www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Antzerki laburrak
Piarres Larzabal
1934-1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I eta IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

EIHERAZAINAREN ASTOA

 

(Gertaldi bakarreko komedia)

 

 

Jokalariak:

        PELO: Eiherazaina, 50 urte, zuria, dena irina, edalea eta kalakaria.

        ZORRONDO: Tratulanta, 50 urte, gorria, gizena eta alegera.

        SANTSUN: Ostalera, 50 urte, ofiziokoaren airea.

        ARNAUD: Laboraria, 40 urte, merkatutik etxera, alegera.

        GUSTAVE: Botigari baxenabartarra, 70 urte, tipia, zaintsua, kokina.

        HERRIKO MUTILA: Edozein.

        Bertze zonbait lagun ixil, herriko mutilarekin edo Arnaud-rekin.

 

Joka-lekua:

Ostatu barne edozein.

 

 

1. AGERRALDIA

 

        (Zorrondo edaten ari Santsunen ostatuan. Pelo heldu)

ZORRONDO: (Santsun-i) To, Pelo heldu zaiku... Pelo eiherazaina, bere astoarekin.

SANTZUN: Bai usaia du. Hemen, zazpigarren estazionea du.

ZORRONDO: (Irriz) Eta zenbat estazionetako bidea du?

SANTZUN: Noiz nola! Maiz haatik elizako estazionen nonbrea pasatzen du.

ZORRONDO: Eta dudarik gabe, estazione bakoitzean debozione luzeak egiten!... A, berriz ere aberastuko direla ostalerak!

PELO: (Ate artekatik agertzen da, astoa estekatzen ari) Ho, Bittor, ho! Ea, ba, Bittor, egon hor, prestu, prestua! Nausia zaldare hartzera zihoak, izanen duk hik ere sarri, hirea.

ZORRONDO: (Pelo-ri) To, to, Pelo: Ohoin bat gehiago etxe hontan!

PELO: Zerendako, ohoin bat gehiago?

ZORRONDO: Eiherazain guziak ohoinak direlakotz...

PELO: Bai bazukek, bainan ohointza hortan, hik makiñuna, emak hona esku eta gauden ixilik!

SANTZUN: (Pelo zerbitzatuz) Beraz bigarren ohoina zerbitzatzen diat.

PELO: Bai, eta zu, hirugarren bat, ederra. Ostalera baino ohoinagorik ba ote da? Orai ere nork daki zuzen zer den edateko hontan?

SANTZUN: Ai, ai, ai! Izanen diagu naski, hiruek ere, zeruan sartzen lan!

ZORRONDO: Errak, eta, asto txar hori saltzeko duka?

PELO: Ez, ez duk saltzeko... eta, hala balitz ere, hik ez duk aski sos, horren erosteko!

ZORRONDO: Zer petrenitzen duk bada, horrentzat?

PELO: Hik dukan baino... Ez baita zazpi probintzietan —aditzen duk gero, zazpi probintzietan— ene astoa bezain baliosik.

ZORRONDO: Zer dik bada hire astoak, bertzek ez dutenik?

PELO: Kalitate frango, ene astoak, bertzek ez dutenik: Garruzeko garañotik duk gero, ene astoa. Ez duk hemen, nehon, inguru hautan, bertze bat Garruzeko garañotik.

ZORRONDO: Handik edo bertze non-nahitik, zer dik hire astoak, bertze batek baino gehiagokorik?

PELO: Ene astoa, arrazakoa duk: Hori konpreni ezak, Arrazakoa. Eta hortakotz, ene astoa bertze edozeintarik seinale duk. To, so egizok ene astoari, orroaz ari delarik. Ene astoak, orroa, beti goratik eta luze finitzen dik; hola!... (Asto orroaren eskarnioa egiten du) Ez duk herrian bertze asto bat, holako orroa duenik.

ZORRONDO: Ta, zer abantail dik horrek?

PELO: Hago ixtant bat! Ene astoak, orroa egitean, buztana goiti xut atxikitzen dik (besoa altxatzen du) hola, nik besoa bezala, eta beharriak, goiti eta beheiti erabiltzen ditik, xoriek hegalak bezala (keinu egiten du eskuekin bere buruaren bi aldetarik). Konprenitzen duk orai? Holako astorik ez duk gero hatzemanen nonnahi!

ZORRONDO: Ba, bainan, berriz ere, zer abantail duk hortarik?

PELO: Zer abantail! Zer abantail!... Arrazako astoek egiten die bakarrik hola. Eta hola egiten duelakotz, ene astoak, bertze asto guziek baino izpiritu xorrotxagoa dik. Ene astoak baditik bi gauza: izpiritu gaitza eta usma. Izpiritu gaitza, bai, nik aski zioiat, non-nahitik orro bat egitea, segur nuk ene orroa ezagutuko duela eta berehala izanen dudala errepusta. To, so egizak. (Orro egiten du, eta astoak ihardesten dio gora ta luze. Pelok ondotik, eskarnioa egiten dio beretik) To, ikusten duk, ene astoak nola bururatzen duen bere orroa: Hortarik ageri duk arrazakoa dela. (Sentimentalki) Gaizo ene Bittor! Gaizoa!... (Ostalerari) Santsun, ekar-tzu hona bizpa-lau azukre koxkor! Eman horiek konduen gainera. (Atera buruz doa, azukre koxkorrekin) To, gaizo Bittor! To, hire partea! Hire nagusiak maite hau bai, gaizo hi! Emak potta, alo, emak potta!... Ontsa duk! (Barnera itzultzen da) Eta bertze gauza bat, ene astoak baduena, hura duk usma... Usma, badakika zer den usmatzea? (Airea usnatzen du) Hori duk sudur ona izaitea: Non zer gertatzen den sudurrarekin sentitzea. Zakurrek hori badie, ihiziarentzat. Ene astoak usma badik. Ezin sinetsia duk zenbat. Hala nola, senditzen dik non diren jende gaiztoak eta non jende onak.

ZORRONDO: Bai, zera!

PELO: Erraiten daiat baietz... Utz-ak libro, eta bidean kausitzen badu bide makurreko norbait edo animale bat, ene astoa ikusiko duk, begia zorrotz, belarria xut, uztarra emaiteko prest... Hala hala, jende prestuentzat egonen duk maltso maltsoa, kasurik ere egin gabe.

ZORRONDO: Eta hihaur tzarrean haizelarik edo edana, maltsoan duka astoa, ala zorrotz.

PELO: Hiretako bai, begi gaiztoa dik, ez baihiz bide zuzeneko jendea. Enetako, ez dik sekulan, ene astoak, jestu gaiztorik. Guk bazekiagu elgarren berri. Nik aski diat egitea: «Hi, hi, hi!» (astoaren eskarnioa eginez) eta segur nuk astoak konprenituko nauela. (Astoak erantzuten dio... eta Pelok bozkarioz dio) To, entzun duk? Ea ez duenetz konprenitzen? Entzun-ezak azken kantu luze hori!... Gaizo Bittor!

ZORRONDO: Ez zekiat, ez zekiat horiek hola direnetz. Nik aditu diat hire astoa arrunt zozoa dela. Noiz nahi bidez nahasia dela; etxetik urrunduz geroz, ez dela sekulan, bere baitarik, etxera itzuliko.

PELO: Hori gezurra duk, gezurra!

ZORRONDO: To, nik hola entzuna diat.

PELO: Ene astoa, izanik ere gauik ilunena, izanik ere ni arrunt nahasia, ene astoa bera sartuko duk beti, zuzen, etxerat. Bai, bere baitarik, ez baitu, ene astoak begi beharrik; bere usma aski baitu, gidatzeko; bere usmatik gidatzen baitaki ene astoak. To, nor-nahiri joka niezokek, orai berean, bost kilometra baitira hemendik eiheralat, Bittor ene astoa, begiak tapatu-ta, zuzen zuzena sartzen dela etxerat.

ZORRONDO: Hori, handiskoa jalgitzen duk, haatik, Pelo!

PELO: Zer handiskoa? Orai berean egiten diat parioa, nahi duenari.

ZORRONDO: Ez zekiat, ez zekiat, ez ote haizen soberaxko fidatzen hire astoari.

PELO: Ez nuk ez airera mintzo: Nahi dituzuen guziak jokatzen dauzkizuet, ene astoari begiak kuku, hemen libra eta etxera sartzen dela, ber-bera, zuzen zuzena.

ZORRONDO: Ez zekiat bada: Lehen ere ikusi diat izpiritu handiko animale frango... Hoinbertzetarainokorik, ez diat sinesten.

PELO: Zer nahi duzue pariatu? Ea, paria hor! Nahi dituzue arraltsaldeko ostatuko xahupide guziak jokatu?

SANTZUN: Bai pario hori egiten diat... Ale, Zorrondo egin dezagun erdizka...

ZORRONDO: Berdin, egiten diat.

PELO: Ontsa!... Ekar hona oihal beltx bat. Begiak horrekin kukutuko diozkagu astoari eta libratzen dugu. Sarri joanen gira gure etxera, ikustera. Astoa sartua balin bada bere baitarik, zuek arratsaldeko xahupide guziak paga hemen. Astoa ez balin bada sartua, gastu guziak ene gain.

ZORRONDO: Ontsa duk!

SANTZUN: Nik konduak atxikitzen ditiat, izkirioz.

PELO: Bon, ekar-azu trapu beltz hori: Tapatuko diozkat begiak astoari.

ZORRONDO: Ez, ez, hik: hik argi zirritu bat utziko diok berdin bazterretik. Nik ezarriko zioiat oihala. (Atera doa) To, so!... Alo, alo, xo gaixo astoa! Bon, horra egina; begiak tapatuak ditu; ez du fitsik ikusten, gaixo astoa!

PELO: Ken orai soka!... Bego, utz libro.

ZORRONDO: (Astoari) Ale, hi, babil hortik!...

PELO: (Lerhotik) Hi, gaizo Bittor, habil etxerat, xuxen xuxena gero!... Beha, beha! Nola usmatzen duen! Airearen aldea hartzen ari duk!... To, hartu dik! Orai salbu duk! (Alegera) Ikus, ikus, nola etxeko bidea hartzen duen! (Esku zartaka) Hola, hola, gaizo Bittor! (Irriz) A, a, a, joanen duk xuxen! Ale, goazen edatera, ausarki eta finenetik!

SANTZUN: Zertarik emaiten dut bada?

PELO: Hoberenetik!... Eta marka hor kondua, izkirioz! (Edaten du) A, gaizo Bittor! Nik orai, hik ere izanen duk sarri zaldarea!...

 

 

II. AGERRALDIA

 

ZORRONDO: Ez dik gero balio goizegi aments egitea, parioa irabazi dukala. Izanen duk bai astia gero ere.

PELO: Zer haiz, naski, parioa eginik urrikitua? Peka, peka hor, eta paga!... Bota hona edatera, Santsun!... Eta karioenetik. Ez eni saka edateko txar horietarik!

ZORRONDO: Segur hiza, irabazteaz, to?

PELO: Segur, ez... segur baino segurago: Asto horrekin egin pario guziak, egundainotik irabazi ditiat. To, badakika azkena norekin? Buxtingorrirekin. Buxtingorri lasterkaria duk, nahi bezainbat, bainan ni Buxtingorriri nausitu.

ZORRONDO: Nola hori?

PELO: Zein lehen egin zioiat, pilota plazatik Eliza bururat, ni astoaren gibeletik eta hura oinez.

ZORRONDO: Eta hi nausitu?

PELO: Bai, ni nausitu, ni Pelo, ene astoarekin.

ZORRONDO: To, nahiko nian ikusi.

PELO: Ez zuian gaitz: Ikus-ak makila hori (makila bat hartzen dio). Hola hartu diat esku batez astoaren buztana, eta bertze eskuarekin, jo astoa!... Jo beti!... Jo beti!... (Laster egiten du, eskarnioka) Eta ni Elizanburura lehen heldu. Buxtingorri ene ondotik, hi, hi, hi! Ekar-azu edatera, Santsun, eta marka, marka kondua! (Irriz irriz leher egina)

ZORRONDO: Zer duk hola irriz. Ala zoratu haiz?

PELO: Ez duk ez Pelo hola zoratzen. (Bizkarretik lotzen zaio tratulantari eta kobla bat kantatzen dio, «Tantum Ergo»-ren airean)

                Zorrondo, adixkidea, bai egiten diat irri,

                Uste baituk nausitzea, parioan, Pellori,

                Kontseilu on bat hemen, partida egilieri,

                Partida irabaztekotz... (Ezin du burura)

        ...Ez zekiat bada nola erran. Hau nian erran gogo: Partida irabazteko, behar dela buruz ereman partida; partida egitean dela irabazten; ez partida jokatzean.

ZORRONDO: Guk partida jokatu diagu. Orai egiten ari... ea nork irabaziko duen.

PELO: Baduka dudarik oraino? (Berriz besoa bizkarrean emanez Zorrondori, kantuz ari zaio)

                Bide luzearen buruan, hantxet han eihera,

                Han ikusten dudana nik, horra hauxe da:

                Asto beltx bat han sartzen ari dela,

                Eta nik parioa irabaziko...

 

 

III. AGERRALDIA

 

ARNAUD: (Pelo kantuz ari delarik, Arnaud-k mozten du, irriz leher egina heldu baita) Egundaino! Ez egundaino ez dudala holako komediarik ikusi!

PELO: Zer du honek berriz?

ARNAUD: Zoazte ikustera! Zoazte! Ehun metrotan duk!

PELO: Errak, bada, zer mirakuilu da?

ARNAUD: Zirkan ere ez duk holakorik gertatzen: Asto batekin duk komedia!

PELO: Asto beltx batekin, aments?

ARNAUD: Bai preseski!

PELO: Begiak tapaturik?

ARNAUD: Bai preseski!

PELO: Zer gertatu da gero?

ARNAUD: Habil ikustera, ez duk urrun.

ZORRONDO: (Pelori buruz, han kanpora abiatzean) Errak, oroit hadi, hemendik goizegi ateratzen bahaiz, parioa gal dukela!

PELO: (Buruari lotuz) Hala duk haatik!... Bainan errak, hik, zer gertatu da bada?

ARNAUD: Asto beltx bat duk sartu, begiak kukutuak, Gustave-n botigan.

PELO: Bai usma: Oñoñak zitian sendi... Badik usaia, lehen ere...

ARNAUD: Gustave hasi zaiok, jats ukaldika, kanpora igorri beharrez.

PELO: Debru zirtzila! Badik usaia lehen ere: Ene astoa ezin baitu ikusi. Ez ahal dik bederen kolpatu!

ARNAUD: Kolpatu? Hortarik ziagok, to, hire astoa! Brau! Ausikian galtzipurtik hartu dik astoak Gustave txar hura.

PELO: (Esku zartaka) Merezi! Merezi! Hola Bittor, hola! Eta gero?

ARNAUD: Gero zakurrak ihizia bezala erabili dik, burua dardaratuz, eskuin eta ezker.

PELO: Hola, hola, Bittor! Merezi, merezi!

ARNAUD: Han zirela gero zintzimariak: Gustave, oihuka ta orroaz, bere Baxenabartar doinuan, ai, ei, ai, ei!... Bizpahiru zakur bildu dituk marrumaka; emazte zenbait, biloak harro, astoari joka; gizon bat Gustave-ri tiraka; hau desohoragarria!... Galtzak abantxu eroriak... Astoa beti jauzi putingoka... Botiga guzia azpikoz gora iraulia: Hemen, ontzi batetarik, «tzur, tzur, tzur!», zerbait ixurtzen ari. Hor, gatz eta olio saltsa. Han, gain behera, baxera ta berineria guzia punpaka beheiti heldu. Eta denen erdian astoa beti orroaz eta zinka. A, mutikoa, ez diat egundaino holakorik ikusi!

PELO: Hola duk ene Bittor! Onez onean prestua, bainan ez hura samur eraz! Merezi, merezi! Nahiko nian Gustave ikusi! Apo zirtzil Garaztarra! Beharko dik haatik pagatu, on bazaio eta ez bazaio... Hea, Santsun! Bota hona edatera eta marka!

 

 

IV. AGERRALDIA

 

        (Bizpalau lagunekin agertzen da Gustave, hasarre gorrian, jantziak piltzartuak)

GUSTAVE: (Pelori) Hor hiza? Hor hiza? (Zainek harturik bezala, nigarrez ta oihuka) Gizon honek hil behar dizi! Hil behar dizi! Hil zazie! Hil!

PELO: Zer duk, zer duk, gizon kalaxka?

GUSTAVE: Hire astoak ene bitrina porroskatu... (Gibel aldea erakutsiz) Hau desohorea! (Orroaz) Hil behar dizie astoak eta jabeak.

PELO: Errak, errak! Ez dik balio niri jazartzea: Hire faltak dituk oro; ene astoa bere bidean zioaian; zerendako sar-erazi duk hire botigan?

GUSTAVE: Nik sar-erazi? Nik sar-erazi? Nahi duk muturreko bat? (Jazartzen zaio)

PELO: Zer darasa gizon txar horrek? Papotik hartu eta kanpora botatzen diat. (Han ere atxiki behar dute)

GUSTAVE: (Zalapartaka) Utz nezazie! Hil behar dizit! (Erortzen da, hasarreak itorik eta alki bat eskaintzen diote, bera hatsa ezin hartuz ari dela) Phu! Phu...

PELO: Haugi hona, on bahaiz, hi, kukuso kumea! Ene astoa gaizki erabili, ta gero ene gain ezarri nahi haren makurrak!

SANTZUN: Ezti hadi, mutikoa, ez diagu eskandalarik behar! Haugi, edan-zak xorta hat!

PELO: Nahi nikek bai eni lotzen ikusi, debru koxkorra! (Hari buruz keinu)

SANTZUN: (Gibelatzen du Pelo) Utz-ak, Pelo! Utz-ak bere gisa! Badik bere kondua!

PELO: Eta ene astoa? Ene astoaz trufatu duk giza txar hori. Ene astoak bere ohorea zaindu dik. Ez dik hortan horrek fitsik erraitekorik.

SANTZUN: (Pelo-ri) Bai, bai, arrazoina duk... (Aldi txartua den Gustave-ri buruz) Emozue kopa ttipi bat edatera!

PELO: (Gustave iratzartzearekin) Ez zaitak laket flakatua den gizonaren kontra indarraren erabiltzea, bainan onduko delarik, panpako bat ederra hartu beharko dik. (Gustave-ri) Phu! Phu! Phu! Egin-zak orai, sarri eginen duk, Mu! Mu! Mu!

SANTZUN: To, herriko mutila!

PELO: Zer du horrek berriz?

SANTZUN: Ez zekiat! Kopeta tzarrean duk!

HERRIKO MUTILA: (Atalatzean gelditzen da eta, kexu kexua, Pelo-ri buruz) Hor hiza?

PELO: Ba Jauna, hemen!

HERRIKO MUTILA: Badakika non den hire astoa?

GUSTAVE: (Kexu) Bai, hil behar dizi!...

PELO: Ene astoak ez du hobenik: Ene astoa bere bidean zen.

HERRIKO MUTILA: (Gogorki) Ez, hire astoak ez dik hobenik, bainan hik bai: Jaberik gabe dabilan astoa, bakarrik izanik ere, jabearen kondu duk!...

PELO: Ene astoak ez du nehori gaizkirik egiten, bertzek ez badute atakatzen.

HERRIKO MUTILA: Habil, hire astoa non den ikustera: Han ziagok, beso bat hautsia eta bera odoletan, Gustave-n bitrinan, ez kanpo ez barne, ixtaklok emana.

PELO: (Barna hunkia) Zer, nere astoak besoa hautsia? (Nigarrez orroaz)

HERRIKO MUTILA: Bai, askiko duk hola hola mozkorkerian ibiltzea, ondorioak izanen dituk.

PELO: (Nigarrez) Zer egin behar dut nik orai? Gaizo astoa! Besoa hautsia!

ZORRONDO: Errak, eta ez ahantz gero gure parioa... Hor dik Santsunek kondua.

PELO: (Beti nigarrez) Gaizo astoa!

HERRIKO MUTILA: Ondoko egunetan izanen duk Pelo, hire astoak botigan hautsi dituenen kondua.

PELO: (Nigarrez) Zer egin behar dut bada? Gaizo ni!

HERRIKO MUTILA: Eta asto hura handik kentzeko alderdiak laster hartuko dituk. Bertzenaz nik eginaraziko diat... hire kondu.

PELO: (Orroaz) Hau astokeria! Hau astokeria!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa