Zeren azken finean
Patri Urkizu

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1984

 

 

ARRANTZALEARI

 

Olatu bizkarrean

txalupa batean,

marinela kulunkan

ilunabarrean.

 

Etengabe lanean

zeru grisen pean,

goibelari begira

errezo artean.

 

Arrainen esperantzan

espero luzean,

noiz trabatuko ote

amuen tartean.

 

Saltoka noizpehinka

saski barrenean,

arraintxu batzu dira

hil zori tristean.

 

Karramarru biziak

eta aparejuak,

dabiltz korapilatuz,

atarramentuak!

 

Txiutxiuka kaioak,

non arrainkumeak

ote diren, bilaka

egiteko festak.

 

Beren moko zorrotzak

egiteko festak,

zilar afarretan

xurituz harkaitzak.

 

Ezpain puntak josiak

datozte lupiak,

isatsa zaplaztaka

hautsirik ur ertzak.

 

Agurea patxaran

ilunabarrean

kuarteroia erreaz,

ezpain kantoiean.

 

Trankil mendipean

ilargi betean,

etxeratzeko zain

azkena hartzean.

 

Ezta ezeren bildur

baina errespetuz,

itsaso zeru lurrak

ohoratzen ditu.

 

Segurtasuna baitu

orain bezalatsu,

heriok dituela

ezkilak oihartzun.

 

Zeren azken finean
Patri Urkizu

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1984