Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1984

 

 

bosgarren:

ORIO BUSTI ZENEKOA

 

      Eurite izugarriak jota zebilen aspaldian Orioko itsas bazterra. Inork gogoratzen ez zituen urak zetozen goitik behera hodei beltz-beltzen artetik. Hamazortzi ontzi eta txalupa hondoratuak zeuzkan ekaitz alu hark. Beste hainbeste, Agiņa inguruko zelaietaraino igoak ikus zitezkeen nonahi. Marea handien eraginak ez zuen barkatzen.

      Orio aldeko baratze eta artadiak txikituak ziren ufalaren oldarraz.

      Sorginkeria guztiek berariaz bultzaturik balitz bezala, Zarautz eta Agiņa baino zazpi aldiz ureztatuago zegoen Orio. Bide guztiak moztuta, inork ez zuen ulertzen inguruko herrietan ezertxo ere ez eta han halako triskantzak nola gerta zitezkeen euriteagatik.

      Gainera, lehorte hain luzearen ostean, ez zen ohizkoa.

      Euri bera ere ezberdina zen: inoiz baino tanto lodiagoak goitik behera, batere haizerik gabe, danga-danga teilak zulatu beharrean, bideak hondatuz.

      Inork ez zuen deus ulertzen, baina Don Pedro pozik zebilen aspaldiko partez, hainbesteko artalderik ez baitzen erraz maiz biltzen elizpean. Kandela eta mantillen bat bateko ugaltzeak, antzinako elizkizun eta arrosario eder haiek zekarzkion burura.

      Zerbait egin behar eta, Gabrielek ere errezoka ziharduen ilunabarreko zazpietako mezatan. Berak behintzat, ez zuen hainbeste urtetan halako euri-jasa etengaitzik ikusteko okasiorik ezagutu. Badaezpadan errezatzea hobe, horrek kalterik ez behintzat. Hilabeteko ia bazter guztiak sutu zituen lehorte eta kiskaltzearen ondotik, nola zitekeen halako eguraldirik?

      Errezo artean gogora zetorkion bederatzi egun lehenagoko arratsa: arrantxikitan arratsaldea jo berri zuela (edade batetik aurrera gogortuegi izaten dira besoak txibitarako), Kattalin amarratzen ari zelarik, eguzki sutuak ia xukatu egin zizkion hirurogeita hamabi urtez haragitan gorderik zeuzkan ur eta izerdiak. Kaskarra ederki berotzen zuen. Afrikan ere ez zuen jasan halako berorik.

      Inoiz hitz txarrik, are gutiago biraorik, bota gabea izan arren, ukabilak sakatuz eta begiak gora begira, ia ahorik ireki gabe, ortziaren kolore urdin garbian erreparatu ere egin gabe

      LAPUTA!! GOIALDIAN DIAN DANAK BOTAKO AL DITTU!! —esan zuen amorru biziz.

      Madarikatuz bat hasi zuen euri-jasa, eta Txokoberoneko aterpean sartu beharra izan zuen babestera.

      Derrepentean zetorkion gogora gertaera hura. LEHEN EZ ZEN HALAKORIK pentsatu zuen mezatako azken amena baino lehen.

      ORAIN ETXERA JOAN BEHAR. HAU ZAPARRADA DEMONIYUA!! —esan zuen eliza-atarian, buruari txapela gogoz janzten zion bitartean— ETA PLAZA GURUTZATU BEHAR. EZ AL DIK BEHINGOZ ATERTUKO?

      Adinak ematen duen beldurraz (hirurogeitik gora bazter guztiak izaten dira labainak, eta kadera ateratzea ez da izaten txantxetakoa), poliki-poliki jaitsi zuen elizbideko aldapa.

      Plaza aldean, erretenek eraman ezin zuten ur guztia zegoen bildurik. Gurutzatu nahian erdi-erdian zegoenean, laprast egin eta behea jo zuen.

      Kadera ez zitzaion atera, baina bakailaoa zirudien beratzen jarrita.

      Gizakiak beregan bil zitzakeen indar guztiez, hodeien gaineko Jaungoikoari begira, honela oihukatu zuen:

      — ZEA!! ORAIN KAKINTZAK!!

      Turistak etortzerako ezin estaliz dabiltza oraindik ere Oriori joan ez zaion kakusaia.

 

 

Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1984