|
Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
bederatzigarren: LEHEN KULUNKAK
«Ekialderantza joan ziren bi egunez, gero hegoalderantza hiru egunez, eta sartalderantza, baina alferrik. ‘Hegaztiek ez dute itsasoan zuhaitzik pausatzeko’ errepikatzen zuen kapitainak, lantzean behin, begiak usoek bezain zabalik.» J. Sarrionandia
Anterok beranduago ikasi zuen itsasontzian hotzik handienetan egoten dela girorik beroena, orduan hasten baitira arrantzaleak elkar jokako jolasean eta gorputzen ferekan; hotzak bortxatzen ditu jokoak, eta esku belztuak berotzeko, sudur eta kokots hormatuak epeltzeko, ez dago mugitzea bezalakorik, itsasoko haize zorrotzak gorputzak zulatu eta zainak tinkatzen dituenean, alferrik baitira gainerako guztiak: arropak, xirak, salda beroak. Mugitu egin behar izaten da kubiertan, eta albokoa saihetsean joz gezurretako borrokan murgildu, odol beroak orduan bakarrik ufaltzen baititu gorpuzki izoztu oro, hotza hainbesterako ez dela pentsaraziz. 1973 garreneko otsail hartan, ordea, Anterok ez ziezaiokeen antzik eman zetorkionari. Egun hartara arte goizoro zortzi eta erdietan jaiki ohi zen bederatzietarako eskolan egon zedin. Gosari beroa hartu eta zuzenean joaten zen matematikak eta gramatikak ikastera. Geografiako irakasleari ikasia zion Tierra del Panen gari ugari zela eta Reykjavik Islandiako hiriburua zela. Aitari entzundakoa zuen, ostera, urrutian Europari ipar-aldetik hasera ematen zioten irla haietan bezainbeste bakailaorik ez zela beste inon harrapatzen, eta Islandiako arroka guztiek kaio zirinez beteta egon behar zutela iruditzen zitzaion dagoeneko gizondutako mutiko kaskagorriari. Reykjavik kosta kakaztuaren hiriburua zen. Goiz hartan ama esnatzera joan zitzaionean, lau eta erdiak zirela esan zion, azkar ibili beharko zuela garaiz heldu nahi bazuen. Bere lozorroan ezin zuen asmatu zergatik esnatu behar zuen berak eguzkia atera baino lehen eta bestetan baino askoz goizago. Itsasoan lanera joan behar zuela ohartu zenean, urduri jarri zen, eta Loiola edo Bilborako txangoan bailihoan, antsiaz bete zitzaion bihotza, eta altxatuz, mantapean utzi zuen logura lo-jantziarekin korapilaturik. Gosalondoan, inoiz ez bezala, musu bat eman zion aitak eta besarkatu ere egin zuen, bere ezpaleko mutikoa bedeinkatu nahi balu bezala. Amak, aitak eginiko zeremonia berdintsua errepikatu ondoren, xira berria sartu zion galtzarpean eta eskuetara egunkariz bildutako pakete txukun bat, lokarri kibiztatu eta guzti, eman zion. Barnean bi arrautza eta ogi errabeta bat zeuzkan. Listo. Bazegoen itsasorako prest. Eskailerak jaisterakoan, izurdeak eta tiburoiak harrapatuko zituztela pentsatu zuen dohakabeak; itsasotik itzultzean bizarra izango zuela eta laster, aitak bezala, erretzen hasiko zela; hazita eta mutilduta itzuliko zela itsasotik, berak ez baitzuen nehoiz haurrik arrantza lanetan ikusi. Harro nabaritzen zuen mahoizko galtza berrien igurtzi latza belaun eta izter aldean. Ataritik irten bezain azkar, gizon lodikote bat atera zitzaion Marinako arbolapetik. Arrantzalea zenik ezin ukatu: txapela eta oinetakoak ez besteko guztiak urdinak zeramatzan, itsasoko haize eta kresalak laztutako azal gorriduna, betaurreko nabarrak sudur gainean eta bizarra ondo moztutakoa. — Antero hi al haiz? —galdegin zion mutikoari hortz zuri artetik. Anterok, baietz esan ordez, buruarekin hala zela adierazi zion. — Goazen! —esan zion besterik gabe gizonak. Porturantz abantatu ziren elkarren alboan. Goiza ez zuen anartean zabaldu. Kaira bideko farolak bizturik zeuden, nahiz eta gurmatzetan pospolo hezeak baino gehiago ez argitu. Anterok azkeneko farolean zeuzkan begiak eta ohartzeke atzean utzi zuen Martin izeneko arrantzale bidelaguna. — Aspertuko haiz! Segi, segi itsasora! Aspertuko haiz! —oihukatzen zion marinelak hanka gazte haien pauso azkarra nolabait moteldu nahiz. Antero arrantzale lodikotearen zain geratu zen une batez bere parera hel zedin denbora ematen. Hala ere, kaira heltzerako, berriro aurrea hartu zion konturatu gabe, azken kriseiluak hipnosi berezi bat sortuko bailion. — ¿Tú eres el nuevo? —galdetu zion norbaitek ontzi baten gainaldetik. — Sí —txistukatu zuen Anterok, eta hotzaren hotzez eta harainoko ibilera azkarrak barrua berotu ziolako, hatsak, lurruna baino gehiago, kea zirudien. — Baja, baja —agindu ostean, katalana zela esplikatu zion, horregatik ez zekiela euskaraz. Orduantxe ikusi zuen lehenengoz patroia: txaketoi urdinak ahoraino estaltzen zion aurpegia eta bisera batek begietaraino, bazirudien «Bienvenido a la fragata. Vamos a por los holandeses!» esan behar zuela. Antero apur bat gehixeago hurbildu zitzaionean, bere buruan egindako irudia gezurrezkoa zela ohartu zen: txapelaren gainean sartutako anorakaren txanoak ematen zion biseraren tankera, eta anorak ilun berak txaketoiarena. — Hoa sukaldera ttottua! —agindu zion lehor kapitain itxurako patroiak. Ezkaratza non zegoen ez bazekien ere, behera jaitsi bezain pronto, eskubi aldean, ttottua izan bitarte behin eta berriz garbitu beharko zuen sukaldea eta ontziteria ikusi zuen. Dena garbi eta txukun, berria bailitzan. Bazter batean gazte bat ikusi zuen irribarreka. Ordura arte ttottua izandakoa zen, Anteroren errelebo berriarekin egun batetik bestera marineldua. Okaran ilezko itzal batek iluntzen zion sudurpea, baina oraindik ez zitekeen bizarra zeukanik esan. Mutil hura ikustean, itsasoak ez duela bat-batean gizontzen ikasi zuen Anterok. Periodikozko paketea apal gainean utzi eta kubiertara igotzeko esan zioten. Han, kaxa handi batean eseri eta lasai egoteko ere bai. — Gaur ez duk ezer handirik egingo —esan zion Martinek, ziur asko atarian jaso zuelako nolabaiteko arduradun sentituz. Antero eserita zegoen kaxaren azpian, aluminiozko txapa zabal bat zegoen ontziaren aldetik aldera. Zur artean, izotzezko ispilua zirudien metalezko maindire zabaldu hark. Motorrak martxan ziren eta itsasorantz zihoazen amak emandako txapel txikiegia zuzen jantzi eta bista ontzitik kanpora altxatu zuenean. Eskola-lagunak oraindik ohean lo egongo zirela pentsatu zuen, baina ez zeukan haienganako ondamurik. Bost axola zitzaion bareek arrautzak nola jartzen dituzten edo Rawalpindi nongo hiriburua den. Ur-azaletik begiak altxa eta ontziaren barruko aldera begiratu zuen, cocker tiki iletsu bat zegoen aluminiozko txapa irristakorraren gainean. Olatu bakoitzaren astinduarekin ziii joaten zen arrastaka batetik bestera. Harixe begira zegoela sumatu zuen estreinako eztarri alderanzko barne bultzada hura. Orduantxe ulertu zuen amak jarritako errantxoaren gutia: Bi arrautza gehiegi izango ziren berarentzat. Sabelak, dantza geldoegi hura sumatzean, gosarikoak botarazi zizkion kareletik behera. Arrain tiki multzo bat ikusi zuen ur azalean, berak kanporatutakoak nork jango. Ikuskizun bitxiak areagotu egin zion botagura, eta ia erabat hustu arte iraun zuen karelari besarkaturik. Martin, ttottu berriaren zurbilduraz ohartu zen. Seguru asko hotzak hilda zegoela pentsatuko zuen, ezen xira janzteko agindu baitzion. Antero kaxa gainean eseri zen berriro eta alboan zeukan xira destolesten hasi zen. Plastiko berriaren usaina hartu zuenean, berehala etorri zitzaizkion kofradiako denda eta dendari besamotzaren irudiak gogora. Ezaguna zuen usain hura. Kofradiaren usaina zeukan. Ala kofradiak zeukan xira usaina? Berdin da. Baten baino gehiagotan, aitarentzat balde edo berun bila joan zenetan, usain hura, gasolina eta pegamenduarena bezalakoa iruditu izan zitzaion: sarkorra baina aldi berean gozoa, gustuz arnasteko modukoa. Xiraren txanoa jantzi zuenean, plastiko gogorraren menpe, loturik, preso, geratu zen. Ordura arte usain gozo iruditu zitzaiona, nazkagarri bilakatu zen orain, eta sudurretatik urdaileko apurrekin nahasteraino nola sartzen zitzaion nabaritu zuen. Botalarria baretzeko, cockerrarekin batera aluminio gaineko dantzan zebilen erramu adar bati lau hosto eten zizkion, sudurpean, plastikoa eta ahoaren artean, jartzeko. Siraren usain sarkorra pixka bat umiltzea lortu zuen, behintzat. Poliki-poliki gizonen zereginez olgatzen hasi zen, eta goiz partean ez zuen berriro zorabiorik izan. Kaxa handi haren gainean luzaro geldik egoteagatik, ordea, beste borroka batean murgildu beharra etorri zitzaion: hotzak eraginda gogorturik zeukan gorputza. Ipurpean sartu zituen esku izoztuak eta orpoez kaxaren kontra joka hasi zen berotze aldera, baina hankapuntak ezin zituen inolaz ere berotu eta sudurretik ur ttanttoak erortzen zitzaizkion. Gehiago sekula jantzi ez duen xira tenteak, belarriak, aurpegia edo lepoko azala ukitzen zizkionean, bazirudien labanez emandako sastadak egiten zituela, edonon zauriak sortzen zitzaizkiola plastikoaren igurtziarekin batera. Bazkaltzeko ordua iritsi zen azkenerako. — Tortilla bat egingo zioagu ttottu berriari —esan zuen baten batek. Tortilla egitean ateratako usaina aski izan zen Anteroren botagura handiturik berpizteko. Korrika atera zen sukaldetik kubiertara, eta botaka eman zion musu itsasoari karelean oker-oker eginda. Eztul lasaigarri batzuk egin ondoren sukaldeko gizon artera sartu zenean, tortilla ikusi zuen bere plater gainean prest. Gordin-gordina, egin gabeko arrautzaren mukia zerion, baina ez zen ausartu ezer esatera edo tortilla paderan berriz frijitzeko eskatzen. Gizonkote guztiak berari so zeuden. Lehen zatia irentsitakoan, kubiertara joateko ere ez zuela denborarik izango pentsatu zuen. Bazter batean bota zuen tortilla zati jan berria. Barre egin zuten batzuk, eta ez zela ezer, berehala pasatuko zitzaiola esan zioten. Jaten jarraitzeko. — Tori, Jainkoaren odola! —esan zuen batek zahatoa luzatuz batera. «Odola? Odola?» pentsatu zuen Anterok. Ondoren odola edan beharko zuela iruditu zitzaion, eta azkenean, ardoaren usaina iritsi zitzaion kolpera. Arrapataka igo zituen eskailerak eta berriro ere botaka egin zion itsasoari. Anterok hil egingo zela uste izan zuen. Ez zuen ulertzen gizon haiek nola egon zitezkeen tente, eta une batez, umeek maiz izaten duten amorru sakonaz, gorrotoa nabaritu zuen eskifaiarenganako. Arratsaldez, legatz arrantza hasi bezain laster, lan apur bat egin beharko zuela jakin erazi zioten. Legatza atzeman ondoren, batek tripa irekitzen dio labanez arrainari, eta beste batek, arrabak, legatz arrautzak, bereizten ditu tripetatik. Bigarren hau izan ohi da ttottuaren betebeharretako bat: baldea hanka artean hartu eta esku batez barrukoak uretara bota eta besteaz arrabak plastikozko ontzira. Kaioak berehala hasi ziren Anterok botatzen zituen tripak zeinek harrapatuko. Hantxe zeuden kareletik metro eta erdira hegaka eta zalapartaka. Hegaztiak ikusi arte Antero ez zen ohartu ez zeukala inora joaterik, han geratu beharko zuela kaira itzuli arte inolako ihesbiderik gabe. Etxeko estufa etorri zitzaion gogora, eta haren ondoan balego hotz oro uxatuko zuela ere bai. Arraben behatz arteko irristadurek berriro piztu zioten botalarria eta beste behin joan behar izan zuen bordara, hegaztiengana. Bota nahi eta ezin, orduantxe egin zuen botaldirik luzeena. Uretarantz makurtuta zegoela, Martin hurbildu zitzaion kezkaturik, eta bizkarrean joz honela esan zion: — Bota, bota! Hau ez duk ezer, berehala pasatuko zaik. Antero, Martinekin hitz egiteko, ondo zegoela esateko, hura ez zela ezer errepikatzeko, berehala pasatuko zitzaiola adierazteko, burua postura hartatik altxatzen saiatu zen, baina zorabioa nagusitu zitzaion indar haietan eta beste behin egin zuen botaka. Bordari itsatsirik egon zen ordu erdi baino gehiagoz. Azkenez, burua altxatzean, arratsaldea bukatzear zegoen eta eguzkia ikusi zuen ostertzean ezkutatu eta ur guzti hura ispilu gorri bilakatu nahian. Berriz ere makurtu zen, baina ezin izan zuen ezer bota. Bueltan, portura zetozela, Martinek bordari heltzeko agindu zion, eta zutitzeko. Halaxe egin zuen Anterok. Gainerako guztiek bezalaxe, gorputza zuzen eta burua tente jarri zuen, hainbeste koadro eta erretratutan ikusia zeukan bezalaxe, aitak agindu bezala. Hamarretan ohean sartu zenean, negar egiteko ere ez zuen astirik izan, hain baitzegoen nekatua. Biharamunean amak lau eta erdiak zirela esan zionean, garaiz heltzeko mugitu beharko zuela, lo hartu berria zela iruditu zitzaion. Aurpegia garbitzera joan zenean, bizarraren ordez, makar artetik ihesitako malkoak ikusi zituen.
Ipuin ezberdinak eta erregalokoak |