|
Hamalau alegia
13. OIHANEKO ELKAR-HIZKETA
Zindorra geisorik dago, ez du airerik, mokoa makurtzen zaio, ezin du beste: Pena ematen du.
Goren adarraren gainean hil-hurren dago.
Eguzkia ba doa; batere kupidarik gabe, ba doa, eta gauak bere hegalak hedatzen ditu, erroi batenen parekoak.
Hilobietakoa bezalako isiltasun bat dago.
Oihan hilari usaina dario; mendiek, beltzez jantzirik, hurbiltzen zaizkigula dirudite, eta arboletako adarrak, elkar bilatzen duten atso-agure itsuen besoak bezala, luzatu egiten dira, dardarka.
Boz geldiak intziringarriak entzuten dira: Oihanean arima herratuak dabiltza, erori-jaikika, elkarri betiko agurra ematen dioten hiltzera doazanen musu luzeak entzuten dira; eta zerutik negar baratu bateko tanta batzuk erortzen dira.
Zezen batzuk iragaten dira, geldi, ametsetan bezala, beren joareak jotzen dituztela; zikoinak iragaten dira, zeru hobeen bila, itzal artean goseagatik aldarrika; otsoak iragaten dira.
Ilargiak bere sega ateratzen du; airea ikaratzen da.
Egun berriaren lehen argiak agertzen dira, ekaitz baten esperantzan.
Itzalek aurrera egiten dute; gari gazteak, aizea datorkienean, orientera makurtzen dira; mila orbel erori, hilda eta guzti, arboletara igateagatik alegintzen dira. Hegaztina zur-jale batek oihan itzaltsuetan egiten du garraisia.
Angustiaz isiltzen da dena pizkatean; eta ihorzirin batek ganibetkada bat ematen dio hodei bati.
Beste hodei bat iragaten da, euri gorria dariola, oihanak errebelatzen dira, hezur-jaleek deiadar motelak ateratzen dituzte, hibai-madreak hasarretan herratzen dira mendietatik.
Odolezko argi bat dator.
Erroiek ihes egiten dute;
gauontzek ihes egiten dute;
hegaztina larru-zaleek ihes egiten dute.
Pagagorriak ere txistu egiten du...
Goren adar hura hutsik dago!
FILOSOFOAK, eskuan espilu bat eta jaboi bat dituela:
Heriotzea atseden haundi bat da; diferentzia hau da: Ez garela atsedenaz konturatzen.
LEHEN PAPAGORRIAK:
Aditzen duzue?
Filosofoak ere hitz egiten du epetx urrikariaren heriotzeaz.
FILOSOFOAK:
Eta nireaz.
Batez ere nireaz.
Bizitzea filosofi-artean iragaten dugunok, lagun hurkoaren aitzakia hartzen dugu gure buruez hitzegiteko.
Urtea hiltzen den egun honetan, espilu honetan begiratzen diot ene buruari, eta urte hil geroago eta ugariagook nola geroago eta bizkorrago nire hamiltegira naramaten dakusat neure aurpegian.
Horregatik mintzatzen nintzen neure inportantzia guztiarekin epetx urrikariaren heriotzeaz.
BIGARREN PAPAGORRIAK:
Baina, hil dela seguru da?
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Bai.
LEHENBIZIKO PAPAGORRIAK:
Biba papagorriak!
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Hil, hil, ez dakit hil den.
Baina hilda bezala dago.
LEHENBIZIKO PAPAGORRIAK:
Zer?
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Hilda bezala dagoela.
LEHENBIZIKO PAPAGORRIAK:
Ha!
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Ez da inundik ere agertzen, eta txoriak, hiltzeko, ezkutatu egiten gara.
FILOSOFOAK:
Hala egin behar zukeen gizonak ere: Hiltzeko ezkutatu, batez ere erroietatik.
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Esaten nuen inundik ere agertzen ez dela.
Gorengo adarrean zegoen, ba dakizu, zutik egon ezinik; orain gorengo adar hura hutsik dago, eta arbola zilo batean ontzak begiratzen du. Ez duzu entzuten?
Sss...
Sss...
Hontza da.
Isil gaitezela nahi du.
LEHENBIZIKO PAPAGORRIAK:
Isildu?
Ez dut nik nahi.
Eguna da.
Biba papagorriak!
FILOSOFOAK:
Ez naiz zure jelos, anaia, baina filosofo bat ez zarela agirian dago.
Izan zaitezke, berriz, ba direla dioten eta filosofiaren bipi eta sits eskergaitzak besterik ez diren persona asko baino errezago; baina ez zara; zeren, bazina, esanen zenuke: Biba filosofoak!
LEHENBIZIKO PAPAGORRIAK:
Hori eta gehiago diot:
Diot:
Biba filosofoak eta papagorriak!
HONTZAK:
Isilik zaudete, edo bestela, nire erpe okerrengatik zin egiten dizuet, gaua datorrenean mendekantza hartuko dudala.
Isilik zaudete, epetxa geisorik dago.
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Geisorik ala hilda?
HONTZAK:
Hilda ez.
Nik diotsuet, haren begiran nagoen nik.
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Haren gainean jabetzen zaren zuk.
Haren gainean jabetzeagatik beraren egunak luzatu nahi dituzun zuk.
Zuk, lapur gautarra!
HONTZAK:
Sss...
Sss...
Sss...
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Baina guk, hain ongi nahi diogun guk, guk, epetxaren heriotzea gutiziatzen dugu, geisorik eta zahartuta dagoelako, hasnasarik ezin dukeelako hartu, mokoa makurtzen zaiolako:
Geisotasuna akaba dakion.
Egun asko daramazki hilda bezala.
Epetx urrikariarentzat ez dago munduan airerik.
Bakean bego!
Bakean hil bedi behin eta betiko!
AMILOTXAK:
Hura hil?
Ez hori inoiz!
Hiltzen bada ere, beraren bizi berriaren irudia piztuko dugu!
Hura hil?
Ez hori inoiz!
Legeak nola errespetatuko lirake hola?
KUKUAK:
Nork zerbitzatuko luke aberria?
HONTZAK:
Zer gertatuko litzaioke Jainkoari epetxa hil baledi?
HIRUGARREN PAPAGORRIAK:
Zer gertatuko zen epetxaren heriotzearen ondoan.
Zaudete!
Entzun zazue...
Jainkoa, legea, jabetasuna, aberria, denonak izanen lirake, kukuarenak, amilotxarenak, zindorrarenak eta ontzarenak ez-ezik. Nire dudak baditut ere.
Baina hala eta guztiz ere, epetxa hil bedi!
HONTZAK, ZINDORRAK, AMILOTXAK ETA KUKUAK:
Bizi bedi!!
FILOSOFOAK:
Zer pentsatzen nuen entzun zazue.
Bada, pentsatzen nuen heriotzeaz eta bizitzeaz mintzatzen zarezteneon, gauza oso tristea gertatzen dela gizonon artean: Dolumin haundiarekin egotea, fabrikaren batera joatea da, erostera datorren lehenarentzat gerturik dagoen hilarri bat erostera, eta honela, gure dolorearean arterioa azaltzea.
Nire iritzian, hilerrietan, hil-eskiribuak, jaboiez idatzi beharko lirake, zerura begira bakoitzak maiteen izan zuen lekura begira dauden espilu ttikiren gainean.
Honela ahaztu egiteko lurrean, milaka espilu legoke, eta gauetan azken mila dirdirok, ilargia gora doan bitartean kasoalidadez elkar topatuaz, ondorio bakan eta misteriotsuak kausatuko lituzke, arima penatuaren parekoak, eta gero, goizeko ihintzak berdin utziko lituzke espilu guztiak, hil-eskiriburikan gabe eguzkiaren zai.
Bai: Kristal bat, eta gure doloreak dirauen bitartean, egunero eguzkiari begira kristalean idaztera joan; eta gero, gure dolorea gutitzen den bitartean, kristalean pentsamentu geroago eta eztiago, nareago eta sakonagoak idaztera joan, lurrak jiraka darraikan bitartean, eguzkiak eta ez beste ezerk, betiko borratutako gure pentsamentuen kristalean bere eskiribu neurri-gabea jar dezan utzi arte.
BIGARREN PAPAGORRIAK:
Bai; baina, guzti horrek, zer har-eman daduka epetxarekin?
FILOSOFOAK:
Asko.
Txoriak maitatzen ditut, eta filosofoarena besteko hilobia merezi dute.
Epetx urrikariaren hil-eskiribua, urrikiz, jaboiaz idatzi nahi nuke.
LEHENBIZIKO PAPAGORRIAK:
Baina esan, esan:
Hil da?
FILOSOFOAK:
Gauza bat bakarra esan dezaket: Esku artean espilu bat eta jaboi bat ditudala.
LEHENBIZIKO PAPAGORRIAK:
Biba papagorriak!
HONTZAK:
Sss...
Sss...
Sss...
Hamalau alegia |