Odola dario herriari
tantaka
odol gaztea justiziazkoa,
askatasun bidea
ordaintzeko tantaka
gorriz,
egun sentia bezala
odol margotan egiten baita.
—Gazte: ekin aintzina
oraindik aintzina
oraindik aintzina
odoletan margotzen baita
herri guztien egun sentia,
gure herriaren egun sentia,
gure egun berriaren egun sentia.
Etorri zen egun batez
burua egina zuen urrez,
lepoa zilarrez,
gorputza brontzez,
haukak burniz,
oinak, ordea, loiez.
Jausi zen mendi gainetik
harri koxkorra —ezer ez—
abaidan zihoan haunditzen
gogortzen
sendotzen
eta jo zuen azkenik
oinetan, deseginez
loia
eta burnia
eta brontzea
eta zilarra
eta urrea
eta geratu zen guztien ordez
harrizkoa,
gizonentzat etxe egitekoa.
—Gazte: abiatu da harri koxkorra
atzo hondarra bezala xehe,
gaur ordea dator haunditzen
gogortzen
sendotzen
odolez doa inguratzen
tiro bakoitzak bizkortzen.
—Gazte: gaur edo bihar
loia joko du,
ta harekin burua.
Jaiki, bada, gaur
oraindik haundiagoa
gogorrago
sendoago
eta ekin aintzina
oraindik aintzina
oraindik aintzina
loia
burnia
brontzea
zilarra
urrea
jo arte.