Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1984

 

 

seigarren:

PIM-PIM ETA CAPRICHO

 

7 xpv. int. 8-II-84.

 

ingresa en prision conocido delincuente

a las 10 horas de la mañana ha sido ingresado en + prision provincial de santander + el conocido delincuente + jose morales pera + de 80 años y natural de + aviles +.

+ jose morales pera + mas conocido por + pim-pim + esta acusado de dar muerte a su antigua compañera + concepcion canales varto + a la vez de que se le imputan otras 13 acciones delictivas contra la propiedad.

la citada + concepcion canales varto + de 53 años de edad fue hallada muerta en su domicilio de + santander + en abril del pasado año. se le apreciaron dos heridas de bala con orificio de entrada y salida en hemitorax izquierdo. tambien ha sido ingresada en prision la joven de 19 años + esther gomez pelayo + mas conocida como + capricho de pim-pim +

ambos fueron detenidos en la habitacion donde residian en + barcelona + (efe).—

 

      Kama-turkan etzanda, ezin kanpoko euririk ikusi. Pertsianak berriak ziren, ez zuten kalekorik sartzen uzten. Libanoko notiziak kendu eta beste zerbait entzutearren sintonizadorea mugitzean, Pim-pimek ez zuen bere gustuko emisorarik aurkitzen: pieza bat amaitu aurretik, beste bat aurkitzen zuen, eta haren ostean, beste bat, eta horrela.

      Kanpoko eguraldi kaxkarrak etxe barruko hotza handitu eta txartu besterik ez zuen egiten. Bonbona bukatu eta berriaren bila joatea atzeratzeagatik, bi aste paseak ziren etxe hartan estufarik pizten ez zela.

      Buruan besterik ez zerabilen jaiki zenetik: bezperatik pistola falta zitzaion poltsikotik. Caprichok tontakeriaren bat edukiko zuen buruan, eta hura etorri arte, ez zen lasaituko.

      Hirugarren zigarroa atera zuen. Hatsaren lurruna kea bezain lodi igotzen zen gorantz. Doble erretzen zuela iruditzen zitzaion.

      Erretzeko alkoholari kazo batean eman zion su. Berehala nabaritu zuen alkohol piztuaren usain urdinxka, hala ere gelako hotzak ateko tinbre hotsa multiplikatu besterik ez zuen egin.

      Atea zabaltzera abiatu zen, baina ireki baino lehen,

      Zein da? —galdetu zuen, beti egiten zuen bezalaxe.

      Capricho —erantzun zuen Caprichok atearen bestaldetik.

      Pim-pimek atea ireki eta uste ez zuen bezala, Caprichoren begirada betikoa zen. Ez zion, behintzat, ezer berezirik erreparatu.

      Ba al dago esnerik? —galdegin zuen neskak Pim-pimi musu eman eta gero— Bidean bi bollo erosi ditut gosaltzeko. Barruan txokolate urtua daukate. Tori hau zurea da —eta Pim-pimi pistola bueltatu zion Caprichok.

      Neberako bonbillak ez zuen argirik ematen, baina han ez zegoen esnerik.

      Kafea hartu beharko! —bota zuen Pim-pimek gabezia alaitzeko.

      Esan nizun, bada, erosteko.

      Aizu preziosa, hemen nik agintzen dut oraindik eta esnerik ez badago, zure lana zen honanzkoan erostea.

      Capricho harritu egin zen Pim-pim tonu horretan mintzatzen zitzaiola ikusitakoan.

      Goizean goizetik ez gara zarataka hasiko. Kafea hartuko dugu bolloekin —esan zuen irribarrez, Pimpimi laberik ez berotzeko—. Zu, jarri hor, nik berotuko dut ura.

      Sukaldera bidean, irratia itzali beharrean, botoiari oker eragin eta anuntzio bat ozenagotu egin zuen.

      Itzali hori! —agindu zion Pim-pimek.

      Horrexetara nindoan, memelo! —erantzun zuen Caprichok, irratia amatatzeko keinuak exajeratuz.

      Eta sukaldean sartu zenean, kazoa sutan jarri eta ginebra botilatik xurrut egin zuen.

      Bi bala falta dira. Non daude?

      Kaio bati disparatu diot Las Estrellasen. Baina ez diot eman, bi tiroak uretara joan dira. Punteria txarra daukat.

      Zergatik egin duzu hori?

      Ez nekien nola disparatzen zen. Punteria probatu nahi nuen.

      Pim-pimek, azukre gabeko kafetan busti du bolloa; kafe mikatzak txokolatearen zaporea estali dio.

      Gezurra! —esan eta zutitu egin da—. Non egon zara?

      Non egongo nintzen, bada? E! Esan! Pim-pimek ez du Caprichoren diru eta irabazien nondikakoez hitz egin nahi. Ez da inoiz ohituko.

      —- Bollo honek ez dauka txokolaterik —esan du azkenean Pim-pimek—. Tranpa egiten dizute.

      Concha garbitu dut.

      Pim-pim berriro eseri da, eta basoa eskutik utzi gabe, bestalderantz begira jarri da.

      Banekien.

      Zer zenekien zuk? —galdetu du neskak, berak ere begiak sukaldeko aterantz aldenduz.

      Noizbait egingo zenuela.

      Eta zer?

      Ezer ere ez.

      Argia itzali eta pertsiana ireki ondoren, «Honez gero alferrik izango da» esan du Pim-pimek eta komonean sartu da.

      Capricho gelara abiatu eta armairutik arropa garbiak eta normalagoak atera ditu. Toalla lehor bat ere atera du tokadoretik.

 

      Kaka egiten nagoenean ez sartzeko agindua dizut. Caprichok barre egiten du gizona hainbesteraino lotsatuta ikustean. Otarreko arropak labadoran sartu eta programa bat aukeratu du.

      Irten hemendik! —agindu dio berriz Pim-pimek. Labadora ireki eta bere arropak ere banan-banan sartu ditu besteekin batean Caprichok. Dutxako txorrota ireki, eta ura bero dadin denbora ematen geratu da.

      Oraindik ez diezu egunonik eman —esanez, bularrak eskaini dizkio Pim-pimi, egunoro bezala titi bakoitzari musu emateko.

      Ken hemendik! Kaka egiten ari naizenean ez sartzeko esan dizut.

      Bale, baina lehendabizi eman egunonak gure bi lagun borobil hauei.

      Alde hemendik!

      Zer uste duzu, nazka ematen didala zu horrela ikusteak, ala?

      Zoaz kanpora!

      Ez, dutxan sartuko naiz. Gortinekin ez da ezertxo ere ikusten, eta usainagatik ez zaitez preokupatu, nik ere ez dut lorerik egiten.

      Uraren palanka txorrotetik dutxara pasatu du. Dutxako uraren zarata Pim-pimen bonba tiratzearekin nahastu da. Gelara itzuli eta beste zigarro bat piztu du Pimpimek.

      Laster zatoz?

      Oraindik ez —erantzun du Caprichok komonetik—, bibote pixka bat daukat eta kendu egingo dut. Argizari berotuaren usaina hedatu egiten da etxe guztian. Pim-pimi beti gustatu izan zaio usain hori: emakumeren bat apaintzen, pentsatzen du argizaria sumatzen duen bakoitzean.

      Irratia piztu du berriro. Ezin du gustuko musikarik sintonizatu. Guztietan hizketan ari da norbait.

      Zergatik egin duzu? —galdegin dio Pim-pimek gelatik komonera.

      Zuk zergatik uste duzu, mozolo?

      Ez dakit. Horregatik galdetzen dizut, ez dakidalako.

      Pentsatu apur bat eta asmatuko duzu.

      Ari naiz bueltaka, baina ez dut ezer ikusten. Ni zurekin egongo naiz beti. Concha ahaztuta neukan.

      Baina berak zu, ez.

      Hori zuk uste duzuna da. Concha ez zen nitaz akordatzen.

      Oso bestela zen. Ondo dakizu zuk, ez daukat nik esan beharrik.

      Gezurretan ari zara.

      Ez nion menopausika horri zu nigandik urruntzen utziko!

      Pim-pim komonera joan da. Capricho berarengana erakarri du gerritik eta musu bat eman dio.

      Maitea! —esan du Pim-pimek eta Capricho negarrez hasi da.

      Esnearena zure kulpa da. Zu zaude etxean egun guztian —ihardetsi dio Caprichok zotin artetik. Pim-pim, erantzun beharrean, mutu dago. Ez daki zer esan eta ez da erraza korapiloari irtenbidea topatzea.

      Ez dakit nola esan behar diren gauzak. Askotan tontotuta ez ote zauden pentsatzen jartzen naiz —esan du azkenean Pim-pimek, neskari heltzetik lagaz.

      Ez dut berriz egingo. Komonean zaudela ez naiz gehiago sartuko.

      Capricho logura da. Gau osoz itzarririk aritu da bezero bila eta orain mantapeko gozoa besterik ez du nahi. Pim-pim eskutik heldu eta oherantz ekarri du.

      Zer egingo dugu orain? —-galdegin du Pim-pimek. Jolasean hasi da Capricho. Besterik ez daki zer egin.

      Zerbait egin beharrean gaude —berriro ere Pim-pimek.

      Bai, baina zer?

      Ez dakit. Hemendik alde behintzat.

      Lo. Caprichok ez dauka besterik buruan. Nekaturik dago eta hotzaren aitzakian kutxararena egin dio Pim-pimi. Elkar loturik daude estufarena ahaztu nahiz.

      Noiz kendu zenidan? Atzo gauera arte ez nintzen konturatu.

      Sekretoa. Esango banizu, hurrengoan beste zerbait asmatu beharko nuke. Ez dizut esango —erantzun dio Caprichok.

      Pim-pimek Caprichoren erantzunaz konformatu behar izan du. Beti izan da horrelaxe: azkenean berak nahi duena egiten du beti.

      Bartzelonara joango gara arratsaldeko trenean. Concha topatzen dutenean berehala etorriko dira hona.

      Atea ondo itxita laga dut. Usaina botatzen hasi arte ez dute ezer ere pentsatuko.

      Badaezpadan, gaur bertan joango gara, ez dut disgusturik nahi.

      Baina, nik ez dut Bartzelona ezagutzen!

      Nik ere ez. Nork pentsatuko du han gaudenik? Horrexegatik joan behar dugu hara.

      Bale, zuk jakingo duzu.

      Arratsaldeko sei eta erdiak arte libre dute eta kuluxka batek ez die kalterik egingo. Erdi lo daude biak.

      Capricho, lotan zaude?

      Bai.

      Aizu, txakurrak etortzen badira...

      Zer?

      Ni izan naizela esan.

      Zergatik?

      Nork agintzen du hemen?

      Zuk, baina nik ez dut horrelakorik egingo.

      Orduan, bakarrik joango naiz Bartzelonara.

      Ezta pentsatu ere. Ni zurekin noa.

      Nik agindutakoa bete, bada.

      Ondo da. Zuk nahi bezala.

      Ondo lo egin.

      Berdin.

 

Localizados sospechosos asesinato concepcion canales varto - stop - solicitase informacion jose morales pera pim-pim y esther gomez pelayo capricho stop. urgente stop. comandancia 9 barcelona stop.

 

 

Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1984