuz) Gazte ginen gazte, hogoi bat urtetan...

MANEX: Hago ixilik. Edanak garela erranen ditek bertzela. Ez gaituk gero oraino hortan! To, eda-zak, edazue ba. (Edatera emanez)

PIARRES: Andrea ere ixtantean hemen diat ba.

GANTZUME: Ez dik, ez, hire andreak hire beharrik. Ganen duk etxerat hi gabe.

PIARRES: Ez, ez, etxerat gan behar diat goixko. Aziendak edan-araztekoak ditiat.

GANTZUME: Ez ditik andreak eginen?

PIARRES: Ez, miga bat badiagu, mixterioa tzarra. Ez dik nehor, ni bertzerik, ondorat hurbiltzerat uzten.

MANEX: Zoin miga? Niri erosi hura?

PIARRES: Ba hura bera... Hartan hik haatik ederki enganatu nindukan. Saldu dautak miga, ernari zela eta goxoa zela, eta hau, ta hori, ta hura, eta gero, miga antzu izaki, eta izaten ahal den zakarrenetarik.

MANEX: Piarres, ez zakala erran miga hura antzu zela. Zazpi hilabetetan zukan. Hori ez!

PIARRES: Ernari izan balitz umea eginen zian. Eta, ez dik umerik egin.

MANEX: Ni segur nauk harek umea egin duela. Hi, ez haiz ohartu. Harek larrean ume hila bota bide dik.

PIARRES: Ez ohartu? Zer nauk ni atzo sortua! Ez ohartu etxeko buru batek umea egin duela?

MANEX: Beha-zak, Piarres, ez daiat gero egundaino faltsokeriarik egin.

PIARRES: Hortan ba beti, bat ederra.

MANEX: Beha-zak, Piarres, xuhur baduk hago gero ixilik. Ez daiat hala ez zenik erran, miga hura saltzean.

PIARRES: Ez zaik, ez, baliatuko. Behingoan nahi dukana egin duk. Bainan, kasu hire aldiari.

MANEX: Oraintxet asexea nauk, Piarres! Gezurrik ez diat maite.

PIARRES: Gezurra ez, bainan egiak hoik.

MANEX: (Hasarre) Zer nahi-uk ba, ni ohoina? Badiat hiri deusik zor? Errak, bai ala ez?

PIARRES: (Xutitzen da) Hik beti miga antzua ernaritzat saldu niri.

GANTZUME: (Bakezale) Alo, alo, jar-zaitezte. Zer dituk manera hoik, Manex? Hi, ere ba, Piarres. Alo, jar zaitezte. Edan behar diagu.

KATTALIN: (Leihotik barnera mintzo) Hemen naiz, Piarres. Hale, gan behar dugu!

PIARRES: (Jarri da) Ba, zaude ixtant bat.

GANTZUME: Zer dituzue haurkeria hoik, alo? Jes hauxe duk planta! Edan behar diagu, mutilak... Ostalera, hunat bertze pinta bat!!! (Ostalerak ekartzen du) Hauxe duk baaa... To, badakik, Manex, nor ikusi dutan bidean? Petrieneko Jakes. To, edazue! Eta, badakik urde zikin harek zer egin daitan? Neri ba, neri Gantzumeri? Urde zikina! Ba, konpanian bazitukan gurekin, hiru edo lau gorri bandako hoitarik. Eta, badakik zer egin daitan? Denen arnoa pagatu eta nerea ez. Ni bakarrik berexi. Ez omen zukan segurki zuri asetzen ari beharra. Ustel tzarra! Datozila bozak! Jakinen diat nori eman enea.

MANEX: Harek egiteko ez duk ez handi. Ni ere, bere ustez, ganden bozetan bildu nindikan. Arnoz ase ba, haren gostuz, bainan ez bainion haatik nik hari eman ene boza!

GANTZUME: Hori ez zaiat gizontasuna. Nik ez zioiat hari egundaino deusik egin. Nik, izan ere nor-nahi mahainean, denen edaria berdin pagatuko diat. Ez diat nehor berexiko. Hori hola duk gero!

MANEX: Ba, hori hola duk. Ni ere, hi bezala nauk, hortan.

GANTZUME: (Piarresi) Hiri ongi zaik egitate hori?

PIARRES: Hori ez. Hori zirtzilkeria duk.

GANTZUME: Ba naski. Haatik, ni trufatzen nauk munduko gorri guziez. Ez diat gero nik hoikien beldur pikorrik. Berdin zaiat non-nahi izanikan ere. Nik beti: «Biba xuriak» oihu eginen diat.

PIARRES: Hago emeki, hago emeki. Ez dakik non haizen hemen.

GANTZUME: Emeki, hori ez: (Oihuka) «Biba xuriak!», «Fuera errepublikanoak eta gorri guziak!»

MANEX: Mutikoa, hago ixilxago!

GANTZUME: Ixilik? Ixilik? Gizonak duen ideia behar dik agertu. Ez nauk gero ni «Errepublika». Hori ez!

KATTALIN: Alo, Piarres. Mugi zaite. Etxerat gan behar dugu. Badakizu etxea nola utzia dugun.

PIARRES: Ba, Kattalin, heldu naiz, heldu baso hau hustu-eta.

MANEX: Ez, ez, bertze pinta bat nik pagatzen diat.

PIARRES: (Xutitzen da) Ez, guk badiagu aski edanik. Orai etxerat gan behar diagu.

MANEX: Ez, ez duk pitsik egitekorik. Bertze bat edan behar diagu. Nik pagatu-eta.

GANTZUME: Bon beraz, bota bertze bat! Edan behar bada, edanen diagu.

PIARRES: (Jartzen da) Bon, bertze bat edanen diagu. Hau haatik azkena.

MANEX: Ba, ba hau azkena. (Ostalerak ekartzen du) Zer mutikoa! Badiagu astia. Aski goiz sartuko gaituk ba etxean.

GANTZUME: To, azken pinta hau deskantsuan edateko, ni xorta baten ixurtzerat nihoak.

MANEX: To, ni ere aspaldian gan nahia nindukan. (Jalitzen dira balantzaka)

KATTALIN: Alo ba, Piarres, ixtantean iluna dugu. Idiak ere hasiak dire kexatzen. Etxerat gan behar dugu.

PIARRES: Heldu naiz, Kattalin. Ez zaitela kexa. Ba, egonen dira ba idiak. Konpainia ez dezaket hola utz. (Leihora hurbilduz ta) Oixtian entzun duzu nola, zirt, lau egia erran diozkatan Manexi? Ba naski!!

KATTALIN: Zer egia?

PIARRES: Gure migaren gainean. Zer uste du, nerekin nahi duenaren egitea? Hori sekulan. Entzun ditu beti eneganik, muturrerat, nahi ez zituenak. Kataska gogorra ibili dugu. Oraino, hortan gelditu baigare, paso. Gertakari izigarriak gertatuko ziren, ukitu banindu. Zer uste du, haren beldur naizela? Ez zait ba xutitu, eskainiz!!! Egin balu den gutieneko keinurik, emaiten nion, emaiten nion... buuu, ez baitzen bizirik aterako. Zer uste du? Zer naizela ni? Haur bat? Halere hortan gelditu baigare, harritzeko da. Beharrik hor zen Gantzume.

KATTALIN: Ba, ba gizona. Beti hola zuek. Ez gero, arno hori edan-eta, bertzerik mana. Gero etxerat gan behar dugu.

PIARRES: Baietz, emaztekia. Ez zaitela kexa. Iguzkia oraino gora da. (Piarres jartzen. Manex ta Gantzume sartzen)

MANEX: Nik ez diat beti, hori bezalakorik, egundaino ezagutu.

GANTZUME: Zer dik ba horrek, bertze batek, baino gehiago?

MANEX: Hori, apeza duk gero. Egiazko apeza. Ez duk hala, Piarres?

PIARRES: Nor hori?

MANEX: Gure jaun erretora.

PIARRES: Ba, pixka bat hala dela! Ez duk ez inguru hautan horrek bezalako izpiritua duen apezik.

MANEX: Ba naski. Horrek nola erraten dituen gauzak prediku alkitik! Xuxen eta garbi. Loria duk horren entzutea.

PIARRES: Ba, ikasiak dituk-eta. Buu, apez hoik bazakitek!... Gu bezalakoa deusik ez duk. Hoik berritz, non-nahi agertzeko on dituk.

MANEX: Zer nahi duk. Guk besoz bezala, hoik buruz ditek jokoa. Bakotxak bere ofizio, to.

GANTZUME: Ba, bazakitek beti hoik berena ongi. Ba, debrua, bazakitek bazakitek biltzen.

MANEX: Hori hala duk. Bainan, horiek ere, gure kontuan, bizi behar. Bizitzekotan jan behar. Eta deusik ez badute, deusik ezin jan. Ez duk hala hori?

GANTZUME: Ba, ba. Ez diat erraten, ez diat erraten. Bainan, bakarrik, nola den.

PIARRES: Edazue ba, mutikoak. Zer, basoak beti beteak dituzue-eta! (Edatera emanez) Ba, oraikotik, etxerat buruz ere abiatu beharko diagu. Atxoa hasia zaiat kexatzen.

MANEX: Zer! Andreaz haiz kexu? Ba, egonen duk ba andrea ixtant bat. Ez haiz maiz ateratzen.

PIARRES: Ez, egia, ez nauk maiz ateratzen. Bainan nik andrea maite diat gero eta ez zioiat den penarik ttipiena ere egin nahi.

MANEX: Hortan ez diat erratekorik. Nik ere andrea maite diat eta...

PIARRES: Hik ez duk uste, bainan ez duk gero herrian gizon bat, ni bezenbat, bere andrea maite duenik... Merezi dik-eta. Non duk, oraiko egunean, gure Kattalin baino emazteki baliosagorik? Gure etxe guzia, horrek zaukak xutik.

MANEX: Ba, nik ere maite diat ba andrea. Ez duk bada hura ere, herabe hetarik! Badik harek ere larderia etxean. Behar ere, hoinbertze haurren artean.

PIARRES: Beha-zak. Nik andrea maite diat. Eta, batere ez zaiat ongi andrearen jotzea, batzuek egiten duten bezala. Ez duk hori girixtino legea. Andrea jotzen duen gizona, pitsik ez duk.

MANEX: Ba, arrazoina duk hortan. Ni ere, hi bezala nauk.

PIARRES: (Gantzumeri) Eta hik, ez duk deusere erraiten?

MANEX: (Piarresi) Utzak hori bere gisa. Horrek ixilik egon behar dik. Ez dik horrek, nahi duena egiten ahal andrearekin.

GANTZUME: Andrearekin nik ez nahi dutana egiten? Errak uste dukala.

MANEX: Ba, alo. Ez dik balio ukatzea. Denek bazakitek. Hire etxean, emaztekia duk nausi, emaztekiak dik manatzen.

PIARRES: Emaztekia galtzak soinean? Hori ez zaiat ongi. Hori ez. Ez duk hori girixtino legea.

GANTZUME: Ni andreak manatzen? Ni? Nork erran dauk holakorik?

MANEX: Ba, hi, ba, hi, pitsik ez haiz. Hi andreak noiznahi panpatzen omen hau. Ez dik balio ukatzea. Denek bazakitek.

GANTZUME: Nahi duk ixilik egon? Ahalge behar nikek. Zer naizela uste duk ni?

PIARRES: Emaztekiaren meneko balin bahaiz, gizon ttipia haiz beti. Hori hala duk.

KATTALIN: Are, Piarres, orai pinta hustua duzue. Orai gan behar dugu.

PIARRES: Ba, heldu, heldu. Hale, gan behar diagu. Altxa gaiten. (Xutitzen da)

GANTZUME: Ez, ez, bertze bat pagatzen diat. Ez! Agozte ixtant bat, alo!

KATTALIN: Aski orai, Gantzume aski! Orai, gan egin behar dugu.

GANTZUME: (Piarres besotik hartuz) Agozte, agozte. Ez duk pitsik egiteko. Behar duzue bertze bat edan, ene gosturat... Ostalera! Bertze pinta bat huna!!! (Beste pinta bat ekartzen ostalerak eta pagarazten)

PIARRES: Hauxe duk, gizona! Gan behar diagu!

GANTZUME: Ez. Hau edan-eta ba, bainan ez lehenago. Ni ere, zuek bezala, etxerat goizik gatekoa nauk. Alo, hau, azken pinta. Gero ganen gaituk. Hau, xutik edanen diagu, bideko indarrak hartzeko. (Edatera ematen du. Denak jartzen dira)

MANEX: Bon baaa! Egonen gaituk. Zer nahi duk egin dezagun?

GANTZUME: Ba, ez diat, ez, nik ere, astiarekin egoiterik. Oraikotz etxean behar nikan. Gargehio atxoa katixima onean bide diat.

PIARRES: To, hi ere atxoaren beldur haiz aparantziaz?

GANTZUME: Ez diat hori erraten. Nik atxoarengatik, nahi dutana egiten diat.

MANEX: Hori ez duk hola. Hiregatik ba, harek zernahi egiten dik. Pertsuak ere merezi dituzkek, andrearekin deramakan bizitzeaz.

GANTZUME: Hori ez duk arras hola, Manex.

MANEX: Hi, pitsik ez haiz. Andrearen meneko haiz. Pertsuak merezi dituk.

GANTZUME: Ba emaiten ahal dituk pertsuak, holako fantasia balin baduk. Bat baino biga nahiago ditiat. Ez nauk gero zazpi probintzietako pertsularien beldur.

MANEX: Bazakiat badakikala pertsutan. Bainan, ez zakiat haatik, hasten bagine Piarres eta ni, hire kontra, ean nausi hinteken uste bezain aise. Bagaituk gero gu ere zerbait.

GANTZUME: Ba mihiz zarete zuek ere gehienik.

MANEX: Mihiz? Hitz horrek panpakoak merezi lizkek. To, Piarres, emok pertsu bat, erakutsok badakigula guk ere, teolosia.

PIARRES: Ba, ni ere horixe bera gogoan nindagokan.

GANTZUME: Bon, ederki etorria duk. Bota beraz!

PIARRES: (Edaten du, xutitzen, buru-hasten) Bon kasu orai!

                Ene adixkidea, ez otoi samurtu.

                Zuk nausi behar-eta, oi zer gizona zu!

                Galtzak berak soinean ezin atxik tutzu;

                Andreak, zure orde, ibilki baititu.

MANEX: Atx Gantzume! Ez duk hori ongi emana? Non haiz orai? Egun, hik, larrutu-eta, gan beharko duk hemendik.

GANTZUME: Zer uste duk, zafratu nauela? Ez nauk oraino ere, batere horren beldur.

MANEX: Bon, bon; ikusiko diagu. Ikusiko diagu. Emak lehenik pertsua!

GANTZUME: (Xutitzen ta buru hasten)

                Ez diat gero saltzeko, nik, nere andrea,

                Larderiarengatik, baituk langilea.

                Galtzak soñan dituela, derautak auzia;

                Hirea, gabe zabilak, oi hi, zer nausia!

        Non dituk, orai, hire espantuak, Manex? Ez duk hori pertsua? Ba naski. Eskolarat gaten ahal haiz ba oraino ikastera, neri nausitzeko.

MANEX: Ba, egia duk. Zafratu gaituk. Bainan, nik emanen diat orai bertze bat. (Xutitzen eta buru hasten)

                Andreak galtzik gabe, ibili ditazke.

                Zaiak gordaki-eta, modak alde tuzte.

                Bañan guretzat hoi ongi dela ez dut uste,

                Zakurrak berak laster ondotik gintuzke.

PIARRES: Ederki emana duk.

MANEX: Ba naski. Eta egia duk gero hori. Gizon bat aski ditek zakurrek galtzik gabe ikustea, erbiari bezala saingaz eta zalapartaka lotzeko.

GANTZUME: Bon, hago ixilik. Orai nik bat emanen daiat, oraino haundiago. Errautsiko zaituztet. (Xutiturik)

                Hire zakurrak beti saingaz tiat entzuten.

                Doike, galtzik gabe haiz etxean ixiltzen.

                Zertako sainga hoiek ezin pentsa niken.

                Oraintxet garbiki diat egia ikusten.

        Ah, Manex, non haiz orai, non?

MANEX: Ba hortan, nausi uzten haut. Hortan hiri xapela!

GANTZUME: Ba naski. Eta nik egia erraten diat gero. Zuen zakurrak fama badik ez dela ez gau ez egun saingatik ixiltzen.

MANEX: Ba, etxea zaintzeko aritzen duk hola.

GANTZUME: Batere ez zakiat, ez ote duzuen gosea atxikitzen gaizo zakurra.

MANEX: Zertako erraiten dautak hori?

GANTZUME: Zuen azienden arabera balin baduk beti, ez bide duk sobera gizen.

MANEX: Nere aziendek zer ditek? Ez dituk hireak bezain gizen?

GANTZUME: Hire idiak ez beti. Duela zortzi egun, ikusi nintikan. Gaixoak! Bazitekan lana kurritzen.

MANEX: Nere idiak, nere idiak, hireak bezain azkar dituk. Herriko pare hoberenari jokatzen zioiat, nahi duena, zoinek karga haundiagoa ereman patarra gora?

GANTZUME: Ba, nahi dukalarik. Eta nik jokatzen daiat oraino gehiago. Hire idieri, nausi naizela, ni, nere behiekin, karga ateratzen, patarra goiti.

PIARRES: Huum! Hori ez zakiat! Neri ez iduritzen. Idiak eta behiak, bi dituk gero, Gantzume.

GANTZUME: Berdin dik. Jokatzen diat halere.

MANEX: Hago, ixilik, hago. Ez nikek jokatu nahi ere. Sobera segur nindukek irabaztea.

PIARRES: Bon, edazue, alo, azken ondar hau. (Emaiten du edatera)

GANTZUME: Zer eginen diagu? Bertze pinta bat manatuko diagu?

KATTALIN: Ez, ez! Hortan aski. Ostalera, ez gehiago edaterat eman gizon hoikieri!!!

GANTZUME: Bon, beraz aski. Haatik, xigarro bat behar diagu egin gan aintzin. (Tabako keta xutitzen da eta erortzen)

MANEX: Zer egin zaik, mutila, hola erortzeko? Zer haiz arras edana? Ez diagu ba hainitz garbitu.

GANTZUME: Edana, batere ez. Goizean bezain fresko. Bainan, aspaldixkoan, zangoak ditiat flako. Ez zakiat zahartzeak edo zerk egiten duen hori, bainan niri zangoek huts egiten daitatek.

MANEX: Altxa-adi ba fite, mutikoa! Zer! Hola egon behar duk?

GANTZUME: Ez zakiat altxatzeko on naizen, mutil. Ez zakiat. (Lauhazka, ezin xutituz)

MANEX: Zer ari haiz malobra horietan?

PIARRES: Hobe diagu laguntzerat gatea. Hori, ez duk bertzenaz egun altxatuko. (Xutitzen lagundirz)

MANEX: Xo, norbait baduk hor!

GAXINA: (Gora mintzo) Errazu, Kattalin, gure gizon hura hor da ostatuan?

GANTZUME: To, nere andrea! (Ahapetik)

KATTALIN: (Gaximi-ri) Ba, emaztekia ba. Hor dire zuena eta gurea ere. Ezin aterarazi ditut ostatutik oren bat huntan!

GAXINA: Ai urdea! Ateraraziko dut ba nik! (Erasian sartzen da) Hor haiz, mozkor tzarra! Bi oren huntan hire beha niagok. Esneketariak han ditiat etxerat etorriak eta behi deizlerik ez. Haur guziak nigarrez hari dituk, esne galdeka. Eta, hi hemen, zintzurreraino asea. Ez haiz ahalkatzen ere, mozkor tzarra!

GANTZUME: Bon, andrea, bon. Xo, xo! Ez haserra! Heldu naiz, heldu! (Badoa ixil)

GAXINA: Noiz etorri beharra! Ahalkatzen ere ez haiz. Haur guziak nigarrez!... Ha, hi ba hi! Arnoa emozue, arnoa!... (Gaxina urruntzen da. Manex eta Piarres, xutik, zigarreta pizten)

PIARRES: Atso hori, ha zer putikoa ahal den!

MANEX: Ikusi duk, Piarres? Ikusi duk haren larderia? Atso buzoka! Beharrik ez zukan nerea!

PIARRES: Nerea izatu bazen beti hola, laster fixti faxtak izanen zitian.

MANEX: Bo, pitsik ez duk, Gantzume. Holako gizonak tu bat ez dik balio... Boo, to, to, to.

PIARRES: Ez duk gero hori girixtino legean ere zuzen. Gizonak behar dik manatu eta andreak obeitu. Hala duk legea.

KATTALIN: Heldu zarete? Ez egon orai hor zahartzen.

PIARRES: Ba, ba. Heldu gare. Orgak ematzu bidean.

KATTALIN: Ba, emanak ditut. Lastoa ere hedatua dut gainean, zuek orgetan gateko.

MANEX: Orgetan? Ba, ganen gare ba, gu, oinez ere. Ez gare oraino hortan.

PIARRES: Ez. Egun, besta behar diagu ongi bururatu: karrosan behar diagu etxerat sartu, erregeak bezala. Andreak eginen dik itzaingoa.

MANEX: (Zigarreta berriz pizten du) Bon beraz. Hik nahi dukan bezala... Pu! Emazteki batek hola behar duela gizona ibili, haurra bezala!

PIARRES: Ba, hori ez zaiat ongi, Manex. Beha-zak: Guk xorta bat edaten diagu. Bainan barkatzeko duk. Ez gaituk gero maiz ateratzen. Andreak jakin behar dik barkatzen. Ba, guk ere barkatzen zioguk zenbeit aldiz!

MANEX: Arrazoina duk hortan, Piarres. Behar diagu jakin elkarri barkatzen. Denek baditiagu gure erraitekoak. Bainan, guk bereziki, jaun andreen artean jakin beban diagu gauza hainitzen, ixil ixila jasaiten. Bertzenaz, ez badugu elkar aditzen, debruakgana dik gure bizia.

PIARRES: Egia haundia hori, Manex... To, ekar-ak sua! (Piarresek zigarreta pizten du Manexenarekin) Bon, goazen kanta aire bat emanez! (Besoz beso ta balantzaka)


                Aurten ardua merke da,

                Lau bortz sosetan pinta da.

                Andreek ere edaten dute,

                Erreberua bezala,

                Elkarri diotelarikan,

                Motoak xuxen detzatela!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa