Sagartzazu’tar Kauldi olerkariari
Ondarribiara
Nere antzinako adixkide:
Zure INTZA BEGIETAN olerki xortarentzat Itzaurretxo bat eskatzen didazu. Bainan, olako olerki-xorta batentzat Itzaurre bat egiteko, zu bezain olerkari behar nuke nik izan. Eta Jaungoikoa'k ez bait-dit neri orrenbesteko doairik eman. Nere itza, zurearen aldean, txoarrearen txau-txaua, erresinularen txorro-txioaren aldean bezela-bezelaxe litzake.
Bainan, hori bai, itzaurre ordez beste uskeritxo batzuek esango dizkizut idazkitxo ontan, zuri ta zure lan ederrari buruz.
Bihoa lenen-lenengo auxe: “Satarka” izengoitia erabiltzen dezu? Ez baizait neri biziro atsegin nolabaiteko izen hori. Badakit zuk zure lotsatitasun ukigarri batez asmatu zenduana... “Satar-ka”. Bainan Sagartzazu izanda?... Ez Kauldi, ez. Etzenduan ongi egin zure Olerkiak izenpetzeko hori egin zenduanean. Zure olerkiak ez dira lotsa-emangarri izan inoiz ere. Eta... Sagartzazu, izen bete-betea dezu, inolaz ere ola txokoratzeko. Ez, adixkide, ez. Zu etzera “Satarka”. Zu Sagartzazu izan zera beti.
Ez dizut inoiz ere esan zer dan neretzat, nere barrurako, izen gogoangarri hori. Oraintxe esango dizut.
Guztiok degu, gure kolkorako, bakoitzak geren edestitxoa. Eta txikitakoa guztietan gogoangarriena. Edesti kutuna. Edesti apala. Bainan “edestia”.
Nik ez dakit beste nun eta nun diran Sagartzazu izeneko baserriak. Oiartzun'en degu bat guk. Errenderi-Astigarraga aldean. Antxe, Samarko'ren babesean Bastida, Zamora, Egieder, Sagar-tzazu... Etxalde bikaina Sagartzazu. Eguzkialde-eguzkialde. (Egutera esaten diogu guk). Eguzkiak, atera orduko betaz-beta jotzen duan baserri ondo ezarria. Lau kantoikoa. Urrutietatik ere ageri.
Orain ez dakit ala dan; bainan gure txiki-denboran, gerezileku bikainenetakoa zan Sagartzazu. Eta ontara ninjoan nere zearka-mearka luze guzti onekin. Sagartzazu, neretzat, orixe dala, orixe izango dala beti —eta zu ere bai, adiskide Klaudi—, Sagartzazu: gerezitegi; gure txikitako gerezitegi. Gerezitegi, urte sasoi onetan loratu, zuri-zuri loratu; eta xoxo ta biligarro kokaleku gainera, kantuz goiz-goizetik alai.
Al zera besterik guretzat zu, adiskide Sagartzazu? Zu ta zure olerkiak?
Gerezia. Gerezia loretan. Gerezia ale gorri-gorritan. Gerezi umo, gerezi ongi eldu, ikusi hutsez aoa ur biurtzeko gerezi umo, eldu-eldu...
Eta goiz-txori kantari...
“Goiz-txori” oni buruz, esango nuke beste zer-edo-zer ere. Bainan ez noa Idazki Idiki au geiegi luzatzera.
Goiz hasi zinan zu ere kantuan. Gazte-gazterik. Zure barruko sentierak kantari. Eta oraindik ere lengo, betiko ozen eta goiztiar jarraitzen dezu zure arlo zerutarrean jarrai. Kantari.
Zurekin hasitakoak, asko, geienak, isildu ziran. Eltzo ta Zubigar ziranak dauzkat orain gogoan. Eltzo Astigarraga'koa, ta Zubigar Lezo'koa. Jaungoikoa'k eraman zituan, zeru ederrean kantuz jar dutera, emen oi zuten zerutar jario ta etorri ber-berarekin. Zu, gure artean utzi zinduan Jaun onak, goiz hasitako jardun esnatiarrari guretzat jarrai zenezaion... Eta zuk, Jaungoikoa'ren dei ta doai jatorrari jarraikiz, pier iraun dezu gaur arte...
Eta gaur, zure biotzaren opari bezela, bihotzari, zure bihotz maiteari, Euskalerri maite, errukarriari, zure lorerik, zure kantarik ederrenaz orniturik, sortatxo bat eskeintzea gogoratu zaitzu. Zer nai dezu nik esan dezaizudan, adiskide maite? Ondo, oso ondo egin dezula. Zerutik ere zure lagun izandakoak orixe ber-bera esango bait-dizute.
Orra bada, gaurkotz, nik esan nai nizuna.
A! eta etzaitezela, arren, zure Sagartzazu abizenez biluzi geiago. Ez da lotsari, ez dira inorentzat lotsari, ez zure izena, ez zure olerkiak. Izen gogoangarri baizik, eta olerki sentigarri baizik; eta zerori neretzat adiskide besarkagarri.
Lekuona apaiza
Euskaltzaindiko
Epaila'ren 19. Joseba Deuna'ren egunez. 1957
|