|
Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
hamaikagarren: AISTA GERLARIARENA
ŤAratak gorde zaitzalať esan zidanean amak, aditu ere ez nion egin ganoraz, hain bainengoen gudarako ordua noiz etorriko zain. Denboren hasieretatik geneukan Glodinoien berri, baina inoiz ez zuten orai bezala gu zirikatzen eta isekatzen ihardun. Airatanen herrian inoiz ez ditugu honelako gizon arimagabeak gustuko izan. Bihotzaren lekuan urrezko labe gori-goria baitaukate gure aztiek diotenez eta labe horretako suak bizi iraun dezan abere eta izaki ororen odola edan ohi dute. Azken neguan, ordea, elurretan bidaiari glatar bat topatu genuen elurretan erdi izozturik; hil baino lehen, Glodinoien lurraldeetatik zetorrela aitortu zigun ikaraz beterik, beldurtuko bagenu bezala. Gero, jakin genuenez, Glodinoien bitartez eduki omen zuen gure berri eta hargatik omen zigun hainbeste beldur. Glatar errukarriari guk bihotzaren ordez basurde larruz egindako zahagi tipi zulatu bat geneukala, denboren hasieran egindako bekatu izugarri eta aipaezin batengatik zahagi zulatua etengabean tantoka geneukala eta berau betetzeko izaki ororen odola edan ohi genuela esan zioten. Zein irain ikaragarri eta jasangaitz! Gu, Airatan Lehen Aitaren semeok, lur hauetako fruitu sustraituok, honenbesteraino irainduak! Anborren suak kiskalduko al ditu su mingarritan! Negu honetara arte, Atan Erregek borrokarako gose guztiak estali baditu ere, guda! esan zuten aztiek, guda! esan genuen denok eta guda! esan zuen azkenean Erregek. Elurrak urtu artean gezi, aizkora, lantza eta sastakaien zorrozten ihardun dugu, baina gainezka dira ibaiak eta gailur gorenek bakarrik diraute zuri. Heldu da ordua. Gudarako puztuta dugu bularra Airatanian jaiotako guztiok, jakin baitakigu Atan Erregek gidaturiko ejerzitok ez dezakeela gudarik gal, hobe bailitzateke borrokako aizkorakadak edo geziak emandako heriotza, hildako ohore eta anaiengatik negarretann lotsaren lotsaz hiltzea baino. Zazpi udaberri atzera ikusi ahal izan nuen lehenbizikoz Glodinoien lur eta herria. Artaldeak txikitu zizkigun hartzama baten ondoren hamar egun generaman oihanetan eta muino handi batera igotzean, han urrutira, Glodinoien herriko lehen harresien geriza ikus zitekeen ostertzean. Beltzune ikaragarria zen garien horian. Urrun egonagatik bertaregi zirudien bihozgabeen herriak. Elartzaren ehiza bertan utzi eta ez ginen harantzago joaten ausartu. Zenbat emango nukeen hango harresiak suntsitzearren! Zenbat, Glodinoien kimurik tipiena ere hilda ikusteagatik! Eta tenorea da. Prest dira gure bularrak. Bederatzi egun barru harresietan izanen gara. Zein ohore handi niretzat Airataniakoon garaipena honen hurbil ikustea! Min demait, ordea, Matra emaztearen uzteak, baina lotsaz litzateke jada hila Cilodinoien deusezterako prest ez banengo; ez luke nik eraikitako aterpe eta babesik nahi aurrerantzean; nire ehizen eta ardien larru eta jakiak baino lehen, gusturago luke hotzak eta goseak ezarritako heriotza. Airatanian ez lidake inork behatuko, eta norbaitek ukituko banindu, ezpataz moztuko luke ni ukitutako eskua. Airataniako Aista ehiztariaren izena ezabatu egingo litzateke memorietan eta inork ez luke denboren bukaezinean bere gurasoengandik halako izen lotsagarririk jasoko. Eskopetaz gainezka dira, ordea, mandoen kartolak eta kanoitzarrak tinko idi gurdi gainetan. Ondo beteta otar, zaku eta zahagiak. Prest gara zortzi eguneko bidaiarako. Txarrenean ere, goserik ez dugu pasako behintzat. Mindako Jaun Kondea daramagu buru bere zaldi gorrian. Bera aurrean doan bitartean ziur goaz oinezkook hemen atzean. Itzal handiko gizon hori hor aurrean ikusteak, edonoren itxaropenari eutsiko lioke. Aitonak berna galdu zueneko gerratean ere famatuak izan ziren Mindako Jaunak. Urteroko zergak kobratzean jai galantak eratzen zituzten herriarentzat eta prest zeuden beti festa eta borrokarako. Haien ausardia eta borrokarako senaren beldur ziren etsaiak eta beren ugel dirdiratsua eta ezpataren zorrotza ikustean, atzera egiteko beranduegi zela jakiten zuten. Ez zuen edonork haien erasorik geldiaraziko. Halere, Mindako Jaun Zaharrak hilik aurkitu zuten, barrukiak airean, kainoi baten bala beltzak jota. Haretaz gero, urteen iraganean etsaiak etsaiagotu egin zaizkigu eta gutariko edonork emango luke odola haiek garaitzeagatik. Jaun Zerukoak badaki zein ohore handi litzatekeen guretzat borrokan hiltzea eta zenbateraino goralduko lituzketen gure izenak ondorengo belaunaldietakoek. Hirurehun urte barru ere izanen dute, Jesukristo Gure Jaunaren izenean, mende honetako gure borroka eta garaipenen oihartzunek behar besteko laudorio eta goraipamena. Etsaia uste baino lehen agertu zaigu, ordea. Edonondik dator hemen tiroa eta bonba. Lehorreratzean lasai jaitsi gara itsasontzitik etsaia urruti zelakoan, baina gure Jeneralen berriak ez ziren onak, antza. Tankeak zain genituen lurrean barrena hamar milia egin baino lehen. Beste lanik ez dute eta informe txarrak sinetsi. Orain ezin atzera egin. Itsasontzia honez gero hartua du etsaiak. Nork pentsa zezakeen hain indarberritu eta hurbil izan zitezkeenik? Ahuldurik omen geneuzkan, handienak irabazita. Azken orduan laguntzaren bat hartuko zuten kanpotik, bestela ez daitezke hain indartsu ager. Zintrako borrokan emandako astinduarekin azkenetan omen ziren. Artilleria gehiena txikitu omen genien eta orain atzerakada hau. Ez da sekula bukatuko. Non ote da Matra? Umeak zaindu ezinik ibiliko da. Haur bixiak! Zer uste lukete lubaki honetan zikin eta bala batek noiz joko beldurrez ikusiko banindute? Janaririk bageneuka behintzat, baina aspaldian konboiek ezin izan dute honaino hurbildu. Ez janaririk, ez informerik, ez ezer. Inguraturik gaude geu ohartzeke. Laimer ere akatu dute. Eztanda ondoren zutitu naizenean, han zegoen zerraldo, burua txiki-txiki eginik. Gero eta gutiago gara zabortegi honetan eta abiazioa gaua baino lehen ez badator gureak egin du. Baina nola hurbil liteke abioirik elur honekin? Gure ziutateetan ahaztuta neuzkan hotzak piztu dizkit zuritasun izoztu honek. Gutitan egiten du elurra gure herrietan, etxetzarren berotasunak urtu egiten omen du malutek behea jo baino lehen. Etxetik urrun, gosez, hotzak, herdoilak janda eta zikin bizitzari eutsi nahiz. Ez al da inon hau geldituko duen Jaungoikorik? Arrazoia. Arrazoia. Nork dauka hemen arrazoia? Irten nahi eta ezin. Aluak! Banoa. Ez, ez, ilundu arte egon behar dut hemen, bestela muino gaineko metrailadorekoek ikusiko naute. Hemen geldi. Ez, banoa. Salto! Zelaia. Korri Aista. Utzi granadak, utzi pisuak, utzi fusilak. Korri Aista. Zelaia Aista. Berde-berdea. Han zubia, korri! Ez egin kasurik. Ez begiratu. Korri Aista. Azkarrago Aista. Laster da. PAW bat. PAW bi. PAW hiru Aista. Hiru zulo Aista. Bero beroak. Bularrean Aista. Akabo Aista.
Zer da epel hau? Nondik nora etorria? Arata? Arata? Hara hemen, Arata, zure miraberik apalena, gudako ohoretan hiru zauri sakonez hila. Bake garaian ehiztari bizkor eta gudan gudari leial ausarta. Arerioaren lantzaren luzeak inoiz beldurtu izan ez duena. Beren aurka otsoenak baino hortz zorrotzagoak eduki dituena. Matraren gizon zintzo eta langilea, hobenik tipiena egindakoan damuz beterik erruki eske etorri zaizuna. Arata, zure izena guztien gain goraldu duena. Zure zelai eternoetarako baimena eskatzen duena. Arata, zure erantzunaren zain dagoena... Arata?... Arata?... Arata?...
Ipuin ezberdinak eta erregalokoak |