|
Hamalau alegia
6. GARIBAIA ETA ZIRAUA
Suge batek eguzkitan egiten du lo.
Garibaiak ikusi egiten du:
Hurbiltzen zaio, hegalarekin kolpe bat ematen dio, konortea kentzen dio, burua apurtzen dio eta ba darama mokotik zintzilik.
Sugea lotan zegoen haitzetik hurbil, aita batek begiratzen dio bere semeari, eta jaikirik, honela mintzatzen zaio boz sarkoiarekin:
—Justiziaren sentimentu bizi bat edukak.
—Eman derauadan bizitzearen motibo nagusia izan dadila justizia, ene arimako semea.
—Baina noizbait ikusten baduk lukurrero batek hauzi-eremale bat hil nahi duela, edo puta-jagole batek giza-galdu bat, edo jauntxo batek beste jauntxo bat, edo gastazale liberal batek diruzale zeken bat, edo jentaurreko bekatore batek beste bat, ez zak pentsa haien elkarren arteko burruka heriotzegarriek justiziarekin batere zer-ikusirik dadukatenik.
—Eta oraintxe bertan egin duguna egin zak orduan ere:
—Elkar hil dezatela utz zak!
Garibaia bere sugearekin hurruntzen da, hurruntzen da; eta orain etsai biak puntutxo bat dira zeru-mugako hurruntasunean.
Hamalau alegia |