|
Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
bigarren: EGITASMOA
Azken bi urte hauetan idatzi ditudan zenbait ipuin erabiliz eta borobildu gabe dauzkadan beste bi narrazio labur gehituz, liburuxka bat kaleratu nahi nuke datorren urtean. Lotsa apur bat ere ematen du hau esateak, baina ze arraio! noizbait irten beharko dute karpeta ilunen zoko tristetik. Ez al da hala? Ene ustez, dauzkadanetatik hiruzpalau hautatu eta gero agertuko dizkizuedanak gehituz, liburu itxuroso bat atera daiteke. Normala denez, ipuin batzuk besteak baino gustukoagoak ditut, baina oraintxe ez dakit zer pentsatu, batak hau esaten dit eta besteak hura. Badaezpada ere, denen kopiak igortzen dizkizuet hemen. Ikusiko duzuen bezala, ene ipuinek ez dute beste munduko helbururik. Errekreaziorik sortuko balute baten batengan, justifikatuak leudeke enetzat. Dena dela, berauen irakurketara iragan aurretik, komenigarri izango da guztiak a grosso modo azaltzea. Llabur-llabur. (Baina zureganako begirunez, irakurle, ipuin hauetako batzuk gero irakurtzeko asmoa duzunez, liburuan ez datozen ipuinez diodana bakarrik irakurtzeko aholkua luzatzen dizut. Eta aholkuari laguntzeko, letrak aldrebes idatzita daude.)
ORIO BUSTI ZENEKOA [letrak aldrebes] Ipuin laburra. Orioko Gabrielek ez badaki ere, aztia da. Sorgina. Berak esaten dituenak gertatzen dira. Nolabait kalifikatu behar banu, ipuin barregarria dela esango nuke.
AISTA GERLARIARENA [letrak aldrebes] Ipuin honek poztu dit, oraindik orain, bihotza. Errenteria Hiria lortu baitut. Oinarrian, guda ororen kontrako narrazioa da. Denboraren tratamendu berezi bat asmatzen saiatu nintzen bide batez, eta lortu dudala uste dut. Historiaurretik gaurdaino dakart Aista pertsonaiaren gudaranzko bidaia, baina irakurlea ohartzeke, denbora zati bat non hasi eta non bukatzen den aipatu gabe.
ITSAS IPUIN ANTZEKO BAT Honetan, Hondarribiak nigan sortutako pentsamenduak, eta bide batez, baforeetatik oliozko ontzietara eman zen saltoan oinarrituz, leinu baten historia dakart. Lokalegia gerta liteke ipuin hau. Narrazioa izateko poesia gehiegi sartu diot, agian.
JEAN PHOCAS MANIT-EN LAUDORIOZ [letrak aldrebes] Bi edo hiru aldiz idatzi dut, oso-osorik, historia hau. Oraindik ere hobe liteke, noski, baina oso kontu polita iruditzen zait halere. Bertan, euskaldunok izan dugun idazle gorenaren azalpena egiten diot Euskal Literaturaz liburu handi bat egin duen gizon bati. Ahaztu egin baitzaio bere liburukoetan gure Jean Phocas sartzea. Erreibindikazio ederra da.
LAGUN LESAKARRAREN AKATSTXOARENA Ipuin barregarria. Nire lagun baten hortzordea edonon galtzen da. Ez nago oso pozik, baina tira! okerragoak ere egin izan ditut.
BERANDU ZETORREN EPELA [letrak aldrebes] Hau dut nire azken ipuina. Lehendik idatzia baneukan ere, «Donostia Hiria»n aurkezteko berridatzi egin dut oraintsu. Bere aitagoaz ezer ez dakien mutil baten galderak ustiatuz, familia baten historia azaldu nahi izan dut. Baserri girokoa. Aitaren figura landu nahi izan dut bereziki, eta nireetan euskara ederrena daukana da. Hala uste dut, behintzat.
MATXATXARENA Elgoibarko jaietan girotutako toreadore kontuak. Tipo batzuen deskribaketa. Lokalegia, agian. Berez, herriko jaien programarako idatzia.
Emergentzia batean, beste bizpahiru ere aterako nituzke karpetatik, baina premiarik ez badago, hobe isilpean edukitzea. Hauen artean Elgoibar eta Azpeitiko ipuin sarituak daude, baina, egia esan, maiteago ditut argitaratu gabe. Lan zahartzat dauzkat eta. Aipaturiko zazpi hauetatik, JEAN PHOCAS MANIT-EN LAUDORIOZ, AISTA GERLARIARENA eta BERANDU ZETORREN EPELA aukeratuko nituzke nik. Irudirik gabeko ipuina, ordea, ez da hornitutakoa bezain ederra, eta horrexegatik, bakoitzak marrazki batez edo biz borobil dezan, lagun marrazkilariei ipuin bana emango nieke. Nik aukeratu behar banitu, RAMON AGIRRE donostiarra, PEDRO EZKURRA eta JOXE RAMON ELORZA elgoibartar gazteak hautatuko nituzke. Guzti hau borobiltzeko beste bi narrazio aipatu dizkizuet lehen. Niregatik balitz, egin arte zain egoteko esango nizueke, egin bezain laster bidaliko dizkizuedala. Izan ere, zer dakit nik idaztean zein gora-behera izango ditudan? Narrazio baten haserako asmoa AMAIA hitza jartzean egiaztatzen al da gehienetan? Hitzen eta momentu ezberdinen bariableek ez al dute ezer eragiten? Aitzakiak aitzaki, badakit zuek agindutako baldintzak bete behar ditudala. Halere, ez pentsa asmoetako ehundik ehuna beteko denik. Batek daki nola geratuko diren azkenean.
Lehena: Mahuka Gorri apatxeen buruzagiaren historian oinarriturik eraiki nahi nuke. Gizaki eta gizartearen deuseztatze basatia ardatz izanik. «Meskaleroen erresistentzia txikiturik, Oihan Borobilean bildu zituzten guztiak. Kartzela zabala besterik ez zen zabaltasun hartan. Nabajoen azkena ere hurbil zen. Carleton-en gidaritzapean, borroka bat bai eta hurrengoa ere bai irabazten zuten zuriek. Mahuka Gorrik aurrez antzeman zion bere herriaren galtzeari eta 1863. urtean mexikano bat bakea eskainiz hurbildu zitzaionean, onartzea erabaki zuen. Ez zegoen bueltarik. Bere herriak erretserban sartu beharko zuen. Hamabost gerlariz lagundurik iritsi zen arerioaren kanpamendura. Bere gizonek ez zioten joaten utzi nahi: ezer txarrik gertatuko ez zenetz, nola egon zitekeen hain ziur? Mahuka Gorrik arriskua aukeratu zuen. Fortean sartu bezain laster, gizon multzo batek itxi zion bidea. Isilik, Joseph West jeneralaren aurrera eraman zuten. Interrogatorioan ez zuen txintik esan. Zuriek, indioak buruzagiaren bila etorriko zirela pentsatu zuten. Kanpamendu erdiko sutondoan eserarazi zuten Mahuka Gorri. Inguruan zentinelak zeuzkan. Gauerdia zen ia eta hotz gorria egiten zuen gau hartan. Mahuka Gorrik ez zuen ahorik ireki eta bere sarapean bildurik suari begiratzen zion. Bi guardiak, presoa «berotzeko» garaia iritsia zela erabaki zuten eta baionetak su-garretan berotu ondoren, oin eta eskuetan igurtzi zizkioten indioen jefeari. Mahuka Gorri altxa egin zen supitoki eta baionetek gorputz guztia zulatu zioten. Ondoren bi tiroz errematatu zuten. Guzti hau nahikoa ez balitz, ile-larrua kendu zioten lepoa ebaki baino lehen. Ondoren zerebroa atera zion zirujano batek, ikertzeko omen. Gaur egun, Mahuka Gorriren burezurra Washingtong-eko Smithsonian Institute-n mirets daiteke. Ihes egitean akatu omen zuten. Gerra ez zen honegatik gelditu.
Hau da, jaunok, Mahuka Gorriri buruz dakidana. Ez esan niri ipuin baterako adina mamirik ez dagoenik. Behin eta berriz bakea lortzen saiatuagatik, bere herriaren defentsan ehunka eraso eginagatik, gudak eskaintzen duen zoriona besterik ez zuen ezagutu. Bere herriarentzat etorkizunik ikusten ez zuela hil zuten. Apatxeen sinbolo bihurtu zen ordea. Baita Txirikaua, Koiotero, Jileño, Arabaipa, Jikarilla, Lipan, Tonto, Begi Bero, Mogolloi, Minbreño, Pinaleño, Pinal eta Meskalero leinuetakoentzat ere.
Mahuka Gorrirena alde batera utzirik, ea bigarren proiektua azaltzen asmatzen dudan. Neronek jakingo al dut zer nahi dudan?
Ipuin hau «sail beltzekoa» izango da. Polizia ipuina. Jesuita izandako bat joango zaigu ikertzaile lanak egitera, Ameriketara seguru asko. Han asasinatze bati argia eman beharko dio. Izugarri zaila gertatuko zaio, baina azkenean, bere zorroztasunari esker, hiltzailea nor izan den argituko digu. Kakoa ez datza, ordea, ipuinaren harian, forman baizik. Euskararik onenak baino hobeto lagunduko liguke argazki zuri-beltz batek pistolaren tankera, giro beltza, balaren zuloa, e.a. adierazteko. Esperimentaziorantz lihoake, bada, azken hau. TXABI BASTERRETXEA argazkilaria ene laguna da, zorionez, eta aste honetan bertan hasiak gara guzti honi itxura eman nahian. Zer ateratzen den, denborak eta saiatzeak esango digu. Berez, kontzepzio modura, interesgarri iruditzen zait zenbait ikustapen fotografikoz lagunduriko kontaketa. Eta froga honetarako polizia kontua ez da edonolako aukera, mundu berezi horrengatik, bakoitzak dugun artxibo bisual aberatsagatik (nork ez ditu honelako filmak ikusi?), egokiena iruditu zait, zalantzarik gabe. Protagonista Jesuita ohia zergatik den, ipuina burutu ostean bakarrik jakin daiteke.
Eta guzti hau duzue, Jaunak, hortxe daukagun urte berri horretako lehen zatian egiteko ene buruari ezarri diodan lana eta zama. Zuen esku dago, azken finean, lan hau ordaintzea eta zama arintzea. Gehiegizko eskaera iruditzen ez bazaizue, behintzat.
Besterik ez, beraz. Adio eta nahi duzuen arte.
Hasier Etxeberria Canales Hondarribian. 1983ko azaroan
Ipuin ezberdinak eta erregalokoak |