Zu, neska gazte
Euskaldun lore
Jaioterritik
Aldegin nahi dezula-ta...
Gau t’egun or zabiltz, ergel
Kilikari, txoraturik...
Horregatik nik
Egi bat
Esan nahi dizut.
Egi garratza. Zuk, Ama
Zahar, mamitsu bat daukazu
Behar dezuna maitatu.
Zu, neska
Gazte
Oroitu
Zaite!
Zu jaio zinan
Lehengo herri
Alaitsu, ona
Zu bezelako usotxo
Polit, egoki askoren
Kabi maitetsu, kuttuna.
Zure guraso
Aiton, amonak,
Bizitu ziran
Leku eder, bikainean...
Hori zure Ama dezu
Behar dezuna maitatu.
Zu, neska
Gazte
Oroitu
Zaite!
Goiko mendian,
Lore-belarren
Urrin gozoa...
Iturriko ur garbia,
Zozo ta urretxindorren kantak
Oi, nola alaitzen gogoa!
Hango gaztainak
Haritz ederrak
Sagasti onak...
Mendi alai hori ere
Zure egizko Ama dezu
Behar dezuna maitatu.
Zu, neska
Gazte
Oroitu
Zaite!
Haundi, zabala
Arraiz betea
Kantauri itsaso.
Batzutan bizi, haserre...
Bestetan paketsu, bare...
Euskal-arrantzaleak han
Agertzen dute
Trebe dirala
Zernahitarako.
Itsas urdin hori ere
Zure egizko Ama dezu
Behar dezuna maitatu.
Zu, neska
Gazte
Oroitu
Zaite!
Oroitzen zera
Haurtxo zinala
Aitonak zuri
Samurki erakutsiak
Euskerazko abestiak...
Antzineko gure kanta
Zahar, bihoztiak
Mundu guzian
Berdingabiak?
Euskal kanta hori ere
Zure egizko Ama dezu
Behar dezuna maitatu.
Zu, neska
Gazte
Oroitu
Zaite!
Oi, mendi goian
Haritz artean
Ederki dagon
Etxe Txiki basetxea
Ta hango sukalde goxoa
Oroitz alaiez betea...!
Ta suburu zahar
Beltzatik otoitz
Gartsuakin bat
Egin da, gora, zerura
Emeki dihoan kea...
Amonatxoren txunkurrun
Abesti paregabea
Sehaskatxoan
Gozoro dagon
Haurtxo txikia
Aingeru zoragarria!...
Etxe Txiki hori ere
Zure egizko Ama dezu
Behar dezuna maitatu.
Zu, neska
Gazte
Oroitu
Zaite!
Zergatik joan
Nahi duzu urruti
Jaioterritik?
Horra, zure zai hor dago
Euskaldun mutil gaztea
Haritza bezin sendoa...
Alperrik zabiltz
Nahita’re inon ez
Dezu idoroko
Horrelako galai onik.
Ez du lurrean parerik...
Bikain, azkar, arin, erne...
Hori zuretzat litzake
Adiskide, lagun maite.
Zu, neska
Gazte
Oroitu
Zaite!
Zure udaberri
Onak alde egin
Eta negu txar
Hotza datorkizunean...
Ileak zuritzen hasi
Ta arpegia zimurtzean...
Oi, bai, orduan
Nahiz berandu izan
Zure begiak
Zuzenduko dituzula
Zu jaio zinan lekura
Baserri zahar, maitetsura!
Zu, neska
Gazte
Gaur... behin
Betiko
Oroitu
Zaite!!!
Biarritz’eko olerki sariketan
1949’go urtean saritutako olerkia.
|