Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1984

 

 

zazpigarren:

JEAN PHOCAS MANIT-EN LAUDORIOZ

 

Parisen, 1983-X-5

 

      Juan De Araquistain Jaun Agurgarri horri, agur.

 

      Nondik nora hasi erraza ez bada ere, zuri idatzitako guztietan bezalaxe, eskerrik beroenak ematetik hasi behar oraingoan ere. Zure azken lan hori, ordainezina baita guretzat. Zuri zor dizugu, direnetan, Euskal Literaturari buruzko lanik serios eta gorena. Jakina, SUSTRAI argitaletxeak kaleratu berri duen zure LITERATURA VASCA liburukoteaz ari naiz.

      Horrelako baten premian ginen aspaldidanik, eta zure lan sendo eta sakon horrek, gainezka, pozarren, jarri ditu euskal literaturzaleon barruak.

      Zehaztasun kronologiko horiek eta estilo ezberdinen azterketa zorrotzak, gure jakin nahi ororen betegarri gertatu dira orain arte ez bezala. Luzarorako ezarri duzu Euskal Literaturari buruzko mugarri tinko eta marka sendoa. Pixka baterako esanak geratu dira, gure idazleez, beharrezko guztiak. Eta zinez diot, nire esku balego, zor zaizunaren arabera sartuko zinatekeela gure Herri honen Historian: Izan dugun literatur tratatugilerik handiena bezala, alegia.

      Neu geure literaturaren aztertzaile izanik, ez nuen uste sorpresa handiegirik jasoko nuenik, baina, dena esan beharra dago, nork ez du miretsiko zenbait gairi eman diozun tratamendua? Nork ez ditu estimatuko zure aurkikuntza berri horiek? Urruzuno eta Saldias-en lan argitaragabe horiek, ahozko literaturatik idatzitakora falta zitzaigun katenbegia, XVII. mendeko idazle ezezagun horiek eta beste milaka kapitulu jakingarri dira, diodanaren ezaugarri zintzo eta adierazlerik onenak.

      Alabaina, ezin aipatu gabe utzi MARDUL aldizkariaren azkeneko alean agertutako nire hitzaldi apala. Bertan, gure idazle ezezagunena dakart plazara. Jean Phocas Manit, ene ustez, gure idazle gorena denaz diot zertxobait. Oraindik ere bere garrantzia eta onespena jaso ez duen idazle baten izaera eta historia argitu nahi ditut, ene ahalmen umilez. Eibarko Euskararen Astean emandako hitzaldi baten transkribapen hutsa baizik ez duzu, baina ene ustez diodanaren lagungarri gertatuko zaizu.

      Beharrezkoa baita bakoitzari berea ematea eta Phocasi merezi duen goraipamena eskaintzea, zuk egin duzun bezalako lan handi eta zintzoetan batez ere.

      Ene ustez berebiziko garrantzia duen hau argitu eta bultzatzeko, zuzena deritzot MARDUL aldizkariko lantxo haren kopia bat ekartzeari. Jean Phocas Maniti buruz esan dezakedana, gehiena behintzat, bertan baitago argitaraturik.

      Behar duen adina arreta eskainiko diozulakoan, berriro eskerrak emanez, nahi duzun arte.

 

 

JEAN PHOCAS MANIT-EN LAUDORIOZ

 

      Jean, okindegiko seme zenez, ez zen eskolatua. Lehenengo liburua eskutan eduki zuenean, hemeretzi urte bete berria zen. Anartean ez zuen sekula paper idatzirik ikusi begien aurrean.

      Zauriturik zetzan bidaiari haren alboan marrazki eta zeinu haiek, bata bestearen ondoan, errenkadan, elkarri josirik ikusi zituenean, baten batek denbora luzez ariturik, politi-polito egindako lana begitandu zitzaion eta,, badaezpadan ere, gorde egin zuen etxeko ezkutaleku batean.

      Phocasek, inork ikusten ez zuenean, berarekin eramaten zuen liburua eta lanik gabeko tarte urriak idazti hari begiratzeko ustiatzen zituen.

      Orri guztiak banan-banan pasa ondoren, bi eskuez hartu eta belarrondoan inarrosten zuen, hotsen bat, edo beste edozer, irtengo zitzaiolakoan. Baina ez.

      Merkatu egun bategatik izan ez balitz, Jean Phocasek aspaldi zukeen liburu hura harrika norabait jaurtia, baina zerbaitetarako balio zuela pentsatze sinple hark, badaezpadan ere, luzaroan gorde erazi zion, eta halaxe, lehen esandako merkatu egun horrexetan, zorrotik, ohartzeke eginda zeukan tarrata batetik, Epaipiku Jaunaren hanketara erori zitzaion.

      Jean, hain gizon agurgarriari, liburuaren erortzeaz kalteren bat egin ote zionez, beldur zen.

      Epaipiku Handiak, alboan zeukan mirabeari liburu hura eskuetaraino hurbil ziezaion agindu eta — «Lisandra Lasai eta Katamotza», ederra liburua! —esanez, Phocasi itzuli eta alde egin zuen.

      Jean Phocasek ez zuen inoiz hain hurbiletik hura bezalako gizon handirik ikusi, eta haren ahots sakon eta arropa bereziek aho zabalik utzi zuten pixka batean.

      Geroxeago, «Lisandra Lasai eta Katamotza» liburua zer ote zen pentsatu zuen berekiko eta alboko salpostuetara liburu izeneko hartaz galdetzera abantatu zen.

      Gauza haren berri norbaitek ba al zuen galdezka hasi zenean, erotzat hartu eta iseka, barre eta trufa egin zioten. Begira! Ero bat! Uuuu! esaten zioten.

      Azkenerako, ahal izan zuen moduan, ihes egin eta plazaren beste muturreko arbolen atzean zeudenen artean nahastu zen, negarrez.

      Hainbeste zoritxar ekarri ziona, esku artean estutu eta ur putzu zikin batera jaurti zuen amorruz.

      Jean Phocas Manitek bere gazte bizitza laburrean zehar egindako amorruzko ekintza bakar hartaz konturatu zen, orduantxe pasatzen zen gizon tiki garbi bat. Putzutik liburua kontu guztiz berreskuratuz, zapiaz zupatu eta Jean Phocasi honela esan zion:

      — Aizu gazte, gizonak egin dezakeen bekaturik handienetako bat egin duzu oraintxe.

      Liburua Jeani bueltatuz batera egundoko erretolika jaurti zion: «Lisandra Lasai eta Katamotza» garai hartako obrarik nagusienetakoa zela, liburuak ez zirela horretarako egiten. Liburuen garrantzia gizonaren historian eta beste bimila gauza gehiago entzun zizkion Phocasek errenkadan.

      Jeanek bere egoeraren berri eman zionean, gizonak, harrituta,

      — Neuk lagunduko dizut —erantzun zion— Asteartean etorri nire etxera.

      Ondoren helbidea esan zion. Berak erakutsiko zion liburua erabiltzen.

      Urte hartako astearteak izan ziren Jean Phocasentzat egunik hoberenak. Elurte handi hartakoa kenduz gero, gainerako astearte guztietan joan zen etxe hartara eta hogeita hamabigarrenerako «Lisandra Lasai eta Katamotza» liburua bukatu zuen. Bazekien irakurtzen.

      Masu Jaunak —Julius Masu zeritzon putzutik Jeani liburua itzuli zion gizon agurgarriari—, behar beste erakutsi ziola eta handik aurrerakoa bere gauza zela esan zion astearte berean.

      Phocasi negarra irten zitzaion beragatik egin zuena eskertu nahi izan zionean, eta eskerrikasko esan beharrean, txistu soinu mehe bat atera zitzaion agurtzean.

      Jean Phocas Manitek berandu zebilela bazekien. Ordura arte galdutako denboraz damu zen: zergatik ez ote zuen liburu hura zertarako zen lehenago galdetu?

      Masu Jaunaren ikasgaiez asko akordatzen zen, haserakoez batez ere, haiek egin baitzioten eraginik handiena: L eta I, LI. Laugarren astean, laugarren asteartean, LISANDRA izen osoa irakatsi zion.

      Ez zion gizon beneragarri haren memoriak, hil artean, gogotik alde egingo. Beti izango zion begirune eta zorra. Ez zitzaizkion Masuk esandako hitzak berehalakoan ahantziko:

      Har ezazu kutxatila hau Jean, mutil ona eta azkarra zarenez honenbeste merezi duzu eta. Gainera nik ez dut honen beharrik jada.

      Kaxa hark barruan zer zeraman jakin gabe, eskerrak eman zizkion Jeanek, bere jakin-nahiaz eta ontasunaz gizon harengan zirrara sor zezakeenik pentsatu ere egin gabe. Hainbestekoa baitzion berak zorra!

      Berehala adierazi zion, ordea, Masu Jaunak oparia zer zen eta zertarako nola erabili beharko zuen:

      Kutxatila horretan dagoena, mundu honetako aberastasunik ederrena da, baina ondo aukeratzen ez baduzu kaltea besterik ez dakarkizuke. Kutxa irekiz. gero, kristalezko hiru kaxatto aurkituko dituzu: berdaila da bata, bestea gorria eta horia azkena —bare-bare esan zizkion guztiak Masu Jaunak—. Baina gauza ez da hemen bukatzen. Hiruretatik batek bakarrik lagun diezazuke, ordea, eta horretarako zeinek lagun diezazukeen argi eduki beharko. Ziur aukeratu beharko duzu. Lehenengoan okerrekoa hartuko bazenu, bertan behera hilik geratuko zinateke. Inor ohartu baino lehen, hauts. Deus ez.

      Jeanek ezin zuen halako berri izugarririk gizon haren ezpainetatik sinetsi. Baina laster hartu zion tankera, eta azkenerako, gertaera hura ezaguna zitzaiola sartu zitzaion buruan. «Lisandra Lasai eta Katamotza» liburuan irakurri zuen bezalaxe gertatzen z.en dena. Julius Masuk aurrera segitu zuen eta liburuko katamotzak esan zituen hitz berberak esaten hasi zen:

      Zuzeneko kaxattoa hautatuko bazenu, ostera, zeuk nahi izanez gero, hiru desio handienak lor z.enitzake. Hala nahirik, mundu honetako eta besteetako aberastasun oro eskura zenezake. Basapizti handienak baino indar handiagoa lortu. Herioari uko egitea ere zure esku legoke, ondo aukeratuz gero —ezagunak ziren Phocasentzat hitzok—. Kontuz, bada, zeure hitz eta aukeretan —Lisandrak ogia, bakea eta osasuna nola eskutatu zituen zetorkion burura Jeani—. Eta orain, betirako agur lagun maitea.

      Elkarri eskua eman ondoren, Masu Jaunak ere, bustiak zituzten begiak.

      Jean Phocasek baso zoko batean ezkutatu zuen kutxatila une hobe baten esperantzan eta bere okin lanari lotu zitzaion berriro. Kaxatto zuzena aukeratzeko beta izango zuen gero ere.

      Lanak uzten zionetan, Julius Masu Jaunaren etxean iragandako orduak etortzen zitzaizkion gogora. Lanari lotuta egon behar bazuen ere, ez zuen etsi, eta bazekien liburuetako argiak esperantza bat bizten ziola bide bazterrean.

      Denborak barkatzen ez duenez, urteetan ere aurrera. Hogeita hamar egingo zituen apirilean eta ez zion bere bizimoduari atarramendu itxurosorik ikusten. Beste edozein okinek bezala, birikak irinez usteltzen hasiak eta bular-bernetan, labeko su beroak jota, azala txartuta edukitzen zuen beti.

 

 

      Aita hilik, gainera, ez zirudien aldatzeko modurik asma zitekeenik, labe hari berak etekinik ez ateratzekotan, nork aterako zion, bada? Nork eutsiko zion arbasoengandik jasotako okintzari?

      Hiru urte gehiago eutsi zion han, eta azkenez basora joatea erabaki zuen, kutxatilaren ondora.

      Hamazazpi egun eta gau iraun zuen kaxattoa aukeratzeko eta azkenerako, alde eta kontrako guztiak ondo argitu eta hausnartu ondoren, kaxatto gorria hartu zuen eskutan. Ez zuen batere zalantzarik. Hantxe zegoen altxor guztien iturri eta emailea. Kaxattoa ireki egin zuen.

      Ke tiki bat baizik ez zen irten kaxattotik eta bizkarretik, zuzen-zuzen, hamar zentimetrotara atzean jarri zitzaion. Bira eta buelta emanagatik, ezin zuen hodeitxoa inoiz ikusi. Halako batean:

      Zeure zerbitzurako nator Jean Phocas Manit Jauna —esan zion atzealdetik zetorkion ahots batek—, eska itzazu nahi dituzun hiru desio.

      Jeanek ondo baino hobeto pentsatua bazeukan ere, ez zekien zer esan. Gogoan zeuzkan, hala ere, Masu Jaunaren kontuzko aholkuak. Poliki-poliki, eta hitzak zuhurki pentsatu eta tartekatuz, hodeitxoari bere nahiak agintzen hasi zitzaion:

      Mu-du-a-ren o-rain ar-te-ko his-to-ria i-daz-teko ar-gi-ta-su-na e-ta in-da-rra na-hi di-tut le-hen-dabi-zi. Esan zuen.

      Hala bedi! —agindu zuen hodeitxoak.

      Jean Phocasek, bat batean, izugarrizko jakinduriak pilatzen zitzaizkiola nabaritu zuen. Buruko txoko txikienak ere, bete egin zitzaizkion irudiz, eta bere jakituriaz ziur, azkarrago hitz egiteko gogoa sartu zitzaion:

      Bigarrenez, haitzulo bat, mahaia eta aulkia nahi ditut. Ezingo du inork inondik koba zulo hori ikusi. Ikusezina izango da —eta eskerrak eman zizkion Goiko Jaunari segidan eta okerrik gabe berak nahi zuena eskatzeko aukera eman ziolako. Hurrengoan, badaezpadan, polikiago eskatzea erabaki zuen.

      Hori besterik ez bada, bedi! —esan zuen berriro hodeitxoak.

      Ezkerraldeko haitzetan hartzulo baten sarrera sortu zen. Phocasi nahi zuen guztia lortuko zuela iruditzen zitzaion.

      E-gu-no-ro ja-na-ri-a e-da-ri-a pa-pe-ra e-ta tinta e-ka-rri-ko di-dan mo-rroi mu-tu bat na-hi dut.

      Halaxe izan dadila! —agindu zuen berriro hodeiaren ahotsak, eta ia instant berean, zerbitzari beltz bat agertu zen alboko kobaren sarreran.

 

 

      Phocas ez zen hodeitxoaren desagerketaz konturatu. Minutu batzuk egin zituen leku hartan bertan, zeremonia amaitu gabe zegoela iruditurik.

      Azkenean, harperantz abiatu eta sartu zenean, barrua bake handi batek bete zion. Idatzi egingo zuen. Zernahiren arrazoirik xumeena ere, idatzi egingo zuen.

      Gustura zegoen Phocas zuloaren babesean. Egunen joan-etorrian, morroiak zintzo ekartzen zizkion jaki, edari, orri eta tintak. Egunaren zatirik handiena idazten igarotzen zuen. Gainerako orduak egurasten eta lotan joaten zitzaizkion. Pozik zegoen benetan eta liburuaren titulua asmatzea pentsatu zuen.

      Hasieran, latinezko OMNIA hitzaz hasten zen izenburu bat etorri zitzaion burura, baina inork ez ziola ulertuko eta beste izen bat asmatzen hasi zen. Izen handi bat nahi zuen liburuarentzat eta azkenean OROREN ARRAZOIN hautatu zuen.

      Biziki gustukoa zuen liburuaren izena. Ederra zen oso. ORO hitzaren zabaltasunak eta ARRAZOINen indarrak, liluratuta zeukaten gure gizona.

      Tituluak zeukan edertasuna, liburu osoari atxiki nahi zion, ordea, eta aitzakiarik gabe, idatzi eta idatzi egiten zuen:

 

      «Aspaldi, oso antzina, harriak landare bihurtu baino lehen, ilargia txikitu aurretik, dena zen Jaiogabea. Jaungoikoek ez zioten erreparatu sekula aspaldian urrunean bueltaka zebilen gure mundu honi.

      Asko ziren Jaungoikoak orduan, eta bazen, haien artean, Jainkotxo ttiki eta ahul bat. Arta deitzen zioten. Jainko honixe zor diogu guztiok garena eta hemen nonahi zena, dena eta izango dena.

      Gizonok uler ez genitzakeen garaietan, izugarria piztu zen zeruetan, eta horren ondorioz, Arta Gure Jaungoikoa, guztiz izuturik, mundu honetako leize zulo sakon batera etorri zen ezkutatzera. Han iraun zuen luzaro zeruetakoa baretu arte.

      Irteteko tenorea iritsi zitzaionean, asko kostatuta aurkitu zuen irteera zaila. Lan hartan bota zuen izerdiak leizeko hautsa ukitu zuenean, bizitza oro sortuko zuen lehen prozesu kimikoa gertatu zen.

      Arta Gure Jaungoiko Jauna zeruetara itzuli zenean, gutxi zekien mundu utzi berri hartan bizitza hasi zenik.»

 

      Jean Phocasek, honelako zati ugari izkribatu zuen. Zernahiren jatorria eta nondik norakoa idatzia zeukan. Baita gizonek sekula ikusi gabeko zenbait animaliarena ere:

 

      «Oraintxe aipaturiko itxuraldatzeak benetan sinesgaitzak iruditu bazaizkizu, orain esango dizudan hau ere egia da, irakurle. Izendegian oraindik izenik ez daukan har batek eman du, nik dakizkidanetan, itxuraldatzerik azkarrena. Gauetik goizera eman zuen itxuraberritze harrigarria eta.»

 

      Eta ondoren prozesu osoa kontatu zuen.

      Pasarte hau dagoen bezalaxe, zeinahi galderaren erantzuna idatzi zigun. Egiptoko garaiak baino lehenagotik hasi eta gaurdaino gizonak egin dituen galderen erantzunak idatzi zituen.

      Zati zoragarri honetan, adibidez, amona-mantalgorriari pinporta beltzak nola agertu zitzaizkion kontatzen digu:

 

      «...eta erbiak gehiagotan marrubiarekin nahas ez zezan, urteen buruan, beltzune borobil batzuk irten zitzaizkion sorbaldan.»

 

      Zenbat eta zenbat honelako ez ote zuen idatzi gizon handi hark! Handia eta umila gainera. Hara zein ongi ageri den bere apaltasuna liburu haserako eskaintzan:

 

      «Julius Masuri eskainia duzue liburu hau.

      Berari eta Jaungoikoari zor baitiet naizena.»

 

      Azken puntuaren ostean, izenpetu zuenean, liburua handiegi ez ote zitzaion egin pentsatzen hasi zen. Hainbeste urtetan, atsedenik gabe, idazten aritzeak, ehunka, milaka orri osatu zituen. Zaharregi zegoen bera horrelako pisu bat altzoan hartuta ibiltzeko.

      Halako zamarekin lagun ziezaion, morroi mutuari deitu zion. Hogei eta zazpi urte lehenago, liburukote hura hasi zuen egun berean, ezagututako mirabe azkenerako zahartua.

      Bi agur okerren artean liburutzarra nolabait jaso eta kobazulotik ateratzera abiatu zirenean, inoiz ez zutela liburua handik iragaiterik izango ikusi zuten. Estuegia zen kobazuloko sarrera kaxkarra.

      Tira batera eta tira bestera, orri batzuk zartatzea besterik ez zuten lortu.

      Egunak urte eta urteak mende egin ziren. Jean Phocas eta bere morroiaren berri zehatzik ez zuen inork jaso. Hainbeste urtetan idatzitako lan handi hura ezin kanporatzeak tristuraz hil zituela esango nuke nik, Dogson-ek bestela uste bazuen ere. Bere ustez, liburua bukatu aurretik hil zen Phocas.

      Lan handia ezingo zuela bukatu, ez zuela astirik izango, ikusirik, etsituta hil zela dio Dogson-ek.

      Hori hala balitz, ordea, nahiz eta liburua erabat finitua ez izan, Phocas saiatuko zen liburua argitaratzen, eta ez zuen horrelakorik egin.

      Ez, ez. Dudarik gabe, liburuaren handiegi izateak dauka gertatutakoaren erru guztia. Eta hantxe galdu zen, ene ustez, Euskal Letrek izan duten gizonik oparo eta apartena.

      Haize zital batek, zorionez, liburua ateratzeko indar hartan eroritako zazpi orri puska kobatik ateratzeari esker, eta garaiko beste paper gutxi batzuei esker, dakigu dakiguna.

      Literatura Unibertsaleko obra handienak lauso zitzakeen liburua girbindu zelako, zientzia-liburu guztien ama bilaka zitekeena heldu ez zaigulako, izugarri galdu zuen gure hizkuntzak eta, batik bat, Euskal Letrek.

      Baina, leku txiki bat emanez bederen, goral dezagun Jean Phocas Manit gure Literatur Tratatu Nagusietan.

 

Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1984