www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Debozino eskuarra
Joanes Haranburu
1635

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Devocio escuarra, mirailla eta oracinoteguia, Jean Haramburu (Kristobal Harizmendiren edizioa), P. de la Covre, 1690

 

 

aurrekoa  

HIRURGARREN PARTEA
Heren ordenako debozinoa: eta lehenik

 

 

Ordena hunetako penitenziaren hastea

 

        Nik Iainkoari esker ikhasi dut eta eztakitenek plazer badute ikhas bezate Gure Aita san Franzes serafikoak hirur ordena bere erregelekin fundatu dituela, gu fraide menorak, santa Klarako serorak eta penitenziako debotak: baina ene borondatea da, ez lehenbiziko biez, bai azkeneko orden hunez tratatzea.

        Beraz hitz gutiz hainitz deklaratzea gatik erranen dut Ordena saindu hau hasi zen urthea zela milla, berrehun, hogoi eta batgarrena, Italian Ombriako probinzian, Spoletako haranean, Kanariako harrean, Asiza hiritik lekoatsu bat apartean: horra ordena hunen hastearen lekhua. Horra urtea 1221.

        Zergatik edo nola gauza hau hunela gerthatu zen iakitea gatik nota ezazue lehenbizirik san Franzesi, berak hala errekeriturik, predikari ibiliko zela Iainkoaren partez mirakulluki deklaratu zeikala. Orai bada gizon saindu hunek Iainkoaren manua egitea gatik Ebanjelio saindua predikatzen zuela jendetan hainitz zeruko amoriora konbertitzen zuen bere prediku apostolikoez, eta tropelaka jendeak iarraiten zeizkan bere ordenako abitua eman ziazela, hek ere fraide nahi zirela lurreko gauzak hark bezala kitatzea gatik eta zerukoak harzea gatik, guziz ere erran dudan Kanaria herrizka hartan terrible hango habitantak lehiatu zeizkan. San Franzesek gauza hunen gainean gogoeta egiten zuela edireiten zuen alde batetik hanbat jenderen errezibitzeko konbenturik aski etzatekeiela, eta berze aldetik bazekusan jende hek hala tropelaka errezibitzea zela hiriak eta herriak jendetarik billuztea, mainadak eta familiak desegitea, mundua eta munduko poliza nahastea. Gauza guziak ordenu hobeagoarekin egitea gatik deliberatu zuen Iainkoaren inspirazionearekin batean bizitzeko forma baten egitera eta goragoko erregela hauken ordenatzera, penitenziarako desira duten guziak bide hunez zeruko loriara animatzea gatik, ernatzea gatik eta iratzarzeagatik: zeren eta berthuteak baitira zeruratzeko zurubia eta ordena hau berthuten exerzizioa. Lehenbizirik ordena hunetan fedea nihori gomendatzen zaika; hurrenekorik esperanza; herenekorik amorioa; 4 iustizia, 5 pietatea; 6 humiltasuna; 7 sobretasuna; 8 debozinoa; 9 exenplu ona; 10 bakea; 11 diskretasuna eta zuhurzia; hau guzia frogatua dago hemengo dotrinaren barrenean, ea guziz beha badezagu ordena hunetako sainduetara, edirenen ditugu ene hegatsak konta ahal litzakeien baino gauza goragoak: baina konsidera bezate munduko giristino herdoil batzuek ordena hunez gaizki erraitea dela elizako sainduak gaitz erraitea, zeren-eta bide hunez hainitz martirek, ipizpikuek, dotorek, kofesorek, birjinek, eta alhargunek izatu baitu zeruko loria, nola hainitzak baitira kanonizatuak eta hainitzak beatifikatuak. Berze alde prinzeak, erregeak, handiak, enperadoresak, erreginak, dukeak, baroinak, kondeak, aitonensemeak eta berzeak ordena hunetako ordenanzen azpian bizi ukheturik orai zeruko loriaz gozatzen dira, eta orai eztaude urrikitan egin batez ordena hunen menesprezorak egonen diren bezala. Helas berthuteak oraiko mendean gaitzetsiak dira. Oraiko tipiak, debozinoaz minzatu behar bagara, bere buruak handi egiten dituzte; baina oraiko handiak, batre berthuteaz prezatzen direan, humil dira eta debot: merka ona eta laudatzekoa!

        Heren ordena hau deitzen da hunela, zeren herenekorik gure aita S. Franzesek ordenatua den hastean erran dugun bezala. Pribilegio handiak itu Aita sainduetarik eta beregainki Nikolao laurgarrena ganik, zeinek lehenbizirik bere eskiribuz konfirmatu baitzuen, berek bere gisa batetara moldaturik, eta handik enganatu batzuek gure aita patroin handiari zor diogun eskerra aita saindu huni eman diote. Baina kuriositate hau eta hunelakoak largatzen ditugula gathozin erregeletara, zeinen konplitzea aita deus guti konplitzean nekhatzea, ez deus galzea eta hainitz irabaztea. Iainkoak dizuela, anaia eta arreba maiteak, ungi ordenako pontuetan bizitzeko garazia.

 

 

Heren ordenako erregelak

 

        1. Ordena hunetan sarthuko denak behar du izan giristino fidel: ezen heretiko edo elizako legeak begiratu ez ituela sospetxatua lehenbizirik denboraz frogatu behar da bere egin-bidetan.

        2. Ordena hunetan errezibitu baino lehen errezibitzeko kargua duena informatuko da ordenan sarthu nahi denaren kondizinoaz, ethorkia, estatuaz eta kalitateaz, ordenako legeak eta obligazinoak deklaratzen derozkala. Aldez edo moldez errezibituko den baino lehen zorrak eta munduko tratuak kontenta bitza guziekin baketzera enseiatzen dela. Anaia diskretan erranera urthe baten buruan errezibituko da: baina lekhukoren aitzinean prometatzen duela ordenako pontuak begiratuko dituela, ezpere emanen zaikan penitenzia konplituko duela. Errizibitze hau eskiribuz hartuko da. Ordena hunetarik ezin athera daitezke berze ordena digneago batetan ez sarzekotz: guziak gatik ilkitzen lizena ez lizateke sakrilego. Emazte ezkonduak errezibituko den baino lehen kongia bere senharra ganik izan behar du.

        3. Anaiatasun hunetakoen arropa biz prezio handia eztuen oihaletik, ez guzia belxa, ez guzia xuria, baina hauts kolorea duena: Ordea bizitadorek, superiorek eta kargudunek dispensa ditzake abituaz lekhuan lekhuko gisa eta ungi iuiatuko duten bezala: Espainian eta lehenago kapa, buruko trapua eta gerrikoa oihal beretik egiten zituzten orai euskal herri batzuetan bezala niholatako handirasunik gabe: baina dakitenekin konseilla beitea ageriak abutua erabili nahi eztutenak. Kalitate handitako presunak ere dispensatuak izanagatik bere beztiduretan eztute eman behar kuriositaterik, banaloriarik eta handirasunik dela prezioaz, iostesariaz edo koloreaz.

        4. Komediarik, danzarik, gonbidu desonestetarik eta berze dosteta debekatuetarik apartatu behar dira: eztute deusik hunelako gauzak gatik enan behar: bere etxekorik nihor hunelako hautara ibilzera eztute permetitu behar. Bere ahaiden edo adiskiden ezteietara ezpa berze onhestasunetara ibil ahal daitezke libreki: baina bere akzione guzietan eduki bezate modestia eta konpaiñia perilos guzietarik bethi zuhurki aparta beitea.

        5. Elizako barurak bazurzea kargutan edukiko dute, bethiere sobreki bizitzen direla. Aste lehenetan eta aste azkenetan aragirik eztute ian behar; urtheko orzillare guziaz barurtuko dira; saindu guzien bestatik Bazko egunerainoko aste azken guziak eta San Andre egunetik eguberri egunerainoko abendo guziak barurtuko dituzte osoki. Barurzetik superioak dispensa ditzake, dela eritasuna gatik, flakotasuna gatik, nekea gatik, piaietan ibilzea gatik, edo berze nezesitate gatik. Eguberri, Andre Dana Maria, san Franzes edo berze zenbait besta handi egun hetan izaiten bada, halaber dispensa ditzake abstinenzia hautarik. Othurunzari lotzerakoan erran behar da Pater noster, eta berze othoitzekin batean mahainetik iaikitzean ere erran behar da; ahanzirik edo berzela erran gabe gerthatzen bazaika; behingo erran gabe baten orde erranen du hiruretan.

        6. Eguberriz, bazkoz eta mendekostez gutienaz ere kofesatuko dira, eta gorputz saindua debotki errezibituko dute. Herrarik, gaitzerizkoarik edo arrankurarik bere giristino lagunarekin duena aitzinetik baketuko da eta satisfazino emanen du. Bazkoaz bere herriko erretorak herrian kofesatzera obliga ditzake; handik kanpoan debozinoak iustu den bezala libratzen ditu nora nahi.

        7. Minkarreko harmarik eztute berekin erabili behar, salbo superioraren kongiarekin, edo eliza defendatzea gatik, edo fede saindua konserbatzea gatik edo bere herria begiratzea gatik; kasu hautan zilheki dira.

        8. Anaitasun hunetako apezek bere elizako ofizioaz landan ordena hunetako bere zorra pagatzea gatik eginen dute san Franzesen ordenatik orenak akhabatzean orhoitzapen bat, eta defuntuak gatik erranen dute erresponsu bat, Deus Veniae! erraiten dela othoitza.

        Ordena sakraturik eztutenak bere kargua konplitzea gatik Birjinaren ofizioa erraitera tenitu dira. Defuntuak gatik eta beregainki anaiatasun hunetakoak gatik ofizioaren ondoan zenbait othoitz eginen dute.

        Egun guziaz bedere (nola baitira irakurzen eztakitenak) tenitu dira bere orenak erraitera, da iakiteko, Matutinak, laudeak, Prima, Terzia, Sexta, Nona, Bezperak eta Konpletak: Matutinak gatik hamabi Pater noster, Aue Maria, eta Gloria Patri. Othoitz hauk berak zazpi banatan erran behar dira berze orenetn. Ordea priman eta konpletetan othoitz hautzaz berze alde erran behar dira Credo eta Miserere mei ezpere gogoz eztakitzatenek hirurnatan Pater, hauken lekhuan erranen dute.

        Eriak ofizioaren erraitera bere borondatera baizen eztira zordun: baina guziok garizuma denboran egun guziaz elizako debozinora ibiliko dira ahal bezanbat.

        9. Anaitasun hunetan errezibitu denetik hirurgarren ilhabethean eginen du bere onez bere ordenua, baldin ordenatzeko bothereduna bada, bere deusak espiritu sainduaren inspirazionez ungi emplegatzea gatik, eta ordenurik gabe ez hilzea gatik. Hunetarakotz on da gauzan intresik eztuen zenbait zuhurrekin konseillatzea.

        10. Anaien eta arreben artean eta guziak baithan bakean eta arrunkidetasun onean biziko dira, hunetarakotz ahalaz enplegatzen direla.

        Hauken artean hauzirik edo diferenziarik izaitera gertha badadi, akhorda bitza karitaterekin superioraren abisuz edo gizon prestuen erranera disputatik atheratzea gatik.

        11. Bere ordenako erregelen edo pribilegioen kontra nihork ere inkietatzen baditu, eta damurik ezpa bidegaberik egiten bazaie, Iaun ipizpikua gana edo bere ordinarioak gana gerella beitea ordena hunetako ministreak konseillatzea gatik nola gobernatu behar diren.

        12. Iuramenturik solemnelki egitetik begira beitea: baina bakea gatik, fedea mantenitzea gatik, kalumniatik ilkhitzea gatik, lekhuko egiaren izaitea gatik, nola sal-erosi hartu-emanetako kontratuetan, edo zenbait premia handiak gatik egin dezakete.

        Zinik, arnegurik ezpa iuramenturik sobera derasatenei bezala ustekabetan itzurzen bazaie, arratsean bere konzienzia examinatzean, arinki zin bat egin duela orhoitzen bada, zin ezpa iuramentu bakoitza gatik erranen du hiruretan Pater eta Aue Maria.

        Mainadarik duenak bere mainadari Iainkoaren dotrina eta giristinotasuneko eginbideak irakhats biatzo.

        13. Komoditaterik dutenek egun guziaz meza enzutera eztute faltatu behar, bere buruzagiak ordenatzen derauen ilhabetheko egunetarik batean ilhabete guziaz guziak meza enzutera bilduko dira. Eliza hartan konpainiako anaia bat ezpa arreba bat ordenatua izanen da nihork emanen dioen limosna errezibitzera, eta diru bilduko den hau enplegatuko da parte ordena hunetako pobreak sokorritzea gatik, parte defuntu beharrak ehorztea gatik, edo zertako buruzaguak ordenatuko baitu hartako. Bilgura huneran exortazione bat eginen zaie ordenakoak animatzea gatik penitenziara, obra miserikordiazkoetara eta Iainkoaren manamenduak begiratzera; debotki, atentuki eta afizionatuki enzunen dute guziek; ezen kasuaz landan eztute faltatu behar.

        14. Ordenako eriak bere eritasuna bere buruzagiari adiaraz biazo: Buruzagiak edo buruzagiaren orde zenbait berzek aste guziaz behin bedere hautemanen dute eri datzana. Ordenakoek halaber bisitatuko dute, eta eriak konsolatzeko artha izanen dute, sakramendu sainduak errezibitzera eta arimako deskarguak egitera dotrinatzen dituztela, eta beharrak badira fagoratzen dituztela.

        Ordenakorik nihor hilzera badadi, herri hartako anaia guziak eta arreba guziak abisatu behar dira ehorzteko eginbide guzietan hastetik ofizio guzia akhaba dadin artean han edireitea gatik. Zorzi egunez bat bedera tenitu izanen da defuntuaren arima gatik othoitz egitera.

        Apez Anaiak hil egunean meza bat emanen dio, eta hil meza. Irakurzen dakitenek erranen diotzate berrogoi eta hamar salmo, azkenean requiem aeternam. Irakurzen eztakitenek erranen dute berrogoi eta hamar Pater noster, halaber requiem.

        Urthe guziaz erran araziko dira hirur meza ordenako biziak gatik eta hilak gatik. Irakurzen dakitenek urthearen barrenean erranen dute salterioa, erran nahi da ehun salmo, bere komoditatera: irakurzen eztakitenek ehun Pater noster, pater guziaren ordoan requiem.

        15. Buruzagiak eta ordena hunetako kargudunak bere eginbidearen egitera ahalik delientkiena eta fidelkiena bermatuko dira debozinoa gatik: baina bethiereko kargudun bat ezta egin behar, aitzitik hanbatik hanbatera aldatzen dela.

        16. Ordena hau san Franzesek egina denaz geroz nahi dugu bisitadoreak, direktorak gobernariak ezpa kargudunak diren fraide menoren ordenatik, kustodioek, gardianoek edo bothere dutenek hautatuko dituzten bezalakoak.

        Urthean behin konbentu batetara bilduko dira eta han faltarik duen buruzagi hunek korregituko du, eta hirur aldiz abisatuz geroz emenda ezpadadi, ordena hunetarik khen bedi, guziarekin ere diskreten eta zuhurren konseilluz.

        17. Hauzitarik, liskarretik, eskatimatik eta edozein gudutarik egin ahalaz aparta beitea: bere enseiu onez ezin disputa iraungi dezaketenean, bothere duena baithan ebaraki bezate emero.

        18. Bisitadoreak edo hunen lekhuan dadukanak dispensa ditzake behar orduan barurak, abstinenziak ezpa elikatzetasunak eta penitenzia hunetako berze pontuak; dispensa ditzake edo beharrez muda ditzake.

        19. Ordena hunetako kargudunak abisa beza bisitadorea, edo bisitadorearen lekhua dadukana kulpantak hunek punitzea gatik. Hirurgarren aldian abisatuz geroztik emendatzen ezpada kargudunaren ezpa ordenako anaiaren erranera, bisitadoreari adiaraziko zaika, hark khenduko du konfrariatik eta khendua dela guziei deklaratuko zaie.

        20. Baldin berzenaz Iainkoaren edo elizaren manamenduez obligatuak ezpadira, ordena hunek manatzen dituen pontuak ez konplitua gatik eztu bekhatu mortalik egiten: baina zeren erregela hunetako ordenanzak hautsi dituen, gogotik konplitu behar du emanen zaikan penitenzia, penitenziako obedientak bezala.

        21. Hunenbatenarekin ezten nihor hain atrebitu, non gure ordenako erregelak estima ditzan gaizki fundatuak: halakoak beaki Iainko bothere guzia duenaren iondone Petri eta iondone Paulo apostoluen maldizinoa iarraikiko zaikala, dio Aita saindu batek.

 

 

Profes sarzen denak

 

        Nik A. N. prometatzen diot Iainko guziz botheretsuari, Birjina Maria dohatsuari, san Franzes dohatsuari eta berze saindu guziei biziko naizen denbora guzian Iainkoaren manamenduak begiratuko ditudala, eta bizitze suerte hunen kontra egin hutsak direla kausa ordenako buruzagiak emanen derautan penitenzia obedienziaz hartuko dudala, eta desiratzen dut ene intenzione eta deliberamendu fermu hau firma dadin.

 

 

Notatzeko pontuak

 

        1. Arimaren salbamendua hobeki egiteko kontuan bizitzen manera hau eztela nezesario sinhesten duenak bekhatu mortal egiten du.

        2. Ordena hunetako legeak konplitzea eztela berthutetsu sinhestea da bekhatu handia.

        3. Añhitz Aita sainduk laudatu duten bezala, abitu hunez publikoki beztituz Iainkoaren ohoretan eta bere arimen probetxutan bizitzea, gaizki dela sinhestea, da bekahtu handia eta heresia.

        4. Harzea baino ez harzea presuna laikoek hobeki egiten dutela diotenek, edo botu hunek deusik eztuela balio diotenek, deusik eztakite, edo dakitela gisa hunetan minzo badira, hanbatenaz gaztigu handiagoa merezi dute.

        5. Ezkonduak gatik, ezkondu-gabeak gatik, elizako jendeak gatik eta laikoak gatik abitu hau hek harzea ez on eta ez probetxu dela dioenak izanen du Iainkoaren maldizinoa, dio aita sainduak.

        Nihork nihor ordena hunetaratzetik iakiara gibelatzen badu, berzeak han eginen zituen abanzamenduez kontu eman behar du, eta inoranziaz hala gerthatua gatik satisfatzeko gogorik eztuenean ifernuko bidean dago, dio Aita sainduak.

        6. Berze ordenak obligazinozkoak dira, baina hau debozinozkoa da: berzeak bere konbentuak beregainki dituztela dira: baina hau nor bere etxean egoiten dela badate: berzeak exzellentago dira generalki, baina hunek badu zenbait dignitate beregainki.

        7. Berze ordenakoek bere manamenduak egiratuko dituztelako otuaren azpian mengoaz kanpoan ez begiratzea bekhatu mortal egiten dute: baina ordena hunetakoek bere botua ez konplitua gatik eztute bekhaturik batere.

        8. Ordena hunetakoak hainitz perdunanza irabazia gatik eztira eklesiastiko. Bazkoak erretorek herrian kofesatzen direla harraraz diatzeke. Ipizpikuk ta iuge sekularek badute ordena hunetakoen gainean bothere ordenako ezpalire bezala, baldin berzenaz berzela beregaineko berezkuñik ezpadute.

        9. Ordena hunetako botua da debozino konseillatu bat bere konzienziako pausu ona bilhatzea gatik eta Iainkoaren zerbitzuan bidezkiago bizitzea gatik. Ordea sudurra baino arrazoina laburrago duten batzuek erran dute eta erraiten dute. Ordena haunetako botua dela kausa, botua ez konplitzea dala bekhatu egitea. Aita saindua Nikolao laurgarrena kontra dute hunelako erraillek, eta dio eztela bekhaturik ordenako ordenanzak ez konplitua gatik, heren ordena hunez minzatzen dela. Berze alde theologoek irakhasten dute botuko obligazinoaz minzaten direla promesa eta intenzionea obligazinozko gauzetan diferentak direla, eta biotarik bata eskas den orduan ezkarela bekhatu mortalen azpian obligatuak azkenzen, eta hala botu bat eta obligazino bat egite hunek iduria gatik, ezta ordena hunetan sarzen denaren intenzionea bekhatu mortalen azpian bere burua obligatzera hedatzen promes huneko manamenduak ez konplitzera eror badakio: aitzitik Iainkoaren garaziarekin batean promes egiten du bere promes ona egiratuko duela eta zeren ordena sarzen denaren, ordenan errezibitzen duenaren, ordena fundatu duenaren eta aprobatu duenaren borondatea baita bekhaturen penan ez nihor obligatzea, hala nihor ezta bekhaturen penan obligatzen.

Baldin botua dela erran nahi baduzu, botu da analogiaz, eta hala berze botu guziek obligatzen dute hunek ez; zeren eta gure Aita san Franzesek bera konbertitu zenetik hamalaurgarren urthean inspirazione sainduz obligazinorik gabe fundatu baitzuen eta zeren adimendu eskas batzuez berzerik ezpaita kontrariatzen ordena saindu hunetako erregela iustuen kontra.

        10. Berze ordenakoak zein bere ordenaz kontentatu behar dira; baina guziek abitu haur har dezakete, eta da tunika bat bere gerrikoarekin: perdunanza handiak ditu: Birjina andreak bere seme Iaunari egin zerokan arroparen memorioa eta kolorea du, eta gure nabusi Iesu Kristo Iaunari bere pasionean iaunzi zerukateneko memorioa. Gerrikoak signifikatzen du nola gure bekhatuak gatik iuduek gure Iaungoikoa garrotatu eta amarratu zuten, baina gisa gaizki.

        Abitua agerian darabilatenek meritu gehiago dute kapitain kuraiosek eta deliberatuek halako arrisku handiak eztarabilzatenen artean bezala.

 

 

Ordena hunetako perdunanzez

 

        Itsaso zabala unzi hersi batean zerratzea lizateke ordena hunetako perdunanzak ponturen pontu orai hemen tratatzea: baina prinzipalenez mainzatzea gatik eta debotak faboratzea gatik.

        Erregela generala da heren ordenako anaiek eta arrebek badutela perdunanzetan, garazietan eta faboretan fraide menorek bezanbat pribilegio eta parte; Inozenziok 8. eta Leonek 10. Laterango konzilioan.

        Ordena sakratu hunetako abisua harzen duzun egunean perdunanza osoa, eta minzo naiz prinzipalenez.

        Hirur aldiz urthean, da iakiteko, Sankta Katalinaz, orzegun sainduan eta eguberri egunean perdunanza osoa.

        Iesu Kristo gure Iaunaren, hunen ama sainduaren eta apostoluen bestak diren egunetan perdunanza osoa.

        San Franzes gure Aitaren besta egunean: Bonabentura, Antonio Paduakoa, Luis ipizpikua, Bernardino, Iakue eta santa Klara sainduak besta begiratzen diren egunetan perdunanza osoa.

        Miserere mei, Salmoa eta Deus qui inter Apostolicos orazinoa penitenziatzat apez anaiek kofesioan harzen dutela perdunanza osoa.

        Purgatorioko arimen penak gutitzea gatik eta bide hunez arima hek faboratzea gatik perdunanza hauk guziok plazer duenak irabaz ditzake: baina nota bedi hauk hunela irabaztekotz irabaziko dituenak, ordena hunetako ordenanzetara emana ezpada, ez ituela irabazten; diote Aita sainduek

        Finean heriotzeko artikuluan perdunanza eta absolbazino osoa fraide menorei bezala. Baina nola baita berthutea nobleziarik handiena, eta ordena hau berthuteko erregela, konpasa eta nibela, hala izanen denak enponituro berthutean eman beza gogoa eta bihotza. Gehiagoak bestetan notatuak dira p.o. letra hauk diren lekhuan; baina hauk eta gehiagokoak liburua ez sobera handitzea gatik utzten ditut.

 

 

San Franzesen kordoina

 

        Kordoin benedikatu hau darabilatenek erranen dute seiratan Pater noster, seiratan Aue Maria eta seiratan Gloria Patri, seigarren Pater, Aue eta Gloria Patriak perdunanza hauk guziok hunela emen zituen aita sainduaren izenean erran behar dira. Erroman, Ierusalalen, Porziunkulan eta berze lekhu sainduetan oren hunetarainokoan eman diren garaziak, eta perdunanza guziak non nahi direla orazino hauk debotki erranez irabazten dituzte.

        Lehenbiziko harzetik harat lehenbiziko kordoin harzearen berthutez gerogoagoko guziak ez benedikatuak nihork emanagatik, benedikatuak azkenzen dira. Kordoin hunen perdunanzak hirur aldiz notatuki dira gehiagokoez orai ez minzatzea gatik.

        Kordoin hunetan lehenbizikorik sarzen den egunean. Porziunkolako bestan bere bekhatuez urriki handirekin kofesaturik errezibitzen duela. Hilzen denean ahoz ezin erran badeza bihotzez hiruretan Iesus erraiten duela. Apez exortatzailleak eriari oren hartan Iesus erranarazteko dio, eta hala konfraria hunetakoak debotki erran beharko du, guziz ere oren hersi hartan perdunanza hunen irabazteko gogoarekin.

 

 

Heren ordenaren faboreko Aita sainduak

 

        Honorio, Gregorio; Inozenzio 4. Klemens 5. Eugenio 4. Nikolao 4. Kalixto 3. Pio 2. Sexto 4.

 

 

Heren ordenako sainduak

 

        San Luis errege Franziakoa.

        San Elzearius Arriango kondea.

        San Yues apeza eta sabanta.

        Santa Isabela Ungriako erregearen alaba.

        San Rok izurriaren arartekoa.

        San Luzius Podiakoa.

        Lukesius dohatsua eta San Franzesek berak abitua emana.

        Antonio Kalathagirona mairua.

        San Ioan Niger martira.

        Erramun Lulio.

        Andre Katalina Angieterrako erregina.

        Santa Arrosa.

        Don Leon Milango arzipizpikua.

        Don Gualter Triboko ipizpikua.

        Don Gazpar de Borja kardianala.

        Konstantinoplako enperadore senhar-emazteak.

        Robert Siziliako erregea.

        Konrado Siziliako aitonensemea.

        Domingo de Terris, ezkondua izana gatik 25. urthez kastitatean bizi ukhetu zena.

        Delphina Arriango kondesa bere bizi guzian kastitatean bizi izan zen ber espos Elzerariusekin.

        Mathiu Rubio Nikolao 4. Aita sainduaren aita.

        Nikolas de Torre Sagobiako elizan kalonge zena.

        Pauko Mantuakoa.

        Gehiago ikhusiko dute kuriosek gure ordenuko Aita Kaitonek orai berriro egin duen heren ordenako liburuan; zeinek dilientki notatu baititu Franzesez, eta hala nik ez itut hemen ezarri nahi, zeren hainitz baitira: ordena hunez ere dotrina ederra eman du.

 

 

Heren ordenakoek bere patroin sainduari othoitza

 

        San Franzes zeruko prize maitea, Iainkoaren adiskide handia, eta ontasun espiritualen bandera! baldin berze aldiz mundu hunetan bizi zinen orduan arimak konsolatzea gatik egin baitutzu predikuak, dotrinak, eta irakhatsmendu debotak, orai esperanza dut ardura duzula zeure botuko zerbitzariez; eta zeren zure hitzari eta hatzari iarraitea zeruko konseillu zuhurretan sarzea baita, arren fabora ezazu othoitzez eta suplikazinoz dagotzun arima behar hau, eta nola zeruko abantaillak konparazino gabe handiagoak baitira, erakhuts diazaguzu lurrean bezala hor ere orhoitzen zarela zure izena laudatzen dutenez. Bitarteko on batek hainitz daidi, kredita duenak hainitz irabaz diazaio beharrean dagoen bati, eta othoi puntada hunetan ez nazazula errefusa: beharra naiz eta konsidera ezazu ene estatua. Ea bada, saindu amorotsua, enplega zaitea pobre hunen aberatsten, flako hunen bortizten, eri hunen konsolatzen, apartatu hunen adiskidetzen, eta bere hobenak gatik gaitzetsia den hunen Iainkoa baithan garaziatzen. O pietatea! o amorioa! lurrak lurtu ahi deraut arima, ala baina bere kaltetan! Tradizino terriblea da, o ene arima, lurrari behatzea! beha zakitza zeruari, zeruan da zure dohatsutasuna eta zure harri naturala. Aparta ditzatzu ene ganik banitate sothilak hunetarakotz, o patraiarka saindua, eta baroin onhetsia! othoitz dezagun gure arimen salbatzaillea, arren ene adimendua argi dezan, memorioa aberats, borondatea erregela eta bihotza goberna. Badakizu zer ondiko den hemen bizitzea, badakizu zein gaitz den hemen eskapatzea: munduak, deabruak, haragiak eta ifernuak nola etsai minduak bethi maleziak pizten derauzkute, eta hauk duten sendagaillarik handiena da gure arimak kolpatzea, galzea, eta hondatzea; ordea aiuta nazazu, bethiere, ez ene mereziak gatik, baina zeure abitua gatik, etsaiak, irririk egin eztiazadan garaitu nauela. Hunelatan ene bizitzea onhetsiko da, zeure laudatuko, Iainkoa ohoratuko, Trinitate saindua loriaz betheko, santifikatuko, eta azken finean ene arima aita eternalaren laudatzera zerurako da. Biz hala.

 

aurrekoa