|
Hamalau alegia
14. ERROMESAREN ALABA
Gizon bat aulki batean datza. Nekaturik bide dago; kolore gaitza du; esker-eskuma begiratzen du; gero lurrera makurtzen ditu begiak; azkenean, lokartzen da, lokartzen bide da.
Alfer bat, seguru; edo hordi bat.
Bi goardia, bata sekeretukoa eta bestea agirikoa, haren zelatan daude; aspertzen diren arte; orduan, detenitu dute.
—Hemen lotan egotea, nork agindu dizu?
Ba daramate; errejista egiten dute.
Gizonak eramaten eta errejistatzen uzten die.
Galdetzen dute; ez du erantzuten.
Mututzat sinets-arazi ote du bere burua.
Dokumenturik, ez du.
Hori susmo txarra!
Jainkoak baleki nor ote den!
Pobre eta alfer, ideia onik ez du izanen.
Lan egiten ez duen gizon pobrea, eskean edo lapurretan dabil.
Hoek dira ez hiltzeko dituen beste bi bideak.
Lan egiteko ere eskean ibili behar da.
Eta honek ez du lanik egiten, ez dabil eskean.
Ez dakar, beraz, gauza onik.
Poliziak bere lojika du.
Gizon honek —dio—, ez du asko iraunen bekaturik egin gabe.
Horregatik...
Gartzelara, hamabosterako.
Zoaz aurrera!
Orduan bertan, jardin haretan bertan, etxeko seme bik barre egiten dute.
Goardia batek, haiei begiraturik, ezin dezake bere barrea gorde.
Barre eta barre egiten dute, barrez besterik ez dakite, batez ere jostun gazte bat iragaten denean.
Mundu guztiak, haek ikustearren, barre egiten du.
Zer izanen da?
Agur laidagarriren bat? Agur laudagarriren bat?
Halakosea baitda gazte jendea!
Neska bat iragaten da.
Agur egiten du; barre ere egin nahi du; baina ezin.
Gazte batek diotsa besteari:
—Erori zen?
Barre gehiago.
Neska hura ezagutzen dut.
Nire etxe aurrean bizi zen.
Langilea zen, goizero kantatzen zuen loreei ura bota-orduan, eta amodio haundiko nobelak gustatzen zitzaizkion, nobela hoek, ongi hasten direnak, gero negar eragiten dutenak, eta azkenean, amodioaren indarrez, behar bezala bukatzen direnak.
Bere aitarekin bizi zen, kaiko kargalaria, eta bere neba batekin.
Orain bakarrik bizi da.
Erori da!
Erori da, eta bere amodio haundiko nobela bukatzen hasi da; etxeko seme biren barreen artean bukatzen da.
Erori da!
Gero, noragino eroriko da, noragino!
—Flirt bat —dio etxeko seme batek.
—Kontuz, neba bat daduka —diotsa besteak.
—Melillan —seinalatzen du hirugarren batek.
—Agian hil da —menturatzen da laugarren bat.
Hala biz.
Barre gehiago.
Poliziak entzun eta barre egiten du.
Barre egin behar da.
Hau gazte jendea!
Gainera, hoek aparte dira.
Hoiek, lanik egiten ez badute ere, ez dute eskatzen, ez dute lapurtzen.
Bihar agintariak izanen dira.
Diruak bere eskubidea du.
Bat-batean, garraisiak, aldarriak, deiadarrak entzuten dira:
—Aita! Aita! Aita!
Andre bat erortzen da lurrera.
Eta gartzelara daramaten gizona, lokartuta bezala, amets-gaitzeko begiekin, tamainorik gabeko begiekin, zeruaren kontra finkatzen diren begiekin, goardi-artean aurreratzen da.
Hamalau alegia |