Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968

 

 

9. JABEA

 

        Behin batean, gizon bat ikusi nuen, nola jotzen zion abere bati.

        Abereak, guztiz odoleztaturik, gizonari begiratzen zion, begiak gizonarenak baino gizonagoak zituela.

        Izerdi-tantak eta odol-tantak eta euri-tantak erortzen zitzaizkion.

        Batzutan heiagora egin nahi zuela zirudien, eta bildurragatik ezin zuela, eta eztarria haunditu egiten zitzaion.

        Azkenean, lurrera makurtu zituen belaunak, eta saihetsak dardarka, zerura luzatu zuen lepoa eta irrintzina mindu eta ahul bat egin zuen.

        Bertara egin nuen laster.

        Nire hasarrea menderatuz, gizonari eman nion bizkarra, eta zihorrak erortzen ziren aberearen partea estaldu nuen nire gorputzarekin.

        Gero, guztiz nerbioso, begiratu egin nuen, ez dakit zergatik, aberearen moduan, zerura, zimistez urraturikako hodeiez beterik zegoela ikusi nuen, eta gizona eta aberea batera besarkatzeko gutizia sentitu nuen.

        Baina, bat-batean, nire burua hain odoleztaturik eta hain barregarri ikustean, barre egin nuen, algaraka...

        Gizonak, ikaraturik, bentzuturik, oinetara begiratu zidan, arnegu egin zuen, tua bota zuen, eta iraindu ninduen:

        —Zoroa!

        Eta nik hau pentsatu nuen:

        «Zoro izan behar da edo iduri behar da batzutan.

        »Zoro bat naiz zuretzat.

        »Bestela oraingo esana zenidake zu zarela aberearen jabea, eta beraren gainean zuk agintzen duzula, eta ez beste inork, eta biok elkarri joak ginake;

        »dena abereagatik.

        »Ez zuk uste duzun abereagatik, ez;

        »ezpada barrenekoagatik, gure mundu ttikian hainbeste gerra eta bortxa alfer kausatzen duenagatik, gizon bakoitzaren barrenean bizi den eta jabeak edo morroiak izan behar dugun abere horregatik.

        »Beraz, nahi duzun bezala dei zaidazu;

        »baina orain, ni naiz hemen, ni naiz, diot, zure aberearen eta nire aberearen egiazko jabe bakarra».

        Honela pentsatuz, niri nola begiratu ez zekien abereari begiratu nion; lurrera makurtu behar izan zituen begietara begiratu nion gizonari; eta nire buruari besarkatu nintzaion, nire buruagatik,

        «Ai ene zoro, ene zoro!», kejatutzen nintzela.

        Eta jentaurrean honela odolez bustirik egoteagatik lotsaturik, etxera joan nintzen korrikan.

 

Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968