www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristabaren bizitza (1. arg.)
Agustin Kardaberaz
1744

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Bittor Hidalgo

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN PAUSOA

IRAKURTZEA LIBRU ESPIRITUAL BATEAN

 

        G. Zer beste janari izango da animenzat guziz ona?

        E. Irakurtzea, edo irakurrierazotzea egunoro Libru onen batean.

        G. Serbi dezake etxekoenzat Libru onelako batek?

        E. Bai, ta izango da Maisu, ta Predikadore santu betiko bat.

        G. Ta beste libru ipuien, ta komediatako ariñ oriek?

        E. Oriek dirade animen izurri, eta eden gaiztoak.

        G. Zein da zerura bear dutenen, lenbiziko señalea?

        E. Enzutea, edo irakurtzea frutuarekin Doktrina, ta Jainkoaren hitza.

        G. Ta enzun nai ez dutenak zer señale dute?

        E. Galdu, edo kondenatu bearren señalea, Jesu Kristok berak dionez.

        G. Asko ote da buruz artzea Doktrina ori?

        E. Ez da asko.

        G. Bada zer geiago bear da?

        E. Aditzea modu onean.

        G. Ta aditzen ez dutenak edolarik sustanzia, pekatu andia egiten dute orretan?

        E. Baldin ez badute galdetzen, edo ez badatoz enzutera, edo beste alegiñaz ikastera bai.

        G. Ta nork bear du obeto jakin Doktrina?

        E. Gurasoak, Eleizako buruak, Nagusiak, ta besteai erakutsi bear dienak.

        G. Ta pekatuko estaduan egongo dira, baldin edo berak, edo bestez etxekoai erakusteko alegiña ez badute egiten?

        E. Bai, ta pekatu guziz andian.

        G. Zer esatera iragotzen da Jainkoa guraso, ta nagusi oiek gatik?

        E. Ukatu dutela Fedea, ta Jentilak baño gaiztoago dirala.

        G. Zer egin dezakee egun oietan, gaitz orren anditik alde egiteko?

        E. Etortzea bere Etxekoakin Doktrinara, ta Etxean berriro iragotzea.

 

ONDORENGOA

        Egungo egunean bizi balira, ta baletoz zure Erri onetara San Ignazio Loiolako bat, San Franzisko Sales, edo Fr. Luis Granada, galdetuko zenduke bereala, zer zioten? edo zer erakusten zuten? Ta mesede anditzat idukiko zenduke aiekin puska bat hitz egitea, edo aien hitz onen batzuek aditzea. Ideki itzatzu, bada, Santu oien Libruak, esaten dizu San Krisostomok, (a) ta orietan idoroko dezu, ta askoz obeto mesede ori: Zergatik beren hitzetan ezin esango lizukee ez bada horduan bertan gogoratuko litzaioketena, baña Libruetan esaten dizute Jainkoaren argi askorekin esan lezaketena. Ez da ondasunik, (dio Jainkoak) (b) ta ez gauza zerikusi duenik adiskide egiazko batekin. Ta ez da adiskiderik, esan diteke, Libru batekin zer ikusi duenik. Zeren adeskide, ta konsejatzalle gerekin ekarri dezakeguna izateaz gañera, ta guzaz aspertu, edo gu saltzeko perillik beñ ere ez duena; ez digu iñoiz ere hitz egiten, ta ez laguntzen, guk nai degunean baizen. Beti esaten digu egia garbiro, ta argiro, ezeri barkatu gabe. Zer nagitasun, edo ajolagabetasun andiagorik, bada, gurea baño, onen erraz iduki dezagukeala Jainkoak eman digun ondasunik andiena ez dezagula nai gozatu, ta ez idiki ere, asko bider!

        Baldin galdetzen badezu, zer Libru irakurri ditzakezun? Eranzungo dizu Aita espiritual jakinsun batek. Baña geienean zurekin ekartzeko, Aita San Ignazioren Exerzizioak, Kristabaren pensamentuak, Maximak, Kempis, ta beste esango diranak. Etxerako andiagotzat: Aita Fr. Luis Granada gia pekatariena, ta beste Maisu [...] onen Libruak: Mundu onekin bestearen arteko Diferenzia Aita Eusebio Nieremberg Beneragarriarena: Bizitza deboziozkoa San Franzisko Salesena: Aita Alonso Rodriguezen Libruak. Zer neke izango dezu, bada, artzean egunoro hordu erdi bat irakurtzeko, ta hitzketan egoteko onelako Gizon zerukoakin? Pauso onetan sartzen dira animaren on, irabazi, ta sari, Jainkoaren hitza aditzean Santuak ipintzen dituzten guztiak, ta Zerurako señalatuak izateak: bada, baldin señale bada enzutea, ez da gutxiago, Libru oietan irakurtzea, ta are geiago, zeren argiro, ta garbiago ikasten dan oraingo Sermoi askotan baño. Baña irakurtze, ta enzuteak izan bear du Jainkoaren hitza aditzea bezela, esan nai det, geldika, debozioz, ta frutuarekin. Ez badekizu zuk irakurtzen, ta Etxean iñor dakienik badezu, orrek gustienzat irakurri dezala, besteak ixillik bearrean dauden artean.

        Ta emen Jainkoak eskuetara ematen dizu beste ondasun andi bat, ta bidea idikitzen zure zor bati eranzuteko. Zeren, Doktrina erakusteaz gañera, dezu zor andi bat (bearbada guziz aztua) zeña da ondo zure mendekoak azitzea Jainkoaren bildur Santuan, ta orretako alegiñak egitea. Bada zer bide errazagorik, ta obeagorik zor orri eranzuteko, onelako libru batean, Predikadore santu, jakinsu, ta egiazko bat ipiñtzea baño, zeñak gau oro, edo geienetan esan, ta erakutsi diezaten edolarik neguan, edo jaietan? Ta nai badezu enzun dezaten atsegin andiagoarekin, aldizka irakurri erazo zaiezu lengo libruakin, Pasio Santuaren historia, edo Exenploen, edo Santuen Bizitzak, Ribadeneyraren libruetan. Ta ken ber dituzu, ta etxetik bota edena, ta puzoia bezela, beste libru munduko galgarriak, ta ez Jainkoarekin batean iduki deabrua. Ez dakit aurkituko dezun egiteko errazagorik, ez Kristabarenzat obeagorik, ta ez atsegin, ta irabazi andiagokorik, zurekiñ zure etxekoenzat libru onetan irakurtzean baño. Bada esatearekin, ta esanzat emanarekin erakusten dute uste gabe Doktrina: ta iratzarten dute burua, erbesten jakingabetasunak, lotutzen gure gaitz naiak, bere anzera edertzen bihotzak, ta ainbeste frutu animetan egiten dute, zeñean Aita San Ignaziok, ta San Juan de Diosek, zerutik argiturik, irabazi zituzten asko anima bide onetatik, libru oiek erosi, ta berekin erri batetik bestera eramanaz, saltzeko txit merke. Ta San Isidorok (c) dio animako irabazi guztia irakurtze, ta meditaziotik datorkigula.

        Jakinzat uzten det, San Agustinek, San Fuljenziok, gure Aita San Ignaziok, te beste askok zor izan ziotela beren Jainkoagana biurtzea, ta Santu ikatea, onelako libruai. Gatozen gure denboretara, zeñetan eztzien gutxiago zor arako Jakobo bigarren, Inglaterrako, Eskozia, ta Irlandako Errege, Kristau guztien espillu, guziz Katholiko sendoak. (d) Irakurtzen zuen Agintari andi onek debozioz egunoro libru esan ditugunetan, ta betez ere gauza denboralen, ta betikoen Diferenzian, ta ain agitz josi zitzaion bihotzean, non da askotan esan oi zuen: iñori ere geiago zor etziola lurrean, Orangeko Prinzipeari baño, bada hiru Erreino kendu ziozkanakgatik, ipiñi zuela Zeruko bat guztiak baño geiago balio zuena irabazteko bidean: ta orregatik erregutzen zion Jainkoari egunoro beragatik berezkiro. Ta kontu ematenziola bein Jaun berari Franzian jarraitzenzion batek bere naigabe batena, zeñekin zegoen lorik ezin egin zuela. Nik emango dizut (esan zion Erregeak) erremedio bat guziz indarsua, ta ona. Ekarri erazo zuen Libru Diferenziarena, ta esan zion: Ar ezazu, Milord, irakurri ezazu Libru au, ta nere kontu lo egingo dezula. Aditzera eman zion, ezerk ere ez digula atseden, ta pake geiago emango gure animan, lurreko gauzak utzi, ta Zeruko libruak irakurtzeak baño.

 

        (a) S. Chrisostom. hom. 30. in Epist. ad Rom. in Moral. (b) Eccle. 6. 15. (c) S. Isidor. l. 3. sentent. c. 8. (d) P. Franc. Bretoneau in l' Abrege de la vie de Iacques. 2. pag. mihi 245. & 128.

 

aurrekoa hurrengoa