Lanaren semeak ikasi du
lanaren zortea bakarrik.
Nola egunoro jaiki behar den
goizean,
nola izerditan egosten den egunoroko
ogia,
nola eskuetako kailuekin egin behar den
maitasuna.
Lanaren semeak du ikasi
lanaren zortea bakarrik.
Bildu dizkiote esku potortuak
lanaren semeari,
haietan txapel izerditua,
hainbeste lanez beztua.
Ez die utziko semeei besterik
txapel izerditua baizik.
Goizetako presa,
izerdiz egositako ogia,
maitasunerako eskuetako kailua.
Eta bazterrean txapel izerditua.
Lanaren semeak ez du besterik
txapel izerdiz beztua baizik.