|
Hamalau alegia
2. SABEL-GIZEN ETA SABEL-HUTS
—1—
Halako leku batean ba zeuden bi zakur; bata ezin ibil zitekeen lodiaren indarrez, bestea ezin ibil zitekeen argalaren indarrez.
Sabel-gizen eta Sabel-huts deitzen zieten.
Lehendabizikoak gosea zer zen ez zekien; bigarrenak gosea zer ez zen ez zekien.
Zakurrek ez omen dute halako gauzarik liburuetan ikasten.
Behin batean, bere jabearen etxeko atean jaten zuen bitartean, zakur lodiak sermoiak botatzen zizkion zakur argalari.
Zakur bati inork inoiz esan dizkion zakurreriarik gaitzenak esaten zizkion.
Ibiltaria deitzen zion, belarri-gabea, gaizki-hezia, arkakusotsua, ezkabitsua, otseme-semea, eta aurpegira botatzen zion jabe-falta.
Txahal-hezurrak erakusten zizkion, bildots-hezurrak, zerri-hezurrak; oilo-hezurrak ere erakusten zizkion.
Eta ba ziotsan:
—Hik ez duk holakorik merezi, ezkabitsua,
—2—
Zakur argala, argalaren indarrez, ez zitekeen zutik jaiki, eta erantzuteko indarrak falta zitzaizkion.
Harrika eta makilaka zauritua, saki huts bat bihurtua, gosearren bere adurrak jaten zituen, eta ikaratu egiten zitzaizkion anka larrutuak; eta burua, pixka bat jaso ahal izaten zuenean, kolpe baten erortzen zitzaion.
Bere begiek, sukarrak janek, eskatu egiten zioten besteari, ez zakur batentzako sermoirik, ezpada hezur bat, hezur tiki bat, mesedez ez hiltzeagatik; esaten zioten besteari bere bizitzea ezertarako hezur tiki bategatik zoakiola.
Baina besteak, etxe barreneko prestutasunez hanpaturik, sermoiekin jarraikitzen zuen, eta begi gorrotagarriekin begiratzen zion.
Gosea zer den ez dakien zakur batek gosea zer ez den ez dakien zakur bati zaunkatuko dizkion irainak, ezin konta ahal dira.
Denak zaunkatu zizkion eta beste azken bat gainera.
Gehiegi jan, lagun hurkoa gehiegi laidatu, bere burua gehiegi laudatu eta berriz jan, besterik ez zuen egiten.
Pensatu behar dugu hala eta guztiz ere, bere kontzientzia ona zedukala zakur lodiak, eta geroko uzten zuela zakur argalari sokorritzea.
Hau da ez inoizko ere.
Zeren sokorritzea geroko uzten dutenek, beti uzten dute nori sokorri edo zerekin sokorri ez dagoeneko.
Kasoa da berriz, zakur argala, begiak geroago eta sukarrak janagoak, hil egiten zela, erremediorik gabe hiltzen zela, besteak, hezurrak erakutsi, eta
—Hik ez duk holakorik merezi, ezkabitsua, esaten zion bitartean.
Baina bien bitartean, guardia irago zen, eta...
Baina lehenago abisua eman behar dugu herri haretan zakur hamorratuak zebiltzala, eta aipatutako guardiak agindua zekarrela portalez atetik bozalik gabe aurkitutako zakur guztiei «odoleste» botatzeko.
Guardia irago zen eta odolestea bota zuen, eta...
Lodiek, jatera hain ohiturik dauden ezkero, beti obratzen dute argalak baino askozaz goseagoak baleude bezala, hauk oso ohiturik daudelako edo, ez jatera; eta okasio honetan erregela honek ez zuen bere faltarikan izan.
Goseak hiltzen zuen zakur argalak lurretik jaikitzeko indarra hartu zueneko, zakur lodiak odoleste pozoatua irunzita zedukan, agin artean betiko lelo hura ausnartu ondoren:
—Hik ez duk holakorik merezi, ezkabitsua.
—3—
Eta bertan gelditu ziren biak batera, ahoz gora eta ahoz behera, biak hilak, bata goseak eta bestea aseak.
Han utzi zioten, jateari Sabel-gizenek, eta ez jateari Sabel-hutsek.
Zeinbat bider ez diren holako kasoak ematen, zakurren artean baino maizago, gizonen artean ere, baldin eta gizonen izenak badaramazkite ere!
Hamalau alegia |