Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)

 

 

XI

 

      Ez zan hitz askoko gizona Lohitzungo polizi guztien burua. Hitz egitea baino entzutea nahiago izaten zuan. Bere langintzak erakutsitako gauza izango zuan noski, eta bazeramazkian urte batzuk langintza hortan.

 

      Goizerdia edo zan, artean, Pierres jaunak ikustatu zuanean.

      — Jakin det, azkenean, nere alabaren berri. Mugaz haruntz agertu zan, orain bederatzi urte, odoletan hilotzik. Lekaimetxean morroi dagoan lagun batek esan zidan zerbait eta, harek esan bezela, Urrategira joan nintzan lehengo egun batean. Eta han jakin nuan danaren berri. Nere alaba hilari atera zizkioten argazki batzuk zeuzkan gordeta bertako Epaile jaunak, eta laister ikusi nuan argazki haietan, nere alaba zala han hilda agertu zan neskatxa hura. Lotura honetan ditut argazki haiek, eta nere alabak egun hartan zeraman soinekoa. Lotura hontan daukat nere alaba hiltzeko heriotzegileak erabili zuan aiztoa ere.

      — Ondo dago, Pierres jauna —erantzun zion poliziak—. Heriotzegilea nor izan zan jakiteko, ondo etorriko zaizkigu hiru gauza hoiek. Gauza bat laga dezu azaltzeke, ordea. Nondik nora jakin zuan zure lagun horrek Urrategiko berri?

      — Eskale baten bidez. Nere alabarekin zer gertatu zitzaidan azaldu nion behin, eta biharamunean esan zizkidan berak eskale hari entzundako gauza guztiak. Urrategiko basarri bateko nagusia zan eskale hura. Gau ostatu eman zioten lekaimeek eta afaldu ondoren, berak eta bertako apaizak zirikatu eta, jakin zuten danaren berri. Bere sailean agertu zala hil zuten neskatxa haren gorputza eta, bera errudun egingo ote zuten bildurrez, mugaz honuntz ihes egin zuala etxean ezer esateke.

      — Zure alaba hil zuan gizona ez ote zan eskale hori bera, gero?

      — Baietz diote Urrategin, bainan ezetz dio nere lagunak. Heriotz harrekin zerikusirik izan balu, ez zuala heriotz hura aitatuko, dio berak. Nere alaba ere ez zala hemendik bakarrik irtengo. Bidea erakusteko lagunen bat hartuko zuala hemen. Eta lagun hori kontrabandistaren bat izango zala, noski. Kontrabandistak ibili ohi dirala eta horrelako gauzetan.

      — Buru azkarra du zure lagun horrek.

      — Ez da, ez, tontoa.

      — Eta ba al zuan dirurik zure alaba horrek?

      — Bai. Ez nik eman nion guztia, bainan mordoxka bat bai.

      — Eta hilda agertu zanean, berekin al zituan diru hoiek?

      — Ez, haren gauza guztiak ondo gordeta zeuzkaten Urrategin, eta dirurik izan balu, emango zidaten, noski.

      — Ondo dago, Pierres. Poliziak honelakoxeak gera ordea, eta azken galdera bat egin behar dizut. Zer nolakoa da zure morroi lagun hori?

      — Gizon ona, munduan onik baldin bada!

      — Ez dezu beraz, hori zure alabaren hiltzaile bezela jotzen?

      — Ez, horixe!

      — Ondo da, Pierres. Utzi zazu emen lotura hori eta, zure lagun horrek dion bezela, kontrabandistaren bat baldin bada zure alaba hil zuana, laister jakingo degu kontrabandista hori nor izan zan. Eta zure alaba horrekin zer gertatu zaizun, ez zaiozu, oraindik behintzat, inori esan.

 

      Pierres jauna irten zan bezain laister ekin zion lanari polizi jaunak. Han zituan, bere papar artean, Lohitzunen izan ziran eta orain ziran kontrabandista guzien izen, abizen, gaitzizen eta abar.

      Orduan kontrabando lanean jarduten zuten gizonak zazpi ziran Lohitzunen. Hilak ziran beste guztiak. Bere mendeko bati dei eginda, Lohitzunen bizi ziran zazpi kontrabandistak espetxeratzeko agindua eman zion.

      Eta espetxean igaro zuten gau hura Lohitzungo zazpi kontrabandistak.

 

      Biharamun goizean, bere langelan hartu zituan Polizi jaunak zazpi gizon haiek. Pierres jaunak ekarri zion aiztoa erakutsi, eta honela hitz egin zien Polizi jaunak.

      — Aizto hau zuetakoren batena ote dan jakin nahi nuke, eta zuetakoren batena ez balitz, norena dan edo norena izan zan jakin nahi nuke. Ziur nago zuen artekoa dala aizto hau, eta honen jabea nor dan, edo nor izan zan, ondo dakizute zuek. Ez zerate, ba, espetxetik irtengo, honen jabearen izena eman arte. Hona hemen aiztoa... eta ilunabarrean etorriko natzaizute erantzunaren bila.

 

      Eskuz esku ibili zan, zazpi gizon haien artean, Polizi jaunak emandako aiztoa. Zazpiek ezagutzen zuten aizto haren jabea. Nola ez? Eurekin kontrabando lanean ibiltzen zan lagun batena baitzan. Hala ere, ez zuan inork lagun haren izenik aitatzen...

 

      Aurrera zihoazten orduak. Laister azalduko zan berriro Polizi jauna, eta espetxean igaro beharko zuten bigarren gaua ere, izenik ematen ez bazioten behintzat.

      Norbait hasi behar eta, zazpietan buru egiten zuana hasi zan hizketan.

      — Hara, jaunak —esan zien honek—. Saldukeria ez da gure arteko gauza. Ezin dezake kontrabandista batek bere lagunik saldu. Horregatik, gutako inork aizto honekin zerikusirik balu, esan dezala garbi. Ez degu salduko. Ez eta bizitza osoa espetxean igaro behar badegu ere. Erantzun, ba, guztiok.

      Eta ezezkoa izan zan guztien erantzuna.

      — Ondo dago —jarraitu zuan orduan—. Aizto hau norena izan zan, jakin guztiok dakigu. Orain lau bat urte hil zan bera. Nik dakidanez, behintzat, ez zuan guk baino gaiztakeri haundiagorik egin. Eta gure aitormen hontatik ez zaio kalterik etorriko. Gauza dan bezela esatea iruditzen neri. Polizi jaunak zer jakin nahi duan, ez dakit nik. Zuetako inork ezer baleki...

      — Guk ere ez dakigu ezer —erantzun zioten beste guztiek.

      — Ondo dago. Dan bezela esango degu beraz. Eta ez ahal dute, behintzat, Peru Okotz heriotzetik esnatuko...

 

      Pierres jaunaren etxean egon zan arratsalde hartan Polizi jauna.

      Pierresen alabaren beste argazki bat nahi zuan. Bizi zan artean ateratako argazki bat, alegia. Eta argazki hau patrikan etorri zan bere lantokira.

 

      Arratsaldeko zortziak ziran artean.

      Ekarrierazi zituan zazpi gizonak, eta bakoitzari zorrotz begiratu ondoren...

      — Norena da, ba, aizto hau —galdetu zuan besterik gabe.

      — Gurea ez! —erantzun zion zazpietan buru egiten zuanak.

      — Zuena ez bada, norena da ba?

      — Orain lau urte hil zan horren jabea.

      — Peru Okotzena zan, beraz?

      — Bai, jauna. Hura da, orain lau urte hil zan gure laguna.

      — Ondo dago. Bainan badet, oraindik, beste jakin nahi bat

      Eta Pierres jaunaren alabaren argazkia patrikatikan atera, eta honela jarraitu zuan Polizi jaunak:

      — Ez dakit neskatxa hau ezagutzen dezuten ala ez. Pierres jauna ezagutzen dezute, noski. Ba, haren bi alabaetako bat dezute, hemen argazki hontan agertzen dan neskatxa hau. Mugaz haruntz lekaime dago gaur neskatxa hau. Orain bederatzi urte igaro zituan mugak. Hogeita bat urte besterik ez zituan artean, eta ez da hogeita bat urteko neskatxarik mendibide hoiek ezagutzen dituanik. Ez zituan, behintzat, honek ezagutzen. Mugak igarotzeko lagunen bat hartu zuan, noski. Eta lagun hauek nortzuk izaten diran danok dakigu. Zuetakoren bat izango zan, noski. Nor izan zan jakin behar det, nahi eta nahi ez. Zuen erantzunaren bila, bihar eguardian etorriko naiz berriro. Gabon igaro, ba...

      Eta espetxera bidali zituan, berriro, zazpi gizon haiek.

 

      Ez ziran oso gozo gelditu zazpi gizonak, bigarren gaua ere espetxean igaro behar zutela eta. Beste alde batetik, zazpi haietako batzuek ez zuten neskatxa hura behin ere ikusi. Eta Polizi jaunak zer jakin nahi ote zuan bigarren galdera honekin, ez zan erreza jakitea...

      Neskatxa haren muga igarotzeak ez ote zeukan zerikusirik goizeko aizto harekin? Lekaime ote zegoan, gero, neskatxa hura mugaz haruntz? Zergatik ez zioten, ba, bere aitari galdetzen? Hark esango zien, inork ez bezela, nor izan zuan lagun bere alabak, mugak igaro zituan egun hartan!

      Oldozmen hauetan egon ziran luzaro zazpi gizon haiek, eta guztien buru egiten zuana hasi zan berriz ere hizketan.

      — Nik ez dakit neskatxa horren berri —esan zien—. Nik ez dakit, neskatxa hori lekaime dagoan ala ez. Inork zerbait baleki, esan dezala ba, argi eta garbi.

      — Hona, ba hemen nik dakidana. Bederatzi urte izango dira bai, eta Exkerraren ardotegian geunden gu, Peru Okotz eta biok. Gau iluna zan. Gazte bat sartu zan ardotegian eta Peru Okotzi dei egin zion gazte hark. Ardotegitik kanpora irten ziran biak. Handik laister etorri zan berriro ere ardotegira Peru Okotz. Mahai gainean zeukan ardo basoa edan, eta laister gertatu zan etxerako moduan. Berak esan zidanez, goizeko lauetan irten behar omen zuan mugaz haruntz Pierres jaunaren alabarekin; mugaz harunzko lekaimetxe batera eraman behar zuala eta. Eta gaizki ez banago, Peru Okotzen bila etorri zan gazte hura Pierres jaunaren alaba horren senargaia edo zan garai batean behintzat. Exkarranean zan biharamun ilunabarrean Peru Okotza. Okerrik gabe egin zuala joan-etorria, eta lekaimetxe batean utzi zuala Pierres jaunaren alaba, esan zidan. Horra nik dakidan guztia.

      — Lekaime dago, beraz, neskatxa hori? —galdetu zuan guztien buruak.

      — Lekaimetxe batean utzi zuala behintzat, esan zidan neri Peru Okotzek.

      — Bera izan zan, beraz, neskatxa horri lagundu ziona?

      — Bai. Bera izan zan.

      — Ondo dago. Nik ez dakizkit Polizi jaunaren asmoak zertzuk diran. Gauza guzti hauetan, guk ez dakigun zerbait ote dagon bildur naiz ni. Peru Okotz bera behar genduke guk hemen, izkutapen hau zer ote dan jakiteko. Bainan ezin egongo gera Peru Okotzen zai! Dana dala, bere kontuak eman zizkion hark Jaungoikoari, eta esango degunagatik ez zaio behintzat oker berririk etorriko. Hil ez balitz izango ziran hemen kontuak. Eskerrak hila dagoanik, bai! Ez ahal da behintzat, gure aitormen hau dala eta ez dala, zerutik inpernura jetxiko!

      — Ez horren bildurrik izan —erantzun zuan batek—. Gure aitormen honegatik, zeruan edo infernuan, non dagoan, han jarraitu beharko du Peru Okotz gizajoak.

      — Egia esatea izango degu, hortaz, egokiena.

      — Bai! —erantzun zioten guztiek.

      — Ondo dago ba... eta gabon igaro.

 

      Biharamun eguardi aldera berriro hartu zituan zazpi gizon haiek Polizi jaunak.

      —Eta? —galdetu zuan Polizi jaunak berriro.

      —Bai! —erantzun zion danen buruak—. Peru Okotz izan zan neskatxa horreri lagundu ziona ere.

      — Ondo dago. Bainan bildur bat det. Peru Okotzek ez dauka erantzutetik. Hila baitago, eta hildako gizon bat errudun egitea ez da gauza zaila. Ez ote dezute zuek ere Peru Okotz errudun egin, zuen buruak honela garbitzearren? Zuek esaten dezuten hau egia dala esan dezakean beste gizonik ez al da munduan?

      — Bai, jauna. Bada bat, behintzat: neskatxa horren senargaia izan zan gaztea.

      — Jon Andoni?

      — Horrelako izenen bat du, bai...

      — Ondo dago. Laister egongo naiz Jon Andonirekin. Bainan entzun ondo: zigorkada bildurgarria izango dezute, hildako bat gezurretan heriotzegile egin badezute. Eta Peru Okotz heriotzegile izan zan, zuen aitormena egiazkoa baldin bada behintzat.

      Arnasarik gabe gelditu ziran zazpi gizon haiek. Ez baitzuten holakorik uste...

      — Hona hemen —jarraitu zuan Polizi jaunak—, Pierres jaunaren alaba odoletan hilotzik. Hona emen Pierres jaunaren alabak egun hartan zeraman soinekoa ere. Odol mantxak nabarmen agiri dira oraindik. Eta neskatxa hilaren ondoan agertu zan Peru Okotzena zala esan dezuten aiztoa ere. Dana dala, aske izango zerate zuen esanek egiak irtetzen badute behintzat. Bainan espetxean igaro beharko dezute bizitzarik gehiena, zuen esan hoiek gezur irtengo balira. Zaudete ba, hemen, pixka batean.

 

      Eta urrutizkina hartu eta Jon Andoniri deitu zion.

      — Jon Andoni? Zure behar naiz, eta atoz lehenbailehen.

      — Bai. Hemen, nere lantegian nago.

      — Ondo da. Atoz, ba, lehenbailehen.

      Eta Jon Andoni han agertu zan artean, ez zuan inork hitz erdirik ere esan.

      — Hara Jon Andoni —esan zion Polizi jaunak lantegian agertu zan bezain laister—. Hauek diotenez, Pierres jaunaren alabak mugaz haruntz ihes egiteko asmoa hartu zuanean, zuk lagundu omen zenion kontrabandistarekin egin behar zuan tratua egitera. Egia al da hori, Jon Andoni?

      — Bai, jauna. Egia da. Pierres jaunak, bere alabak lekaime izan nahi zuala eta, etxetik bota zuanean, neregana jo zuan laguntza bila, gajoak. Mugaz harunzko lekaimetxe batean sartzea zala bere gogoa, eta... mugak mendiz igarotzeko, kontrabandistaren baten beharra izango zuala eta... ea nik kontrabandista horri hitz egingo nion, eskatu zidan. Biok izan ginan, ba, Exkerraren ardotegian. Bi edo hiru kontrabandista zeuden bertan. Haietako batekin hitz egin nuan, eta nik neronek utzi nuan neskatxa biharamuneko goizeko lauetan kontrabandista haren eskuetan. Gurean igaro baitzuan Pierres jaunaren alabak gau hura.

      — Eta kontrabandista hura inor zan ba al dakizu, Jon Andoni?

      — Bai, jauna. Bainan hil zala uste det. Peru Okotz zan kontrabandista hura.

      — Ondo dago. Horixe jakin nahi nuan, Jon Andoni. Zaude zu pixka batean. Aske zerate zuek. Joan zindezteke, ba, zuen etxeetara.

      Eta burumakur eta arpegizurbil irten ziran zazpi gizon haiek Polizi jaunaren lantegitik.

 

      — Zuk ez dezu, beharbada, ezer jakingo —esan zion orduan Polizi jaunak—. Bainan Pierresen alaba ez dago, gaur, lekaime.

      — E...?

      — Ez, Jon Andoni!

      — Non dago, ba?

      — Non? Han goian, Jon Andoni!

      Eta zeruruntz jaso zituan bere begiak Polizi jaunak.

      — Hil egin al da, ba?

      — Ez, Jon Andoni. Ez da hil! Okerragorik gertatu zitzaion gajoari. Urrategin hil zuan Peru Okotzek. Hona hemen, ikusi nahi badituzu, neskatxa hilari Urrategin egin zizkioten argazkiak, neskatxak egun hartan zeraman soinekoa eta Peru Okotzek, heriotz hura egiteko erabili zuan aiztoa ere.

      Isil-isilik gelditu zan Jon Andoni, eta begietan malkoak agertu zitzaizkion...

 

 

Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)