Negarrez dago, etxe-txokoan
Gaztainazpiko ama gaixoa...
Atzo goizean kendu diote
Bere semetxo bihotzekoa...
Negarrez dago urrun begira,
Larramendiko neska maitea...
Orain ez da lehen bezela igotzen
Goiko iturrira mutil gaztea.
Nork zatitu du horren gogorki
Emakume zahar berdingabea?...
Nork zimeldu du udaberrian
Landa alaiako LORE garbia?...
Notin txar,
Gaiztoa,
Bihotzik gabekoa!
Begi beltzduna,
Gosetien laguna...
Burruka
Zalea
Errukirik gabea.
Hartu duk
Gaztea
Amatxoren semea...
Bialdu duk gudara
Gizon onak hiltzera;
Eta hi, hor
Etxean
Gelditu haiz ohean...
Burruka
Nahi al duk?
Legez hik jun behar duk
Eta inor ez biali
Hire indarraz gudari...
Bilaua
Gaiztoa
Gogo txar-txarrekoa!
Ez dituk
Ikusten
Bihotzak erdibitzen,
Gizonak alkar hiltzen,
Eta bihotzak hausten?
Ez dek, ez
Ikusten
Hire odola isurtzen!
Ez dituk
Ikusten
Ama gaixoak mintzen,
Neska politak urtzen,
Eta aitak ere erotzen?
Ez duk, ez
Ikusten
Hire semea amaitzen!
Besteren
Samina
Hiretzat gauz arina.
Oi, gazteen odola!...
Ta hiri ez dik axola...
Gizon beltz
Idorra...
Bihotza duk gogorra!
Helduko
Dek hire
Azken ordua ere
Ta hire heriotzagatik
Inork ere ez negarrik...
Geldi zak
Gaur guda
Eta egintzak gentza
Bestela
Bihar, hi
Oi, zeinen estu, larri!...
Negarrez dago, etxe-txokoan,
Gaztainazpiko ama gaixoa...
Atzo goizean gudan hil zaio
Bere semetxo bihotzekoa.
Negarrez dago, gelan gordeta,
Larramendiko neska maitea...
Ez da gehiago arin igoko
Goiko iturrira mutil gaztea.
Besteren
Samina
Hiretzat gauz arina
Oi, gazteen odola!
Ta hiri zer dik axola...
Gizon beltz
Idorra...
Bihotza duk gogorra!!!
|