www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Montebideoko berriak
Jean Martin Hiribarren
1853

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
Eskalduna Montebiden soldadu

 

Berrotik ilkhi eta sasian sartzea

Behar dela zait niri izan gurutzea;

Bainan ungi tokitik jotzea txarrerat,

Luzifer segitzea dolhamen lezerat.

 

Eskalduna herrian guti da ikusten

Harmetako bestetan loria ematen:

Aitak zituelarik gerlari aiphatu,

Soldaduko urtheak guziz higuin ditu.

 

Galtza gorriz beztia, zortzi urthe handi

Luze dire harentzat nola mende erdi;

Burua kaskan eta gorphutza luzaka

Ez lezake nihondik bizia fereka.

 

Alfer-hotz egotea gazte egunetan

Ez da sarthuren aise haren gustuetan;

Ez dezake endelga xizpa garbitzea,

Izan ditekeiela gizon bizitzea.

 

Jaun bezala delarik franses soldadua,

Jan, bezti, eta ohez bethi dohatua,

Eskaldunak ez nahi harekin uztartu:

Haren itzalak berak guziz higuin ditu.

 

Ez du indarra eskas ez eta bihotza;

Ez daukat hazkarrago menditako haitza;

Napoleon handiak prezatu odola

Erran diteke gora baliosa dela.

 

Harispe mareskala, Eskaldun lilia,

Ilekien aitzindari gerlan ibilia,

Errazu hirriskutik nihor den itzuli

Europan harmatua denean ibili.

 

Zure odol sukarra non nahi ixuriz,

Segitua eskaldun maipolis gorriz,

Irakutsi diozu buru duenari

Ez dela beiratzeko Eskal ihesari.

 

Napoleon lehena zenean suntsitu,

Eskaldunak zituen gerlak arbuiatu;

Ez dauka harma dela, baizik beiratzeko

Herria, dutenean etsaiek ukiko.

 

Geroztik ihesari ahalaz ematen,

Kontrabanda luzeki menditan egiten,

Troparat ez gateko ematen ordaina

Errekarat egorriz etxealde ona.

 

Bortxarat dohanean, lege segitzeko,

Pare guti izaten goria den suko,

Ikhasten ditu harmak denbora laburrez,

Bainan soldadu dela ageri beharrez.

 

Nork bada orai sinets nahiko duela

Itsaso pasa eta han segitu gerla?

Bada hainitz ordutan harmak behar ditu,

Edo behar du lurra biribilik hustu.

 

Españolak non nahi ikusten kanpoa,

Hura du sinetsiren, eta ez ahoa

Ez bada hartzen harma aitzindari baten

Bertzearentzat dela ohi du erraten.

 

Buenos-Airesetan eta ingurutan

Husu gerlak ematen hamar urthe huntan;

Ez du naski oraino hanbat jabaltzerik,

Aitzindaritan baita zarpa arinskorik.

 

Odola eta sua denean inguru

Nola eman diteke bere lanei buru?

Egin badu deusere hango Eskaldunak

Haziren ditu ungi soldadu frikunak.

 

Guzien muthil behar, guzien menean

Gutizia delarik nihor ez hiltzeko,

Etsaiak direnean ohointzarat heldu

Hirian den jendeak harmatu behar du.

 

Eskal herrian etzen ohoin kapitainik,

Han langilek etzuten nihoiz buru minik;

Irabazten dutena zaintzen dute lotan,

Ez dute gal beldurrik etxe idekitan.

 

Zer dire Montebiden soldadu direnak?

Heriotze eginik ihes gan direnak;

Brigant guziak dire elkhar ganat bildu;

Hetako sainduenak ohointza maite du.

 

Ez dute xispa hartu baizik ebasteko

Etsai guti denean hekin hondatzeko,

Ez dire aitzinenik hirrisku denean,

Bainan zer hegastinak lotzeko menean!

 

Ungiaz kanpo oro hekiekin onak,

Ez ditu izituren herio beltzenak,

Gehienek gorphutzak lohiz zornatuak

Segirazten berekin neska ustelduak.

 

Bizkar eta burutik zorri daritela,

Morgatu nahi diri Español bezala,

Zilho handi ageri galtza iphurditik.

Pedazu antaparan belhaunen burutik.

 

Zapatak bazituzten lehen egunetan

Hek higatuz geroztik, oinak ganzoletan;

Paga segura dute etxe arrobatuz:

Lehen eta azkenak oro dire hautuz!

 

Horra norekin diren jartzen eskaldunak

Tiroka urruntzeko higualtsu direnak;

Ez liteke lagun on ezbalitz tzarpailtzen,

Bertzen obra, solasak ez balitu hartzen.

 

Ibiliren du harma, nekhea harturen,

Hirrisku guzietan bizi jokaturen:

Aitzindariek ungi jaten dutenean

Tripa zimur egonen ohoin ez denean.

 

Lan guziak debalde, bortxaz edo gostuz,

Hola doha soldadu kanpoz obedituz;

Zaurthua izan bada bere gorphutzean

Badu segida onik duen gurutzean!

 

Ala zori gaxtoan bildu baitu gaitza,

Ez du zeren arthetan ezar esperantza:

Kolpatu gaizoa da uzten bazterrerat,

Hiltzen bada botatzen zenbeit putzutarat!

 

Irabazi onik du denean gelditu,

Beso, zango, ixter bat zaiola pikatu:

Ez da ospitalerik, ez eta barberik

Sendatu behar orde hilaraztalerik.

 

Bertzetan soldaduek badute errenta

Nonbaiko guduetan aski zauritu eta,

Han eske da higatzen Cesar kolpatua

Eta jausten hobirat guti aiphatua.

 

Gobernadoren gatik egiten da gerla;

Hekien bitoria populu odola.

Badu bai non ixuri hekin gizentzeko,

Berria heldu zaio bat galdu orduko.

 

Erresumako zorrak heki pagatzea

Galdegiten eder den eskaldun gaztea:

Egon beraz herrian, ez eman menturan

Hetarat hedaturik gerlako denboran.

 

Gerlak edo zerbeitek anaiak iresten

Itsurat joan gabe noiz hait atzar gaiten:

Partitzen laurdenak ikusi artean

Othoizten egotea herriko aldean.

 

aurrekoa hurrengoa