Zeren azken finean
Patri Urkizu

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1984

 

 

AKELARRE

 

Larunbata akelarren

sorginak dira batzarren.

Larunbata akelarren

sorginak dira batzarren.

Erratza makilaz lanbro gainetik

parada dute Larrunen,

bide erdia Beraunen,

irten unea Londresen.

 

Ilazkia bete da ta,

hemen daukagun zarata,

Ilazkia bete da ta,

hemen daukagun zarata.

Atso zahar bigote bizardunak

arno sobera edanda,

sortu duten zalaparta,

dantzan muturrez topata.

 

Herri festak direnian

sorginak oro batian,

Herri festak direnian

sorginak oro batian.

Sataneriakin akort dabiltz

gau belarrak edanian,

tronpetaren akordian,

amodiozko dantzian.

 

Asto lasterrak izanik

prozesio ederrenik.

Asto lasterrak izanik

prozesio ederrenik.

Aurten ere ihauterietan

arrantza ez dabilenik,

ez daduka ez kemenik,

ez behar den zoramenik.

 

Zakurrak dabiltz zaungaka

katuak berriz marruka.

Zakurrak dabiltz zaungaka

katuak berriz marruka.

Ilazkiarekin enparantzan

idiak dantzan orruka,

ahuntzak saltoz txistuka,

eta azerha keinuka.

 

Hauxe bai dela zoramena,

boterea belarrena.

Hauxe bai dela zoramena,

boterea belarrena.

Belarrak dira bedeinkatuak

akerrarena baimena,

aker oker mokorrena,

adar bihur ederrena.

 

Aker beltzaren zulua,

hori bai dela tutua!

Aker beltzaren zulua,

hori bai dela tutua!

Oilar lumaz apaindurik dira

agureen tinko pitua,

buruz behera zutitua,

sartzeko prest gelditua.

 

Jende ororen zakilak

eztirudite ez hilak.

Jende ororen zakilak

eztirudite ez hilak.

Salto eta brinko baitabiltza

bilutsik atso guztiak,

salto eta brinko makilak

hoiek bai dira abilak!

 

Doaiak ditu belarrak,

baita ere arno zaharrak.

Doaiak ditu belarrak,

baita ere arno zaharrak.

Ehun bertutetako kamamila

adina arno nafarrak

sendatzen ditu kaskarrak,

arimetako langarrak.

 

Neskatxak direla birjin

ez diat eginen zin.

Neskatzak direla birjin

ez diat eginen zin.

Mutilak ez dira fraide,

beren.zakil xutarekin,

hartu nahi dute atsegin,

loak harrarte geldi ezin.

 

Besta amaitzera baitoa,

nausi egin zaigu loa.

Besta amaitzera baitoa,

nausi egin zaigu loa.

Eta hurrengo akelarretan

ekarri fermo dardoa,

berria gauza seguroa

marizikinez du joa.

 

Politiko anitz bada

egiten mila asanblada.

Politiko anitz bada

egiten mila asanblada.

Datorren urtez akelarretan,

oi ezpalitz arlotada,

debeka nahiz zirikada,

salba dezagun parada.

 

Ez duk hamahiru.

 

Zeren azken finean
Patri Urkizu

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1984