Zurubi luzea
Pello Zabaleta

CAP, 1980

 

 

Gizon soilaren herrian

galdu da eskubidea, gizon

anaia ez da gaur anaia

negarrez dagoenaren malkoak ez du eta

kontsolatzen galdutako bakearen

arnasa.

Ez galdetu zergatik ari den negarrez

anaia, asma arren nolakoa den

bihotzaren nekea. Hartan dago

galduago

gizon horren malko ezina.

Bere hitza ez da hitz,

intziri da baizik, kolpetan

doalarik negarrezko erantzuna.

Anaia, ez galdetu zergatik

gizon hori dagoen negarrez:

asma gizonon mundua ez dela

haren lurra,

gezurra dela agian batzuena denez.

Eta ari bada negarrez

ari da esanez ez duela bere semeak

aita esateko ahorik,

haren barnean ito dutelakotz

gizonon lurreko gizon batzuk

hitz hura esateko indarra.

Negarra da noski bidea,

edo bestela heriotzea.

Galde bakarrik nola gizona ez den

gizon horren

baizen den bere buruaren.

Itxaropen bat erneko bada,

hartu arma gordetakoa eta abia

gizonon lurrean ez baitda bakea:

ez du tiroak egingo bakea,

ez du gorrotoak irekiko atea.

Baina, agian urratuko du

lotzen gaituen katea.

 

Zurubi luzea
Pello Zabaleta

CAP, 1980